Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2015eko urriaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4433

AGINDUA, 2015eko urriaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu-izaera duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egiten duena.

2003ko ekitaldian, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Agindu eman zen, zeinarekin deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2013ko ekitaldirako laguntzetarako (2003ko urriaren 24ko EHAA, 208. zk.). Hurrengo ekitaldietan, aipatu laguntzetarako deialdiak egiten jarraitu zen, eta agindu honen bidez, ildo beretik, 2015ekoa egin nahi da.

Bestalde, 2015eko ekitaldiko laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legea.

Deialdi hori prestatzeko kontuan izan da, diru-laguntzak emateari dagokionez, arau bi hauetan ezarritakoa: 1/1997 Legegintzako Dekretua; abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, zeinarekin, batetik, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei buruzko erregimen orokorra arautzen baita, eta, bestetik, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baitira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, desegin eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriaz, egoki da 2015eko ekitaldiko laguntzetarako deialdi egitea.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da, 2015ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, sindikatuetako bazkideei dagokienez.

2.– Agindu honen ondorioei dagokionez, hauek dira sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalak: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden elkarteak, inolako bereizketarik egin gabe profesionalek diharduteneko ekoizpen-azpisektorearen arabera.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

2015eko ekitaldian, agindu honen bidez deitutako laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa da, agindua Euskal Herriko Agintaritzan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio, eta sail horretako Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Donostia kalea 1, Lakua I, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean edo bertaratuta, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluak aurreikusitako edozein eratan.

2.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu behar du eskabidea, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Betebehar horretatik salbuetsita daude 2014ko urriaren 22ko Aginduaren kargura laguntza eskatu eta lortu duten nekazaritzako erakunde profesionalak, estatutuetan aldaketarik egin gabe; kasu horretan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio aldaketa horien berri.

b) Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ondoko ekintzak adieraziz eta kuantifikatuaz:

– Jarduera sindikalen koordinazioa.

– Administrazioekin eta sektoreko elkarteekin kolaboratzea.

– Administrazioarekin erlazionatutako prozeduretan, aholku-ematea, laguntza, kudeaketa eta nekazariekin eta abeltzainekin kolaboratzea.

– Dinamizazio-, informazio- eta prestakuntza-aktibitateak antolatzea.

– Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.

– Euren interesak defenditu eta sustatzeko, bazkideei emandako beste edozein zerbitzu.

c) Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, haietako bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erabakiaren, zehazki, erakundeak hartutakoaren ziurtagiria.

e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko deklarazioa, honako hauek jasotzen dituena:

– Beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu izana edo, kasua bada, jaso izana.

– Itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean ez izatea.

– Itzulketa-prozedura bukatutakoan ez izatea ordainketa-obligaziorik.

– Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duena.

– Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenen batean ez izatea.

3.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin bat egindako ebazpena eman ondoren.

Laugarrena.– Finantziazioa.

Deialdi hau finantzatzeko 201.000,00 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan hartarako habilitatutako kredituaren barrukoak.

Bosgarrena.– Laguntzen izaera.

Agindu honen bidez araututako laguntzak honelakoak dira: Nekazaritzako Erakunde Profesionalek sortutako gastuak indemnizatzera bideratutako funts ekonomikoen entrega ez-itzulgarriak; hain justu ere ondoren zehaztutako lantalde eta kontsulta-organoetan izatearen eta parte hartzearen ondorioz:

– Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta Sektoreetako Batzordea.

– Landaberri-ren barruan sortutako lantaldeak.

Seigarrena.– Betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eska ditzakete nekazaritzako erakunde profesionalek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik izatea.

c) Agindu honetako bosgarren puntuan aipatzen diren kontsulta-organo eta lantaldeetariko batean parte hartzea.

d) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat, Elkarteen Erregistroko inskripzioa indarrean egotea, eta zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea laguntza hauen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, datuen egiaztatze-zerbitzuaren bitartez.

Zazpigarrena.– Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariaren ebazpen baten bidez emango dira diru-laguntzak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrerako hiru hilabeteko epean.

2.– Hiru hilabeteok igaro eta ebazpen berariazkorik eman ez bada eta jakinarazi ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla uler dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.– Ematen den ebazpenaren aurka, edo epea igaro eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar diezaiokete Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, aipatutako legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.– Laguntza kalkulatzeko prozedura.

Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa, honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

a) Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.

b) Lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa honelaxe banatuko da:

– Heren bat uniformeki banatuko da, delako lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, hirugarren puntuko 2.c) letran xedatutakoarekin bat.

– Gainerako herena ere proportzionalki banatuko da, Administrazioaren hizketakide modura egindako lanen arabera, zehazki, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan, Sektoreetako Batzordean eta Landaberri-ren barruan sortzen diren lantaldeen parte hartzea dela-eta. Bertaratzea eta parte-hartze hori, bileretako aktaren kopiaren bidez egiaztatutako da, eta erakunde bakoitzeko idazkariak kautotuko du agiri hori.

Bederatzigarrena.– Ordainketa.

Emandako diru-laguntza ordainketa bakarraren bidez gauzatuko da, dagokion ebazpena emandakoan eta behin ondoko justifikazio-agiriak bidali ostean:

a) Laguntza-eskabidean finkatutako jarduerak burutu izana egiaztatzeko agiria, eta, halaber, jarduera horietan egindako gastuena.

b) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek -fisikoek zein juridikoek- xede bererako emandako laguntzen ziurtagiria.

Hamargarrena.– Bateragarritasuna.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erakunde onuradunei eman ahal dien beste edozeinekin, baldin eta helburu hau badute: agindu honetako bosgarren puntuan aipatutako foroetara joateko eta horietan parte hartzeko lanak finantzatzea.

Hamaikagarrena.– Betebeharrak.

Onuradunak bere gain hartuko ditu, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak, eta, bereziki, behartuta egongo da xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –euren eginkizunak betetzeko– eska ditzaketen argibide guztiak ematera.

Hamabigarrena.– Ez-betetzea.

Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu onuradunak. Hala egiten ez badu edo gezurrezko daturik aurkezten badu, diru-laguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoa eta aplikatzekoak diren legezko interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean xedatu bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 14a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala