Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2015eko irailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4003

AGINDUA, 2015eko abuztuaren 19koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Horren bitartez, baimendu egiten da, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan eta uztailaren 3ko hirigintzako estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuak 15. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea, etxebizitza transferentziak eginez Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan.

Aztertu da Hondarribiko Udalak egindako baimen-eskaera, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena konpentsatzekoa. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan sartutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

Hondarribiko Udalak aurkeztutako eskaera-orriari sarrera-erregistroa egin zitzaion 2015eko uztailaren 15ean. Horren bidez, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko hainbat eremuen artean.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren espedienteak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso du 2015eko uztailaren 15ean egindako 4/2015eko bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 80.4 artikuluan, eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru estandarraren konpentsazioa planteatzen du udalerriaren barruan. Bizitegirako hiri-lurzoruan babes ofizialeko etxebizitzentzat legeak ezarritako gutxienekoa 10.796 m2t da eta etxebizitza tasatuentzat 7.591 m2t da; Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, 15.582 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzentzat eta 9.704 m2t etxebizitza tasatuentzat.

3.– Lurzoru urbanizagarri sektorizatuari dagokionean, ezarritako gutxieneko estandarrak 40.198 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako eta 14.617 m2t etxebizitza tasaturako. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako zehazki 37.706 m2t aurreikusten dira eta 14.444 m2t etxebizitza tasatuen eraikigarritasunerako.

4.– 2/2006 Legearen 80.6 artikuluaren arabera, ezinbestekoa izango da transferentzia hori baimentzeko transferentziaren xede diren eremuetako etxebizitza libreen arteko balioen aldearekiko proportziozkoa den babes publikoko etxebizitzen aldez aurreko edo aldi bereko egikaritzea bermatzea.

5.– Neurri hori ez da aplikatzen lehen formulazioko edo planeamendu orokorraren erabateko berrikuspen espedienteetan, hala baitago xedatuta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 14.4 artikuluan.

Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak emandako aldeko txostena ere aztertuta,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako Legearen 80.4 artikuluan eta aipatutako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako transferentzia baimentzea Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean.

Bigarrena.– Baimen hori emateko, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren testuari espedientea bete izanaren justifikazioa erantsi behar zaio, 2/2006 Legearen 80. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango, baldin eta babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzearekin lotutako esparruren batean (hartzaileak edo igorleak) aldaketa eragiten duten beste baldintza batzuetan ematen bada behin betiko onarpena.

Laugarrena.– Hondarribiko Udalari Agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo bere ustezko gaitzespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 19a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala