Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2015eko irailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4004

AGINDUA, 2015eko irailaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeen eta udal titulartasuneko ikastetxe publikoen ekipamendurako 2015erako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik sortzen da lehiakortasuna, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.

Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere; besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.

Lanbide-heziketako zentroentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.

Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, zentroen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duen gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETE-ei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.

Ildo horretan, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, beste helburu batzuen artean, hauxe ezartzen du 1. helburu gisa: «Lanbide-heziketa produkzio-sektoreen egungo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegarritasunera egokitzea, enpresek kualifikazio eta espezializazio gero eta handiagoen arloan dituzten premiei erantzuteko»; eta 4. helburu gisa: «Euskadiko enpresekin berrikuntza aplikatuko proiektuak babestea eta sustatzea, bereziki ETE-ekin, lanbide-heziketako ikastegien eta enpresa horien arteko harreman estuaren bidez, Euskadin lehiakortasunerako estrategikotzat jotako arloetan».

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, lanbide-heziketan berrikuntza eta ekintzailetza hobe dadin bultzatze aldera, dei egiten die itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei, beren irakasleen bidez, irakasle-prestakuntza sendotzen duten proiektuetan parte har dezaten –prestakuntza horren xedea da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea–, lanbide-heziketaren partaidetza bultza dezaten enpresetan –bereziki ETE-etan–, suspertzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez, lanbide-heziketako ikastegien partaidetza susta dezaten ingurune konplexuetan lan egiten duten enpresen espezializazio-maila hobetzeko –bereziki ETE-ena– eta lanbide-heziketako ikastegien baitan modu proaktiboan sortzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak eta ekintzailetza-proiektuak bultza ditzaten.

Ondorioz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak VI. Tituluan (Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzen ditu) xedatutakoarekin bat etorriz, eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa, oinarri hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Industria-arloko heziketa-zikloez gain, informatikako eta komunikazioetako lanbide-arloen ekipamendua eguneratzea da agindu honen helburua. Ziklo horiek garapen teknologiko handiagoa daukate, ekoizpen-sektorearen egungo bilakaeraren arabera.

Ondorio horietarako, agindu honen I. eranskinean horrela jasotakoak dira industria-sektoreko heziketa-zikloak.

2. artikulua.– Ikastetxe onuradunak.

Laguntzak emateko agindu honen onuradunak ikastetxeen erakunde titularrak dira –titulartasun pribatukoak zein udal-titulartasunekoak izan– 2015-2016 ikasturtean aurreko artikuluan aipatutako lanbide-arloetako lanbide-heziketako erdi-mailako zein goi-mailako heziketa-zikloren bat hitzartuta dutenak.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

1.– Agindu honen 1. artikuluan zehaztutako Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako ekipamenduak eguneratzeko beharrezko ekipamendua erostea izango da diruz laguntzeko ekintza.

2.– Agindu honen bidez diruz lagundutako ekipamendu-erosketa hori 2015eko ekitaldian gauzatu beharko da.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoa zazpiehun eta hirurogeita hamasei mila, hirurehun eta hamalau euro (776.314) izango da.

5. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.

Oro har, diru-laguntzak jaso ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte ikastetxe interesdunek:

1.– 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi-mailako zein goi-mailako heziketa-zikloren bat –Agindu honen 1. paragrafoan zehazten direnetatik– ematen duen itunpeko ikastetxea edo ikastetxe hitzartua izatea.

2.– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

3.– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergak ordainduta izatea.

4.– Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.

6. artikulua.– Prozedura bideratzea.

1.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak bideratuko du prozedura.

2.– Proiektuen analisia, ebaluaketa eta hautaketa egiteko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua:

a) Lehendakaria: Ramón Martínez de Murguia Urreta, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria.

b) Kideak:

Begońa Arraiz Argoitia, Lanbide Heziketako zerbitzuburua.

Mikel Santa Cruz Salcedo, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako teknikaria.

Jose Ignacio Berrondo Ormazabal, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako teknikaria.

Jon Karla Landaluze Moraza, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren Arabako Lurralde Ordezkaritzako teknikaria.

Asier Bikandi Elorriaga, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikaria; idazkari izango da; iritzia ematerik izango du, baina botorik ez.

3.– Ebaluazio-batzordeak, deialdi honetan ezarritakoaren arabera aurkeztutako proiektuak aztertu ostean, ebazpen-proposamen bat helaraziko dio Lanbide Heziketako sailburuordeari.

7. artikulua.– Laguntzak ematea eta eskabideak baloratzea.

1.– Laguntza eskatu eta eskakizunak betetzen dituzten erakundeei emango zaie diru-laguntza.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa 8., 9. eta 10. artikuluetan jasota dauden hautaketa- eta balorazio-irizpideen eta zenbatekoen arabera zehaztuko da.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Diru-laguntza hauen balorazio-irizpideak honakoak izango dira:

1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin itunduta edo hitzartuta 2015-2016 ikasturtean eman diren heziketa-ziklo ezberdinen kopurua –agindu honen 1. paragrafoan zehazten direnetatik–; % 50eko balio haztatua izango du.

2.– Agindu honen 1. paragrafoan aipatzen diren lanbide-arloetako heziketa-zikloetan 2015-2016 ikasturtean izena eman duten ikasleen kopurua; % 20ko balio haztatua izango du.

3.– Enplegurako Lanbide Heziketan parte hartu izana; % 30eko balio haztatua izango du.

9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura zehaztea.

1.– 2015-2016 ikasturtean emandako heziketa-ziklo kopuruaren balorazioa:

a) Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat esleituko zaio, betiere «II. eranskina – Heziketa-zikloen ekipamendu-taldeak» izeneko agirian zehaztutako taldeetakoa izatearen arabera. Aplikazio-koefizienteak, taldea kontuan hartuta, honako taula honetan adierazitakoak izango dira:

(Ikus .PDF)

b) Koefiziente horiek batuko zaizkie, aipatu ikasturtean ikastetxe bakoitzak emandako heziketa-zikloei dagozkienak.

c) Heziketa-zikloei dagozkien koefiziente-batuketan kopuru handiena lortzen duen ikastetxeak balorazio handiena jasoko du, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.

2.– 2015-2016 ikasturtean emandako heziketa-zikloetako ikasle-kopuruaren balorazioa:

a) Aurreko paragrafoan zehaztutako heziketa-zikloetan izena eman duten ikasle-kopuruaren batuketa egingo da.

b) Aurreko batuketetan kopuru handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.

3.– Enplegurako Lanbide Heziketan parte hartzearen balorazioa.

Ikastetxeak emandako eta 2014. urtean amaitutako ikastaroak bakarrik baloratuko dira, eta irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Batuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtatutako orduak eta Hobetuzek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2013ko eta 2014ko deialdien bitartez araututakoak. Bi deialdiok EAEko langileei prestakuntzarako diru-laguntzak emateko dira, eta, hurrenez hurren, 2013ko maiatzaren 31ko EHAAn eta 2014ko abuztuaren 1eko EHAAn argitaratu ziren.

b) 2014. urtean emandako eta amaitutako ikastaroen ordu-kopuru handiena lortu duen ikastetxeari emango zaio lehenago adierazitako balorazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez balioetsiko dira.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Aurreko artikuluko paragrafo bakoitzean lortutako puntuazioak batzetik lortuko da ikastetxe bakoitzaren guztizko puntuazioa.

2.– Onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza Agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura ikastetxe bakoitzak lortutako guztizko puntuazioarekiko zuzenki proportzionala izango da. Hala ere, zenbateko hori ez da inolaz ere ikastetxeak deialdian parte hartzeko eskaeran eskatutako zenbatekoa baino handiagoa izango.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (III. eranskina) bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan; aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak eta kontsultak egiteko, eta ebazpena eman edo ukatu aurreko izapideak eta justifikatze-izapideak egiteko.

3.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erantsi behar diren agiri guztien ereduak modu elektronikoan izapidetzeko azalpenak euskadi.eus helbidean daude; hain zuzen, jo helbide elektroniko hauetara:

Https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/fp_ekipamendua/y22-izapide/es/

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/fp_ekipamendua/y22-izapide/eu

5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/misgestiones.https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) 3. artikuluan aipatzen diren heziketa-zikloen «IV. Eranskina – Ekipamenduaren txostena».

b) Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideak eskatu eta jaso izana. Horrelakorik jaso badu, zenbat jaso duen eta zer erakundek eman dion adierazi behar da.

– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

7.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak izapidetze elektronikoaren bitartez eskatu dituen pertsona edo erakundea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela, erakunde eskatzaileari oniritzirik eskatu gabe, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

8.– Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Ebaluazio-batzordeak proposatuta, eta banaka jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, bitarteko elektronikoen bidez; halaber, guztiek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpen horretan zehaztu egingo dira, halaber, ezetsitako eskabideak eta, atzera egiteagatik edo ezustean sortutako baliabide material ezagatik, laguntzarik jasoko ez dutenak.

2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindua argitaratu ondorengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.

13. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Ekipamendurako diru-laguntza hauen justifikazioa «V. Eranskina – Diruz-lagundutako ekipamendua justifikatzea» izeneko agiria betez egingo da; agindu honetako 3. artikuluan ezarritako aldiari dagozkion jatorrizko fakturak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak gehituko zaizkio agiri horri, baita faktura horien ordainketa-agirien kopiak ere, 12. artikuluan zehazten den jakinarazpena egin eta bi hilabeteko epean.

2.– Faktura horiek 1. artikuluan aipatzen diren heziketa-zikloetarako ekipamenduenak izan beharko dute.

3.– Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Ematen diren diru-laguntzak ordainketa bakar batez ordainduko dira, behar bezala justifikatu ondoren, 13. artikuluaren arabera.

15 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako barik, laguntzak beste zerbaiterako erabiltzen badituzte. Hori dela eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.

3.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

17. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

18. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala