Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2015eko azaroaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4927

211/2015 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, zeinaren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

Testuinguru globalizatu honetan, aldaketa teknologiko eta produktiboak etengabeak izanik, lanbide-kualifikazioak hobetzea lehentasunezko helburu bat da prestakuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten administrazio guztientzat. Prestakuntza eta lanbide-konpetentziak hobetzeko eta lan-merkatu aldakor batera egokitzeko, pertsonen bizialdi osoko ikaskuntza aitortzen eta baliatzen duten prozeduren aldeko apustua egin behar da.

Lan-esperientzia edo prestakuntzarako bide ez-formalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren bidez lortu nahi da lanbide-kualifikazioa egiaztatu beharra duten pertsonek beren lan-baldintzak edo laneratzeko aukerak hobetzea, enplegua lortzeko aukera gehiago ematean dituzten sektoreetarantz mugitzeko aukera emanez. Horrek abantailak ekarriko lituzke langileentzat, enpresentzat eta, orokorrean, gizartearentzat.

Prozedura honen bidez, Europar Batasunak ezarritako eskakizunei erantzuten zaie; izan ere, Europar Batasunaren nahia da biztanleria aktiboaren kualifikazio-maila eta lanbide-konpetentziak hobetzea, modu horretan, Europa 2020 Estrategiaren helburuak lortzen lagundu ahal izateko.

Bestetik, lanbide-konpetentzia ebaluatzeko, aitortzeko eta ziurtatzeko sistemak ezartzea estrategia bat da, Europar Batasunak Lisboako 2000ko goi-bileran –eta, gerora, goi-bilera horretan zehaztutakoa garatzeko ekintzak eta gomendioak ezartzeko egin diren beste goi-bilera batzuetan– ezarritako helburuak lortzera bideratua.

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala eratzeko xedez sortu zen. Helburua zen lanbide-heziketa bultzatzea, pertsonen bizi-maila eta -kalitatea handitzeko eta kohesio soziala eta ekonomikoa bultzatzeko, bai eta enplegua sustatzeko ere.

Lege horretan ezartzen denez, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Integratua osatzen duen elementuetako bat da lan-esperientziaren bidez eta prestakuntzarako bide informalen eta ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzea, aitortzea eta ziurtatzea. Horrela, 3.5 artikuluan adierazten denez, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistemaren helburuen artean, lanbide-kualifikazioa ofizialki ebaluatzea eta egiaztatzea dago, kualifikazio hori lortzeko bidea edozein izanik ere. Horrez gain, 8. artikuluaren 3. paragrafoan, konpetentzia horiek egiaztapen partzial metagarri baten bidez aitortzeko aukera aurreikusten da, modu horretan, lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiriren bat lortu ahal izateko. Ideia hori Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala arautzen duen irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluko b) idatzi-zatian jasotzen da.

Enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 31. artikuluan laneko prestakuntza eta orientazioa emateko azpisistema bat ezartzen da. Sistema horren helburua da lanean diharduten eta langabezian dauden pertsonei prestakuntzarako eta enplegurako aukeren gaineko eta kualifikazioa aitortzeko eta ziurtatzeko aukeren gaineko aholkularitza eskaintzen zaiela ziurtatzea.

Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan, profesionaltasun-ziurtagiri horiek Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalaren lanbide-konpetentzien ziurtagiri gisa azaltzen dira, eta, horrela, 8. artikuluan zehazten denaren arabera, badago ziurtagiri horiek, besteak beste, lan-esperientziaren edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratzea.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak lanbide-heziketako tituluen egitura zehazten du, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean oinarrituta. Horrela, 43.1 artikuluan adierazten denez, lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bidez lortu beharko da lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-kualifikazioen egiaztapena.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 8.2 artikuluan ezartzen denez, hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek lan-esperientziaren bidez nahiz ikaskuntza-prozesu ez-formal eta informalen bitartez ikasitakoak aitor daitezela zehaztuko eta sustatuko dute, aitortza horren bidez lanbide-heziketako tituluak eta egiaztagiriak eskuratu ahal izateko eta, beharrezkoa balitz, unibertsitatez kanpoko ikasketetan, unibertsitatekoetan eta lanbide-heziketakoetan hasi ahal izateko.

Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak prozedura bakarra ezartzen du, hezkuntza-arlorako zein lan-arlorako, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko. Hain zuzen ere, horri buruzkoa da ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8.2. artikulua. Eta 21. artikuluan xedatzen denez, autonomia-erkidego bakoitzean, prestakuntzaren esparruan eskumena duten hezkuntza- eta lan-arloko administrazioek batera ezarriko dute bertan ezarritako prozeduraz arduratuko den antolaketa-egitura.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak emandako idazkera kontuan hartuta) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari ematen dio enplegu-politikaren gaineko eskumena, bai eta enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren gaineko eskumena ere. Azpisistema hori Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin batera landuko da; izan ere, sailburuordetza horrek lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak ezartzeko ardura dauka, eta, hartara, bizitzan zehar kualifikazioak eskuratzea edo emendatzea ahalbidetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan (betiere, zerbitzu horren erantzukizunen barruan).

Dekretu honek lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta kontuan hartzen du gaur egun dagoen eskumenen eta funtzioen banaketa. Banaketa horren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokio hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa antolatzea eta kudeatzea eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez, biztanleria aktiboaren (lanean dihardutenen zein langabezian daudenen) lanbide-konpetentzia ebaluatzea; era berean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio enplegurako lanbide-heziketa antolatzea eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako erakunde autonomoa), enplegurako lanbide-heziketako programak kudeatzea eta profesionaltasun-ziurtagirien eta egiaztapen partzial metagarrien erregistroa eramatea.

Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren eta proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko azaroaren 10ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA, HELBURUA ETA PROZEDURAREN KUDEAKETA

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Dekretu honen xedea da lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Prozedura hori lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan arautzen da.

2. artikulua.– Prozeduraren helburuak.

Prozeduraren helburuak dira uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 3. artikuluan adierazitakoak, eta honako hauek:

a) Langileen kualifikazio- eta egiaztapen-maila hobetzea, pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektoreen kualifikazio-beharrizanei erantzuteko eta, horrela, etengabeko ikaskuntza sustatzeko.

b) Aukera-berdintasuna bultzatzea, trebakuntzaren bidez eta kualifikazioak, oinarrizko edo zeharkako ikaskuntzak eta informalak aitortuz, dibertsitatea aintzat hartuta.

c) Pertsonei beren ikaskuntza ez-formal eta informalak baliatzeko aukera ematea, laneratzea eta lan-merkatuan zirkulazio askea ahalbidetuz, haien aurrerabide profesionala suspertzeko.

d) Pertsonak motibatzea bizialdi osoko ikaskuntzarako eta lanbide-kualifikazioa areagotzeko, egiaztapen partzial metagarria lortzeko aukerak eskainiz, profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-heziketako titulua lortzera bideratutako prestakuntza osatu dezaten.

3. artikulua.– Prozeduraren antolaketa-egitura.

Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 21.1 artikuluaren b) letrarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren antolaketa-egitura osatzen duten organo eta erakunde nagusiak ezartzen dira.

1.– Lanbide Heziketako Sailburuordetza arduratuko da prozeduraren antolaketa, koordinazio eta kudeaketaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak erabakiko ditu deialdietan sartuko diren lanbide-kualifikazioak.

Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariak, elkarrekin emandako ebazpen bidez, prozeduraren deialdiak onartuko dituzte.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak, aurreko paragrafoan adierazitako eginkizunez gain, eta dekretu honetan ezarritako kudeaketakoez eta laguntza teknikokoez gain, informazio- eta orientazio-eginkizunak beteko ditu, bere enplegu-bulegoen bidez, konpetentzia-atalen egiaztapenen erregistroa eramanez eta prozeduraren garapenaren eta emaitzen jarraipena eta ebaluazioa eginez (Administrazio Kontseiluaren bidez).

3.– Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI). Erakunde honi informazio- eta orientazio-eginkizunak eta aholkularitza- eta ebaluazio-eginkizunak betetzen dituzten langileen prestakuntzarako funtzioak esleitu zaizkio, bai eta haien erregistroa eramatekoa ere; eta, horretaz gain, dekretu honetan ezarritako laguntza teknikoko beste funtzio batzuk esleitu zaizkio.

4.– Lanbide-heziketa ematen duten ikastetxeak. Informazio- eta orientazio-eginkizunak betetzeko baimendu ahal izango dira, bai eta hautaketa-prozesuko eskabideak jasotzeko eta prozesua kudeatzeko ere.

a) Lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak eta lanbide-heziketa ematen duten ikastetxe publikoak; prozeduran sortutako dokumentazioa gorde eta zaintzeko baimendu ahal izango dira.

b) Lanbide-heziketako ikastetxe integratuak; era berean, prozedurako fase desberdinak garatzeko baimendu ahal izango dira.

5.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua; aholku-organoa izango da egin beharreko deialdien plangintzan, eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bezala, konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren garapenaren eta emaitzen jarraipenean eta ebaluazioan parte hartuko du.

4. artikulua.– Lanbide Heziketako Sailburuordetza.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Prozeduraren kudeaketa eta betearazpena planifikatzea, zuzentzea eta koordinatzea, ezarpenean kalitaterik, eraginkortasunik eta efizientziarik handiena lortzeko xedez.

b) Lanbide-heziketa ematen duten ikastetxeek informazioa eta orientazioa eskatzen duten pertsona guztiei informazio eta orientazio hori ematen parte har dezaten eta aholkularitza-, ebaluazio- eta egiaztapen-faseetan parte har dezaten irizpideak ezartzea.

c) Prozedurako faseetarako egoitzak zein izango diren erabakitzea.

d) Konpetentzia-atalak egiaztatzea, ezartzen den prozeduraren arabera.

e) Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzea, prozedura osoaren xede, helburu eta printzipioak betetzen direla ziurtatuko duena, eta lortutako emaitzen helburuen arabera ebaluatzea prozedura, eta dagokion txostena aurkeztea Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio eta Orientazio Sistemaren integrazioa bultzatzea, informazioan eta orientazioan diharduten langileen prestakuntza eta eguneratzea ahalbidetuz.

g) Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari prozeduraren lehentasunen eta helburuen gaineko informazioa eta jarraibideak ematea.

h) Dekretu honetan eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian jasotakoak.

5. artikulua.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren parte-hartzea.

3. artikuluaren 2. eta 5. paragrafoetan xedatutakoaz gain, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari aldez aurretik kontsulta egingo zaie, nahitaez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak honako gai hauei buruzko hartutako erabakien gainean: egin beharreko deialdiak, ebaluatu beharreko pertsona-kopurua, egiaztatu daitezkeen konpetentzia-atalak eta deialdi bakoitzeko aholkulari eta ebaluatzaileak izendatzeko irizpideak.

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdi horien garapenari buruzko azken txosten bat jasoko dute.

6. artikulua.– Prozedurari buruzko Informazio eta Orientazio Zerbitzua.

1.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak informazio- eta orientazio-zerbitzu ireki eta etengabea bermatuko dute, eta, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

a) Ebaluatzeko eta aitortzeko prozeduraren eta egin beharreko prozedura eta ekintzen faseei buruzko informazioa eta orientazioa ematea eskatzen duten guztiei.

b) Ebaluazio-prozedurara iristeko behar diren betekizunei buruzko informazioa ematea.

c) Deialdi bakoitzean zenbat konpetentzia-atal aitortu daitezkeen jakinaraztea.

d) Ziurtatzeak dakartzan ondorioei buruzko informazioa ematea.

e) Parte-hartzailearen eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ematea.

f) Prozeduran izena emateko prozedurari buruzko orientazioa ematea.

g) Dauden prestakuntza-ekintzei buruzko informazioa ematea.

h) Dekretu honetako 7. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen diren deialdi-eskaerak egitea.

2.– Ezar daitezkeen beste bide batzuk eragotzi gabe, Informazio eta Orientazio Zerbitzua Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak xede horretarako baimendutako prestakuntza-zentroen bidez, lanbide-heziketa ematen dutenen bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako bulego-sarearen bidez emango da.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Informazio eta Orientazio Zerbitzuan parte hartu ahal izango duten toki-administrazioen zentroak, gizarte-eragileak, merkataritza-ganberak eta irabazi asmorik gabeko beste erakunde publiko eta pribatu batzuk baimenduko ditu.

4.– Informazio- eta orientazio-eginkizunak direla-eta:

a) Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio:

● Erregistroa gaitzea eta antolatzea, eta informazio- eta orientazio-eginkizunetan dihardutenen hasierako eta etengabeko prestakuntza planifikatzea.

● Informazio- eta orientazio-eginkizunetan dihardutenen lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurari buruzko prestakuntza eta eguneratzea bermatzea.

b) Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI) dagokio:

● Informatzaileak eta orientatzaileak gaitzeko berariazko prestakuntzarako ikastaroak egitea eta deialdi bakoitzean emandako egiaztapenak erregistratzea eta gordetzea.

● Lanbide Heziketako Sailburuordetzari eginkizun horiek beteko dituzten informatzaileak edo orientatzaileak proposatzea.

● Informazio- eta orientazio-zerbitzuak emango dituzten erakundeetako informatzaile eta orientatzaile guztiei deialdi bakoitzean ebaluatuko diren konpetentzia-atalen gida metodologikoak eta informatiboak eta autoebaluaziorako galdetegien ereduak ematea, parte-hartzaileek konpetentzia-atal horietako batean norainoko konpetentzia izan dezaketen ikusteko.

● Aldian-aldian, lortutako egiaztapenen eta prestakuntza-beharrizanen gaineko informazioa ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak informazio- eta orientazio-sistema integratua sortuko dute, prozeduran parte hartzen duten eragileen arteko komunikazioa eta informazio-trukea ahalbidetuko duten tresna informatikoetan oinarritua.

II. KAPITULUA
DEIALDIAK, PARTE-HARTZAILEEN BETEKIZUNAK ETA IZENA EMATEA

7. artikulua.– Prozeduraren deialdiak.

1.– Prozeduraren deialdia gutxienez urtean behin egingo da, eta Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak elkarrekin emandako ebazpen bidez egingo da. Urtean gutxienez behin egin beharreko deialdi hori irekia izango da, eta, horretaz gain, deialdi espezifikoak egin ahal izango dira, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak detektatzen dituen beharrizanen arabera, edo erakunde enpresarial eta sindikalik garrantzitsuenek eskatuta, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 10. artikuluko 5. zenbakian jasotzen diren kasuetan.

2.– Dekretu honetan adierazitako konpetentzien ebaluazioa eta egiaztapena jaso nahi duten interesdunek, edozein unetan jo ahal izango dute lanbide-heziketa ematen duten ikastetxeetara, edo informazio- eta orientazio-zerbitzua (dekretu honen 6. artikuluan aipatzen dena) emateko baimenduta dauden erakundeetara, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoetara, informazioa eskatzera, eta, hala badagokio, konpetentzia-atal jakin batzuetarako prozeduraren deialdia egin dadin nahi dutela azaltzera. Orientatzaileak egiaztatzen badu interesdunak dekretu honetako 8. artikuluko baldintzak betetzen dituela, eskaera egingo du, dagokion gailu informatikoaren bidez.

Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak (EEI), gailu informatikoaren bidez, hautematen badu gutxienez ere 20 pertsona daudela interesatuta lanbide-kualifikazio bereko konpetentzia-atal batean, eskaera egingo dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Sailburuordetzak konpetentzia-atal horien deialdi bateratua egiteko proposatu diezaion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiari, eskura dituen giza baliabide, baliabide ekonomiko eta azpiegituren arabera betiere. Eskaerarik handiena duten lanbide-kualifikazioei emango zaie lehentasuna.

3.– Era berean, Lanbide Heziketako sailburuordeak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua ez duten helduek zein ikastetxetan egin ahal izango duten uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 10.3 artikuluan jasotzen den eskabidea.

4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratuko dira deialdiak, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean laburpen bat argitaratuko da.

5.– Konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietan, gutxienez, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 10. artikuluko 1. zenbakian xedatua jasoko da.

6.– Lanbide-heziketako tituluen edo profesionaltasun-ziurtagirien barruan dauden konpetentzia-atalei buruzkoak izango dira deialdiak. Dena dela, aipatutako errege-dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatuarekin bat etorriz, lanbide-heziketako tituluetan edo profesionaltasun-ziurtagirietan oraindik sartu gabe dauden konpetentzia-atalen deialdia egin ahal izango da.

7.– Deialdia argitaratu ondoren, Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian elkarrekin argitaratutako ebazpenaren bidez, honako hau erabaki ahal izango dute:

a) Ebaluatuko direnen gehieneko kopurua handitzea, baldin eta funts gehigarriak esleitzen bazaizkio deialdiari, lan-merkatuko eskariaren beharrizanei buruzko ikerketaren arabera.

b) Konpetentzia-atal jakin batzuetan ebaluatuko direnen gehieneko kopurua handitzea, baldin eta beste konpetentzia-atal batzuetan ebaluatuko direnen kopuruak ez badu agortzen konpetentzia-atal horietarako aurreikusitako aurrekontua.

Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

○ Konpetentzia-atalak lanbide arautu batekoak izatea.

○ Kualifikazio-maila.

○ Baztertutako pertsonen kopurua.

8. artikulua.– Parte-hartzaileen betekizunak.

1.– Betekizun hauek bete behar dituzte prozeduran parte hartu nahi dutenek:

a) Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.

b) Izena ematean 18 urte beteta izatea, I. mailako kualifikazioei dagozkien konpetentzia-atalen kasuan, eta 20 urte II. eta III. mailakoen kasuan.

c) Egiaztatu nahi dituzten lanbide-konpetentzien inguruko lan-esperientzia edo prestakuntza izatea:

1) Lan-esperientziaren kasuan. Deialdiaren aurreko azken 10 urteetan, 3 urte behintzat justifikatzea, eta, gutxienez, lan egindako 2.000 ordu guztira. I. mailako konpetentzia-ataletarako 2 urteko lan-esperientzia eskatuko da, eta, gutxienez, lan egindako 1.200 ordu guztira.

2) Prestakuntzaren kasuan. Deialdiaren aurreko azken 10 urteetan, konpetentzia-atal bakoitzean gutxienez 300 ordu justifikatzea. I. mailako konpetentzia-atal bakoitzerako gutxienez 200 ordu eskatuko dira. Egiaztatu nahi den konpetentzia-atalari lotutako prestakuntza-moduluek iraupen laburragoa dutenean, modulu horietan ezarritako orduak egiaztatu beharko dira.

d) Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 10.1.b) artikuluan aipatzen diren kasuetan, aurreikusitako betekizun gehigarriak justifikatzeko agiria izatea.

2.– Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 10.5 artikuluan adierazten diren deialdi espezifikoetan (bertan aipatutako erakunde eta taldeek proposatuta edo Administrazioaren ekimenez egindakoak), aurreko betekizunez gain, deialdiaren xede den sektore edo talde espezifikoko partaide izan beharko da.

9. artikulua.– Prozeduran aurretik izena emateko aldia.

Deialdia argitaratu ondoren, interesdunek prozeduran izena aurretik eman ahal izango dute ezarritako epeetan.

9.1.– Prozeduran aurretik izena ematea.

1.– Dekretu honen 7. artikuluko 2. zenbakian aipatzen den kasuan, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen, artikulu horretan aipatzen diren eskatzaileei deialdia argitaratu dela jakinaraziko zaie, eta parte hartzeko erakutsi zuten interesa berresteko eskatuko zaie. Berdin jardungo da 7. artikuluko 3. zenbakian aipatzen diren eskabideei dagokienez.

2.– Lan-esperientzia edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez lortutako lanbide-konpetentziak uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan azaltzen diren agirien bidez justifikatuko dira.

3.– Lan-esperientziari edo prestakuntzari dagokienez uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluaren 2. zenbakian adierazitako betekizunak betetzen dituzten 25 urtetik gorakoek, artikulu horren 2. zenbakian aipatutako agirien bidez ezin badituzte betekizunok justifikatu, prozeduran aurrez eta behin-behinean izena emateko eska dezakete. Lan-esperientzia edo prestakuntzarako ikaskuntza ez-formalak zuzenbidez onartutako frogaren baten bidez justifikatuko dituzte.

9.2.– Prozeduran parte hartzeko onartzea edo baztertzea.

1.– Deialdi bakoitzerako, hautaketa-batzorde bakarra izendatuko da, eta batzorde horrek bideratu eta ebatziko du aurkeztutako eskabideak prozeduran onartzeko fasea.

Batzorde horretako kideak eta lehendakaria Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariak elkarrekin emandako ebazpen bidez izendatuko dira, prozeduran erregistratutako informatzaile edo orientatzaileen artean aukeratuta, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak (EEI) proposamena egin ondoren. Era berean, batzorde horretako kide izango da (edo dira) deialdian sartutako konpetentzia-ataletako aholkulari bat (edo gehiago). Lehendakaria Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuko (EEI) kide bat izango da. Batzorde horiek nola eratuta geratu diren Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da: www.euskadi.eus.

2.– Eskabidearekin batera, deialdiak espresuki adierazitako eskakizun orokorrak eta espezifikoak betetzen direla egiaztatzeko dokumentuak aurkeztuko dira, bai eta baremorako alegatutako merezimenduak egiaztatzekoak ere.

Deialdian adierazi beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 6. artikuluan adierazitako moduan, herri-administrazioen esku dauden datuak eta dokumentuak ez aurkezteko eskubideaz balia daitekeela, eta ez dagoela dekretu horrek aipatzen duen datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez kontsulta daitekeen daturik eta dokumenturik aurkeztu beharrik.

3.– Izena aurretik emateko eskabideak zuzenak diren eta parte hartzeko betekizunak betetzen diren egiaztatuko du Hautaketa Batzordeak, eta, era berean, dekretu honetako 9.1.3 artikuluan deskribatutako kasuetako betekizunak ere egiaztatuko ditu. Hautagaien baremazioa batzorde horrek emandako ebazpen bidez argitaratuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71. artikuluan arautzen duen moduan.

Eskabideetan edo eskabideei erantsi beharreko agirietan akats edo hutsen bat detektatzen bada, batzordeak eskatzaileei eskatuko die, deialdian ezartzen den eran, akats edo hutsok zuzen ditzaten, eta horretarako hamar egun balioduneko epea izango dute.

4.– Jasotako eskabide-kopurua ebaluatu beharreko pertsona-kopurua baino handiagoa bada, Hautaketa Batzordeak, betekizunak betetzen dituztenen artean, deialdian ezarritako onarpen-irizpideak aplikatuko ditu.

Baremoa Autonomia Erkidegoaren esparruan aplikatuko da, eta prozeduran onartzeko hurrenkera lortutako puntuazioaren arabera ezarriko da, lanbide-kualifikazio bakoitzerako betekizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean.

5.– Hautaketa Batzordeak, deialdian ezarritako eran, prozeduran parte hartzeko onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda onartu eta argitaratuko du, eta, baztertuen kasuan, zergatik baztertu diren adieraziko du. Era berean, parte hartu dutenek guztira lortutako puntuazioa adieraziko du, bai eta baremoan ezarritako irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa ere.

6.– Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioaren gaineko baremazioari buruzko erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio Hautaketa Batzordeari. Eta Hautaketa Batzordeak, erreklamazioa aztertu ondoren, prozeduran parte hartzeko onartu eta baztertu direnen behin betiko zerrenda onartu eta argitaratuko du.

7.– Behin betiko zerrendaren aurka, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari, eta elkarrekin emandako ebazpen bidez ebatziko dute.

8.– Deialdi bakoitzean administrazio-tasak eta dagozkion salbuespen-kasuak aipatuko dira. Deialdi bakoitzean ezarritako tasak epearen barruan ordaindu ezean, prozeduran parte hartzeari uko egiten diola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariaren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bide deklaratu beharko da.

9.3.– Erreserbako zerrenda.

1.– Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak, ebaluatu beharreko gehieneko kopuru bat ezarrita dagoen kasuetan, prozeduran parte hartzeko erreserbako zerrenda bat argitaratuko du Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (www.euskadi.eus).

2.– Ebaluatuko direnen gehieneko kopurua gainditzeagatik prozeduran parte hartzeko onartzen ez direnek osatuko dute zerrenda, betiere, eskakizunak betetzen badituzte.

Erreserbako zerrendan, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran sartuko eta deituko dira.

3.– Erreserbako zerrenda horretan daudenek, puntuazio-hurrenkeraren arabera, ebaluatu beharrekoen zerrendan sartuko dira, baldin eta, dekretu honetako 7. artikuluko 7. zenbakian ezarritakoaren arabera, ebaluatuko direnen zerrenda handitzen bada.

10. artikulua.– Prozeduran izena emateko aldia.

1.– Prozeduran izena emateko eskabidea, dagokion deialdian adierazitako moduan, epean eta tokian aurkeztuko da. Eskabide horretan, gutxienez, lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotako alderdiak sartuko dira.

2.– Prozedura non egingo den esleitzeko, eskatzaileak, izena emateko eskabidean, deialdian ezarritako ikastetxeen artetik prozedura non egin nahi duen adieraziko du, lehentasun-hurrenkeran.

3.– Lehentasun-hurrenkeraren arabera, prozedura ezin bada aukeratuko ikastetxe batean ere egin (aukera hori lehentasuna duten pertsonek kendu diotelako), izena emateko eskabidea erreserbako zerrendan sartuko da, baldin eta eskatzaileak eskatu ez baina tokia dagoen ikastetxeetan prozedura egiteari uko egiten badio.

III. KAPITULUA
PROZEDURAREN FASEAK

11. artikulua.– Prozeduraren faseak.

Lanbide-konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurak honako fase hauek ditu:

1.– Aholkularitza

2.– Lanbide-konpetentziaren ebaluazioa.

3.– Lanbide-konpetentziaren egiaztapena eta erregistroa.

12. artikulua.– Lanbide-konpetentzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko faseak.

1.– Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 15. eta 23. artikuluetan ezartzen dira, hurrenez hurren, aholkularitza-fasea eta aholkularitza egiten dutenek bete beharreko eginkizunak.

2.– Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 16. eta 24. artikuluetan ezartzen dira, hurrenez hurren, ebaluazio-fasea eta ebaluazioa egiten dutenek bete beharreko eginkizunak.

Ebaluazio Batzordearen osaera eta funtzionamendua, bai eta eginkizunak ere, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 27. eta 28. artikuluetan ezarri dira, hurrenez hurren, hartara eragotzi gabe Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak esleitzen dizkionak.

3.– Aholkularitza- eta ebaluazio-faseak direla eta:

a) Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari batera dagokie:

● Aholkulariak eta ebaluatzaileak hautatzeko irizpideak ezartzea eta haien jarduerak bideratuko dituzten jarraibideak ematea.

● Aholkularitza- eta ebaluazio-lanak egingo dituzten langileak gaitzea, baldin eta lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

● Aholkulariak eta ebaluazio-batzordeak izendatzea deialdi bakoitzean, aholkularitza- eta ebaluazio-faseak hasi aurretik, hurrenez hurren, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratzea: www.euskadi.eus.

● Lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak eta lanbide-heziketa ematen duten ikastetxe publikoak izendatzea, prozeduran sortutako dokumentazioa gorde eta zaintzeko baimena izango dutenak.

b) Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari dagokio:

● Aholkularitza- eta ebaluazio-lanak egingo dituztenen hasierako prestakuntza eta prestakuntza etengabea planifikatzea eta kudeatzea.

● Aholkularitza- eta ebaluazio-lanak egingo dituzten aholkulariak eta ebaluatzaileak proposatzea.

● Aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko prestakuntza-ikastaro espezifikoak egitea.

● Emandako egiaztapenak erregistratzea, eta aholkularien eta ebaluatzaileen erregistroa zaintzea eta egunean izatea.

4.– Fase desberdinak garatzeko baimena duten lanbide-heziketako ikastetxe integratuetan egingo dira aholkularitza eta ebaluazioa. Dena dela, lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 29. artikuluaren 2. zenbakian aipatzen diren beste egoitza batzuetako instalazioak eta zerbitzuak ere erabili ahal izango dira.

5.– Ebaluazio-fasean parte hartu ahal izateko, aholkularitza-fasea amaitu ondoren, ebaluaziorako izena eman beharko da.

6.– Konpetentzien ebaluazioa nagusiki praktikoa izango da, eta probak lan simulatuko egoeretan egingo dira, edo proba teoriko-praktikoak egingo dira, aurreko puntuan aipatutako ikastetxe eta egoitzetan. Era berean, beharrezkoa edo komenigarria dela iritziz gero, benetako lan-egoeretan ebaluatuko da, lantokietan.

7.– Ebaluazio-fasean gerta daitezkeen gorabeherak eta erreklamazioak ebaluazio-batzordeek ebatziko dituzte, bost egun balioduneko epean, behin-behineko ebaluazio-akta argitaratu eta biharamunetik hasita.

Behin betiko ebaluazio-akten aurka, hilabeteko epean, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari, eta elkarrekin emandako ebazpen bidez ebatziko dute.

8.– Prozedura honetan parte hartzeko izendatu diren aholkulariek eta ebaluatzaileek, prozedura bukatutakoan, dekretu honetako eranskinean jasotzen diren ordain ekonomikoak hartuko dituzte. Ordainak berberak izango dira Administraziotik kanpoko profesionalen edo adituen kasuan.

13. artikulua.– Lanbide-konpetentzia egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

1.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, ebaluazio positiboa izan duten pertsonei, lanbide-konpetentzia daukatela frogatu duten konpetentzia-atal bakoitzeko egiaztagiri ofizial bat emango die, lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren III-A eranskineko ereduarekin bat etorriz, eta, bertan, zein konpetentzia-atal egiaztatzen diren azalduko da.

2.– Ebaluatu denak lanbide-heziketako titulu batean edo profesionaltasun-ziurtagiri batean sartutako konpetentzia-atalak osatzen dituenean, Ebaluazio Batzordeak egiaztagiria lortzeko egin beharreko izapideak zeintzuk diren adieraziko dio.

Teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko, dagozkion irakaskuntzetara sartu ahal izateko aldez aurretik izan beharreko betekizunak bete beharko dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezartzen denez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 463/2013 Dekretuan araututakoaren arabera emandako egiaztapenak erregistratuko ditu, eta informazio hori Enplegu Sistema Nazionalaren erregistrora bidaliko du (463/2013 Dekretua, abenduaren 17koa, Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortu eta ziurtagiri eta egiaztapen horiek erregistratzeko eta emateko prozedura ezartzen duena).

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorrari prozeduraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko beharrezko datu guztiak emango dizkio, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.6 eta 17. artikuluek agindutako eran.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak datuak erabiltzean eta lagatzean, honako hauetan xedatutakoa bete beharko du: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Agindua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena.

5.– Prozedura honen bidez lortutako egiaztapenaren eragina lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 19. artikuluan eta bigarren xedapen iragankorrean jasotzen dena izango da.

14. artikulua.– Prestakuntza-plana.

1.– Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura osoa amaitutakoan, Ebaluazio Batzordeak prestakuntza-aukerei buruzko informazioa bidaliko die dekretu honetan ezarritako prozeduran parte hartu duten guztiei (hurrengo deialdi batzuetarako, edo deialdi horiekin lotutako lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza osatzeko). Bi administrazioek, prestakuntza emateko baldintzak betetzen badira, bakoitzari dagozkion diru-laguntzen lerroen barruan, prestakuntza espezifikoa eskainiko dute, prozeduran parte hartu baina egiaztapena lortu ez duten pertsonei tituluak edo profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ibilbideak burutzeko aukera bermatzeko xedez.

2.– Prestakuntza hori ez badago, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak (EEI) detektatu diren prestakuntza-beharrizanak jakinaraziko dizkio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiari, hutsune horiei aurre egiteko dagozkion diru-laguntza lerroak ezar ditzaten.

15. artikulua.– Laguntza-tresnak.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak (EEI) proposatuta, lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 9. artikuluan jasotako laguntza-tresnak osatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko beharrizanetara egokitu ahal izango ditu.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.

Izapideak egitean datu pertsonalak erabiltzen badira, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da, datu pertsonalen fitxategiak arautzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako xedapenekin bat etorriz.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tasak.

Prozeduran parte hartzen dutenek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legean ezarritako tasak ordaindu beharko dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten da Lanbide Heziketa Berezituko Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak ateratzeko probak arautzen dituen apirilaren 27ko 70/2004 Dekretuaren 7. artikulua.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala