Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2015eko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5176

221/2015 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz Ikerkuntzako Euskadi Saria arautu eta Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateko 2015eko deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eginkizuna da, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera zientifikoa eta zientzia sustatzea eta zabaltzea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, helburu hori betetzeko, Ikerkuntzako Euskadi Saria sortu zuen, hainbat aldiz arautu dena: maiatzaren 7ko 93/1996 Dekretuaren bidez, 1996-2002 aldian; uztailaren 22ko 175/2003 Dekretuaren bidez, 2003 eta 2005 urteen artean; urriaren 17ko 208/2006 Dekretuaren bidez, 2006 eta 2009 urteen artean eta irailaren 30eko 323/2010 Dekretuaren bidez, 2010 eta 2014 urteen artean.

Saria bi urtetik behin aldatzen da, era honetan: urte bikoitietan, Zientzia eta Teknologiari buruzko da, eta, urte bakoitietan, berriz, Gizarte Zientzia eta Humanitateei buruzkoa.

Garrantzi handikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea, bultzatzea eta nabarmentzea, haien lanak oso eragin positiboa baitu Euskadin. Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero egingo du Ikerkuntzako Euskadi Sarietarako deialdia, eta hala egiten du dekretu honen xedapen gehigarrian, zeinaren bidez dei egiten baitu Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateko Ikerkuntzako 2015eko Euskadi Sarirako.

Herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenetan ezarritako oinarrizko araudiarekin bat etorriz (887/2006 Errege Dekretua, aipatu diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena).

Horren ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzako Kontseiluak 2015eko abenduaren 1ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen helburua Ikerkuntzako Euskadi Sariak arautzea da, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

2.– Saria bi urtetik behin aldatzen da, era honetan: urte bikoitietan, Zientzia eta Teknologiari buruzko da, eta, urte bakoitietan, berriz, Gizarte Zientzien eta Humanitateei buruzkoa.

Zientzia eta Teknologiari buruzko modalitateak honako arlo hauek hartzen ditu barne: Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologiak eta Arkitektura.

Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak, berriz, beste arlo hauek: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak.

3.– Ikerkuntzako Euskadi Sarietarako deialdia urtero egingo da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez. Agindu horrek honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea eta hautagaiak aurkezteko epea –inolaz ere ez, hilabete baino gutxiago–. Hori guztia alde batera utzi gabe, 2015eko deialdian dekretu honen xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

2. artikulua.– Baldintzak.

1.– Ikerkuntzako Euskadi Sarietarako aukera izan dezake doktore-titulua duen ikertzaile orok, baldin eta lan-ibiliaren zati handi bat Euskadin egina badute eta, eskola zientifikoen sortzaile diren aldetik, Euskal Herrian eragin positiboa izan badute, hau da, denboran jarraipena duten ikerketa-azpiegiturak edo -taldeak sortzen lagundu badute.

2.– Hautagaiek behin baino ezin izango dute saririk jaso.

3.– Diru-laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzea, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritakoa betez.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahalko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.

Bai bide elektronikorako, bai presentzialerako, eskabideari eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideei buruzko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

https://euskadi.net/ayuda_subvencion/2015/acronimo/y22-izapide/es.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala edo elektronikoa– erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe xedatzen da-eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Erakunde zientifikoek edo beste zientzialari batzuek proposatu ahal izango dituzte hautagaiak. Halaber, hautagaiek euren burua ere aurkeztu ahal izango dute.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira aipatutako egoitza elektronikoan.

Eskabidea toki hauetan ere aurkeztu ahal izango da: Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz).

Eskabideak aurkezteko lekuak izango dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehaztutako egoitzetako edozein edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren tokiak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari zuzendutako idazkiak udal-erregistroetan aurkezteko Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmena izenpetua duten udaletan ere aurkez daitezke.

Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde/pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Beherago zehaztutako agiriak jaso beharko dira eskabidean, eta agiriok aplikazio telematikoan sartu beharko dira:

a) Memoria (hiru orri, gehienez); han, adieraziko da hautagaiak dekretu honen 2.1. artikuluan ezarritako betebeharrak nola betetzen dituen. Halaber, hautagaiak saria jasotzea merezi duela frogatzen duten arrazoiak zein diren adierazi beharko da, hizkera ez espezializatu batean.

b) Hautagaiaren Curriculum Vitaea.

c) Hautagaiaren Curriculum Vitaeren ingelesezko laburpena (2 orri, gehienez), haren ibilbidearen elementu aipagarrienak jasota.

d) Erakunde zientifikoek edo beste zientzialari batzuek hirugarren baten alde proposatutako hautagaiak izanez gero, agiri hauek aurkeztuko dira:

– Hautagaia proposatzeko idazkia: espresuki aipatuko da zein diren proposamena egiten duten erakundeak edo pertsonak.

– Hautagaiak hautagai izatea onartzen duela dioen idazkia.

e) Halaber, proposamena egin duten zientzialariek ez beste zientzialari batzuek egindako gomendiozko idazkiak ere aurkeztu ahal izango dira.

f) Hautagaiek, erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako betebehar hauek betetzen dituztela adieraziko dute:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Hautagaia ez dagoela sartuta itzultze- edo zehatze-prozedura batean, eta, hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean dituela.

– Hautagaiak ez duela zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako gainerako debekuetako batean sartuta ez egotea.

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta hautagaiak betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

g) Diru-laguntzak jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du hautagaiak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

Hautagaiak, nolanahi ere, baimen hori espresuki uka dezake, eta, hala egiten badu, eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu halakoak egiaztatzeko nahitaezko agiri eguneratuak.

h) Dekretu honetako I. eta II. eranskinetan azaltzen dira bai eskabide-eredua, bai eta erantzukizunpeko adierazpen-eredua.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan eskabidea zuzentzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da akatsak zuzentzeko jakinarazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Dekretu honetan aurreikusitako sariak kudeatzeko lana Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren egitekoa izango da.

8. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Urtero, epaimahai bat eratuko da, Ikerkuntzako Euskadi Saria ebatzi dezan dagokion modalitatean dekretu honetako 1.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Ikerkuntzako Euskadi Sarietako epaimahaikideak gutxienez hiru eta gehienez zazpi izango dira, denak ere euren jardun-eremuetan izen handia dutenak. Horietatik zaharrena epaimahaiburua izango da.

Hitzarmen honen osaeran, gizon eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioa errespetatuko da, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan aurreikusitako moduan.

3.– Epaimahaiaren osaeraren berri emango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, gutxienez epaimahaiak epaia eman baino bost egun baliodun lehenago.

4.– Epaimahaiaren egitekoak izango dira parte-hartzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea, aurkeztutako merezimenduak euren jakintza eta uste zintzoaren arabera ebaluatzea eta saria emateko proposamena egitea.

5.– Epaimahaikideek euskara nahiz gaztelania erabili ahal izango dute beren bileretan. Halaber, deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta gainerako idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

9. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Saria emateko prozedura orokorra lehiaketa izango da. Horretarako, aurkeztu eta onartu diren eskabideak alderatuko ditu epaimahaiak, eta bere jakintza eta uste zintzoaren arabera ezarri dituen irizpideen arabera baloraziorik handiena lortu duena bakarrik proposatuko du. Irizpide horiek guztiak saria esleitzeko proposamenaren aktan jasoko dira.

2.– Epaimahaiak proposamenen inguruan erabakiak hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da epaimahaikideen gehiengoaren aldeko botoa izatea; berdinketarik balego, epaimahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko luke.

3.– Epaimahaiburuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari bidaliko dio saria esleitzeko proposamenaren akta, epaimahaiak egina, eta sailburuak saria esleituko du, agindu bidez. Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hilabeteko epean, onartzen den egunetik hasita.

4.– Saria esleitu gabe utzi ahal izango da.

5.– Sariaren zenbatekoa ezin izango da banatu.

6.– Irabazleari pertsonalki emango zaio sariaren esleipenaren berri.

7.– Deialdi-aginduaren babespean egindako eskabideak ebazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindua argitaratzen denetik hasita. Epe horren barruan jakinarazpenik egiten ez bada, eskaerak ezetsi direla ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi lege horrek administrazioari berariaz ebazteko obligaziorik ezartzen ez dionik.

10. artikulua.– Sariaren zenbatekoa, saria ordaintzea eta golardoak ematea.

1.– 2015eko ekitaldian, 40.000 eurokoa izango da laguntzaren zenbatekoa. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) Euskal Autonomia Erkidegoan duen bilakaeraren arabera.

2.– Ordainketa bakarrean ordainduko da sariaren zenbatekoa, sariaren esleipen-agindua dekretu honen 9. artikuluaren 3. paragrafoan adierazitako moduan argitaratu ostean.

3.– Gero, golardoa emango zaio saridunari, ekitaldi publiko batean.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Dekretu honetan arautzen den diru-laguntza bateragarria da beste finantza-erakunde batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2015eko deialdia.

1.– Xedapen honen bitartez, Ikerkuntzako Euskadi Sarirako 2015eko deialdia egiten da, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

2.– Hautagaiak aurkezteko epea xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2016ko urtarrilaren 15ean.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, xedapen honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.

4.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago –2010eko azaroaren 5eko EHAA–). Fitxategi horren organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Datuen aurka egin, datuetan sartu eta datuak zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hartarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da irailaren 30eko 323/2010 Dekretua, Jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz Ikerkuntzako Euskadi Saria arautzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA, ABENDUAREN 1EKO 221/2015 DEKRETUARENA
ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA, ABENDUAREN 1EKO 221/2015 DEKRETUARENA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN-EREDUA

Laguntza hau jasotzeko hautagaiak honako hau adierazten du:

1.– Eskatu duela / ez duela eskatu (erantzun dagokiona) helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.

BAIEZKO erantzuna emanez gero, eskabidearen edo emakidaren kopia aurkeztu behar da.

2.– Erakundea ez dagoela / badagoela sartuta (erantzun dagokiona) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehatze-prozedura batean, eta, hala bada, diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean dituela.

BAIEZKO erantzuna emanez gero, prozedurari hasiera emateko agiriaren kopia aurkeztu behar da.

3.– Erakundeak ez duela jaso / jaso duela diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, edo horretarako legezko debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

BAIEZKO erantzuna emanez gero, zehapenaren edo debekuaren kopia erantsi behar da.

4.– Erakunde eskatzailea ez dagoela / badagoela sartuta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako gainerako debekuetako batean.

BAIEZKO erantzuna emanez gero, zehapenaren edo debekuaren kopia erantsi behar da.

5.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzekin edo eskakizunekin lotutako edozein egoera aldatzen bada, edo erakundeak xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuk eskuratzen baditu edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, konpromisoa hartzen dudala horren berri emateko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari.

__________n/en,_______ko/eko________ren_____an/ean.

Hautagaia

(Izena eta sinadura)

UNIBERTSITATE ETA IKERKETAKO SAILBURUORDEA


Azterketa dokumentala