
204. zk., 2015eko urriaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (251 KB - 4 orri.)
- EPUB (198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4519
EBAZPENA, 2015eko irailaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez aditzera ematen baita Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean Azkarreta auzoari dagokionez egindako aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Elorrioko Udalak sustatua.
AURREKARIAK
2015eko maiatzaren 4an, Elorrioko Udalak, Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean Azkarreta auzoari dagokionez egindako aldaketak direla-eta, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura izapidetzen hasteko eskatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa betez (aurrerantzean 21/2013 Legea deituko diogu). Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa gaineratu ziren, 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukiarekin.
21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oharrak egiteko eskatu zien hainbat erakunderi 2015eko maiatzaren 15ean, ohar horiek oinarritzat hartuz zegokion ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ingurumen-organo horrek. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari; Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari; Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obretako Zuzendaritzari (Eusko Jaurlaritzaren erakundeak dira horiek denak) eta Ekologistak Martxan-Bizkaia elkarteari.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Txosten hau egin den egunera arte, hainbat erantzun jaso dira, eduki honekin:
– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza: Dokumentazioa aztertuta, ez du beharrezkotzat ikusten horri buruzko txostenik igortzea.
– Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza: Abian den jarduera bat denez, ukatu egiten du hura urbanistikoki arautzeak bere eskumenen eremuan eragin adierazgarririk izango duenik.
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza: Aldaketaren eragin-eremuan ez dago kultura-ondarearen katalogoetako elementurik; baina, katalogo horiek berrikuspen-prozesuan daudenez, etorkizunean ager daitezke.
– Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obretako Zuzendaritza: Finka horretako zonaldeak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborak dituela ohartarazten dute. Horrenbestez, aurreikusitako esku-hartzeak planteatzean kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezarritako murriztapenak. Horrez gain, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko LAParen atzerapenak bete behar direla oroitarazten dute.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginen ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa plangintzaren hasierako faseetan barneratzea bermatu behar dute, aukera egokienak hautatze aldera, zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak kontuan izanik.
21/2013 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar dute herri-administrazio batek eratu edo onartutako plan eta programek nahiz horien aldaketek, betiere eraketa edo onarpen hori legezko edo arauzko xedapen batek eskatzen badu edo autonomia-erkidego bateko Ministroen Kontseiluak edo Gobernu Kontseiluak adosten badu, artikulu horretan ezarritako betekizunetako bat betetzen dutelarik. Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, ingurumen-ebaluazioa behar dute arauaren I A Eranskinean jasotako plan eta programek. Horrenbestez, ingurumen-ebaluaziori dagokionez indarrean dagoen legedia aplikatuz, Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ingurumen-ebaluazio arrunta behar luke.
Bestalde, 21/2013 Legearen 5.2.f) artikuluan aldaketa txikiari buruz ezarritako definizioa ikusirik, Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean Azkarreta auzoari dagokionez egindako aldaketa 21/2013 Legearen 6.2a) artikuluan jasotzat ematen da. Artikulu horretan ezartzen denez, 6.1 artikuluan aipaturiko plan eta programetako aldaketa txikiek ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Aditzera ematea Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean Azkarreta auzoari dagokionez egindako aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa. Txosten hori Elorrioko Udalak eskatu du, eta eduki honekin ematen da:
A) Azkarreta auzoan kokatutako Maderas Gallastegui S.A. zerrategiak lehen eraldaketako nekazaritza-industriaren jarduerari eutsi ahal izatea da Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzearen helburua. Horretarako, Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko hirigintza-arauen zehaztapenek arautuko dute egun dagoen jardueraren instalazioa eta kudeaketa, dagozkion erabilerak nahiz mantenurako beharrezkoak diren eraikin eta instalazioak finkatzea ahalbidetzeko eta, era berean, egun dagoen jardueraren eboluziorako beharrezkoak diren egokitze-lan txikiak ahalbidetzeko, aipatu industria bere merkatuan lehiakorra izan dadin.
Helburu hori lortzeko, aldaketaren ostean lurzoruak urbanizaezina izaten jarraitzen du, baina Maderas Gallastegui S.A. zerrategiko lurrak hartzen dituen eremuaren kalifikazio orokorrari dagokion kategoria birplanteatu egiten da, eta zonaldeari N-3b baterako edo landazabal atlantikoko kalifikazioa ematen zaio. Kalifikazio horretan onargarritzat har daitezke nekazaritza-industriako VII-B-4 erabilerak, eta onargarritzat definitzen dira eraikigarritasuna eta jarduerarekin jarraitzea nahiz modernizazioa ahalbidetzen duten gainerako alderdiak.
Horri dagokionez, esan beharra dago aipatutako enpresaren lurretarako soilik ezartzen dela lurren kalifikazio-aldaketa eta araudia eta, horrenbestez, aldaketaren ondorioz aldaketa-proposamenaren eremuan sor daitezkeen ingurumen-eraginak ebaluatzen dituela txosten honek. Planaren ingurumen-ebaluazioaren helburua ingurumenaren gaineko eraginak kalkulatzea da eta, aldi berean, eragin horiek ekidin, zuzendu edo orekatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak sartzea.
B) Ingurumen-txosten estrategiko honek 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aztertzen du ingurumen-dokumentu estrategikoaren edukia, eta ondorio nagusi hauek ditu:
1.- Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planean araudia aldatzea proposatzen da, araudi hori dagoen errealitatera egokitze aldera, eta ez da beste proiektu edo jarduera batzuetarako markotzat hartzen.
b) Planak beste plan eta programa batzuk aintzat hartuz aztertzen ditu zehaztapenak, eta bateragarria dela ondorioztatzen da.
c) Planaren xedea errealitatea udal-mailako eskalan egokitzea da eta, horrenbestez, ingurumen-arloko zehaztapenak txertatzeari begira planaren helburua egokia dela ulertzen da.
d) Ez da planarekin edo programarekin lotutako arazo adierazgarririk hautematen, betiere segurtasun eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari... dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.
Horri dagokionez, azpimarratu behar da zonaldeak, uholdeei dagokienez, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborak dituela. Horrenbestez, aurreikusitako esku-hartzeak planteatzean bereziki kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezarritako irizpideak eta murriztapenak.
Halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago zonalde osoa. Horren ondorioz, burutzen diren esku-hartzeek kontuan izan beharko dituzte Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako zehaztapenak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.- Eraginen ezaugarriei eta ziurrenera eragindako eremuari dagokienez, eragindako kokapenaren inguruan ez dago espazio natural adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa edo zaurgarria den eremurik ere. Soilik nabarmendu behar da partzelatik hurbil igarotzen den ibilgua interes bereziko eremutzat hartzen dela Bisoi Europar edo Mustela lutreola-ren (Linnaeus, 1761) Bizkaiko Lurralde Historikoko kudeaketa-planean. Horrenbestez, hori kontuan hartu beharko da esku-hartzeak planifikatzean.
Bigarrena.- Adierazi behar da Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean Azkarreta auzoari dagokionez egindako aldaketak ingurumenean ez duela eragin adierazgarririk, aurreko puntuan ezarritakoa aintzat hartuta.
Hirugarrena.- Ebazpen honen edukia Elorrioko Udalari jakinarazi behar zaio.
Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.
RSS