Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2015eko irailaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4032

AGINDUA, 2015eko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia egiten duena 2015eko ekitaldirako.

Landa Ingurunearen Garapenerako apirilaren 8ko 10/1998 Legearen arabera, landa-garapenerako politikaren helburu orokorrak hauek dira: Euskadiko nekazaritzaren eta landa-inguruneosoaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna bermatzea; landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusieieustea; nekazaritzak zein landa-eremuetako enpresek eta egitura ekonomikoek lehiatzeko daukaten gaitasuna hobetu eta handitzea. Hori horrela, agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntza ekonomikoen deialdia egiten da, 2015. urterako.

2015eko ekitaldi hau trantsizio-urtetzat har daiteke, Europar Batasunak ezartzen dituen 2007-2013 eta 2014-2020 programazio-aldien artean. Horrek aldaketa orokorra ekarri du Europako Erkidegoko araudira, baita nekazaritzaren eta landa-garapenaren arloan ere, eta, beraz, horren ondorioz, estatuko eta eskualdeetako administrazioek arau-esparru berrira egokitu behar dute. Hala ere, programazio-aldi berrira egokitzeko prozesu horretan murgilduta bagaude ere, ezinbestekoa da Euskadiko landa-garapenaren helburuak lortzeko funtsezkotzat jotzen ditugun zenbait ildori jarraipena ematea.

Lortu gura diren helburu zehatzak hauek dira: gizarteratzea sustatzea; pobrezia murriztea eta landa-eremuen garapen ekonomikoa bultzatzea; baliabideen efizientzia sustatzea; eta ekonomia hipokarboniko bateranzko bidea jorratzea, zeina klima-aldaketara egokitzeko gai izango baita.

EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen jarduerek tokiko izaera nabarmena daukatela, merkatu-ingurunean egiten ez direla eta laguntza horien onuradunak administrazio publikoak izango direla –administrazio publikoek, euren eskumen propio eta legitimoen barruan, interes orokorrean oinarritu behar dute–, agindu honetan jasotako laguntzak ez dira estatuko laguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen arabera, eta, beraz, Europar Batasuneko zerbitzuei ez zaie laguntza horien berri eman behar.

Abenduaren 23ko 5/2014 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea, izaera eta esparru geografikoa.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia egitea 2015eko ekitaldirako.

2.– Agindu hau dela medio ematen diren laguntzak itzuli behar ez diren diru-laguntzak izango dira.

3.– Urteko edo bi urteko laguntzak izango dira, agindu honen hemezortzigarren puntuan xedatutakoa eragotzi gabe.

4.– Aplikatzeko esparru geografikoak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu guztiak hartuko ditu; eremu horiek landa-eremuen definizio teknikoaren azterlanean identifikatuta daude, eta hauek bereizten dira:

a) Landatartasun-maila handieneko landa-eremuak, udalerrika sailkatuta; G1, G2 eta G3 (I. eranskina) mailei dagozkie

b) Gainerako landa-eremuak, entitate-mailan sailkatuta; G4, G5 eta G6 landatartasun-mailei dagozkie (II. eranskina).

Hala ere, landa-eremuak ez diren eremuetan egindako inbertsioak, hurbileko landa-eremuetako herritarrei zerbitzuak emateko badira, horiek ere kontuan hartuko dira. Kasu horietan, hitzarmenen bidez, landa-biztanleek laguntzak eskuratzeko aukera berdinak dituztela bermatuko da.

Bigarrena.– Laguntza-motak eta erakunde onuradunak.

1.– Landa-biztanleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko azpiegiturak egiteko laguntzak.

2.– Industria-lurzorua gaitzearekin eta enpresa-ekimenen bidez erabiliko diren lokalak egokitzearekin lotutako inbertsio-proiektuak egiteko laguntzak.

3.– Turismoarekin lotutako kultura- eta natura-ondareko inbertsio-proiektuak eta jendeak erabiltzeko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuak egiteko laguntzak.

4.– Energia berriztagarriekin eta energia aurreztearekin lotutako inbertsioak abian jartzeko laguntzak.

5.– Laguntza hauen onuradunak hauek izan daitezke: tokiko erakundeak (zuzenean edo beren erakunde autonomoen edo udal-sozietate publikoen bidez) eta udalaz gaindiko erakunde publikoak.

Hirugarrena.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak.

1.– Landa-biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen edozein inbertsio-proiektu, besteak beste:

– Honako hauekin lotutako proiektuak: gizarte-zentroak, kultura-zentroak, haurtzarorako zentroak, eguneko zentroak, liburutegiak, erabilera anitzeko zentroak, kirol-ekipamenduak, aisiarakoak, eta abar.

– Zerbitzu berritzaileak emateko proiektuak, adibidez: zahartze aktiboari lotutako garraio publikoko sistemak, eta abar.

– Biztanleak dituzten ingurune hondatuak lehengoratzeko eta landa-eremuak hirigintza aldetik egokitzeko proiektuak, hala nola: zolatzea, irisgarritasun-jarduketak, lorategiak jartzea, argiteria, hiri-altzariak...

– Ur-horniduraren sistemarako, saneamendurako, elektrizitate- eta gas-hornidurarako, banda zabalerako eta abarrerako oinarrizko azpiegiturekin lotutako proiektuak.

2.– Industria-lurzorua gaitzearekin eta enpresa-ekimenen bidez erabiliko diren lokalak egokitzearekin lotutako edozein inbertsio-proiektu: industrialde txikiak eta enpresa-ekimenak hartuko dituzten lokalak.

3.– Turismoarekin lotutako kultura- eta natura-ondareko inbertsio-proiektuak eta jendeak erabiltzeko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuak, besteak beste:

– Kultura- eta natura-ondare historikoa mantendu, zaharberritu eta hobetzea, hala nola: elizak, baserriak, monumentuak, idatziak, frontoiak, bolatokiak, landa-tradizioak, karobiak, ikaztobiak, elementu megalitikoak, elurtegiak, etab.

– Toki turistikoak, bide berdeak, ibilbideak eta bidezidorrak seinaleztatzea.

– Turismo-informaziorako zentroak.

– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak turismoaren arloan.

– Natura-eremuetara sartzeko egiturak bezalako aisialdi azpiegiturak (interpretazio- eta harrera-zentroak) eta edukiera txikiko ostatuak.

4.– Energia berriztagarriekin eta energia aurreztearekin lotutako inbertsioak abian jartzeko proiektuak, besteak beste:

– Bero-sareak kanalizatzeko behar diren azpiegiturak.

– Biomasa-galdarak instalatzeko eraikinak eta/edo lokalak.

– Biomasaz elikatutako galdarak erostea.

Laugarrena.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen kostuak.

1.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko inbertsioak eta/edo gastuak.

2.– Oro har, diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira hauek:

a) Higiezinak eraiki, erosi edo birgaitzea, bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzuak eskaintzeko biztanleei.

b) Makinaria eta ekipamendu berrien erosketa eta finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.

c) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan bestelako laguntzarik jaso ez badute.

d) Landa-eremuan banda zabal azkarra ahalbidetuko duen azpiegitura.

e) a) eta b) idatzi-zatietan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak; adibidez, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere % 10eko mugarekin.

f) Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

g) Turismo-esparruari aplikatutako IKTak.

h) Tresnak.

i) Altzariak.

j) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere % 10eko mugarekin.

k) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako sustapen- eta zabalkunde-gastuak, horiek martxan jartzeko.

l) Horiei lotutako beste azpiegitura batzuk.

m) Aplikatu beharreko legeriaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

3.– Energiaz hornitzeko oinarrizko azpiegiturak hobetzeko laguntzen kasuan, eta, zehazki, biomasaren kasuan, diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira, besteak beste:

– Biomasa energia-iturri gisa aprobetxatzeko instalazioari zuzenean egotzi behar zaion material- eta eskulan-gastua, zeina beharrezkoa baita funtzionatzeko.

– Obra zibilean eginiko gastua, bereziki district heating deritzonean eginikoa.

4.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

– Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

– Berandutze-interesak, errekarguak, hertsatzeko isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

– Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidera eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

– Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

– Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

– Ekipamendua eta makinak berritzeko edo soilik ordezkatzeko inbertsioak, salbu eta erositako berria aurrekoekin alderatuta desberdina bada, erabiltzen duen teknologiaren zein errendimenduaren aldetik.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 3.300.000 eurokoak dira; horietatik, 1.000.000 2015eko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 2.300.000, 2016ko ekitaldirako konpromiso-kredituari.

(Ikus .PDF)

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok handitzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Eguneratzea egin eta baliabideak handitzen badira, laguntzak emateko prozedura ebatzi aurretik gauzatu beharko da igoera hori, eta horren berri eman beharko da gainera, landa-garapeneko gaietan eskumena daukan sailburuordearen ebazpen bidez.

Seigarrena.– Betekizunak.

Diru-laguntza eskatzen duten pertsona juridikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkeztean:

a) Agindu honen I. eta II. eranskinetan zehaztuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak egitea.

b) Biomasa-kasuetarako, laguntasuna eskatua izan behar dute «Basoko biomasa energia sortzeko euskal ekimena» deritzonaren barruan. Ekimen hori HAZI fundazioak eta Energiaren Euskal Erakundeak sustatu dute.

c) Banda zabalaren kasuetarako, banda zabal ultralasterrerako (> 30 Mb) aukera teknologikorik ez egotea (satelite bidezko konexioa ez direnak) udalerrirako –landa-eremua eta/edo behartsua–, eta banda zabalerako sarbidea banatzeko egiturak hobetzea (hari gabekoa edo kablean oinarritutakoa) udalerrietan –landa-eremu eta/edo behartsuetan–, 30 Mb/s baino gutxiagoko gehieneko abonatu-abiadura dutenetan.

d) Egunean izatea foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Zazpigarrena.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek agiri hauek aurkeztu behar dituzte (jatorrizkoa eta kopia):

a) Agindu honen III. eranskinean ageri den eskabide-orria. Orri hori webgune honetan ere eskuratu ahal izango da: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, paperean bidali beharko da, sinatuta.

b) Erakunde eskatzailearen IFKaren eta legezko den ordezkariaren NANaren kopiak, eta ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentuaren kopia.

c) Ordainketak egiteko dokumentazioa (Hirugarrenen alta-agiria), azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean.

d) Proiektua baloratzeko memoria (IV. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak. Sartzen diren puntuak bakarrik hartuko dira kontuan.

e) Nahitaezkoa denean, proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, bai eta proiektua egikaritzeko behar diren baimenak eta lizentziak ere, edo baimen eta lizentzia horiek lortzeko eskabidea.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla automatikoki egiaztatuko dira kudeaketa organoaren bitartez. Horrez gain, eskaera-inprimakian aukera izango da laguntzaren eskatzaileak baimena emateko espresuki identitatearen akreditazioaren dokumentazioa, NANa, automatikoki egiaztatzeko kudeaketa organoaren bitartez. Era berean, modu automatikoan egiaztatuko da aurreko puntuko b) letran ezarritako betekizunak betetzen direla.

3.– Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrari bidali behar zaizkio, eta modu presentzialean aurkeztu behar dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakia, 01010 posta-kodea) edo Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 38.4 artikuluak xedatzen duen tokiren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat; edo, bestela, Hazi Fundazioan, hurrengo ebazpen-zatian aipatzen den erakunde laguntzailea den aldetik.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik hasita, epea bukatzen den eguneko 15:00ak arte. Hala ere, epea ostiralez amaitzen bada, egun horretako 12:00etara arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

5.– Eskatzaileek eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

6.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

Zortzigarrena.– Laguntzen kudeaketa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lana Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio, bai eta diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, Zuzendaritzak egoki derizkion ikuskapenak egin ahal izango ditu, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera behartuta daude. Hala ere, Hazi Fundazioa izendatzen da agindu honen bidez deitutako diru-laguntzen erakunde laguntzaile, eskabideak jasotzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Ondorio horretarako, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da fundazio horrekin.

Bederatzigarrena.– Balorazio-batzordea eta-irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordea eratuko da. Batzorde hori bost pertsonak osatuko dute, eta, horietatik, lauk Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzakoak izan beharko dute. Lau horietatik, bat Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zerbitzuko arduraduna izango da, eta batzordeburu-lanak egingo ditu; gainerako hirurak Zuzendaritza bereko langile teknikoen artetik hautatuko dira. Bosgarren pertsona Hazi Fundazioak izendatuko du.

2.– Batzordeko kide guztiak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko dira. Ebazpen horren bidez, idazkaria izendatuko da. Aipatutako Zuzendaritako teknikari-kategoria duen pertsona batek bete beharko du idazkari-postua.

3.– Bere eginkizuna betetzeko, balorazio-batzordeak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera. Hona hemen balorazio-irizpideak:

(Ikus .PDF)

4.– Proiektu bat babestu ahal izateko, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

Hamargarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

Lortutako puntuazioaren arabera, proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren portzentajea honela gauzatuko da:

(Ikus .PDF)

Hamaikagarrena.– Esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluan ezartzen denez.

2.– Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta Agindu honetako bederatzigarren puntuan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.

3.– Aurreko araua aplikatuta, lau zerrenda egingo dira, Agindu honetako bigarren puntuan araututako laguntzenak, hain zuzen ere. Lau zerrendak beheranzko hurrenkeran ordenatuta egongo dira, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera. Ondoren, laguntzak esleituko dira, adierazitako ordenari jarraituz, funtsak guztiz agortu arte.

4.– Lau laguntza-modalitateetakoren bati dagokion kopurua agortzen ez bada, soberakina beste modalitateen artean banatu ahal izango da, bigarren puntuan ezarritako ordenaren arabera.

5.– Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio berdina lortzen badute, lehentasuna emango zaio lankidetzari dagokion atalean puntuazioa lortu duenari.

Hamabigarrena.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusirik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak eskabideak ebatziko ditu. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azaldu beharko ditu.

2.– Ebazpenean informazio hau jaso beharko da gutxienez:

a) Onartutako eskabideei buruz:

– Erakunde onuradunen izena.

– Diruz lagundutako proiektua.

– Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa.

– Diruz lagundutako kopurua.

– Aurreikusitako jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.

– Onuradunari honako dokumentazio hau aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: proiektua egiteko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatuko dituen dokumentazioa.

b) Onartu ez diren eskabideei buruz:

– Erakunde eskatzaileen izena.

– Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

4.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, banan-banan. Epe hori igaro eta ebazpen zehatzik eman ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Hamahirugarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Alde horretatik, hamabost eguneko epean, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.

4.– Ondasun higigarriei eta ondasun higiezin eta obra zibilari dagokienez, 5 urtez eutsi behar diete diruz lagunduta egiten dituzten inbertsioei eta, epe horretan, ezin dituzte besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun inbentariagarrien kasuan, onuradunak diru-laguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etortzeko. Diru-laguntza emango duen administrazioak, ebazpena jabetza-erregistroan aurkeztu dela ziurtatzen duen agiria jasotzen duenean, diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du.

5.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinarazi behar diote inbertsio edo gastu osoa edo inbertsio edo gastuaren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko beharrezko agiri guztiak.

6.– Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin (http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_c.htm) eta funts estrukturalekin lotutako informazio eta publizitate jarduerei buruzko abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da. Dena dela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak txosten bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.

7.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinarazi behar diote onartutako ekintzak bukatu dituztela, eta haren esku utzi behar dituzte gastuak egin dituztela egiaztatzeko beharrezko agiri guztiak.

8.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

9.– Agindu honetako zazpigarren puntuak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idazki bidez, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

10.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idazki bidez landa-garapenaren alorrean eskumena duen Sailari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

11.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzea.

Hamalaugarrena.– Burutzeko epeak.

1.– Proiektuak urtebetean edo bi urtetan egin ahal izango dira.

2.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan burutu beharko dira. Epe horiek finantzaketarako kredituen izaerari egokituko zaizkio.

3.– Salbuespenez, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, bi urtera arteko luzapena eman ahal izango du. Horretarako, onuradunak eskaera eta justifikazioa aurkeztu beharko ditu idatziz. Idazkia, gehienez ere, inbertsioa edo gastua bukatuta egon behar duen eguna baino 30 egun natural lehenago aurkeztu behar da, laguntza emateko ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamabosgarrena.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzeko agiriak.

1.– Diru-laguntza honela ordainduko da:

a) % 30 diru-laguntzaren xedea den proiektua hasterakoan. Lehenengo ordainketa hau egiteko, erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzan: zuinketaren egiaztapen-aktaren kopia eta obra-hasierarena, lehenengo ziurtagiria eta faktura, proiektu-motaren arabera. Horrez gain, ondasun inbentariagarriak direnean, diru-laguntza emateko ebazpena jabetza-erregistroan aurkeztu dela ziurtatzen duen agiria erantsi beharko da.

b) % 40 obra-ziurtagiriak eta/edo fakturak aurkeztu direnean, behar bezala onartuta, diruz lagun daitekeen aurrekontu onetsiaren % 50eko edo hortik gorako zenbatekoagatik.

c) Gainerakoa, proiektua amaitzen denean. Proiektua amaitu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean, honako hauek aurkeztu beharko dira:

– Amaiera egiaztatzeko ziurtagiria obren kasuan, edota eginiko jardueren justifikazio-memoria (laguntzaren xedea den proiektua bete izanari buruzko informazioarekin) gainerako kasuetan, dagozkion fakturekin batera.

– Erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren portzentajea.

– Laguntza emateko nahitaezko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza eskatzeko unean horiek emanda ez badaude, baimen eta lizentzia horiek aurkeztu beharko dira.

2.– Lehenengo ordainketa egin baino lehen, idazkariak, fede-emaileak edo pertsona eskudunak eginiko ziurtagiria aurkeztu beharko du erakunde onuradunak. Agiri horretan ziurtatu egingo da erakundeak bermatu egiten duela diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren funtsen berehalako erabilera esklusiboa. Horrez gain, agiri horretan konpromisoa hartuko du kontratistari/hornitzaileari ahalik eta arinen ordaintzeko diru-laguntza modura jaso dituen zenbatekoak, gehienez ere 20 eguneko epean, zenbateko horien bidez estal daitezkeen fakturak eta/edo obra-ziurtagiriak jaso eta gero.

3.– Lehenengo paragrafoan xedatutakoa gorabehera, proiektua osorik burutu bada, diru-laguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean ordaindu ahal izango da. Kasu horretan, artikulu honen 1. paragrafoko c) letran adierazitako dokumentazioa erantsi beharko da ezarritako epean, bai eta 2. paragrafoak aipatzen duen ziurtagiria ere.

4.– Laguntzaren hirugarren eta azken ordainketa egin denetik bi hilabeteko epean, erakunde onuradunak egin diren ordainketen justifikazioa bidali beharko du.

5.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako langile teknikoek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta egin diren ordainketei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatu zaizkion zergak.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla modu automatikoan egiaztatuko ditu kudeaketa-organoak, eta ez da horien baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak agiri gehiago eska ditzake, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan behar du.

8.– Erakunde onuradunei diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

9.– Diru-laguntzaren xedea den proiektua ezarritako gehienezko epeen barruan egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Hamaseigarrena.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edozein kasutan, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Gerta liteke, ondorioz, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horretan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera egokituko dira, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio, hala badagokio.

2.– Honako hauek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, baina laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko: diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea, onetsitako proiektua aurrez ikusitako epeetan ez egitea, proiektua aldatu edo birprogramatzea eskaerarekin batera aurkeztu zenarekin alderatuta, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak zaintzen badira eta laguntza ematea eragin zuen xedea betetzen bada.

Honako hauek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, eta gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea: diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea, onetsitako proiektua aurrez ikusitako epeetan ez egitea, proiektua aldatu edo birprogramatzea eskaerarekin batera aurkeztu zenarekin alderatuta, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen bada, baina laguntza ematea eragin zuen xedea betetzen bada. Ondorio horietarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrak dagokion aldaketa-ebazpena emango du.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hamazazpigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Erakunde eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari idazkia aurkeztuko dio, eta zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Horretarako, idatzi bat helarazi behar dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari, eta zuzendariak, ebazpenaren bitartez, esanbidez onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.

Hemezortzigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

2.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan baldin bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zehapen-prozedura abia dezan.

Hemeretzigarrena.– Bateragarritasunak.

1.– Hemen araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein herri-administrazio, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntzak metatuta ez bada eskuratzen laguntzaren xedea den proiektutik diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 baino gehiago.

2.– Arau honen bitartez onuradun diren erakundeek, xede bererako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskuratu badituzte, horren berri eman beharko diote Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari.

Hogeigarrena.– Datuen babesa.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala