Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2015eko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5182

AGINDUA, 2015eko azaroaren 25ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez natura-ondarea babesteari buruzko ezaguera sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarri eta horiek emateko deialdia egiten baita 2016. urterako.

Euskal Herrirako Estatutuaren 11.1.a) artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena dauka ingurumen eta ekologia gaietan Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta oinarrizko legeria hori Autonomia Erkidegoaren lurraldean betearazteko.

Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, hala xedatzen baitu lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 13. artikuluan.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrak, 23. artikuluan egozten die administrazio publikoei dibertsitate biologikoa babesteari eta modu jasangarrian erabiltzeari aplikatutako ikerketa sustatzeko lana.

Era berean, Gobernu Kontseiluak 2002ko ekainaren 4an onartutako Garapen Iraunkorrerako Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020 egitasmoak, berriz, garrantzia handia ematen dio naturari eta biodibertsitateari buruzko datuak eta informazioa jasotzeari, horrela kudeaketa-tresna eraginkorrak garatu ahal izateko eta adituen taldeak sendotzen joateko, azken hori iraunkortasunaren bidean aurrera egiteko beharrezko baldintzetako bat dela adierazten baitu.

Eusko Jaurlaritzak, 2014ko abenduaren 2an egindako bileran, hau onartu zuen, besteak beste: «2020rako IV. Ingurumeneko Esparru Programa». Programaren helburu estrategikoa da gure natura-ondarea babestea, zaintzea eta lehenera ekartzea, eta ekosistemek eskura jartzen dizkiguten zerbitzuak zaintzea. Programa, era berean, 5 jardun-lerro eta 16 jardun zehatzetan banatzen da.

Hain zuzen ere, aipatutako helburu horiek betetze aldera sustatu du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diru-laguntzen ildo hau.

Ondorioz, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta, halaber, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek), honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Lehiaren prozeduraren bitartez diru-laguntzak ematea arautzeko helburua du agindu honek; laguntza horiek jaso ahalko dituzte 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra bitartean natura-ondarea babesteari aplikatutako azterlanak eta ikerketa-lanak egiten dituzten erakunde publikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte, beti ere.

Erakunde bakoitzak xede eta helburu desberdinak dituzten 2 proiektu egiteko diru-laguntza jaso ahalko du, gehienez ere.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/generacion conocimiento/y22-izapide/es

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan eginen dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

3. artikulua.– Proiektuen deskribapena.

Diruz lagungarriak izateko, proiektuen xedea natura-ondarea babesteari aplikatutako azterlan eta ikerketa-lanak egitea izan beharko da; zehazki, gai hauei buruzkoak izan beharko dute:

a) Natura 2000 Sarea.

● Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) izendatzeko eta horien kontserbazio-neurriak onartzeko agirietan jasotako azterlanak, neurriok onartuta edo une honetan izapidetzen egon arren.

● Natura 2000 Sarearen koherentzia eta konektibitatea hobetzeko osagaiei buruzko azterlanak: paisaiaren elementuak, hirien inguruko berdeguneak, ibaien atalak: zatiketa, dinamika, analisia eta leheneratzea.

b) Basa fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieak, bai autonomia-erkidegoan eta bai Europar Batasunean, EAErentzat lehentasunezko interesa duten espezieen proposamena erreferentziatzat hartuta (www.ingurumena.eus webgunean dago eskuragarri).

● Gutxi ikertutako taxonetan inbentarioak, katalogoak edota mapak egiteko ikerketak, hala nola, planta ez baskularretan edo hezurgabeetan.

● Katalogatutako basa fauna eta landarediko espezieen banaketari, kalteberatasunari eta arrisku-mailari buruzko ikerlanak.

● Habitat naturalen eta erdi-naturalen kontserbazio-egoera adieraz dezakeen espezieei buruzko ikerketa.

c) Natura-ondareko beste elementu batzuk.

● Natura 2000 Saretik kanpoko habitat natural eta erdi-naturalak eta bereziki ahulak, kalteberak edo lurralde-harremanetarako interesgarriak diren natura-gune babestuak: hezeguneak, heskaiak, irla-basoak, kostaldeko eremu batzuk, etab.

● Hezeguneak eta beste ekosistema urtar batzuk: ekosistema urtarrak kudeatzeko oinarriak, Natura 2000 Sareari eta Urari buruzko Esparru Zuzentarauari lotutako kontsebazio-irizpideei men eginez.

● Espezie exotiko inbaditzaileen kartografia eta kudeaketa-proposamenak.

● Natura ondarea, geodibertsitatea barne, kontserbatzeko jarraibide eta irizpideak.

● Ekosistemak, habitatak espezieak edo geodibertsitatea tokiko eskalan babesteko edota leheneratzeko jarraibide eta irizpideak.

● Paisaia dibertsifikatzeko kultura-osagai tradizionalak eta horiek natura ondarea kontserbatzeko duten balioa.

● Natura-ingurunearen eta landa- zein hiri-eremuen paisaia-kalitatearen analisia, balioespena eta hobetzeko jarraibideak.

● Klima-aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko biodibertsitatean dituen ondorioei edota biodibertsitateko osagaiek klima-aldaketara moldatzeko dituzten estrategiei buruzko azterlanak.

● Olgeta-, aisialdi- eta turismo-jardueren eragina natura-ingurunearen eta kultura-ondarearen kontserbazioan edo degradazioan.

● Desagertzeko arriskuan dauden landare-baliabide ez basatien karakterizazioa eta ebaluazioa.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Aurreko artikuluetan ezarritako helburuetarako, ehun eta hirurogei mila (160.000) euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016rako aurrekontu orokorren kontura.

5. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, ondorengo paragrafoan xedatutakoa salbuespena izango da.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko aurrekontuaren kontura eta xede berarekin emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

3.– Nolanahi ere, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du eragin proiektua gainfinantzatuta egotea. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan ahalko dute elkarte edo bestelako erakunde pribatuek, baldin eta horien egitekoa natura babestearekin eta ikertzearekin edota natura-ondarearekin lotuta badago, edo natura-ingurunean lotutako esperientzietan ibilbide egiaztagarria badute, eta beren ekintza-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada. Orobat, erakunde horiek legez eratuta eta dagokien erregistroetan inskribatuta egon beharko dute, urte bateko antzinatasunarekin, gutxienez, Agindu hau argitaratzen den eguna aintzat hartuta.

2.– Elkarteek edo bestelako erakundeek natura-ondarea babestearekin edo ikertzearekin lotutako esperientzietan duten ibilbidea egiaztatzeko, abian den urteko jardunen memoria aurkeztu beharko dute, erakundeak onartu baditu; hala eta guztiz ere, Sailak beharrezko agiri osagarriak eskatu ahalko ditu, egoki iritziz gero.

3.– Erakunde pribatuetako kideen artean boluntariorik badago, erakunde horiek ekainaren 25eko 17/1998 Legeak, Boluntarioei buruzkoak, xedatutakoa bete beharko dute.

4.– Erakunde onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak.

5.– Diru-laguntza hauek ematea eta, hala badagokio, ordaintzea honexek baldintzatuko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko ezein espedientek bukaturik egon beharko du.

6.– Laguntzen deialdi honetara ezin izango dute aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako pertsona fisikoek edo juridikoek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoek ere.

7.– Laguntzen deialdi honetara ezin izango dute aurkeztu ingurumen-legedia ez betetzetik eratorritako hutsegite larri edo oso larriengatik zigortutako erakundeek, beharrezko zuzenketa-neurriak egikaritu eta dagokion zehapena ase arte.

8.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. paragrafoan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako muga izango dute.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagungarriak izango dira proiektuak gauzatzearekin zuzenean lotutako gastu guztiak, jarraian zerrendatutako gastuak izan ezik; izan ere, azken horiek adierazten den ehunekoei dagozkien laguntzak soilik jaso ahalko dituzte:

a) Langile-gastuak: erakunde onuraduneko langileek sortutakoak soilik jotzen dira halakotzat, langileak plantillakoak nahiz proiektua gauzatzeko berariaz kontratutakoak izan; gastuok, betiere, nomina bidez justifikatu beharko dira. Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 45era arte lagundu ahal izango dira diruz.

b) Inbertsioak: informatika- eta argazkigintza-ekipamenduak edo beste aktibo finko batzuk erosteari dagozkien gastuak joko dira halakotzat. Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 25era arte lagundu ahal izango dira diruz.

c) Gastu orokorrak: halakotzat hartuko dira erakundearen egiturak proiektua gauzatzeko eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, etab.). Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 5era arte lagundu ahal izango dira diruz. Gastu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa.

d) Beste gastu batzuk: halakotzat joko dira dietei eta lekualdatzeei dagozkienak, bai eta, beren izaera dela eta, a), b) eta c) ataletan justifikatu ezin diren gastuak.

2.– Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk ez dira diruz laguntzeko modukoak izango, baldin eta berreskuratu edo konpentsa badaitezke.

3.– 14. artikuluan deskribatutako ebaluazio-organoari dagokio erabakitzea zer gastu jo daitezkeen diruz lagungarritzat aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz.

8. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Norgehiagoka bidezko diru-laguntzatzat hartuko dira laguntzak, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoak, 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa 7. artikuluan ezarritakoarekin bat onartutako aurrekontuaren % 80 izango da, eta, proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 20.000 euro-ko kopurua.

3.– Erakunde bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta proiektu bakoitzak xede eta helburu desberdinak izango ditu.

9. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Bestetik, eskaera eginez, baimena ematen zaio organo kudeatzaileari Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean informazioa eska dezan, eta, horrela, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen jakiteko. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu ahal izango du; baina, kasu horretan, eskabidearekin batera, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko.

2.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, 50.6 artikuluan xedatzen duenaren arabera, honako betekizun hauek egiaztatuko dira eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu eta, kasua bada, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Pertsona edo erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez dagoela.

d) Diruz laguntzeko modukoa ez den gastua estaltzeko behar adinako finantza-gaitasuna duela.

e) Ez dela helburu bererako diru-laguntzarik jasotzen ari Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.

f) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

4.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunek, diru-laguntza ematea ebatzi aurretik, aurreko paragrafoko d), e) eta f) ataletan aurreikusitako betekizunak frogatu beharko dituzte, eta, horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute, edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiazta dezan.

10. artikulua.– Eskaerak eta inprimakiak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskaerak 45 eguneko epean aurkeztu ahal izango dira, Agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/generacion conocimiento/y22-izapide/es).

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoak, ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerari jarraian adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

1.– «Proiektuaren memoria teknikoa» inprimaki normalizatua; agiri horretan behar adineko xehetasunez adierazi beharko da jardueraren guztizko aurrekontua, partidatan zatikatua, bai eta jarduera gauzatzeko egutegia ere.

2.– Abian den urteko jardueren memoria. Jarduera horiek erakundeak onartuak izango dira.

3.– «Aurrekontua» inprimaki normalizatua.

4.– Erakundeek beren kideen artean boluntarioak badituzte Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta egon beharko dute, hala xedatzen baitu irailaren 1eko 169/2000 Dekretuak, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituenak. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen den.

5.– Erakunde eskatzailearen izaera juridikoa fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, Babesletzari edo Elkarteen Erregistro Nagusiari, hurrenez hurren, aurkeztutako azken kontu-ematearen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza aurkeztutako eskaeran akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz emango da.

13. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Ingurumen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

14. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

1.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bi teknikarik (Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak izendatutakoek) kide anitzeko organoa osatutako dute, aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak lehendakari eginkizunak izango ditu organo horretan, eta, zerbitzuan antzinatasunik handiena duenak, berriz, idazkari jardungo du. Ebaluazio hori egiteko unean, natura-ingurunea zaintzearen arloan ospe handia duten pertsonen iritzia jaso ahalko dute.

2.– Eskabidea ebaluatu ondoren, ebaluazio-organoak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein proiektuk jaso dezaketen diru-laguntza, bai eta azken horien zenbatekoak ere, agindu honen 15. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera.

15. artikulua.– Balioespen-irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Natura-ondareari buruzko ikerketa aplikatuko azterlanak baremo honen arabera balioetsiko dira:

a) Azterlanak zer neurritan doitzen diren Agindu honetako 3. artikuluan zerrendatutako gaietara; 20 puntu lortu ahalko dira, gehienez, honela zatikatuta:

● 3.a) artikuluko gaiak, 20 puntura arte.

● 3.b) artikuluko gaiak, 15 puntura arte.

● 3.c) artikuluko gaiak, 5 puntura arte.

b) Azterlana edo proiektua gauzatzearekin lor daitekeen informazioaren kalitatea, aplikagarritasuna eta interesa, 3. artikuluan aipatutako ildoekin lotuta, beti ere (25 puntu, gehienez).

c) Lanean parte hartzen duten erakunde eta pertsonek zer nolako gaitasuna, esperientzia eta curriculuma duten Agindu honetako 3. artikuluan zerrendatzen diren jardueren antzekoetan (20 puntu, gehienez).

d) Metodologia eta lan-plangintzaren azalpen argia, baita horiek itxarondako helburu eta emaitzetara egokitzeko moduarena ere (20 puntu, gehienez).

e) Proiektuak deialdi honetan diru-laguntza jaso dezaketen beste proiektu batzuekin duen koordinazio-maila, edo horiekin koordinatzeko gaitasuna; edo aurreko faseetan egin diren azterlan eta proiektuak garatzeko gaitasuna (15 puntu, gehienez).

2.– Euskaraz egiten diren proiektuei edota irabazi asmorik gabeko erakundeek aurkeztutakoei 10 puntu gehitu ahalko zaizkie, gehienez; 5 puntu baldintza bakoitzeko.

3.– Artikulu honetako 2. atalean aurreikusitako puntu osagarriak erantsi aurretik berrogeita hamar (50) puntu baino gutxiago eskuratzen dituzten eskaerek ezingo dute diru-laguntzarik jaso. Agindu honetan ezarritako prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean jasoko da, hala badagokio, aipatutako gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuen zerrenda.

4.– Diru-laguntza lehiaketa bidez esleituko da: prozedura horren arabera, puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera aztertuko dira eskaerak, deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen badituzte eta deialdian ezarritako mugekin, beti ere, aurrekontu-zuzkidura xahutu arte.

16. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkezturiko eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira; prozedura hori, interesdunak planteaturiko gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeak ebatziko du.

2.– Ingurumen sailburuordeak emango du Ebazpena, eta bana-bana emango zaie horren berri erakunde interesdunei, lau hilabeteko epean, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik zenbatzen hasita.

3.– Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 44.1 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete egin beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

4.– Goragoko 2. paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. eta 115. artikuluetan.

5.– Ebazpen horren bidez eman edo, hala balegokio, ukatu edo kanporatuko dira agindu honetan ezarritako laguntzak. Ematen baldin badira, honako hauek adieraziko ditu: onuraduna zein den; emandako laguntza zenbatekoa den; eta diru-laguntza zein proiekturi eman zaion, diruz lagundutako jardunaren zenbateko osoa zehaztuta. Jardunak baztertzen badira, horren zergatia adieraziko da.

6.– Ebazpena jakinarazpen telematikoz adieraziko zaie interesdunei, hala xedatzen baitu otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, V. Tituluan, eta jakinarazpen hori egindakotzat joko da pertsona edo erakunde interesdunak, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak jakinarazpena jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Horrela, jakinarazitako egintza jaso izana elektronikoki izenpetu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kasuan-kasuan ezarri beharreko epeak. Halaber, 21/2012 Dekretuan aipatutako helbide elektronikoan egintza jakinarazten den egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean, pertsona edo erakunde interesduna, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona, jakinarazpenaren edukian sartzen ez bada, jakinarazpena errefusatu egin duela ulertuko da, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, non eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzailearen eskariz, ez den egiaztatzen oztopo tekniko edo materialak direla-eta ezinezkoa izan dela edukian sartzea. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.

17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Laguntza onartu ondoren ordainduko da emandako diru-laguntzaren % 50, 18.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzaren gainerako % 50a, berriz, erakunde onuradunak artikulu honen 3. atalean adierazten diren epeetan diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztearen pentzutan geratuko da.

3.– Pertsona onuradunek, honako hau aurkeztu beharko dute 2017ko urtarrilaren 31 baino lehen, honako honen bitartez: https://euskadi.net/nirekudeaketak:

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatu direla azaltzen duen deskripzio-memoria. Han zehaztuko da zein diren jardueraren ezaugarri nagusiak eta zenbateraino bete diren jardunaren helburuak.

b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.

c) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, betiere zehaztuz, hala badagokio, beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla helburu bererako; horrez gain, eta hala badagokio, adieraziko da eskabidea aurkeztu den diruz laguntzeko moduko programetan BEZa diruz lagundu daitekeen ala ez.

4.– Diru-laguntza hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren lanen ondoriozko dokumentuak, materialak eta datu-baseak emateko unean, «Ingurumenari buruzko informazioa tratatzeari eta entregatzeari buruzko argibideetan» eta «Informazio geografikoa entregatzeko jarraibideetan» ezarritakoa kontuan hartu beharko da. Agiri horiek biak Geoeuskadin daude eskuragarri.

5.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzetan eta egiaztapenetan eta dokumentazioan oinarrituz, diru-laguntzaren likidazioa egingo du, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez.

6.– Goragoko 3. paragrafoan aipatzen diren dokumentuak hilabeteko epean aurkeztuko dira, proiektuaren amaiera-datatik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2017ko urtarrilaren 31 baino lehenago.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2. artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza eta, horrekin batera, agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako jarduerak 2016ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira.

c) Proiektuarekin lotutako argitalpen, liburuxka eta, oro har, publizitate orotan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, hala xedatzen baitu Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudiak (318/1999 Dekretua, abuztuaren 31koa, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duena). Proiektu guztien emaitzak hedatu beharko dira Eusko Jaurlaritzaren euskarri elektronikoen bidez eta, horretarako, proiektuan zehar sortutako dokumentazioaz gainera, erakunde onuradunek proiektuaren laburpen bat ere aurkeztu beharko dute guztia batera hedatzeko, honako eduki hauekin: xedea, parte-hartzailea, dimentsioak eta emaitzarik adierazgarrienak. Dokumentazio hori ingurumen-informazioa tratatu eta aurkezteko jarraibideetan (eranskin gisara atxiki zaio Agindu honi) ezarritakoari men eginez eman beharko da.

d) Azterlan eta argitalpenek berdintasun- eta genero-ikuspuntuak barneratu beharko dituzte, eta jardueretarako publizitatea edo material didaktikoak baliatzen badituzte, ez dute hizkuntza edo irudi sexistarik erabiliko hedapen-euskarrietan, hala agintzen baitu otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, 3. artikuluan. Zuzenean sortzen dituzten dokumentuetan ere hizkuntzak inklusiboa izan beharko du.

e) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari lagatzea, dohainik eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentuan biltzen den informazio teknikoa eta grafikoa, administrazio horrek erabiltzeko eta haren informazio-sistemetan sartzeko, baita informazio hori hedatzeko eta/edo argitaratzeko bibliografia-arloko, ikus-entzunezkoen arloko, informatika-arloko edo teknikaren erabilerak ahalbidetzen duen edozein baliabide eta formatutan. Nolanahi ere, egile-eskubideak beti errespetatuko dira, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bategina onartzen duenak, xedatutakoaren arabera. Era berean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatu beharko dira, eta une oro bete beharko da uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumen-gaiei buruzko informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituenak, xedatzen duena (Lege horrek 2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak barne hartzen ditu).

Erakundearen ustez, emandako informazioaren zati bat uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, Ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenak, bere 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenekin bat badator, dokumentazioa bi bertsiotan aurkeztuko da: alde batetik, bertsio osoa, salbuespenekin bat etor daitezkeen zatiak adierazita; eta, bestetik, bertsio laburtua, zati horiek kenduta. Azken bertsio hori izango da jendaurrean jarriko dena.

f) Emaitzak hedatu edo esperientziak trukatze aldera Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldietan parte hartzea, horrelakorik erabakitzen bada.

g) Diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebeharrak konplitu beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zenak, 50.2 artikuluan ezarritakoak. Horrez gainera eta bereziki, edozein informazio eman beharko dute Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatuz gero.

h) Diru-laguntza zein helburutako eman den, helburu horretarako bakarrik erabiliko da.

19. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Baldin eta aldatzen badira diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak dagokion ordainketa-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua doitu egingo da, edota, hala dagokionean, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko eskatuko da, bai eta berandutze-interesak ere.

20. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.

1.– Baldin eta eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu diru-laguntza erakunde onuradunak, diru-laguntza eman zitzaion jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, jaso duen diru-kopurua, edo zati bat, itzuli egin beharko du, baita aplikatzekoak zaizkion berandutze-interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

2.– Halaber, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honetako 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte eta galerengatiko kalte-ordainak edota, kasua bada, erantzukizun penala eskatzeko ere.

3.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien legezko ondorioetarako.

21. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, honako hauetan jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 887/2006 Errege Dekretuan, zeinaren bidez diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 25a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala