Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2015eko urriaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4315

AGINDUA, 2015eko irailaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, toki-erakundeei beren artxibo sistema jartzeko edota sendotzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako 2015eko ekitaldirako deialdia egiten duena.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) sortu zen, eta horri dagokio bere barruan dauden artxibo zerbitzuen planak bateratzea eta koordinatzea. Artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak 3. artikuluan ezartzen du euskal herritarren dokumentu ondarearen eremua, dokumentuok diren garaikoak direla. Horretan sartzen dira toki-erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentuak: udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak, eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak. Dekretu horrek berak, halaber, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren egitura, onurak, atxikipenak eta funtzioak ezartzen ditu. 23. artikuluan Euskadiko udal- eta toki-administrazioko artxibo-zerbitzuak Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean nola sar daitezkeen xedatzen da.

Administrazioko erakunde bakoitzean artxibo sistema bat ezartzea eta martxan jartzea oinarrizko baldintza da egoki jardun dezan, informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea denez.

Agindu honen asmoa epe luzeko prozesua jarraitzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioari artxiboko sistema sendo eta eraginkorrak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare honen gain duen erantzukizuna egoki betetzen duela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio, informazio edo kultura mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua.

Hori dena aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere, dokumentu-funts guztiak antolatzen hasteko, eta artxibo zerbitzu publiko egonkorra sendotu eta finkatzerakoan zerikusirik duten administrazio guztiek elkarrekin jarduteko.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen IV. tituluko I. kapituluko «Gordetegi zerbitzuez» 73. eta 75. artikuluak, eta artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen 232/2000 Dekretuaren II. kapituluak «Artxibo-zerbitzu publikoak», artxibo zerbitzuaren definizioari eta egitekoei buruz xedatzen dutenaz gain, eta agindu hau egoki aplikatu eta garatzeko, artxibo-sistematzat jotzen da artxibo historikora heldu bitartean administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren harat-honaten emaitza. Artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, udal bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Eta, azkenik, honako hau hartuko da artxibo programatzat: udal artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, urtebeteko epean edo epe laburragoan, osorik zein zatika, behin betiko proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako programa (diru-laguntzaren xede dena).

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea diru-laguntzak emateko erregimena eta deialdia arautzea da, 2015eko ekitaldi honetan programak garatzeko. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta daude, artxibo-sistema propio bat ezartzea edo sendotzea esan nahi dute, edo artxibo sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea.

2.– Agindu honen helburuetarako, tokian tokiko artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, eskatzaile bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Era berean, artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, aurtengo ekitaldian, osorik zein zatika, artxibo sistemarako proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako jarduera edo jardueren multzoa joko da artxibo-programatzat.

3.– Diru-laguntzetarako zenbatekoa berrehun eta laurogeita hamar mila eurokoa izango da (290.000). Kopuru hori 2015. ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kargura emango da.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak izan daitezke agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzen onuradunak, eta horretan sartzen dira udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak, betiere, legez eratuta badaude eta dagozkion erregistro eta administrazio-erroldetan inskribatuta badaude. Kanpoan geratzen da lurralde historikoen sektore publikoa.

2.– Dagokion zigorrak ezartzen duen aldian, ezingo dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden erakunde eskatzaileek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexuaren ziozko edozein bereizkerian erortzeagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Xede hauetakoren bat edo batzuk dituzten proiektuak eta programak diruz lagundu ahal izango dira:

a) Deskribatzeko tresnak sortzea edo hobetzea. Funtsen deskribapena sustatzen duten programen bitartez, nahiz deskribatzeko tresnak informatizatu nahi dituzten programen bitartez, zabalkundeko politika eraginkor baterako.

b) Dokumentu-funtsak baloratzea eta aukeratzea, betiere funtsak kontserbatzeko edo suntsitzeko politika orokor baten atal gisa.

c) Kultura-zabalkunderako artxibo-jarduerak.

d) Mankomunatutako artxibo-zerbitzuei eustea.

e) Artxibo-dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzeko jarduerak, betiere antolatuta badaude eta euskarri informatikoan inbentarioa badaukate. Proiektu horiek betiko gordeko den artxibo digitala sortu beharko dute eta baita ere dagozkien kopia digitalak. Aurkezten diren proiektuek agindu honen A) eranskinean jasotako baldintza teknikoak bete beharko dituzte.

2.– Goiko atalean ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako definizioak erabiliko dira artxibo-dokumentu, artxibo-funts eta dokumentu-bilduma kontzeptuak zehazterakoan.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, dena dela, honako ezaugarri hauetakoren bat duten proiektuak eta programak:

a) Dokumentu-funtsak zaharberritzekoak.

b) Dokumentu-funtsak transkribatzekoak.

c) Etorkizunean artxibo-funtsak kontserbatzeko edo eskuratzeko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituzten eskabideak.

d) Artxiboko lokalak hobetzea (obrak, apalen erosketak...).

e) Sexu bien arteko trataera berdintasuna bermatzen ez dutenak.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko Aurrekontu Orokorretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren atalean jasotako diru-laguntza izendunen kargura finantzatutako jarduerei buruzko proiektuak eta programak garatzea.

4. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea, bai bide elektronikoak bai bide presentzialak erabiliz, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko:

a) Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/artxibo-publikoak/eu/

b) Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide elektronikoa erabiliz gero, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

c) Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Erakunde interesdunek bide presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko:

a) Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bide presentzialak erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/artxibo-publikoak/eu/

b) Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentzialak erabiliz gero, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

4.– Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera eta behar bezala eskaera-orri normalizatua bete ondoren, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskaera-orria, eskatzen diren dokumentuekin batera, agindu honetako 4. artikuluan adierazitako helbidean eskura daiteke.

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria xehatua; aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa jasoko ditu.

b) Aurkeztutako programa eta artxiboko lokalen deskribapena eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (bertakoak nahiz kanpotik etorriak).

c) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta: ezetsiak, erantzunaren zain ala emanak eta zenbatekoak (bestelako finantzaketa-iturriak dokumentua).

d) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak -eskabidea aurkeztu duen pertsonaren nortasunaren gaineko datuak, eta baita ere Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuei buruzkoak, azken horiek ordainketak egiteko, hala badagokio- baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, bai bide presentzialak erabiltzen direnean bai bide elektronikoak erabiltzen direnean ere, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenak alde batera utzi gabe.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

Onuradunei diru-laguntzak emateko, eta, hala badagokio, laguntza horiek ordaintzeko, baldintza hauek bete behar dituzte ezinbestez:

a) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik. Halaber, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik ez du izan behar eskatzaileak, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondoriozko debekurik ere.

b) Diru-laguntzak emateko, eta, dagokionean, ordaintzeko pertsona edo entitate onuradunei, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera edo Zigor-prozedura amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari bada. Berdin jokatuko da dagokion itzulketa edo zigor-prozedura amaitu eta oraindik Administrazioarekiko zorrik balego.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzea.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzen programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

7. artikulua.– Eskabidean akatsak zuzentzea.

Eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Kalifikazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea Kalifikazio Batzordeari dagokio, agindu honen hurrengo artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorri. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua, eta baita ezetsitako eskaera guztiak eta horiek ezetsi izanaren arrazoiak ere.

2.– Kalifikazio Batzordeko kideak honako hauek izango dira:

Presidentea: Imanol Agote Alberro jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburu-lanak egingo dituena.

Mahaikideak:

Borja Aginagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoko arduraduna.

Goiatz Aizpuru Lizarralde andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

Roberto Kerexeta Zulaika jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoko teknikaria; idazkaria izango da.

Batzordeburuaren ordezkapena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 23.2 artikuluan aurreikusitako moduan egingo da.

9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta esleipenerako irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Aurkeztutako eskabideak alderatzea izango da prozedura, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Helburu horretarako, eskabideak eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, puntu gehien duen eskabidetik hasi eta, hurrenez hurren, 1. artikuluan ezarritako aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, 50 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektu eta programei soilik emango zaie laguntza.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko, Kalifikazio Batzordeak honako irizpideak eta ponderazioak baloratuko ditu aurkezten den programa bakoitzean:

a) Sendotasun zientifikoa duen programa eta proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak baloratuko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (% 50).

Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:

– 30 puntura arte, artxibo-zerbitzuaren mantentze-lanen urteko proiektu eta programetarako: funtsaren zati baten antolakuntza, inbentarioak egitea; dokumentu-funtsen digitalizazio-proiektuak; tresna deskribatzaileak hobetzea...

– 50 puntura arte, epe luzerako artxibo-sistema ezartzea edo finkatzea aurreikusten duten proiektu eta programetarako (hurrengo urteetarako lan-faseak, gastuaren zenbatespen zehatza...) eta, halaber, honako hauek barne hartzen dituztenetarako: dokumentu-funtsen balioespen/eliminazio politikei buruzko programak, dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibo-dokumentuen web bidezko zabalkundea...

b) Artxibo-zerbitzu anitzak parte hartzeko proiektua edo programa izatea edo hainbat udalen arteko lankidetza espezifikoen bitartez (% 15).

Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:

0 puntu, esku-hartze bateraturik gabeko proiektu eta programetarako.

5 puntu, udaletarako den artxibo-sisteman bildutako proiektu eta programetarako.

7 puntu, bi udal artxibo-zerbitzu desberdinen esku-hartzea duten proiektu eta programetarako.

10 puntu, 3 edo 4 artxibo-zerbitzu biltzen dituzten eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuek egindako programetarako.

15 puntu, 5 artxibo-zerbitzu edo gehiago biltzen dituzten eskualdeko edo mankomunitateko zerbitzuek egindako proiektu eta programetarako.

c) Estandar terminologikoen erabilera sustatzea deskribapen-tresnetan (inbentarioak, gidak, katalogoak, indizeak...), bai deskribapen-motakoak (fitxak betetzeko arauak, izendapenak eta abar), bai sailkapen-motakoak (sailkapen-taulak, atalen, serieen eta abarren izendapenak) (% 15).

Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:

0 puntu, estandarizazio-sistemak aipatzen ez dituzten proiektu eta programetarako.

10 puntu, deskribapen-motako oinarrizko estandarrak biltzen dituzten proiektu eta programetarako.

10 puntu, sailkapen-motako oinarrizko artxibo-estandarrak biltzen dituzten proiektu eta programetarako.

15 puntu, deskribapen- eta sailkapen-motako estandar terminologikoak biltzen dituzten proiektu eta programetarako (sailkapen-taulak, dokumentu-serieak, sekzioak...).

d) Euskarazko estandar deskriptiboen edo artxibo-interesa duten beste edozein elementuren erabilera bultzatzea (% 20).

Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:

0 puntu, euskara erabiltzen ez duten proiektu eta programetarako.

5 puntu, informatizatuko kudeaketa-sistemetarako (datu-baseak, espediente-kudeaketako programak...), baldin eta softwarea euskaraz erabilgarri badago.

10 puntu, informatizatuko kudeaketa-sistemetarako (datu-baseak, espediente-kudeaketako programak...), baldin eta softwarea euskaraz erabilgarri badago, eta, horretaz gain, erabiltzaileei arreta euskaraz ematen bazaie.

15 puntu, informatizatuko kudeaketa-sistemetarako (datu-baseak, espediente-kudeaketako programak...), baldin eta softwarea euskaraz erabilgarri badago, eta, horretaz gain, euskara erabiltzen bada artxibo-interesa duen beste edozein elementutan (edukien zabalkundea, erregelamenduak, erabiltzailearentzako arreta, erakusketak, bisitaldi gidatuak...).

20 puntu, euskara deskribapen-hizkuntza gisa erabiltzen den kasuetarako (inbentarioak, gidak, hustuketak, indizeak...), aurreko adierazlean ezarritakoa betetzeaz gain.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.

Diru-laguntzen zenbatekoa honako hau izango da: lortutako balorazio-portzentajea aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoari aplikatuta ateratzen dena, % 50eko muga duela. Halaber, programa bakoitzeko jasotako diru-laguntza gehienez ere 20.000 eurokoa izango da.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak ematea bateragarria izango da helburu berbera izanik beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoekin, betiere, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

12. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, kalifikazio-batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean laguntzak eman eta ukatuko dira. Laguntza ematen den kasuetan ondokoak zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diru-laguntza jasoko duen proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Laguntza ematen ez den kasuetan ukatzeko arrazoia adieraziko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan.

3.– Ebazpena prozeduran interesa duten erakunde bakoitzari jakinaraziko zaio; halere, eta guztiek ezagutzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako programa.

4.– Diru-laguntza emateko ebazpenak adieraziko du zein erakunderi eman zaion diru-laguntza, eta espresuki adieraziko da zein eskabide ez den onartu. Horretaz gain, zerrenda bat ere sartu ahal izango da ebazpenean; hain zuzen ere, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu dela-eta, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adierazi egingo da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, erakunde onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordearen beste deialdi bat egin beharrik gabe– diru-laguntza ematea zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen erakunde eskatzaileari, betiere, hark onartzen badu. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuaketa-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko dotazioa izan balitz. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die erakunde interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.

5.– Deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hiru hilabete igaro baino lehen prozedura ebatzi behar da eta ebazpena interesdunei jakinarazi. Epealdi horretan ebazpena ez bada argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute diru-laguntzaren eskaera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hauek dira erakunde onuradunen betebeharrak:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Jarduera aurrera eramatea, edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Euskadiko Artxibo Historikoak emandako babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako Legea.

14. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.

15. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioak Eusko Jaurlaritzako lurralde-ordezkaritzetan edo Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.– Halaber, justifikazioaren ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

16. artikulua.– Justifikatzeko epea eta justifikatu beharreko dokumentuak aurkeztea.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2015eko abenduaren 31 baino lehen:

a) Lagundutako programa edota proiektu bakoitzaren helburua betetzeari buruzko txostena.

b) Egindako gastuei buruzko idazkariaren, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, eredua honako egoitza elektronikoan dago: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015artxibo-publikoak/eu/

c) Hala egokituz gero, diruz lagundutako programa bakoitzaren garapenean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.

d) Eskabidea aurkezteko unean hartuko zutenik jakin ez edo adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena, eredua b) ataleko url-aren arabera.

17. artikulua.– Diruz lagundutako programen jarraipena.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua nola burutzen ari den begiratu dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi beste argibide eskatzeko eskubidea izango du.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat, agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, diru-laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein betebehar orokor ez betetzea.

Betegabetzat jotako kasu horietan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko modua eta, era berean, Dekretu berean ezartzen baitira diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintzak, jarraibideak eta betebeharrak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du, emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko direla, Kultura Ondareari loturiko Kultura Sailaren Laguntzak eta Diru-laguntzak izenekoan, hain zuzen. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 26ko Aginduan araututa dago. Diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo –espediente kudeatu ahal izatea da fitxategi horren xedea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorriz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Aginduaren aurka aurkez daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

A) ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK

1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari –digitalizazio-unitatetzat hartuko da– bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo Historikoko teknikariekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.

2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.

3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.

4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan –hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.–, era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Artxibo Historikoak ezarritako baldintza teknikoak kontuan izanda.

5.– Digitalizazioa beti «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.

6.– Digitalizatutako irudi bakoitzeko Euskadiko Artxibo Historikoari entregatu beharko zaizkio:

6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.

6.2.– Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio mastertzat hartuko da.

6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.

6.4.– Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.

7.– Artxibo-funtsek entzunezko eta ikus-entzunezko dokumentuak dituzten kasuan, Euskadiko Artxibo Historikoari entregatuko zaizkio:

7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.

7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.

7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.

8.– Halaber, Euskadiko Artxibo Historikoari entregatuko zaio item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezko konpresioa –ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa– aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.

9.– Euskadiko Artxibo Historikoari entregatuko zaizkio kopiak biltegiratzeko edota entregatzeko honako formatuak:

9.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-ko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.

9.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.

9.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztiek edukia jakiteko beharrezko informazioa eramango dute: zenbakia, izenburua, edukia eta sortze-data.

9.4.– Baita ere gomendatzen da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.


Azterketa dokumentala