Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2015eko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4822

EBAZPENA, 2015eko urriaren 27koa, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2015-2016 ikasturteari dagozkion proba libreetarako deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren 4. artikuluak xedatzen duenez, proba horietarako deialdia Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen bidez egingo da, eta ebazpen horretan, izena emateko aldia eta proben datak zehaztuko dira. Era berean, 2. artikuluak ezartzen du proba horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeetan egingo direla, baimenduta dituzten heziketa-zikloetan, eta, betiere, araubide arruntean matrikulatutako ikasleak badituzte lehen nahiz bigarren kurtsoan.

Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrak esaten duenez (agindu horrek lanbide-heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen du), hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) ondoriozko heziketa-zikloak hasi baina amaitu ez dituzten pertsonek titulua eskuratu ahal izan dezaten, teknikariari eta goi-mailako teknikariari dagozkion tituluak lortzeko probak deitzen jarraituko da. Alabaina, aurreko lege hori ordezkatzen duen Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren heziketa-zikloa ezartzen den ikasturtean eta hurrengo ikasturtean soilik jarraituko dira deitzen proba horiek. Era berean, aldi horretan heziketa-ziklo horiek eskaintzen jarraitu ahal izango da eskaintza partzialaren modalitatean.

Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretua (gerora uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak indargabetua) eta Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua aplikatzen direnetik, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikotik eratorritako lanbide-heziketako heziketa-zikloak ezarri izan dira. Arau horietan, eta arau horiek garatzen dituztenetan, mugatu egiten da aurrez aurreko erregimenean egiteko deialdien kopurua ikasleentzat. Ondorioz, ikasle batzuek, heziketa-zikloak aurrez aurreko erregimenean egin dituzten arren, ezin dituzte ikasketak jarraitu, ezarritako gehienezko deialdi-kopurua gainditua dutelako.

Aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuko 36. artikuluan adierazten denez, hezkuntza-administrazioek, aldian-aldian, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 69.4 artikuluan ezarritako probak antolatu behar dituzte, teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko, eta, era berean, bertan ezartzen denez, gutxienez urtean behin egingo dira deialdiak. Halaber, adierazten du hezkuntza-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, zehaztu egin behar dutela beren deialdietan heziketa-zikloetako zein lanbide-ziklotarako egiten diren probak, zein den matrikula egiteko epea eta zeintzuk diren probak egiteko egunak.

Kontuan izan behar da pertsona guztiek bizitza osoan zehar trebatzeko aukerak izan behar dituztela, eta, era berean, hezkuntza-sistemak bideak jarri behar dituela administrazio publikoak gai izan daitezen honako helburu hau lortzeko: herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko trebakuntza edo parekoa lortzea. Horrela, bada, bidezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak egiteko deialdia egitea, goian deskribatutako egoerak kontuan hartuta, lanbide-heziketako ikasketak egin dituzten ikasleek aukera izan dezaten titulu bat lortzeko edo titulu hori lortzeko ikasketak egiten jarraitzeko.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez arautuak) 2015-2016 ikasturteari dagozkion probetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Deialdiaren esparrua.

1.– Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babespean (LOGSE) ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak; lege horretatik eratorritako lanbide-heziketako heziketa-zikloetan (ikusi II. eranskina), eskainitako edozein modalitatetan, aldez aurretik matrikulatuta egon diren ikasleentzat dira proba hauek, edo, bestela, aldez aurretik titulua lortzeko probetara aurkeztu direnentzat.

Aurreko paragrafoan adierazitako modalitateetako edozeinetan aldez aurretik matrikulatuta egon den zikloetako batean egin ahal izango du matrikula.

Lege organiko horretatik eratorritako heziketa-ziklo horiek, gaur egun, aurrez aurre ematen egon ahal izango dira, edo indargabetzeko fasean egon daitezke, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako titulu berrien ezarpena indarrean sartu delako.

I. eranskinean (aurrez aurreko modalitatea duten LOGSE heziketa-zikloak) eta II. eranskinean (indargabetzeko fasean dauden LOGSE heziketa-zikloak) azaltzen da zein heziketa-ziklotarako egiten den deialdia, 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean adierazitakoarekin bat etorriz.

2.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babespean (LOE) ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak; lege horretatik eratorritako lanbide-heziketako heziketa-zikloetan aldez aurretik matrikulatuta egon eta aurrez aurreko erregimeneko deialdi-kopurua agortu duten ikasleentzat dira proba hauek, bai eta, egin ahal izateko eskakizunak betez, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako proben bidez gutxienez lanbide-kualifikazio bat egiaztatu dutenentzat ere (errege-dekretu horren bitartez, laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak aitortzen dira).

Euskal Autonomia Erkidegoan aurrez aurreko eskaintzan gaur egun ezarrita dauden heziketa-ziklo guztietarako egiten da deialdia.

3. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Matrikulatu ahal izateko, ebazpen honetan aipatzen diren ikasleek bete egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren 3. artikuluan (uztailaren 14ko EHAA) ezarritako eskakizunak.

2.– Ikasle berak ezin izango du ikasturte berean matrikulatu teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetan autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori ez betetzeak matrikula deuseztatzea ekarriko du berekin. Egoera hori egiaztatzeko, III. eranskinean jasotzen den aitorpena bete beharko du.

3.– Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 36.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2015-2016 ikasturtean, ezin izango da aldi berean lanbide-modulu baten matrikula egin ebazpen honen bidez deitutako probetan eta lanbide-heziketako titulua lortzeko beste hezkuntza-administrazio batzuek deitzen dituztenetan, eta, era berean, ezin izango da modulu horretan matrikula egin aurrez aurreko edo urrutiko modalitateetako edozeinetan. Prozeduraren edozein fasetan, hori gertatu dela egiaztatuz gero, deialdi honetatik baztertuko da hori egin duena, eta baliorik gabe geratuko da egindako matrikula, hartara eragotzi gabe jokabide horrek ekar dezakeen beste edozein erantzukizun.

4. artikulua.– Matrikula egitea.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako probetarako matrikula heziketa-zikloko modulu baterako edo gehiagorako egin ahal izango da, salbu eta proiektuko lanbide-modulurako, hala badagokio, eta Lantokiko Prestakuntza lanbide-modulurako; izan ere, aurrez aurreko modalitatean egin beharko dira horiek, heziketa-zikloko gainontzeko moduluak gainditu eta gero, eta haietarako ezarritako baldintzetan.

2.– Hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxeetako batean egingo da, heziketa-ziklo osoa ematen dutenetako batean.

3.– Indargabetzeko fasean dauden heziketa-zikloen kasuan, 1/1990 Legetik (LOGSE) eratorritakoetan (II. eranskinean azaltzen dira), honako hauek ematen dituzten hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeetan egin ahal izango da matrikula:

a) Ordezten duen 2/2006 (LOE) Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloaren bi kurtsoak, edo

b) Indargabetutako zikloaren baliokidea den zikloa, edo

c) Matrikula egiten den zikloko bigarren kurtsoa eta hura ordezten duen 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako lehenengo kurtsoa.

Indargabetutako eta 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) sisteman baliokiderik ez duten heziketa-zikloen kasuan, ziklo horiek aldez aurretik eman izan dituzten ikastetxeetako batean egin ahal izango da matrikula, baldin eta lanbide-arlo bereko heziketa-zikloren bat indarrean badute.

4.– Heziketa-zikloren batean ezin bada matrikula egin aurreko paragrafoan adierazitako baldintzetan edo behar bezala oinarritutako beste gorabehera batzuk baleude, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxe batzuk berariaz gaitu ahal izango ditu horretarako.

5. artikulua.– Matrikulazio-aldia.

1.– Matrikula 2016ko martxoaren 7tik eta 18ra bitartean egin beharko da, bi egun horiek barne.

2.– Probak 2016ko ekainaren 6tik 24ra bitartean –bi egun horiek barne– egin ahal izango dira, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen egutegira egokituz.

6. artikulua.– Tasak ordaintzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da azterketa egiteko eskubidea. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan. 2016ko apirilaren 8a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.

2.– Matrikulak balioa izan dezan, azterketa egiteko eskubideei dagokien tasa ordaindu beharko da. 2016ko apirilaren 18an, ikastetxeko iragarki-taulan jarriko da ikusgai tasa ordaindu duten pertsonen zerrenda. Zerrenda horretan egon litezkeen akatsak zuzentzeko, epe bat irekiko da kaltetuek erreklamazioak jar ditzaten, eta epe hori apirilaren 27an amaituko da. Maiatzaren 13an jarriko da ikusgai matrikulatu eta azterketa egiteko eskubidea ordaindu duten eta probetara aurkez daitezkeen pertsonen behin betiko zerrenda.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Probak egiteko ezarri den egutegia kontuan izanda ezin direnez aldi berean egin proba horiek eta Lantokiko Prestakuntza deritzon modulua, 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako heziketa-zikloak ezarri ondoren aurreikusitako biak amaitu ondorengo ikasturtera arte modulu hori bakarrik egiteko matrikula egin ahal izango dute (2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraikiz) honako hauek: heziketa-zikloan sartzeko ezarri diren betekizun guztiak bete eta teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben deialdietan parte hartu dutenek eta 1/1990 Lege Organikotik (LOGSE) eratorritako heziketa-zikloetan (2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloen ezarpenak eragiten dietenetan) parte hartu dutenek eta heziketa-zikloko curriculuma osatzen duten lanbide-modulu guztiak, Lantokiko Prestakuntza modulua izan ezik, gainditu dituztenek.

Ikaslearen espedienteko azken idatzoharra jasota dagoen hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxean egingo da matrikulazioa; eta matrikula egiteko epea, berriz, heziketa-zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak eta ikasleak onartzeko jarraibideak ezartzen dituen urteko aginduan adierazten da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan prozedura-gaietarako arautzen ez denerako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, ordezko modura (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 27a.

Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria,

RAMÓN MARÍA MARTÍNEZ DE MURGUÍA URRETA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala