Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2015eko urriaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4304

184/2015 DEKRETUA, urriaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortzen duen dekretua aldatzeko dena.

Ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren bidez sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda, elkarteetariko bakoitzak merkataritza-sektorean duen ordezkaritza-maila eta horren ondoriozko elkarrizketa-ahalmena baloratu ahal izateko, besteak beste; gainera, horrek laguntzen du elkarteen egoera nola dagoen jakiten.

Hainbat gobernuk egindako merkataritza-planetan ez da ahaztu enpresarteko lankidetzaren garrantzia, elkarteen mugimenduari laguntzearen bidez agerian jarrita eta dauden elkarteei beren balioa emanda, ulertu baita horrek eragina duela sektore-lehiakortasuna hobetzen. Hori dela eta, ezinbestekoa da benetako errolda eguneratu bat izatea, erreferentzia izan dadin, une oro, politika instituzionaletan.

Aipatutako dekretu hori indarrean jarri zenetik hona 17 urte baino gehiago igaro direnez eta kontuan hartu behar denez harrezkeroztik datuak komunikatzeko tekniketan izandako eboluzioa, aldatu egin behar da eguneko egoerara egokitzeko.

Beraz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2015eko urriaren 6an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren 3. artikuluko 2. zenbakia –dekretu horren bidez sortu zen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren mende egongo zen Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda–, eta aurrerantzean honako erredakzio hau izango du:

«2.– Merkatarien elkarteen federazioak eta konfederazioak ere inskribatuko dira.

Erakunde horiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Sozietatearen izena eta egoitza (posta-helbidea eta, izanez gero, helbide elektronikoa), harremanetarako telefonoa.

b) Lehendakaria, idazkaria eta kideak zein diren adierazten duen zerrenda.

c) Identifikazio fiskaleko kodearen fotokopia (IFK).

d) Kasuan kasuko erregistroan behar bezala inskribatutako estatutuen fotokopia.

e) Kide diren elkarteen zerrenda, bakoitzaren izena edo sozietatearen izena, sozietatearen egoitza eta IFK edo IFZ adierazita.

Elkarteko kideren bat kidetze zuzeneko enpresa bada, 5.2.e) artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu».

Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren 5. artikuluko 2. zenbakia –dekretu horren bidez sortu zen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren mende egongo zen Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda–, eta aurrerantzean honako erredakzio hau izango du:

«2.– Elkarteak inskribatzeko, agiri hauek aurkeztu behako dira:

a) Sozietatearen izena eta egoitza (posta-helbidea eta helbide elektronikoa, izanez gero), harremanetarako telefonoa.

b) Lehendakaria, idazkaria eta kideak zein diren adierazten duen zerrenda.

c) Identifikazio fiskaleko kodearen fotokopia (IFK).

d) Kasuan kasuko erregistroan behar bezala inskribatutako estatutuen fotokopia.

e) Elkarteko enpresen zerrenda, honako datu hauek zehaztuta:

Elkarteko kide-zenbakia.

Sozietatearen izena.

IFZ edo IFK.

Izen komertziala edo establezimenduaren errotulua.

Posta-helbidea eta, izanez gero, helbide elektronikoa.

Harremanetarako telefonoa.

Establezimenduaren ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea (bat baino gehiago izanez gero, denak zehaztu behar dira)».

Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren 7. artikuluko 2. zenbakia –dekretu horren bidez sortu zen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren mende egongo zen Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda–, eta aurrerantzean honako erredakzio hau izango du:

«2.– Urtero jakinaraztea, maiatzaren 31 baino lehenago, egiaztagiri bidez, zein aldaketa izan den federazio, konfederazio edo elkarteetako enpresa kideei buruzko jatorrizko datuetan. Inolako aldaketarik izan ez bada ere, horren fede ere eman behar da.

Aldaketen berri eman ezean, edo kasuan kasuko ganberak argibiderik eskatzen badu, eta adierazitako agiri horiek aurkeztu ezean, adierazitako epean, erroldan baja emateko arrazoia izango da, behar den espedientea izapidetu ostean, interesdunari entzunda eta, hala badagokio, erroldatzeari dagozkion eskubideak galduko ditu».

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuan egindako aipamen oro hartuko da merkataritza-arloan eskumena duen sailari egindakotzat, dekretu horren bidez sortu baitzen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren mende egongo zen Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu horretan Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganbera ofizialei egindako aipamen oro hartuko da Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko ganbera ofizialei egindakotzat.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Pertsona fisikoei eta pertsona juridikoei bermatu egingo zaie aukeratzen duten hizkuntza, euskara zein gaztelania, erabiltzeko eskubidea Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko ganbera ofizialekiko harremanetan eta Administrazio publikoarekiko harremanetan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2015eko ekitaldirako, arau hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, hilabeteko epea izango da federazio, konfederazio edo elkarteetako enpresa kideei buruzko jatorrizko datuetan izandako aldaketen egiaztagiriak emateko, edo jakinarazteko ez dela inolako aldaketarik izan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko urriaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala