Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2015eko urriaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4120

AGINDUA, 2015eko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzetarako 2015eko deialdiaren oinarriak onartzeko dena.

Landa-garapenerako politikaren arabera, Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak bateragarriak dira. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia izan dadin bi politiken artean eta Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluek lehiakortasunaren alorrean xedatzen dituzten arauak hertsiki bete daitezen; izan ere, begien bistakoa denez, landa-garapenaren alorrean ere aplikatu behar dira Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluak.

Laguntza-kategoria batzuk Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri direla adierazten duen Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak ezartzen du zer baldintza eta eskakizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek diruz lagundu ditzaten (estatu-laguntza izan daitezen), Europar Batasunaren baimenik eduki beharrik izan gabe. Hau da, estatu kideek laguntza horiek arautzean eta ematean erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar.

Hain zuzen ere, agindu hau erregelamendu horren IV. ataleko 25. artikuluan xedatutakoaren barruan sartzen da.

Kontuan hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4. artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzetarako 2015eko deialdiaren oinarriak onartzea. Agindu honen eranskinean jasotzen dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete agindu honen aurka, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, agindua argitaratu eta hilabetean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta bi hilabetean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
NEKAZARITZAREN, ELIKAGAIEN ETA ARRANTZAREN SEKTOREETAKO OINARRIZKO IKERKETAKO, IKERKETA INDUSTRIALEKO ETA GARAPEN ESPERIMENTALEKO PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK.

1. artikulua.– Laguntzaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzetarako 2015eko deialdia egitea.

2.– Laguntza hauek Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2015 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz ematen dira.

3.– Agindu honen barruan ematen diren laguntzak itzulerarik gabeko diru-laguntzatzat hartuko dira, eta urtebetekoak nahiz hainbat urtetarakoak izan daitezke, aurkeztutako proiektuak gauzatzeko epearen arabera.

2. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen kontzeptuak:

1.– Nekazaritza: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu, bai eta akuikultura ere, itsasokoa kanpo utzita. Landa-turismoko jarduerak ere sartzen dira definizio honen barruan, elikagaien produkziora bideratuta badaude.

2.– Enpresa-talde berritzaileak: egitura edo talde antolatuak, alderdi independentez osatuak (esate baterako, enpresa berritzaile sortu berriak eta enpresa txiki, ertain eta handiak, bai eta ikerketa eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta horiekin guztiekin lotutako beste eragile ekonomiko batzuk ere). Egitura edo talde hauen helburua da jarduera berritzaileak sustatzea, instalazioen erabilera partekatua eta ezagutza teoriko eta praktikoen trukea bultzatuz, bai eta ezagutzen transferentziarako, sareak sortzeko, informazioaren zabalkunderako eta enpresen eta taldeko beste erakunde batzuen arteko lankidetzarako laguntza emanez.

3.– Elikagaiak: kontzeptu honen barnean sartzen da nekazaritza eta basogintzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta perretxiko-bilketatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batekoak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzeari dagokiona.

4.– Teknologia-zentroak: estatutuen xedetzat teknologiaren hobekuntzaren eta kudeaketaren bitartez enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea duten pertsona juridikoak (publikoak zein pribatuak).

5.– Ikerketa-zentroak: ikerketa zientifikorako eta garapen teknologikorako proiektuetan eta jardueretan aritzeko gaitasuna dutela eta horrelakoetan aritu direla frogatzen duten edo ikerketa sozioekonomikorako proiektuak egiten dituzten pertsona juridikoak (publikoak zein pribatuak).

6.– Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainontzeko laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.

7.– Erabateko lehiako baldintzak: operazio batean alderdi kontratatzaileen artean dauden baldintzak, enpresa independenteen artean izango liratekeenen parekoak, eta ez daukate inolako kolusio elementurik. Prozedura ireki, garden eta diskriminaziorik gabeko baten ondoriozko operazio oro erabateko lehiako printzipioaren araberakotzat joko da (arm's length principle).

8.– Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere. Era berean, garapen esperimentalean sartu ahal izango da prototipoak sortzea, demostrazioa, proiektu pilotuak prestatzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen baliozkotzea eta entseguak egitea, funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, baldin eta helburu nagusia bada behar beste finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza teknikoak ematea. Orobat, merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta haien fabrikazioa erakusketa- eta balioztatze-helburuetarako bakarrik garestiegia denean. Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.

9.– Krisian dagoen enpresa: krisian dagoen enpresatzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan jasotzen diren egoeretan dagoen enpresa.

10.– Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.

11.– Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

12.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak: izan daitezke, esate baterako, unibertsitateak edo ikerketa-zentroak, teknologia transferitzeko erakundeak, berrikuntzarako bitartekariak edo ikerketara bideratutako lankidetza-erakunde erreal edo birtualak, duten finantzatzeko modua edo nortasun juridikoa edozein dela ere (zuzenbide publiko edo pribatukoak), baldin eta haien helburu nagusia hau bada: oinarrizko ikerketan, ikerketa industrialean edo garapen esperimentalean jardutea, edo jarduera horien emaitzak jakitera ematea, dela irakaskuntzaren bidez, argitara emanez edo ezagutzen transferentzia eginez. Halako erakunde batek jarduera ekonomikoak ere egiten dituenean, jarduera horien finantziazioa, kostuak eta sarrerak aparte kontabilizatu beharko dira; erakunde horietan eraginik izan dezaketen enpresek, esate baterako, akziodun edota kide gisa, ez dute lehentasunezko sarbiderik izango erakundeak lortutako emaitzetara.

3. artikulua.– Onuradunak.

Onuradunak nekazaritzaren, elikagaien edo arrantzaren sektoreetakoak izango dira, esate baterako:

1.– Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:

a) Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

b) Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

2.– Elkarteak eta fundazioak.

3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32. m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

4.– Enpresa-talde berritzaileak.

5.– Teknologia-zentroak.

6.– Ikerketa-zentroak.

7.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

Diruz lagun daitezkeen kostuak honako hauek izango dira:

1.– Langile-gastuak.

2.– Tresna eta materialen kostuak, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Ez badira soil-soilik ikerketa-proiekturako erabiltzen beren erabilera-epe guztian, ikerketa-proiektuaren epearen barruan sartzen diren amortizazio-gastuak bakarrik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro-har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.

3.– Eraikin eta lursailen gastuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren neurrian eta hark dirauen bitartean. Eraikinen kasuan, ikerketa-proiektuak dirauen bitarteko amortizazio-kostuak dira diruz laguntzeko modukoak bakarrik, oro-har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Lursailen kasuan, bene-benetan eragin diren eskualdatze komertzialaren kostuak edo kapital-kostuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.

4.– Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere.

5.– Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.

5. artikulua.– Finantziazioa.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen finantziaziorako, 2015eko ekitaldirako, 1.350.700 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 595.700 euro 2015erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 755.000 euro, berriz, 2016rako konpromiso-kredituari.

2.– Aurrekontu-ekitaldi honetan ematen den laguntza, guztira, artikulu honetako aurreko paragrafoan hura finantzatzeko xedatzen den guztizko zenbatekoaren parekoa izango da gehienez.

3.– Laguntzei buruzko ebazpena ematen den ekitaldian dagozkion ordainketa-kredituei egotziko zaizkie laguntzak, edo, hainbat urtetarako proiektuak egiteko badira, zatikako ordainketei aurre egiteko konpromisozko kredituei, ekitaldian aurrekontua ixteko aplikatu behar den arautegia beteta betiere.

6. artikulua.– Eskakizunak.

Honako eskakizun orokor hauek bete beharko dira:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela eskabidea egin baino lehenago egindakoak izan.

3.– Foru-ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.

4.– Ez dadila krisian dagoen enpesatzat hartu.

5.– Inbertsioak ingurumen-arauak eta baldintza higienikoak bete behar ditu, baita dena delako inbertsioei aplika dakizkiekeen erkidegoko arauak ere.

6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

7.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

8.– Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izan beharko dituzte.

9.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da, eta 15:00etan bukatuko. Eskabideak aurkezteko azken eguna ostirala bada, berriz, 12:00etan bukatuko da. Hala ere, proiektuen eskabideak epe barruan aurkeztutzat joko dira, baldin eta 2015eko ekitaldian eta deialdi hau argitaratu aurretik aurkeztu badira, agindu honen 6. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorrita. Eskabidearekin batera, artikulu honetako 3. paragrafoak aipatzen dituen dokumentuak aurkeztu beharko dira.

2.– Agindu honetan onartzen den laguntza-eskabidearen ereduak Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako gutxieneko betekizunak jasotzen ditu, eta honako web orrian egongo da: http://www.euskadi.eus. Era berean, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaio. Eskabidea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz, 01010), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluak xedatzen duen tokiren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

Eskabidea http://www.euskadi.eus helbidetik jaitsitakoan, ordenagailua erabiliz bete beharko da, eta, sinatuta eta zigilatuta, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara bidaliko da.

3.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta.

b) Memoria zehatz eta zehaztua, honako hauek jasoko dituena:

– Egin beharreko ekintza eta betebeharren deskribapen zehatza, adieraziz zer motatako ikerketarako nahi den laguntza.

– Behar bezala zehaztutako aurrekontua.

– Proiektua betetzeko epea.

– Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.

c) Eskatzaileak agindu honek ezartzen dituen betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 6. artikuluan (4.etik 9. paragrafora bitartean) ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak dagokion foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituen.

Hala ere, eskabideetan aukera izango da eskatzaileak berariazko baimena eman diezaion Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari bere nortasuna ziurtatzeko dokumentazioa eskuratu edo egiaztatu dezan.

5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

6.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

7.– Dena dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskabidea egokiro ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezko deritzon bestelako dokumentu eta/edo argibideak eskatu ahalko dizkio eskatzaileari.

Agindu honetako 3. artikuluko 3. paragrafoan zehaztutako onuradunen kasuan, artikulu honetako 3. paragrafoan adierazitako agiri horiek proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zerbitzu teknikoek, eskabide bakoitzean, betekizunak betetzen diren egiaztatuko dute, bai orokorrak bai espezifikoak, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Proiektuak ebaluatu eta balioesteko, bai eta balioesteko irizpide objektiboak aplikatzeko eta haien haztapenerako ere, Balioespen Batzordea sortuko da. Balioespen Batzordea hiru pertsonak osatuko dute, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzakoak izango dira. Horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, eta batzordeko lehendakaria izango da. Beste biak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzetako teknikarien artean aukeratuko dira, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari kategoria daukan pertsona bat izango da.

Gainera, bere eginkizunak betetzeko, Batzordeak bere bileretan parte hartzeko eta aholku emateko eskatu ahalko die arloko adituei, beharrezko deritzonean, mugarik gabe.

4.– Eginkizun hauek izango ditu Balioespen Batzordeak:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.

c) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

5.– Balioespen Batzordeak ebazpen proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak agindu honetako 12. artikuluak aipatzen duen edukia hartuko du barnean gutxienez.

6.– Balioespen Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27. artikulura bitartean xedatutakoa aplikatuko da.

9. artikulua.– Irizpide objektiboak.

Proiektuak balioesteko, balioespen-irizpide hauek izango dira kontuan (bat edo hainbat), eta dagozkien puntuazioak:

1.– Proiektuak dakarren berrikuntza-maila: 20 puntu gehienez.

2.– Elkarlanean ari diren bi enpresak edo gehiagok elkarrekin egitekoak diren jarduerak; kasu horretan, enpresek ez dute beren izaera juridikoa galdu behar, eta bakoitzak laguntza-eskatzaile eta jasotzaile izan behar du: 10 puntu gehienez.

3.– Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitate egiaztatua; memoria horretan argi eta garbi azalduko dira helburuak, espero diren emaitzak, egutegia, egin beharreko zereginak, erantzukizunen banaketa, aurrekontua hainbanatzeko metodoak, eta abar: 10 puntu gehienez.

4.– Plan estrategikoen arabera alor jakin batean egiten diren jarduerak: 10 puntu gehienez.

5.– Proiektua gauzatu ahal izateko, enpresak kapital publiko edo pribatuko organismoren bat kontratatu izana; eta organismo horren jarduera nagusia nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetako ikerketa izatea, eta «ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako erakundea» izatea. 20 puntu gehienez.

6.– Ekintzaile gazteek (40 urtetik beherakoek) egindako proiektuak, baldin eta nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetan enpresa berriak sortzeko badira edo lehendik diren proiektuei belaunaldi-segida emateko badira: 10 puntu gehienez.

7.– Ekoizpenaren sektorearen eta nekazaritzako elikagaien kateko goragoko mailetako enpresen artean integrazio-prozesuak bultzatzea, proiektua elkarrekin aurkeztuz: 10 puntu gehienez.

8.– Eraldaketa-prozesuetan eta -teknologietan ingurumen-hobekuntzak (bilgarriak birziklatzea, hondakinak kanporatu eta tratatzea, etab.) ingurumen-arloko hobekuntzak sustatzen dituzten proiektuak izatea: 10 puntu gehienez.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:

a) Oinarrizko ikerketarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 100eraino.

b) Ikerketa industrialerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 50, kopuru hori % 60raino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.

c) Garapen esperimentalerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 25, kopuru hori % 35eraino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.

2.– Proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza honela gauzatuko da:

a) Puntuazio gehien lortu duten proiektuei laguntzaren % 100 emango zaie aurreko paragrafoan ezarritako diruz laguntzeko moduko kostuen gehieneko ehunekoaren gain.

b) 1-5 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 95 emango zaie.

c) 6-10 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 90 emango zaie.

d) 11-15 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 85 emango zaie.

e) 16-20 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 80 emango zaie.

f) 21-25 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 75 emango zaie.

g) 26-30 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 70 emango zaie.

h) 31-35 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 65 emango zaie.

i) 36-40 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 60 emango zaie.

j) 41-45 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 55 emango zaie.

k) 46-50 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 50 emango zaie.

l) 51-55 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 45 emango zaie.

m) 56-60 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 40 emango zaie.

n) 61-65 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 35 emango zaie.

o) 66-70 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 30 emango zaie.

p) 71-75 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 25 emango zaie.

q) 76-80 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 20 emango zaie.

r) 81-85 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 15 emango zaie.

s) 86-90 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 10 emango zaie.

t) 91-95 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei laguntzaren % 5 emango zaie.

u) 96-100 puntu (biak barne) gutxiago lortu dituzten proiektuei ez zaie laguntzarik emango.

11. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, erabiliko den prozedura lehiaketa izango da.

2.– Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta deialdi honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balioespen-irizpideak aplikatuko zaizkie. Ondoren, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ordena horretan lagunduko dira diruz proiektuak, deialdi honetako 10. artikuluan ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, 8. artikuluarekin bat etorriz Balioespen Batzordeak egin duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak erabakiko du eskatutako laguntzak eman edo ez eman, ebazpen bakar baten bitartez.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A. Onartutako eskabideetan:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa, urteka banatuta.

4.– Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.

B. Ukatutako eskabideetan:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Diru-laguntza emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedura oro amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena gehienez ere. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ukatu direla jo beharko dute interesdunek, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legearen 44. artikuluarekin bat.

5.– Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete ebazpenaren aurka, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena hartu eta biharamunetik, edo hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.

6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen babespean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, eta diruz lagundutako proiektuen izena ere, publizitatea dela-eta.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar da diruz laguntzen den jarduera, eta 2015eko ekitaldian hasi behar da.

2) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

4) Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei 5 urtez eustea, gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

5) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

6) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

7) Agindu honetako 6. artikuluko 6. paragrafoak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta egutegiko hamabost eguneko epean.

8) Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

9) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

14. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea.

1.– Proiektuak urtebetean edo hainbat urtetan gauzatzekoak izan daitezke; hala ere, 2015eko aurrekontu-ekitaldi honetan hasi beharko dira gauzatzen.

2.– Urtebeteko proiektuak gauzatzeko epea 2015eko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 17. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehienezko epea 2016ko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Hainbat urtetarako proiektuak gauzatzeko epea 2016ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 17. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehienezko epea 2017ko abenduaren 31n amaituko da.

15. artikulua.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen den proiektua gauzatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan:

a) Jarduerak justifikatzeko txosten bat, proiektuaren gauzatzeari eta gauzatze-mailari buruzko informazioa dakarrena.

b) Jatorrizko fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

2.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla egiaztatze aldera, inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2016ko urtarrilaren 17ra artekoa izango da urtebeteko proiektuetarako, eta 2017ko urtarrilaren 17ra artekoa, berriz, hainbat urtetarako proiektuetarako.

Luzapena emango balitz, egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko azken eguna izango da emandako luzapena bukatu eta hurrengo hilabeteko azken eguna.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahalko ditu egoki baderitzo; betiere, eskaera arrazoituta.

16. artikulua.– Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik gastua justifikatu beharra dago, aurreko artikuluan adierazitako agiriak aurkeztuz.

2.– Laguntza ordaindu aurretik zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeari dagokionez, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki.

3.– Onuradunei ordainduko zaie laguntza, zuzenean.

4.– Ordainketa eskatzeko eskabidearekin batera, 15.1 artikuluak aipatzen dituen dokumentuak aurkeztuko dira.

5.– Gastua ez bada egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten, onuradunek diru-laguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honetako 19. artikuluko itzulera-prozedura jarriko da abian.

6.– Onuradunak aurretik idatzizko eskaera egiten badu, laguntzaren zenbatekoaren % 50 aurretik ordaindu ahal izango da, deialdia erabakitzeko ebazpena jakinarazi eta diru-laguntza onartu eta gero. Gainerako % 50 gastu osoa erabat eta ondo erabili dela justifikatu eta gero ordainduko da.

17. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzen aldaketa eta inbertsioa egiteko epeen luzapena.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat ematen badu, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak egoera berrira egokitzeko, eta, dagokionean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua edo jarduera ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan edo hainbat urtetarako proiektuen kasuan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, deialdi honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada eta horren guztiaren ondorioz proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.

Proiektua funtsean aldatzen dela ulertuko da, baldin eta proiektuan hasiera batean ezarritako helburuetako bat modu nabarmenean aldatzen bada edo kentzen bada, gauzatzeko faseetako bat bertan behera uzten bada eta, era berean, proiektuan parte hartzen duen eragileetako bat ordezten bada edo proiektutik baztertzen bada.

3.– Gastuaren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa bada diruz laguntzeko moduko onetsitako gastua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

4.– Onuradunak aldez aurretik eta idatziz eskatzen eta arrazoitzen badu –laguntza emateko ebazpenaren arabera inbertsioa edo gastua bukatu behar den eguna baino egutegiko 30 egun lehenago aurkeztu beharko luke eskaera–, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak inbertsioa egiteko epea luzatu ahalko du, ebazpen baten bidez, hasieran onartutako diru-laguntzari eutsita. Ebazpenean, luzapenaren gehieneko iraupena finkatuko du. Alde horretatik, proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango luzeagoa agindu honen 14. artikuluak xedatzen duena baino.

18. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileek atzera egin ahalko dute; betiere, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 13.3 artikuluan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera bat helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

Ukoa onartutakoan, automatikoki, deialdiaren ebazpenaren bidez onartutako eskubidea galduko du onuradunak, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak (proiektuaren gauzatze-mailaren arabera), Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Ez-betetzea diruz lagundutako inbertsioei edo gastuei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

Legezko ondorio guztietarako, diru-sarrera publikotzat hartuko dira zenbateko horiek.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

20. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere diru-laguntza guztien baturak gainditzen ez baditu 10. artikuluak egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

21. artikulua.– Datuen babesa.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.


Azterketa dokumentala