Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2015eko abenduaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5248

225/2015 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Basque, FCR de Régimen Simplificado» arrisku-kapitalaren funtsean partaidetza gehiago harpidetzeko.

Abenduaren 17ko 462/2013 Dekretuak emandako baimenaren babespean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Arrisku Kapitala Kudeatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko GECR., S. A. sozietateak kontratu bat izenpetu zuten, 2014ko urtarrilaren 10ean, «Basque, Fondo de Capital Riesgo de Régimen Simplificado» arrisku-kapitalaren funtsa eratzeko. Funtsaren hasierako diru-ondarea 28.000.000,00 euroko izan zen, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak harpidetua eta ordaindua.

Eratutako funtsaren xedea da EAEko enpresetan antzemandako lehiakortasun-ahuleziari aurre egitea. Izan ere, enpresek ezin dute lehiatu ingurune globalizatu batean, funts faltagatik (izan funts propioak edo besterenak, epe luzerakoak). Horretarako, Basque, FCR funtsak Industria-enpresen edo industriarekin lotutako zerbitzu-enpresen kapital-partaidetzetan inbertitu nahi ditu bere funtsak, enpresa horien bizitzako edozein unetan. Lehentasuna izango dute enpresa txiki eta ertainek, baina ez da baztertzen enpresa handietan ere inbertitzea. Halaber, funts horrek helburu izango du proiektu berritzaileak dituzten ekintzaileei laguntzea, bai kapitalean parte hartuz, bai enpresa-kudeaketan lagunduz.

Nahiz eta funtsaren hasierako ondarea hogeita zortzi (28) milioi euroko izan, haren Erregelamenduko 12. artikuluak dio eragiketak egiten hasi ondoko bost urteetan ondarea gehitu daitekeela hirurogei (60) milioi osatu arte. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak gehitu beharko ditu konprometituak dituen zenbatekoak, hasierako partaide den aldetik, edo, hala badagokio, euskal sektore publikoaren sareko erakunde edo sozietateek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2015eko aurrekontuetan, 400.000,00 euroko dotazio bat dago, honako xede hau duena: «Enpresa sortu berriei eusteko laguntza teknikoa eta babesa». Hain zuzen ere, «Basque, FCR de Regimen Simplificado» arrisku-kapitalaren funtsaren bidez bete daitezke helburu eta ekintza horiek.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 109.1 artikuluak enpresa-ondarea definitzen du.

Lege-testu horren 110.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera.

Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina ematen den egunetik aurrera izango du indarra. Dekretuaren edukiaren baldintza gisa adierazten dira, batetik, helburua, eta, bestetik Autonomia Erkidegoak sozietatean izango duen partaidetza zuzen edo zeharkakoaren ehunekoa.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea «Basque, FCR de Regimen Simplificado» arrisku-kapitalaren funtsean duen partaidetzari laurehun mila (400.000,00) euro gehitzeko. Funts horren kudeatzailea «Gestión de Capital Riesgo del País Vasco, SGECR, S.A.» sozietatea da, eta, hasierako dotazioa 28.000.000,00 eurokoa du, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak harpidetua eta ordaindua.

2. artikulua.– Gehikuntza hori egin ondoren, hogeita zortzi milioi eta laurehun mila (28.400.000,00) eurokoa da Basque FCR de Régimen Simplificado funtsaren ondarea, eta partaidetzen % 100 Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala