Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2015eko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5180

220/2015 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, 2015eko uztailaren 23an egindako bilkuran, sozietatearen kapitalari 3.000.000,00 euro gehitzea erabaki zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, betiere Kapital Sozietateei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen xedea da «merkataritza lehiaketak antolatu eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen eta aisialdi eta kulturarekin lotutako beste batzuen merkataritzako sustapen modura».

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 1ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea milioi bat eta bostehun mila (1.500.000,00) euro harpidetzeko, Bilbao Exhibition Centre S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako 3.000.000,00 euroko kapital-gehikuntzan. Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko eta sozietatearen estatutuetan dagokion aldaketa egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 49,77koa izango da.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala