Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2015eko azaroaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKO LEGEBILTZARRA
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4607

ERABAKIA, Eusko Legebiltzarraren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakunde Organismo Autonomoaren arteko kudeaketa-enkarguari buruzko akordioa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2015eko urriaren 6ko bileran hartutako erabakia betetzeko, Eusko Legebiltzarraren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakunde organismo autonomoaren arteko kudeaketa-enkarguari buruzko Akordioa argitaratzea agintzen dut Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

BILDU DIRA:

Batetik, Bakartxo Tejeria Otermin andrea, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, eta, bestetik, Maria Teresa Iruretagoiena Ibarguren andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2015eko urriaren 6ko Erabakiaren bitartez, 2015erako Entitatearen Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.

Bigarrena.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen bitartez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari hautaketa-prozesuetako elementu bateratzailearen izaera ematen zaio, arau horrek 29. artikuluan, administrazioei aukera ematen dielako organismo autonomo horren bitartez euren pertsonala hautatzeko.

Bestalde, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) kudeaketa-enkarguaren sistema ezartzen du eskuzko jarduerak, jarduera teknikoak edo zerbitzukoak egiteko.

Hirugarrena.– Bi aldeek eskura dauzkaten baliabide guztiak jarri nahi dituzte, hautaketa-prozesua garatu dadin funtzio publikora ailegatzeko eskatzen diren berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen arabera.

Laugarrena.– Era berean, hautaketa-prozesuari arrazionaltasun handiena ematen saiatuko dira, baliabideen kudeaketari dagokionez, baita bizkortasun, gardentasun eta kalitateko zerbitzu publikoko maila egokiak ematen ere.

Bosgarrena.– Hori guztia ikusita, Eusko Legebiltzarrak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari behar den operatiboren kudeaketa materiala egiteko eskatzen dio, 2015eko Enplegu Publikoaren Eskaintzako prozesuari arrazionaltasun handiagoa eman ahal izateko, baliabideen kudeaketari dagokionez, eta baita bizkortasun, gardentasun eta kalitatezko zerbitzu publikoko maila egokien kudeaketa materiala ere egiteko. Eta, esparru horretan, bi erakundeek erabaki dute kudeaketa-enkarguari buruzko akordio bat izenpetzea, 30/1992 Legearen 15. artikuluan jasotako baldintzetan.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarrak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabaki dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 15. artikuluari jarraituz, eraginkortasun arrazoiengatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak berak egin dezala prozesu honetako hautaketa-probak abiarazi eta garatzeko behar den operatiboren kudeaketa materiala.

Bigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hautaketa-prozesuko edozein momentutan kolaboratzea ere sartzen da enkargatutako material-kudeaketaren barruan, Epaimahaiek edo Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak hala eskatzen dutenean. Eta, hala badagokio, kolaborazio hori prozesuko hurrengo fase hauetan guztietan edo batzuetan ere eska daiteke:

a) Hautaketa-prozesuen kudeaketarako aplikazio informatikoa erabiltzeko.

b) Gazteleraz eta euskaraz, aukera-erantzuneko azterketak prestatzeko.

c) Azterketak egiteko behar diren ale-kopuruak editatu eta garraiatzeko.

d) Egindako azterketak amaitu eta berehala, irakurgailu optiko bidez elektronikoki zuzentzeko.

e) Prozesuan zehar, laguntza logistikoa emateko.

Hirugarrena.– Eusko legebiltzarrak bidaliko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari hautaketa-prozesuaren gertaera garrantzitsuenen gutxi gorabeherako egutegi bat (deialdia, eskaerak aurkezteko epea, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenden argitalpena, azterketen datak, etab.) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere baliabideak behar bezala planifika ditzan. Egutegi horretan finkatutakoaren edozein aldaketa gutxienez aste bateko aurretiaz jakinaraziko da.

Laugarrena.– Lankidetza-eskabidea Epaimahai Kalifikatzaileak egiten duenean aktan jaso behar da, akordio hori hartzen duen saioaren aktan, alegia. Akta horretan zehaztu beharko dira, ahalik eta xehetasun handienez, zertan eta nola kolaboratu behar duten, eta kolaborazio hori noiz hasten den eta noiz amaitzen den.

Agindutako hautaketa-prozesuko faseak edo zereginak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak behar bezala bideratu ditzan, Epaimahai Kalifikatzaile bakoitzak zehaztu dezake lana zein marko orokorretan edo ildotan garatu behar den (proban sartuko den galdera-kopurua, galdera bakoitzak izango dituen aukera-erantzunak, ale-kopurua...).

Edonola ere, lankidetza-eskabideak garaiz eskatuko dira behar bezala kudeatu ahal izateko.

Bosgarrena.– Kudeatzeko enkarguak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; horrelakoetan, Eusko Legebiltzarraren ardura izango da gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barnean hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Seigarrena.– Erantzukizun-faltak edo erantzukizun partekatuko faltak saiheste aldera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prozesuko eginkizun edo fase batzuk egitea baino ez du onartuko, baldin eta horiek osorik egiteko agintzen bazaio.

Ondorio horietarako, lankidetza-eskabidean aipatzen bada aukera-erantzuneko azterketak prestatu behar direla, horrek esan nahi du proba egin arte egin beharreko lan guztiak egin behar direla, hau da, azterketak prestatu, itzuli, editatu eta eraman. Lau eginkizun horiek banaezinak direnez, ezingo da horietako bat bakarrik onartu gainerakoak onartu gabe.

Salbuespenez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak berak prestatu ez dituen azterketen itzulpena bere gain har dezake, seigarren eta zortzigarren klausuletan ezarritakoaren arabera. Halaber, baldin eta azterketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestatzen badu, epaimahai kalifikatzaileari emango dizkio erantzunak eta horien bibliografia zehatza.

Zazpigarrena.– Epaimahai Kalifikatzaileek erabakitzen badute ere hautaketa-prozesuko fasea edo eginkizuna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari ez enkargatzea, eta hori burutzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eska diezaiokete euren esku jartzeko eginkizun hori burutzeko behar duten azpiegitura teknikoa, materiala edo pertsonala. Halakoetan, Epaimahai Kalifikatzailearen esku utzitako baliabideak epaimahai horien zuzendaritzapean, orientaziopean eta erantzukizunpean burutuko dira.

Zortzigarrena.– Erabaki hauetako bat onartu duten epaimahaiek idatzi bat bidaliko diote Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari, Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, behar den kolaborazioa eskatutzeko, kudaketa-enkarguaren gaineko akordio honen klausuletan adierazitako baldintzetan.

Bederatzigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak pertsona arduraduna edo arduradunak izendatuko ditu enkargatutako eginkizunetarako kasu bakoitzean, eta horren berri emango dio Epaimahai Kalifikatzeari.

Eskatutako kolaborazioa bakarrik azterketak itzultzeko bada, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak itzultzaile bat izendatuko du, eta honek Epaimahai Kalifikatzailearen zuzendaritzapean, orientaziopean eta erantzukizunpean bakarrik jardungo du.

Hamargarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak enkargu honen kudeaketa materialerako egindako gastuak Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko abenduaren 11ko Aginduan ezarritakoaren arabera egingo dira. Agindu horren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa finkatzen da.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari enkargatutako lanen ondorioz, prezio publikoei buruzko arauan agertzen ez diren kontzeptuengatiko gastuak sortzen badira, gastu horiek aurrerakin-gastutzat hartuko dira, eta ondorioz, ez zaie BEZik aplikatuko.

Hamaikagarrena.– Eusko Legebiltzarra izango da sortuko den datu-fitxategiaren arduraduna. IVAP datuen tratamenduaren eragilea izango da. Kudeaketa-gomendioaren xedea gauzatutakoan eta hautaketa-prozesuaren datuak hitzartutako euskarrian Eusko Legebiltzarrari eskualdatutakoan, eta erreklamazioak ebatzitakoan, IVAPek suntsitu egingo ditu datuok, eskualdaketa egin ondoko 7 eguneko epean.

Hamabigarrena.– Tratamenduaren eragileak, tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideen arabera bakarrik tratatuko ditu datuak, eta ez ditu aplikatuko ez erabiliko kudeaketa-gomendio honetan ezarritakoaz besteko xedeetarako. Gainera, ez dizkie inori helaraziko datuok, ezta kontserbatzeko ere.

Tratamenduaren eragileak ez ditu inoiz eta inola ere gordeko datuok, ez eta kopiatuko ere. Gainera, ez dizkio datuok jarduera honekin zerikusirik ez duen inori jakinaraziko, ez eta erakutsiko edo helaraziko ere, eta betebehar hori izaten jarraituko dute fitxategiaren arduradunek kudeaketa amaitutakoan ere. Betebehar horrek tratamenduaren eragileari eta datu pertsonaletara sarbidea izan dezakeen edonori eragiten die.

Hamahirugarrena.– Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 9. artikulua betetze aldera, tratamenduaren eragileak datu pertsonalen erabateko segurtasuna bermatzeko behar diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak ezarri beharko ditu, datuok inola ere alda edo gal ez daitezen, baimenik gabe tratatu ez daitezen edo datuotara baimenik gabeko sarbiderik izan ez dadin.

Hamalaugarrena.– Akordio hau sinatzen den egunetik aurrera sartuko da indarrean, eta indarrean jarraituko du Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2015eko urriaren 6ko Erabakiaren bidez onartutako Enplegu Publikoaren Eskaintzan deitutako hautaketa prozesuen garapen osoan zehar.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 6a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala