Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2015eko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5177

2/2015 FORU DEKRETU ARAUA, urriaren 20koa, sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzen dituena.

2002ko maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak 20.bi artikuluan dioenez, nahiz eta sozietateen gaineko zerga helbide fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten subjektu pasiboentzat araudi autonomoko tributu itundua izan, talde fiskalen araubideari dagokionez, kasu guztietan aplikatuko da Estatuak talde fiskala, sozietate nagusia, menpeko sozietateak, nagusitasun maila eta taldearen barruko eragiketak definitzeko finkatutako araudi berdina.

Zentzu berean, Ekonomia Itunaren 21. artikuluaren arabera, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga tributu itundua da, eta Estatuak une bakoitzean finkatzen dituen funtsezko arau eta arau formal berdinak izango ditu, salbu Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako establezimendu iraunkorren bidez lortutako errenten kasuan.

Era berean, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokionez, Itunaren 30. artikuluari jarraituz, araudi autonomoko tributu itunduaren izaera gordeko du. Izaera hori ez da gordeko, ordea, sozietate eragiketetan, kanbio letretan eta horien ordezkoak diren edo igorpen funtzioa betetzen duten agirietan; horietan guztietan lurralde erkideko araudiari jarraituko zaio. Kasu horretan, lurralde historikoetako erakunde eskudunek aitorpen eta ordainketa ereduak onartu ahal izango dituzte. Eredu horietan gutxienez lurralde erkideko datu berberak agertuko dira, eta likidazio aldi bakoitzerako ordainketa epeak ezarriko dira, baina azken horiek funtsean ezin dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Hainbat aldaketa sartu dira ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren arloan, zehazki establezimendu iraunkorrik gabeko zergadunek lortutako errenten tributazioari dagokionez eta sozietateen gaineko zergaren talde fiskalaren kontzeptuan, biak derrigorrez sartzekoak baitira Gipuzkoako lurralde historikoaren zerga araudian, honako hauek onartzearen ondorioz: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzen duen azaroaren 27ko 26/2014 Legea, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta beste zerga araudi batzuen Legearen eta Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legearen testu bateratua.

Bestetik, Estatuaren 2015eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 36/2014 Legeak 64. artikuluaren aldaketa bat jasotzen du, kapital arriskuko funtsen sozietate eragiketei dagokienez.

Azkenik, 2015eko uztailaren 10eko 9/2015 Errege Lege Dekretuak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek jasaten duten zama tributarioa murrizteko presazko neurriak ezarri eta bestelako neurri ekonomikoak onartzen dituenak, xedatzen du ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren karga tasa batzuen aldaketa, establezimendu iraunkorrik gabeko zergadunek lortutako errenten ezarpenari dagokionez.

Zerga horien araudietan aipatutako legeen xedapenek sartutako aldaketak ahalik eta azkarren sartu behar dira Gipuzkoako lurralde historikoaren zerga araudian, Ekonomia Itunean xedatutakoa betetze aldera. Izan ere, berehala aplikatzekoak dira lurralde horretan, indarrean jarri eta ondorioak dituzten unetik aurrera.

2005eko uztailaren 12ko 6/2005 foru arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, berretsiak izateko.

Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aldatzea Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 foru araua.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 83. artikulua:

«83. artikulua.– Zergaduna.

1.– Talde fiskala da zergaduna.

2.– Talde fiskalaren entitate ordezkariak bete behar ditu zerga baterakuntzaren araubideko zerga betebehar materialak eta formalak. Talde fiskalaren entitate ordezkaritzat hartuko da entitate nagusia, baldin eta lurralde espainiarrean egoiliarra bada; bestela, talde fiskalak bere entitateen artean izendatzen duena hartuko da halakotzat, baldin eta nagusia izateko beharkizunak betetzen dituen lurralde espainiarreko entitaterik ez badago.

3.– Talde fiskaleko entitateak berdin egongo dira banakako tributazioaren araubidetik datozen obligazioei lotuta, zerga zorra ordaintzeari dagokionean izan ezik.

4.– Talde fiskalaren entitate ordezkaria horren jakitun delarik, talde fiskaleko edozein entitateren aurrean egindako egiaztapen zein ikerketa ekintza administratiboek talde fiskalari loturik dagoen sozietateen gaineko zergaren preskripzio epea geldiaraziko dute.»

Bi.– Honela idatzita gelditzen da 84. artikulua:

«84. artikulua.– Zerga baterakuntzaren araubidearen ezarpenagatik eratorritako zerga ordainketarako erantzukizunak.

Talde fiskaleko sozietateek solidarioki erantzungo dute zerga zorraren ordainketaz, zehapenak alde batera utzita.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 85. artikulua:

«85. artikulua.– Talde fiskalaren definizioa. Entitate nagusia. Menpeko entitateak.

1.– Talde fiskaltzat hartuko da lurralde espainiarreko egoiliarrak izanik artikulu honetan jarritako beharkizunak betetzen dituzten eta sozietate anonimoaren, erantzukizun mugatuko sozietatearen eta akzio bidezko sozietate komanditarioaren forma duten entitateen multzoa, bai eta artikulu honen 3. apartatuan aipatutako kreditu entitateak ere, betiere foru arau honetako 5. artikuluaren 2. apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.

Entitate batek egoitza ez badu ez Espainiako lurraldean ez paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde batean, nortasun juridikoa duen entitate bada eta Espainiako sozietateen gaineko zergaren izaera berdina edo antzekoa duen zerga baten mende badago eta hartatik salbuetsi gabe, eta, gainera, entitate hori entitate nagusitzat hartzen bada bi entitate filial edo gehiagorekiko, bada, orduan, artikulu honetako 3. apartatuan zehazten diren beharkizunak betetzen dituzten menpeko entitate guztiek eratuko dute talde fiskala.

Zerga baterakuntzaren araubidea aplikatzeko, eta horretarako bakarrik, entitate ez-egoiliarren establezimendu iraunkorrak entitate ez-egoiliar horiek kapitalaren eta boto eskubideen 100eko 100ean partaidetutako entitate egoiliartzat joko dira.

2.– Entitate nagusitzat joko da honako betekizun hauek betetzen dituena:

a) Nortasun juridikoa izatea eta sozietateen gaineko zergaren edo Espainiako sozietateen gaineko zergaren izaera berdina edo antzekoa duen zerga baten mende egotea eta hartatik salbuetsi gabe, betiere paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde bateko egoiliarra ez bada. Entitate ez-egoiliarrek Gipuzkoako lurralde historikoan dituzten establezimendu iraunkorrak entitate nagusitzat joko dira partaidetzak establezimendu horri afektatuta dituzten entitateekiko, baldin eta entitate horiek paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde bateko egoiliarrak ez badira.

b) Tributazio araubide hau aplika daitekeen zergaldiko lehen egunean beste sozietate baten kapitalean 100eko 75eko partaidetza edo handiagoa edukitzea, zuzenean zein zeharka, eta menpeko entitatetzat har daitekeen entitate baten edo beste batzuen boto eskubideen gehiengoa edukitzea.

Aurreko portzentaje hori 100eko 70ekoa edo handiagoa izango da baldin eta entitatearen akzioak araututako merkatu batean negoziatzeko onartuta badaude. Beste entitate batzuen kapitalean zeharkako partaidetza edukiz gero ere azken portzentaje hori aplikatuko da, baldin eta partaidetza portzentaje hori lortzen bada akzioak araututako merkatu batean negoziatzeko onartuta dituzten entitate partaidetuen bitartez.

c) Partaidetza hori zein boto eskubide horiek zergaldi osoan mantentzea.

Partaidetza zein boto-eskubideak zergaldi osoan zehar mantentzeko betebeharra ez da exijituko partaidetutako entitatea desegin egiten bada.

d) Ez izatea, zuzenean edo zeharka, sozietate nagusitzat jotzeko beharkizunak betetzen dituen beste baten menpeko entitatea.

e) Ez egotea ez Espainiako eta Europako ekonomia intereseko taldeen araubide berezian, ez aldi baterako enpresa elkarteen araubide berezian (foru arau honetako VI. tituluko III. kapituluan ezarri da), ez eta horien bien antzeko araubideetan ere, eta ez izatea ondare sozietatea foru arau honetako 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Espainiako lurraldean ez-egoiliarrak diren establezimendu iraunkorrak badira, entitate horiek ez izatea entitate bat nagusitzat jotzeko beharkizunak betetzen dituen Espainiako lurraldean egoiliar den beste entitate baten filialak, eta ez izatea, zuzenean edo zeharka, paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde bateko egoiliarrak.

3.– Entitate bat kasu bi hauetan joko da menpeko entitatetzat: batetik, entitate nagusiak haren gainean duen partaidetzak aurreko apartatuko b) eta c) letretako beharkizunak betetzen baditu; bestetik, Espainiako lurraldean ez-egoiliarrak diren entitateen establezimendu iraunkorrak badira eta entitate bat aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen baditu entitate hori dela eta.

Menpeko entitatetzat joko dira, halaber, 1985eko maiatzaren 25eko 13/1985 Legeko 8. artikuluaren 3. apartatuko d) letran aipatzen den babes sistema instituzional batean sartuta dauden kreditu entitateak (lege hori, hain zuzen ere, finantza-bitartekarien inbertsio koefizienteei, baliabide propioei eta informazio obligazioei buruzkoa da), baldin eta baldintza hauek betetzen badira: batetik, sistemako entitate zentrala talde fiskaleko kidea bada; bestetik, sistema eratzen duten entitateek emaitzen 100eko 100 komunean jartzen badute eta, azkenik, entitateen arteko kaudimen eta likidezia konpromisoa entitateotako bakoitzari egozgarriak zaizkion baliabide propioen 100eko 100era bitartekoa bada. Babes sistema instituzional batean beharkizun horiek betetzat joko dira, baldin eta hainbat aurrezki kutxek, modu itunduan, soilik sistemako entitate zentralaren bidez betetzen badute, zuzenean edo zeharka, kreditu entitate gisa duten xedea, 2010eko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuko 5. artikuluaren 4. apartatuan ezartzen denaren arabera (dekretu hori aurrezki kutxen gobernu organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzkoa da).

4.– Honako inguruabar hauetako bat duten entitateek ezin izango dute talde fiskal bateko kide izan:

a) Espainiako lurraldean egoiliarrak ez izatea.

b) Zergatik salbuetsita daudenak.

c) Zergaldia ixtean konkurtsoan dagoela adierazi bada, adierazpen horrek ondorioak sortzen dituen zergaldietan.

d) Zergaldia ixtean, sozietate anonimoen forma ez eduki arren, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategineko 363.1.e) artikuluan ezarritako ondare egoeretako batean daudenak (legea uztailaren 2ko 1/2010 Errege Lege Dekretuak onetsi zuen), urteko kontuen arabera; salbuespena: urteko kontuak onetsi diren ekitaldia amaitu aurretik gainditu egin bada konkurtso egoera hori.

e) Sozietateen gaineko zergan talde fiskalaren ordezkaria den entitateak duen karga tasa gabe beste tasa bat duten menpeko entitateak.

f) Entitatearen ekitaldia, legeak aginduta, entitate ordezkariarenera egokitu ezin duten menpeko entitateak.

5.– Talde fiskala iraungitzat joko da entitate nagusiak izaera hori galtzen duenean. Nolanahi ere, entitate nagusiak izaera hori galdu arren ez da talde fiskala iraungiko, baldin eta entitate hori ez-egoiliarra bada Espainiako lurraldean eta bete egiten badira menpeko entitate horiek zerga baterakuntzako taldea osatzen jarraitu ahal izateko baldintza guztiak betetzen badira, salbu eta entitateok beste talde fiskal batean sartzen direnean.»

Lau.– Honela idatzita gelditzen da 87. artikulua:

«87. artikulua.– Nagusitasuna eta boto eskubideak zehaztea zeharkako partaidetzetan.

1.– Entitate batek partaidetza badu beste entitate batean eta bigarren entitate horrek, berriz, hirugarren batean badu, lehenengo entitateak besteetan zeharka duen partaidetza zenbatekoa den kalkulatzeko kapital sozialaren gaineko partaidetza portzentajeak biderkatu behar dira, hurrenez hurren, eta biderketaren emaitza kapital sozialaren 100eko 75 izan behar da, gutxienez, edo, bestela, kapital sozialaren 100eko 70, gutxienez, baldin eta entitateon akzioak araututako merkatu batean negoziatzeko onartuta badaude edo azken entitate horiek zuzenean zein zeharka partaidetutako entitateak badira.

2.– Talde fiskal batean zuzeneko eta zeharkako partaidetza harremanak daudenean, sozietate batek zeharka edo zuzenean kontrolatzen duen beste batean duen partaidetza osoa kalkulatzeko, batu egingo dira zuzeneko eta zeharkako partaidetza portzentajeak. Entitate partaidetuak sozietateen talde fiskalean sartzeko obligazioa izan dezan, batura horrek, gutxienez, kapital sozialaren 100eko 75 eman behar du, edo, gutxienez, 100eko 70 akzioak merkatu arautu batean negoziatzeko onartuta dituzten entitateak direnean edo azken horiek zuzenean edo zeharka partaidetutako entitateak direnean, betiere haien bitartez portzentaje horretara iristen bada.

3.– Taldeko kideen artean elkarrekiko partaidetzak, partaidetza zirkularrak edo partaidetza konplexuak badaude, taldean izateko frogatu behar da kapitalaren partaidetza 100eko 75 dela gutxienez, edo 100eko 70, sozietatearen akzioak negoziaziorako onartuta badaude araututako merkatu batean edo horrelako sozietateek badute partaidetza, zuzenean zein zeharka, eta portzentaje horretara iristen bada.

4.– Boto eskubideak zehazteko, Urteko kontu bateratuak egiteko Arauetako 3. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da; arauok 2010eko irailaren 17ko 1159/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsi ziren.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 88. artikulua:

«88. artikulua.– Zerga baterakuntzaren araubidearen aplikazioa.

1.– Zerga baterakuntzaren araubidea talde fiskaleko entitate guzti-guztiek hala egitea erabakitzen dutelako aplikatuko da.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako erabakiak akziodunen batzarrak, edo antzeko organoak merkataritzako forma izan ezean, hartu behar ditu zerga baterakuntzaren araubidea ezarri behar den zergaldiaren aurreko lehen zergaldiko edozein egunetan, eta ondorioak izango dituzte aurkaratzen ez badira edota aurkarapenerako biderik ematen ez badute.

3.– Aurrerantzean talde fiskalean sartzen diren entitateek aurreko apartatuetan jasotako beharkizunak bete beharko dituzte, zerga baterakuntzaren araubidean tributatu beharreko lehenengo zergaldia bukatzen den egunean amaituko den epearen barruan.

4.– Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan aipatutako erabakiak hartu ezean, ez da egongo zerga baterakuntzaren araubidea aplikatzerik.

Etorkizunean talde fiskalean sartu behar diren entitateei dagozkien akordioak ez egotea entitate ordezkariaren zerga arloko arau haustea izango da. Araubidea beharkizun hori bete gabe aplikatzen den lehenengo zergaldian zehapena 2.000 euroko isun finkoa izango da eta 4.000 eurokoa bigarrenean. Zehapenak ez du eragotziko ukituriko entitateak aipatutako taldean sartzea. Baldin eta zerga baterakuntzaren araubidean ordaindu behar duten lehen zergaldia amaitu eta hurrengo egunetik zenbatu beharreko bi urteko aldian artikulu honetan aipatutako akordioa lortzen ez bada, ezin aplikatu izango da araubide hori.

5.– Aukera egindakoan, talde fiskala araubide horri loturik egongo da ondorengo zergaldietan, foru arau honetako 85. artikuluan ezarriko beharkizunak betetzen badira eta zentsu aitorpenaren bidez uko egiten ez zaion bitartean. Uko egin nahi izanez gero, azken zergaldia amaitu eta hurrengo 2 hilabeteetan zehar baliarazi behar da.

6.– Entitate ordezkariak zerga baterakuntzaren araubidea aplikatzekoa den zergaldia hasi baino lehen jakinarazi behar dizkio artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako erabakiak Zerga Administrazioari.

Foru arau honetako 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera eratutako talde fiskal baten kasuan, entitate ordezkariak aurreko paragrafoan ezarritako moduan jakinarazi behar du Espainiako lurraldean ez-egoiliarra den entitate nagusiak talde fiskalaren ordezkaria den entitatea izendatzeko hartutako erabakia. Erabaki hori ez jakinarazteak artikulu honetako 4. apartatuan ezarritako ondorioak sortuko ditu.

Halaber, talde fiskalaren osaera aldatzen bada, entitate ordezkariak Zerga Administrazioari jakinarazi behar dizkio aldaketa horiek, eta identifikatu behar du zer entitate sartu den taldean eta zer entitate utzi den taldetik kanpo. Jakinarazpen hori zergaldia amaitzen denetik hilabeteko epean egin behar da.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 89. artikuluaren 1. apartatuko a) letra:

«a) Talde fiskaleko entitate guztien zerga oinarriak; kopuru hauetan ez dira sartu behar zerga oinarri negatiboen konpentsazioak, ez eta foru arau honetako IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren araberako emaitzen aplikazioan egin beharreko zuzenketak ere.»

Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 94. artikulua:

«94. artikulua.– Zergaldia.

1.– Talde fiskalaren zergaldia haren entitate ordezkariarena bera izango da.

2.– Menpeko sozietateren batek zergaldi bat banakako tributazioari buruzko arauei jarraituz bukatzen duenean, bukaera horrek ez du talde fiskalarena ekarriko.»

Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 95. artikulua:

«95. artikulua.–Talde fiskalaren kuota osoa.

Talde fiskalaren zerga oinarriari entitate ordezkariaren karga tasa ezartzeak dakarren zenbatekoa joko da talde fiskalaren kuota osotzat.»

Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 96. artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Talde fiskalean sartzean edozein entitatek aplikatu gabe dituen kenkariak talde fiskalaren kuota osoari kendu ahal izango zaizkio, hark banakako tributazioaren araubidearen arabera izan zezakeen muga berberarekin.»

Hamar.– Honela idatzita gelditzen dira 97. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak:

«1.– Zergari dagokionez, talde fiskalaren entitate ordezkariak balantzea, galera eta irabazien kontua, ekitaldiko ondare garbiaren aldaketei buruzko egoera orri bat eta efektiboaren fluxuen egoera orri bat egin behar izango ditu, talde fiskala osatzen duten entitate guztiei integrazio orokorreko metodoa ezarriz.

2.– Egoera orri bateratuek talde fiskalaren entitate ordezkariaren urteko kontuen itxierako egun eta zergaldi berberak izango dituzte, eta talde fiskaleko gainerako entitateek entitate ordezkariak egingo duen egunean bertan itxi beharko dute beren ekitaldi soziala.»

Hamaika.– Honela idatzita gelditzen da 98. artikulua:

«98. artikulua.– Zerga baterakuntzaren araubidea galtzeko arrazoiak.

1.– Zerga baterakuntzaren araubidea galdu egingo da arrazoi hauek gertatzen direnean:

a) Talde fiskaleko entitateren batek 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, xedatutakoaren arabera zeharkako zenbatespenaren araubidea ezartzea dakarten inguruabarretariko baten bat izatea.

b) Aurreko artikuluko 1. apartatuan azaldutako informazio betebeharrak ez betetzea.

2.– Zerga baterakuntzaren araubidearen galerak aurreko apartatuan azaldutako arrazoiak gertatzen diren zergaldian bertan izango ditu ondorioak eta talde fiskaleko entitateek zergaldi horretan banakako araubidean ordaindu beharko dute zerga.»

Hamabi.– Honela idatzita gelditzen da 100. artikulua:

«100. artikulua.– Talde fiskalaren aitorpena eta autolikidazioa.

1.– Talde fiskalaren entitate ordezkariaren betebeharra da, talde fiskalaren aitorpena aurkeztearekin batera, hari dagokion zerga zorra likidatzea eta emaitza Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ezarritako tokian, moduan eta epeetan ordaintzea.

2.– Talde fiskalaren entitate ordezkariaren banakako tributazioko aitorpenari dagokion epearen barruan aurkeztu beharko da talde fiskalaren aitorpena.

3.– Talde fiskala iraungitzen bada, zerga baterakuntzaren araubidea galtzen badu edo entitateren bat talde fiskaletik irteten bada egin beharko diren aitorpen osagarriak egutegiko hogeita bost eguneko epean aurkeztu behar dira; iraungipen, galera edo bereizketaren arrazoia gertatzen den egunetik sei hilabete igarotakoan hasiko da zenbatzen epe hori.»

Hamahiru.– Eduki hau sartzen da hamazazpigarren xedapen gehigarrian:

«Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Araubide erkideko araudiari lotutako entitate nagusi bat duten talde fiskalak.

Foru arau honetako VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako zerga baterakuntzaren araubideari dagokionez, parekatu egingo dira Espainiako lurraldean egoiliarra den eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunean aurreikusitakoaren arabera sozietateen gaineko zergan araubide erkideari lotuta dagoen entitate bat entitate nagusi duten talde fiskalek jasotzen duten tratamendu fiskala, batetik, eta Espainiako lurraldean ez-egoiliarra den entitate bat entitate nagusi duten talde fiskalek jasotzen duten tratamendu fiskala, bestetik.»

Hamalau.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita batgarrena. Hona hemen haren edukia:

«Hogeita batgarren xedapen iragankorra. Talde fiskalak.

1.– 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako azken zergaldian zerga baterakuntzaren araubidea aplikatzen zuten entitateek araubide hori aplikatzen jarraituko dute, foru arau honetako VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako arauekin bat.

2.– Foru arau honetako 85. artikuluan ezarritakoarekin bat zerga baterakuntzaren araubideko talde baten menpeko entitatetzat jotzeko baldintzak betetzen dituzten entitateak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo zergaldian ez baziren talde horren parte, horretarako beharkizunak betetzen ez zituztelako, entitateok talde horretan sartuko dira egun horretatik aurrera hasten den lehenengo zergaldian. Foru arau honetako 88. artikuluan aipatzen den aukera eta jakinarazpena zergaldi horren barruan egin behar dira.

Talde fiskal bat ez da iraungiko, baldin eta 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan talde horretako entitate nagusia zena, foru arau honetako 85. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Espainiako lurraldean ez-egoiliarra den entitate baten menpeko entitate bihurtzen bada egun horretatik aurrera hasten den lehenengo zergaldian, salbu eta talde fiskal hori aurretik dagoen beste talde fiskal batean sartzen bada. Azken kasu horretan, foru arau honetako 99. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira eta foru arau honetako 88. artikuluko 6. apartatuan aipatzen den aukera eta jakinarazpena 2015ean hasten den lehenengo zergaldiaren barruan egin behar da.

3.– Foru arau honetako 85. artikuluan ezarritakoaren arabera zerga baterakuntzaren araubideko talde baten parte izateko baldintzak betetzen dituzten entitateek, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo zergaldian ez baziren talde horren parte, horretarako baldintzak betetzen ez zituztelako, aukera izango dute zerga baterakuntzaren araubidea aplikatzeko egun horretatik aurrera hasten den lehenengo zergaldian, betiere foru arau honetako 88. artikuluan aipatzen den aukera eta jakinarazpena zergaldi hori amaitu aurretik egiten badira.

4.– Talde fiskal bateko entitate nagusia, foru arau honetako 85. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Espainian egoitza duen entitate baten menpeko entitate bihurtzen bada 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo zergaldian, talde fiskal horri foru arau honetako 99. artikuluan aurreikusten diren ondorioak aplikatuko zaizkio. Kasu horretan, foru arau honetako 88. artikuluan aipatzen den aukera eta jakinarazpena zergaldi horren barruan egin behar dira.

5.– Bi talde fiskal edo gehiago batu egin behar badira, foru arau honetako 85. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, batze hori 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehenengo zergaldian egin ahal izango da; entitate nagusiaren menpeko diren beste entitate batzuk ere zergaldi horretan bertan sartu ahal izango dira taldean. Kasu horretan, taldeok zerga baterakuntzaren araubidea aplikatzen jarraitu ahal izango dute 2015ean hasten diren zergaldietan, 2014ko abenduaren 31n zuten osaera berarekin; nolanahi ere, baliteke foru arau honetako 86. artikuluan –2015eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldian indarrean zegoen idazketaren arabera– ezarritako inguruabarren bat gertatzea, eta, ondorioz, entitate bat taldean sartu behar izatea edo taldetik kanpo utzi behar izatea edo taldea bera iraungi behar izatea.»

2. artikulua.– Aldatzea Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua.

Xedapen hauek aldatzen dira, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen dira 14. artikuluaren 1. apartatuko b) eta g) letrak:

«b) Kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik lortutako interesak eta gainerako etekinak, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 35. artikuluan aipatuak, eta, orobat, ondasun higigarrietatik datozen ondare irabaziak, baldin eta horiek guztiak Europar Batasuneko beste estatu batean egoitza duten egoiliarrek establezimendu iraunkorrik gabe lortuak badira edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatutako egoiliar horien establezimendu iraunkorrek lortuak badira.

Entitate baten akzioak, partaidetzak edo bestelako eskubideak eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziei ez zaie aplikatuko aurreko paragrafoan xedatutakoa, kasu hauek gertatzen badira:

1.– Entitatearen aktiboa, zuzenean edo zeharka, euskal lurraldean kokaturik dauden ondasun higiezinez osatuta egotea nagusiki.

2.– Eskualdaketa egin aurreko hamabi hilabeteak hartuta, aurreko momenturen batean zergadun pertsona fisikoek gutxienez entitate horren kapital edo ondarearen 100eko 25eko partaidetza izatea, zuzenean edo zeharka.

3.– Entitate ez-egoiliarren kasuan, eskualdaketak betetzen ez baditu Sozietateen gaineko Zergaren Legeko 21. artikuluan aurrez ikusitako salbuespena aplikatzeko beharkizunak.»

«g) Lurralde espainiarrean egoitza duten sozietate filialek Europar Batasuneko beste estatu batzuetan egoiliar diren sozietate nagusiei edo horiek beste estatu kide batzuetan dituzten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinak, beharkizun hauek betetzen badira:

1. Bi sozietateak Europar Batasuneko estatuetan entitate juridikoen mozkinak kargatzen dituzten tributuetako bati lotuta eta salbuetsi gabe egotea –Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen zerga araubide erkideari buruzkoak, 2.c) artikuluan aipatutako tributuetako bat izan behar du–, eta establezimendu iraunkorrak zergari lotuta eta salbuetsi gabe egotea haiek kokatuta dauden estatuan.

2. Mozkinaren banaketa sozietate filiala likidatzearen ondorioa ez izatea.

3. Bi sozietateek eduki behar dute Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauko eranskinean ezarritako formetako bat (zuzentarau horretan Batasuneko estatu desberdinetan ari diren sozietate nagusi eta filialei aplikatu beharreko araubidea ezarri zen), eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 8ko 2014/86/EB Zuzentarauak aldatu zuen.

Sozietate nagusitzat hartuko da beste sozietate baten kapitalean, zuzenean zein zeharka, gutxienez 100eko 5eko partaidetza duen entitatea edo, bestela, beste sozietate batean duen partaidetzaren eskurapen balioa 20 milioi euro baino handiagoa duen entitatea. Beste sozietate hori, berriz, sozietate filiala izango da. Partaidetza hori etenik gabe mantendu behar da banatzen den mozkina exijigarri den egunaren aurreko urtean edo, bestela, behar den denboran mantendu behar da urtebetea osatu arte.

Epea zenbatzeko, kontuan hartuko da, gainera, partaidetza hori zer epetan eduki duten, etenik gabe, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan sozietate talde bereko parte izateko aipatzen diren inguruabarrak betetzen dituzten beste entitateek, haien egoitza eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra gorabehera. Azken kasu horretan, ordaindutako zerga kuota epe hori behin igaro ondoren itzuliko da.

Estatu kidean indarrean dauden legeen arabera zehaztuko da egoitza, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenetan ezarritakoa eragotzi gabe.

Aurrekoa hala izanik ere, elkarrekikotasun baldintzapean, erabaki ahal izango da g) letra honetan ezarritakoa honako hauei ere aplikatzea: Zuzentarauaren eranskinean ezarritakoa ez bezalako forma juridikoa duten sozietate filialei, eta Espainian egoiliar den sozietate filial batek sozietate nagusiari emandako dibidenduei, baldin eta azken horrek filialaren kapitalean duen gutxieneko partaidetza, zuzenean zein zeharka, 100eko 5ekoa bada, edo, bestela, partaidetzaren eskurapen balioa 20 milioi euro baino handiagoa bada.

Letra honetan ezarritakoa ez da aplikatuko, baldin eta sozietate nagusiaren boto eskubide gehienak pertsona fisikoek edo juridikoak badituzte, zuzenean zein zeharka, eta pertsona horiek ez badira Europar Batasuneko estatu kideetako egoiliarrak edo ez badira gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliarrak (2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek), salbu eta arrazoi ekonomiko baliodunak eta funtsezko arrazoi enpresarialak badaude sozietate nagusiaren eraketarako eta jardunerako.

Letra honetan xedatutakoa berdin aplikatuko da lurralde espainiarrean egoitza duten sozietate filialek Europako Esparru Ekonomikoko estatuetan dituzten sozietate nagusi egoiliarrei edo azken horiek beste estatu kide batzuetan dituzten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinen kasuan, beharkizun hauek betetzen badira:

1. Sozietate nagusien egoitzak dauden Europako Esparru Ekonomikoko estatuek gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea edukitzea, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen denaren arabera

2. Sozietate horiek Europar Batasuneko estatuetan entitate juridikoen mozkinak kargatzen dituzten zergen baliokide den bati lotuta eta salbuetsi gabe egotea (mozkin horiek Europako Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak, 2.c) artikuluan aipatuak dira), eta establezimendu iraunkorrak zergari lotuta eta salbuetsi gabe egotea horiek kokatuta dauden estatuan.

3. Europako Espazio Ekonomikoko kide diren estatuetan egoiliar diren sozietate nagusiek hartzea Europako Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak, eranskinean jasotako formen baliokideetako bat.

4. g) letra honetan jarritako gainerako beharkizunak betetzea.»

Bi.– Edukirik gabe uzten da 14. artikuluaren 1. apartatuko l) letra.

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 14. artikuluaren 1. apartatuko o) letran jarritako 6. beharkizuna:

«6. Sozietateak bere onurarako jasotzea ordainketa horiek eta ez, ordea, bitartekari soil gisa edo beste pertsona edo sozietate baten agente baimendu moduan; eta, establezimendu iraunkorra bada, berak jasotako kopuruak benetan lotuta egotea bere jarduerarekin, eta diru sarrera konputagarria izatea kokatuta dagoen estatuan zerga oinarria zehaztearen ondorioetarako.

Letra honetan jasotakoa ez da aplikatuko, etekinak hartzen dituen sozietatearen boto eskubide gehienak Europar Batasuneko estatu kideetan egoiliar ez diren pertsona fisikoek edo juridikoek zuzenean edo zeharka dituenean, salbu eta arrazoi ekonomiko baliodunak eta funtsezko arrazoi enpresarialak badaude sozietate haren eraketarako eta jardunerako.»

Lau.– Beste apartatu bat, 6. apartatua, gehitzen zaio 18. artikuluari. Hona hemen haren edukia:

«6. Zerga oinarrian merkatuko balio normalaren eta kontabilitateko balioaren arteko diferentzia sartuko da, ondare elementuak honako hauek direnean:

a) Establezimendu iraunkorra Espainiako lurraldean izanik jarduerari uzten dion establezimendu bati afektatuta daudenak.

b) Espainiako lurraldean era iraunkorrean finkatutako establezimendu bati afektatuta egon ondoren atzerrira lekualdatzen direnak.

Europar Batasuneko estatu kide batera edo gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duten Europako Esparru Ekonomikoko estatu batera lekualdatutako ondare elementuen kasuan, Zerga Administrazioak geroratu egingo du aurreko b) letra aplikatzetik ateratzen den zerga zorraren ordainketa, interesdunak hala eskatuz gero; hain zuzen ere, ondare elementu horiek hirugarren bati eskualdatzen zaizkion unera arte geroratuko du ordainketa hori, eta Gipuzkoako martxoaren 8ko Zergen 2/2005 Foru Arau Orokorrean eta hori garatzeko araudian ezartzen dena aplikatuko da geroratze horri dagozkion berandutze interesen sortzapenari nahiz bermeak eratzeari dagokionez.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen dira 24. artikuluaren 4. eta 6. apartatuak:

«4.– Ondare irabazien zerga oinarria kalkulatzeko, gertatutako ondare aldaketa bakoitzari Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Sozietateen, Ez-egoiliarren Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Legeen aldaketa partzialari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Legean ezarritako arau hauek aplikatu behar zaizkio: batetik, III. tituluko II. kapituluko 4. sekzioan ezarritakoak, 33.2 artikulua izan ezik; bestetik, X. tituluko 6. sekzioan ezarritakoak, 94.1.a) artikuluaren bigarren paragrafoa izan ezik.

Entitate ez-egoiliarren kasuan, ondare irabazia kosturik gabe egindako eskurapenetik datorrenean, zerga oinarriaren zenbatekoa elementuaren merkatuko balio normala izango da.

Foru arau honek 13. artikuluaren 2. apartatuko k) letraren c’) letran aipatzen dituen ondare irabaziak direnean, lurralde gipuzkoarrean kokatutako ondasun higiezinek edo ondasun horien gaineko eskubideek eskualdaketaren momentuan duten merkatu balioaren proportzioan zehaztuko da eskualdaketa balioa, baldin eta estatu espainiarrarekin zerga arloko informazio trukerik egiten ez duten herrialde edo lurraldeetan egoiliar diren entitateen eskubide edo partaidetzak eskualdatzetik eratortzen badira –Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian jasotzen da informazio truke hori–.

Zergadunak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan tributatu badu egoitza aldaketaren ondorioz 2006ko azaroaren 28ko 35/2006 Legeko 95. bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera lortutako ondare irabaziak direla-eta, eskualdaketari dagokion ondare irabazia kalkulatzeko hartuko den eskurapen balioa hau izango da: artikulu horretan aipatzen den ondare irabazia zehazteko kontuan hartu zen akzioen edo partaidetzen merkatu balioa.»

«6.– Egoitza Europar Batasuneko beste estatu kide batean duten zergadunak direnean, erregela berezi hauek aplikatuko dira:

1. Establezimendu iraunkorrik gabe lortzen dituzten etekinen zerga oinarria kalkulatzean, honako hauek kendu ahal izango dira:

a) Pertsona fisikoak izanez gero, 2006ko azaroaren 28ko 35/2006 Legeak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautu eta Sozietateen, Ez-egoiliarren eta Ondarearen gaineko Zergen legeak zati batean aldatzen dituenak, aipatzen dituen gastuak, baldin eta zergadunak frogatzen badu Espainian lortutako etekinekin zuzenean erlazionatuta daudela eta Espainian egindako jarduerarekin lotura ekonomiko zuzena eta banaezina dutela.

b) Entitateen kasuan, Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legean ezarritako gastuak, baldin eta zergadunak frogatzen badu Espainian lortutako etekinekin zuzenean erlazionatuta daudela eta Espainian egindako jarduerarekin lotura ekonomiko zuzena eta banaezina dutela.

2. Ondare irabazien zerga oinarria kalkulatzeko, ondare aldaketa bakoitzari aplikagarriak izango zaizkio 2006ko azaroaren 28ko 35/2006 Legeak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautu eta Sozietateen, Ez-egoiliarren eta Ondarearen gaineko Zergen legeak zati batean aldatzen dituenak, III. tituluaren II. kapituluko 4. sekzioan eta X. tituluko 6. sekzioan jasotako arauak, salbu 94. artikuluaren 1. apartatuko a) letraren bigarren paragrafoa.

Apartatu honetan ezartzen dena aplikatuko zaie gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duen Europako Esparru Ekonomikoko estatu bateko zergadun egoiliarrei ere. Hain zuzen, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 25. artikuluaren 1. apartatuko a) letra:

«a) Oro har, 100eko 24. Nolanahi ere, karga tasa 100eko 19 izango da zergadun hauen kasuan: Europar Batasuneko beste estatu kide bateko egoiliarrak edo gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duen Europako Esparru Ekonomikoko estatu bateko egoiliarrei. 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek.»

Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 31. artikuluaren 4. apartatuko a) letra:

«a) 14. artikuluan edo zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen batean xedatutakoaren arabera salbuetsita dauden errentak, artikulu honen 5. apartatuan aitortzeko obligazioari buruz jasotakoa baztertu gabe.

Hori hala izanik ere, atxikitzeko edo kontura sartzeko obligazioa egongo da 14. artikuluaren 1. apartatuko m) eta n) letretan aipatutako errentei dagokienez.

Ez da autolikidatzeko obligaziorik izango 14. artikuluaren 1. apartatuko c) letran aipatutako etekinei dagokienez.»

Zortzi.– Aldatu egiten da 40. artikuluaren 9. apartatua, alegia, egungo 9. apartatua aurrerantzean 10. apartatua izango da, eta honela idatzita geldituko da:

«9.– Artikulu honetan ezartzen dena aplikatuko zaie gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duen Europako Esparru Ekonomikoko estatu bateko zergadun egoiliarrei ere. Hain zuzen, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek.»

Bederatzi.– Beste xedapen gehigarri bat eransten da, zazpigarrena. Hona hemen horren edukia:

«Zazpigarrena.– Salbuespena ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatik.

1.– Europar Batasuneko estatu kide bateko egoiliarrek Gipuzkoan izan duten ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare irabaziak zergapetu gabe geratuko dira, baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada. Berrinbertitutako zenbatekoa txikiagoa bada eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino, lortutako ondare irabazian berrinbertitutako zenbatekoari dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe.

2.– Aurreko zenbakian adierazitakoa aplikatzeko, kontuan hartuko da 2006ko azaroaren 28ko 35/2006 Legeko 38. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritakoa; lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zergari, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari eta ondarearen gaineko zergari buruzko legeen alderdi batzuk aldatzen ditu.

3.– Orobat, aplikatu behar dira atxikipena egiteko betebeharra, foru arau honetako 25. artikuluko 2. apartatuan ezartzen dena, zein autolikidazioa aurkezteko eta zerga zorra ordaintzeko betebeharra, 28. artikuluko 1. apartatuan ezartzen dena. Aurrekoa gorabehera, berrinbertsioa autolikidazio hori aurkeztu behar den eguna baino lehen egin bada, berrinbertsioa –osoa edo partziala– kontuan hartu ahal izango da dagokion zerga zorra zehazteko.

4.– Xedapen honetan ezartzen dena berdin aplikatuko zaie gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duen Europako Esparru Ekonomikoko estatu bateko egoiliarrei. Hain zuzen, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek.

5.– Bidezkoa izan daitezkeen itzulketak eskatzeko baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.»

Hamar.– Beste xedapen gehigarri bat eransten da, zortzigarrena. Hona hemen horren edukia:

«Zortzigarrena.– Zergei buruzko informazio trukea.

Foru arau honetan «Espainiarekin nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen bat, informazioa trukatzeko klausula duena, edo zerga arloko informazioa trukatzeko akordio bat sinatu duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuei» buruz egiten diren aipamenak «2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen denaren arabera gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duten Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideei» buruz egindakotzat joko dira.»

Hamaika.- Beste xedapen gehigarri bat eransten da, bederatzigarrena. Hona hemen horren edukia:

«Bederatzigarrena.– 2015. urtean aplikatzeko karga tasak.

2015. urtean, uztailaren 12a baino lehen sortutako zergen kasuan, karga tasa ez da izango foru arau honetako 25. artikuluko 1. apartatuko a) eta f) letretan ezartzen dena, alegia, 100eko 19, baizik eta 100eko 20. Tasa hori 100eko 19,5 izango da, aldiz, zerga egun horretatik aurrera sortzen bada.»

3. artikulua.– Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 foru araua.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, edukirik gabe uzten da 41.I.B) artikuluaren 23. zenbakia eta aldatu egiten da artikulu horren 32. zenbakiaren 4. apartatua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan. Hona hemen azken haren edukia:

«4.– Hipoteken titulazio fondoak, aktibo finantzarioen titulazio fondoak eta kapital arriskuko fondoak salbuetsita egongo dira sozietate eragiketen modalitateari lotutako eragiketa guztietatik.»

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan jasotzen diren berariazko ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2015eko urriaren 20a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAŃAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala