Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2015eko irailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4002

38/2015 EBAZPENA, irailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen arteko hitzarmena, Koordinakundea EAEko gizartearen agente bultzatzaile gisa indartzea helburu duen programa bat finantzatzeko, I. eranskinean jasotzen da.

– Hitzarmena, Zaratamoko udalaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan, II. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, ogasun eta herri administrazio ministerioaren eta euskal autonomia erkidegoaren artean, kontratazio-plataformen elkarreragingarritasunari buruzkoa, III. eranskinean jasotzen da.

– Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei buruzko inkesta (2014) Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko, IV. eranskinean jasotzen da.

– Esparru-hitzarmena, valentziako unibertsitatearen, euskal autonomia erkidegoko administrazio orokorraren eta fundació universitat-empresa, adeit fundazioaren artekoa, kanpoko praktikak egiteko, V. eranskinean jasotzen da.

– Berariazko lankidetza hitzarmena, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin, Osasuneko ikerketa proiektuetarako laguntza deialdiaren ebaluazio zientifiko teknikoa egiteko (Ebaluaziorako eta Prospektibarako Espainiako Agentziak egingo du aipatutako ebaluazioa),VI. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN irailaren 14ko 38/2015 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKADIKO GARAPENERAKO GKEEN KOORDINAKUNDEAREN ARTEKO HITZARMENA, KOORDINAKUNDEA EAEKO GIZARTEAREN AGENTE BULTZATZAILE GISA INDARTZEA HELBURU DUEN PROGRAMA BAT FINANTZATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 3a.

BILDU DIRA:

Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (aurrerantzean eta aukeran GLEA) zuzendaria.

Ana María Arriola Palomares andrea, GGKE Elkartea Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen (aurrerantzean Koordinakundea) presidentea.

ESKU HARTU DUTE:

Lehenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bigarrenak, Koordinakundearen izenean eta hura ordezkatuz.

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Koordinakundea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, AS/B/01166/1988 erregistro-zenbakia duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean 1988ko irailaren 19an inskribatuta dagoena.

Bigarrena.– GGKEek Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek, gizarte zibilaren zati diren aldetik, funtsezko zeregina dute Hegotik baztertutako pertsonen interesak biltzen dituen gizarte-sarea indartzeko lanean, erakunde horiek beren garapen-prozesuak eta prozesu horiekin lotutako proiektuak definitu eta kudeatzeko. Nolanahi ere, zeregin garrantzitsua betetzen dute iparraldean; izan ere, bizitzen ari garen aldaketa sozialen eta egoeren lekuko izateaz gain, zeregin aktiboa dute bizi garen gizartearen egiturazko premiak definitzeko eta zehazteko garaian sozialki konprometituago dagoen ingurune zibila lortzeko, eskubideak dituzten objektu pasiboak izatetik subjektu aktibo arduratsuak izatera igaroz. Egungo egoera sozioekonomikoak eta politikoak herritarren kolektiboan uzten duen arrastoaren aurrean, ulertzen da gero eta beharrezkoagoa dela partaidetza eta eraikuntza aktiboa izatea justizia global unibertsalaren alde.

Hirugarrena.– Egiaztatutako premia horrekin bat etorriz, Koordinakundeak honako eremu hauetan kokatzen du bere zeregina, besteak beste: eraldaketa sozialaren, desberdintasunak gainditzearen eta mundu bidezkoagoa lortzeko borrokaren jomugan. Esparru horretan, Koordinakundeak, Euskadiko 80 GGKE baino gehiago biltzen dituen erakundea denez, aukera ematen du agenteak elkarrekin koordinatzeko; horretarako, gainera, modu unitarioan eta kolektiboan gauzatzen diren jardunen hedapen zabala egiten da, gogoetarako eta prestakuntzarako guneak sor daitezen sustatuz.

Laugarrena.– Garapenerako lankidetzaren testuingurua tokiko, estatuko eta nazioarteko mailara aldatu denez, Koordinakundeak, 2013. urtetik aurrera, lankidetzaren etorkizuneko erronkei buruzko gogoeta-prozesu bat bultzatu du, kide diren GGKEak eta Koordinakundea bera lau ardatzen inguruan (testuingurua, arau-esparrua, mugimendu sozialekiko harremana eta enpresekiko harremana) iritzia emateko ideiak ezartzeko asmoz. Dituzten helburuak eta jomugak birformulatze aldera, orain ere lehentasuna dute politikan eragiteko, gizartea eraldatzeko eta Koordinakundea bera hobetzeko egiten diren lanek.

Bosgarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia –Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezartzen diren printzipio eta egituren multzoan biltzen dena– Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako politikaren plangintza lantzeaz arduratzen den Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoa da, Agentzia sortu zuen araudian ezartzen denari jarraiki; horretaz gain, politika hori koordinatzeko, kudeatzeko eta egikaritzeko ardura du, betiere pobreziaren aurka borrokatzeko eta herrialde pobretuetan giza garapen iraunkorra sustatzeko ildoan.

Seigarrena.– Koordinakundearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-esperientzia 1994. urtean hasi zen garai bateko garapenerako lankidetzaren Zuzendaritzaren bitartez. 2011. urtetik aurrera, lankidetza hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez bideratu da. Lankidetza horren bitartez aurrera egin da kalitateko euskal lankidetzaren eraikuntza kolektiboan, dauden gaitasun sozialak mugiarazteko gai den lankidetzan, gizarte zibil antolatuaren eta administrazio publikoen arteko loturak indartuz.

Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraiki,

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea alderdi sinatzaileen, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Koordinakundearen arteko harremanak arautzea da, Koordinakundeak eta kide diren erakundeek –euskal gizartearen agente bultzatzaile gisa– eraldatzeko eta aldaketa aktiborako duten gaitasuna indartzeko helburu duen proiektua finantzatzeko

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.

Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:

1. emaitza: Lankidetza-politiketan eragin da eta garapenerako lankidetzaren eta hezkuntzaren alorrean nahiz politiken koherentziaren alorrean indarrean dagoen legeria betetzen dela zaindu da, genero-zeharkakotasuna sartuz posizionamenduetan, jardueretan eta dokumentuetan.

2. emaitza: Komunikabideetan eta gizartean honako hauek zabaldu dira modu kritikoan, proposamen gisa eta genero-ikuspegia sartuta: Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasunen arrazoiak eta ondorioak, eta aberastasun-banaketa desorekatua geure ingurunean.

3. emaitza: Gizarte-mugimenduekin sareak eta itunak sor daitezen sustatu da, mobilizatzen den gizarte-oinarria zabaltzeko eta alternatiba pluralak eratzeko.

4. emaitza: Kide diren erakundeen eta Koordinakundearen gaitasunak hobetu dira dituzten helburuak modu koordinatuan, eraginkorrean, efizientean, barne-koherentziaz eta genero-ekitatez lortzeko.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua bostehun eta laurogeita bat mila zortziehun euro eta zero zentimo da (581.800,00); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.

Koordinakundeak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak ere, guztira ehun eta hirurogeita sei mila zortziehun euro eta zero zentimoko (166.800,00) ekarpena egingo du hirugarrenen ekarpenekin.

GLEAk laurehun eta hamabost mila euro eta zero zentimoko (415.000,00) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Koordinakundeari:

% 50, berrehun eta zazpi mila, bostehun euro eta zero zentimo (207.500,00), hitzarmena sinatu ondoren.

Beste % 40ko osagarri bat, hau da, ehun eta hirurogeita sei mila euro eta zero zentimo (166.000,00 euro), diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari igorri beharko zaio dagokion txosten tekniko-finantzarioa.

Gainerako % 10a, hau da, berrogeita bat mila bostehun euro eta zero zentimo (41.500,00), diru-laguntzaren % 100 justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa bidali beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara sei hilabetetik gorakoa ez den epean, hitzarmena amaitzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandakoekin, betiere horren ondorioz gain-finantzaketarik sortzen ez bada. Gain-finantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.

Erantsitako aurrekontu bananduan ezarritakoak izango dira diruz lagundutako partidak.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.

Koordinakundeak 3035 0080 9208 0007 0355 banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Ordainketa bakoitzean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak transferitutako diru-kopurua berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.

Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, agentziaren zuzendariak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.

Koordinakundeko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan lehenengo egikaritzapen-urtearen bukaeran edota 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta beste behin, proiektua amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira alderdietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.

4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.

Iraunaldia bete duelako azkenduko da hitzarmen hau, eta, horrez gain, honako arrazoi hauengatik ere bai:

a) Hitzarmenaren sinatzaileak ados jarri direlako.

b) Jarduerak egitea edo jardunekin jarraitzea beharrezkoa ez izatea edo ezinezkoa izatea eragiten duten zirkunstantziak badaude.

c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Hasitako jardunei dagokienez, aldez aurretik amaitzen badira, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere egikaritutakoa erabilgarria bada.

Alderdiek beren gain hartutako betebeharrak betetzen ez badituzte bete ez duen alderdiari jakinaraziko zaio eta 15 egutegi-eguneko epea emango zaio ez-betetzea zuzentzeko.

Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Koordinakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko ahalko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena izenpetzen den egunean hasi eta 2016ko abenduaren 31n amaituko da.

Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

GGKE Elkartea Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen presidentea,

ANA MARÍA ARRIOLA PALOMARES.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 14KO 38/2015 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ZARATAMOKO UDALAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKOA, HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZA ETA NORMALIZAZIOAREN ARLOAN
Parte hartzen dute:

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, Jon Ajuria Fisure jaunak, Zaratamoko Udaleko Alkatea eta ordezkari gisa.

Adierazi dute:

I.– 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.– 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.– Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz».

IV.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

V.– Zaratamoko Udalak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

VI.– Hori guztia ikusita, Zaratamoko Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Zaratamoko Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Zaratamoko Udalak beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bigarrena.– Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

– Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

– Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.

– Terminologia juridiko-administratiboa.

– Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA 4.HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Zaratamoko Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006eko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bosgarrena.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

Seigarrena.– Zaratamoko Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

Zazpigarrena.– 1.– Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

2.– Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. Kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

3.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Zortzigarrena.– Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

Zaratamoko Udalak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

Zaratamoko Udalak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Bederatzigarrena.– Zaratamoko Udalak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Zaratamoko Udalaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.

Zaratamoko Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Zaratamoko Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzan.

Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

KLAUSULA OROKORRAK

Hamargarrena.– Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2015ko uztailaren 27an.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik,

MAITE IRURETAGOIENA IBARGUREN.

Zaratamoko Udalaren aldetik,

JON AJURIA FISURE

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 14KO 38/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, OGASUN ETA HERRI ADMINISTRAZIO MINISTERIOAREKIN, KONTRATAZIO-PLATAFORMEN ELKARRERAGINGARRITASUNARI BURUZKOA

Madrilen, 2015eko uztailaren 21ean.

ELKARTU DIRA

Batetik, Ogasun eta Herri Administrazioetako idazkariorde Pilar Platero Sanz andrea, abenduaren 23ko 1853/2011 Errege Dekretuak izendatua eta Hitzarmen hau sinatzeko eskumena duena eskumenak Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko organoei eskuordetzeko ekainaren 14ko HAP/1335/2012 Aginduaren 6. artikuluak eskuordetutako eskumenei jarraiki.

Bestetik, Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantzetako sailburua, lehendakariaren abenduaren 15eko 25/2012 Dekretuak (243. EHAA, abenduaren 17koa) kargu horretarako izendatua, eta Hitzarmen hau sinatzeko eskumena duena Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015ko apirilaren 14an emandako Erabakian jasotako baimenari jarraiki.

ADIERAZI DUTE

Azaroaren 14ko 3/2011 Errege Lege Dekretuak onartutako Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren lehen artikuluak ezartzen du sektore publikoaren kontratazioa arautu behar duela, lizitazioetan sartzeko askatasunaren, publikotasunaren, prozeduren gardentasunaren eta hautagaien arteko diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioetara egokitzen dela bermatzeko, lehia askea zaintzeko eta ekonomikoki onuragarriena den eskaintza hautatzeko helburuarekin.

Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren aplikazio-eremua bigarren artikuluan zehaztu da, eta horren arabera, hirugarren artikuluaren arabera sektore publikoak diren erakundeetako batek egindako kostu bidezko kontratuak dira sektore publikoaren kontratuak, edonolakoak izanik ere.

Jarraian, bigarren artikuluaren hirugarren idatzi-zatiak zera dio, testu bategina autonomia-erkidegoek eta haien lurraldeko toki-erakunde edo mendeko erakundeek egiten dituzten kontratuei aplikatzeko, azken xedapenen arteko bigarrenean aurreikusitakoa hartuko dela aintzat.

Azken xedapenen arteko bigarren xedapen horretan jasotzen denez, oro har testu bategina oinarrizko legeria da, Konstituzioaren 149.1 artikuluaren babesean emandakoa, eta horrenbestez administrazio publiko guztiei eta haien mendeko erakunde eta entitate guztiei aplikatu behar zaie, artikulu jakin batzuk izan ezik, azken horiek ez baitira oinarrizko legeriatzat jotzen.

Lankidetza Hitzarmen honek Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko jardunak koordinatzea du xedetzat, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren eremu zehatzean.

Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma erabili eta zabaldu nahi dugu, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 334. artikuluan jasotakoari jarraiki, edozein kontratazio-organoren kontratatzaile-profilen euskarri gisa, edozein Administrazioren mende egonik ere, eta Interneten bitartez lizitazio-deialdien eta haien emaitzen berri emateko eta egiten diren kontratuei dagokienez garrantzitsutzat jotzen diren informazio osagarri guztiak eskaintzeko.

Autonomia-erkidegoetako eta Estatuko plataformen artean datuak elkartrukatzeko aukera, arauzko garapenari dagokionez, merkatu-batasuna bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren bitartez arautu da dagoeneko, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 334. artikulua aldatuz, Estatuaren Plataforma zena Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma izendatuz, eta Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren hirugarren artikuluko lehen idatzi-zatian aipatutako erakunde guztiek nahitaez hura erabili behar dutela ezarriz.

Horrela erraztasunak eman nahi ditugu merkatu-batasuna bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarria betetzeko. Honako hau ezartzen du Lege horrek:

«Azaroaren 14ko 3/2011 Errege Lege Dekretuak onartutako Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 334. artikuluan araututako Estatuko Kontratazio Plataformari Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma esango zaio hemendik aurrera.

Plataforma horretan argitaratuko dira, kontratazio-organoen eskutik zuzenean edo administrazio eta erakunde publikoen informazioa eransteko gailu elektronikoekiko interkonexioaren bitartez, lizitazio-deialdiak eta haien emaitzak, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 3. artikuluko 1. idatzi-zatian jasotako erakunde guztiei dagokienez».

Aldez aurretik adierazitakoa ikusirik, administrazio publikoen arteko harremanetan nagusitu behar den elkarrekiko lankidetzaren esparruan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen azaroaren 26ko 30/1992, Legearen 4. artikuluan ezarritakoa betez, bi alderdietako ordezkariek uste dute beren xedeak betetzeko oso onuragarria izango litzatekeela lankidetza-esparru bat ezartzea kontratazio publikoko gai horien eremuan.

Halaber, Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen 33. artikuluak Administrazio Publikoen arteko lankidetza aurreikusten du, gastu publikoaren arrazionalizazio eta euspenerako.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, Ministerioko sailetako titularrek eta lotutako edo mendeko erakunde publikoetako presidente edo zuzendariek 6. artikuluan jasotako hitzarmenak bideratzeko aukera izango dute, aurrekontu-araudiak ematen dizkien eskumenen barruan eta ezarritako izapideak bete ondoren, besteak beste eta nahitaez eraginpeko Ministerioaren edo Ministerioen txostenen berri emanez.

Gai horri buruzko araudia garatu arte, 1998ko uztailaren 3ko Ministro Kontseiluaren Erabakiak aldatutako 1990eko martxoaren 2ko Ministro Kontseiluaren Erabakian bildutako aurreikuspenak aplikatzekoak direla hartu beharko da aintzat, Hitzarmenen edukiari eta sinatu aurreko onarpenerako prozedurari dagokienez.

Autonomia-erkidegoekin lankidetza-hitzarmenak egiteko eskumenei buruzko 1998ko uztailaren 3ko Ministro Kontseiluaren Erabakiak aldatutako Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza-hitzarmenei buruzko 1990eko martxoaren 2ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren (biak ere BOEn argitaratu ziren, Administrazio Publikoetarako Estatu Idazkaritza desagertuaren Ebazpenetan, 1990eko martxoaren 16an eta 1998ko uztailaren 3an, hurrenez hurren) lehen atalak ezarri zuenez, Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoen artean lankidetza-hitzarmenak sinatzeko Politika Autonomikorako Gobernu Batzorde Delegatuaren aldez aurreko baimena behar da, eta zazpigarren atalaren 3. puntuak garai hartako Lurralde Administrazioetarako estatu-idazkariari behin-behineko baimena ematen dio hitzarmenak ezartzeko baldin eta Administrazio Publikoen Ministerio desagertuaren txostena aldekoa bazen, edota, alderdi formalei buruzko arazoak adierazi ondoren, arazo horiek guztiz konponduta bazeuden, Gobernu Batzorde Delegatuak behin-behineko baimen hori berretsi behar zuelarik bere lehen bilkuran.

Gobernu Batzorde Delegatuak ezartzen dituen abenduaren 30eko 1886/2011 Errege Dekretuak, laugarren xedapen gehigarriko 1. puntuan, Politika Autonomikorako Gobernu Batzorde Delegatu hori bertan behera utzi zuen.

Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen urtarrilaren 27ko 256/2012 Errege Dekretuaren 14.1 c) artikuluak Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren Autonomia Erkidegoekiko eta Tokiko Erakundeekiko Eskumenak Koordinatzeko Zuzendaritza Nagusiari ematen dio Estatuko Administrazio Orokorraren eta Autonomia Erkidegoetako Administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenetako baimena eta erregistroa izapidetzeko eskumena.

Herri Administrazioen Estatu Idazkaritzaren Estatu Abokatutzari kontsulta egin zitzaion lankidetza hitzarmenak baimentzeko prozedura berri bat arautu arte proiektu horiei aldi baterako eman behar zaien tratamenduaren inguruan, eta Estatuko Abokatutza Nagusiari kontsulta egin eta kontsulta hori 2012ko martxoaren 9an eman ondoren, 2012ko martxoaren 15eko txostenean adierazi zuen 1990eko martxoaren 2ko Ministro Kontseiluaren Erabaki hori esanbidez edo isilbidez indargabetzen duen arau bat sortu arte, ezinezkoa dela Erabaki horretan lankidetza-hitzarmenak sinatzeari lotuta (aldez aurreko baimena betetzea eta abar) indargabetuta geratu izana Politika Autonomikorako Gobernuko Batzorde Delegatua bertan behera geratu izanaren ondorioz, Erabaki horretan Estatuko Administrazioko eta Gobernuko organoei buruzko erreferentziak Estatuko Administrazioaren eta Gobernuaren egungo egiturara egokitu beharra alde batera utzita, eta zentzu horretan uste du behin-behineko baimenari eutsi behar zaiola, haren ustez Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren titularraren esku utzi behar dena, eta baimen hori berretsi beharra dagoela, txostenean jasotako arrazoien arabera une honetan Ministroen Kontseiluaren esku utzi behar dena.

2015. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 26ko 36/2014 Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraiki, Hitzarmen hau Aurrekontu eta Gastuetarako Estatu Idazkaritzari igorri zaio nahitaezko txostena eman dezan aurrekontu-egonkortasuneko edo zor publikoko helburua edo autonomia-erkidegoen gastuen araua betetzeari dagokionez, eta irizpena honako data honetan eman da 2015ko ekainaren 1ean.

Azkenik, Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Lankidetzarako Alde biko Batzordearen Erabakiak (195. BOEn argitaratu zen, 2014ko abuztuaren 12an) honako hau dio, hitzez hitz:

e) Merkatu Batasuna Bermatzeko Legearen hirugarren xedapen gehigarriak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman argitaratzea xedatzen du, baina horrek ez du galaraziko lizitazio-deialdien eta haien emaitzen ondorioak indarrean hastea dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratzen direnetik. Zentzu horretan, bi Administrazioek aukera izango dute deialdi horiek eta haien emaitzak Plataforman aldi berean argitaratzea bermatuko duen bitartekoa adosteko aukera.

2015-07-17ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bitartez, Lankidetza Hitzarmen hau sinatzeko behin-behineko baimena berretsi da.

Horren ondorioz, bi Administrazio Publikoek erabaki dute Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua Estatuko Administrazio Orokorraren, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean lankidetza ezartzea da kontratazio publikoaren alorrean, Hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera eta honako jarduera hauek egiteko:

I.– Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma erabiltzea, kontratazio-prozesuei buruz informazioa ekartzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan.

A) Aplikazio-eremu objektiboa.

Hitzarmen honen helburua da, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren koordinazio-eremuan, sektore publikoko erakunde guztien lizitazio-deialdien argitalpena eta emaitzak informazio-sistema berean bateratzea, enpresa eta herritarrek Interneten bitartez informazio hori erraz eskuratzeko aukera izan dezaten.

B) Aplikazio-eremu subjektiboa.

Bi Administrazio Publikoek beren gain hartu dute hitzarmen honetatik eratorritako jardunak abian jartzea, Administrazio bakoitzaren eta haren mendeko erakundeen eskumenen eremuan.

C) Prozedura.

Proposamen hori aurrera eramateko, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoak, bakoitzaren helburuak bete ahal izateko garapen guztiak gauzatuko dituzte, araudiaren, antolamenduaren eta teknikaren alorretan.

Lizitazio-deialdiei eta haien emaitzei buruzko informazioa eranstea, interkonexio-bitartekoen bitartez.

Autonomia Erkidegoak bere mendekoak izaki bere plataforman bilduta dauden kontratazio-organoetako kontratatzailearen profilak mantenduko ditu, eta Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformari emango dio lizitazio-deialdiei eta haien emaitzei dagozkien argitalpen guztien berri, informazioa eransteko interkonexio-bitartekoen bitartez.

Halaber, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformak Euskal Kontratazio Plataformari emango dio lizitazioetan eta gainerako informazioan sartzeko aukera, azken horrek informazio hori erabiltzaileei eskaintzeko aukera izan dezan.

Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoak adostuko dituzte partekatu beharreko datuak, formatuen espezifikazio teknikoak, protokoloak eta informazioa elkartrukatzeko bitartekoak.

Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformak eta Euskal Kontratazio Plataformak herritar eta enpresei lagunduko diete argitaratutako informazio guztiaren bilaketa globala egiteko eta interkonektatutako plataformetako argitalpenetan sartzeko lanetan.

D) Alderdien konpromisoa.

Bi Administrazioek adostu dute zerbitzua honako baldintza hauekin eskainiko dutela:

Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak eta Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformarekin konektatutako Administrazio Publikoek informazioa eransteko adostuko dituzten zehaztapen funtzional eta teknikoen erabilera onartzen dute bi Administrazio Publikoek.

Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak:

a) Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman informazioa eransteko interkonexio-sistemaren hainbat zehaztapen funtzional eta tekniko garatuko ditu, une honetan indarrean dauden elkarreragintasun-bitartekoei eta CODICE kodifikazioari jarraiki.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren sistema informatikoak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformarekin integratzeko euskarri teknikoa eskainiko du, garatutako zehaztapenei jarraiki.

c) Autonomia Erkidegoak jakinarazitako informazioaren osotasuna ziurtatuko du, behin zerbitzua abian jarri ondoren.

d) Zerbitzua 24x7 moduan eskuragarri izateko aukera ziurtatuko du. Zerbitzuko geldialdiak programatzeko aukera izango da lan-ordutegitik kanpo, erabiltzaileei gutxienez 48 ordu lehenago ohartaraziz, tartean justifikatutako arrazoiren bat izan ezean.

e) Euskal Kontratazio Plataformari baimena ematen dio herritar eta enpresei zerbitzu publikoak eskaintzeko informazio horren ustiapenean oinarrituta: harpidetza- eta alerta-zerbitzuak, administratzaileen eta gainerako botere esleitzaileen kontratu-jarduerari buruzko txostenak eta abar.

Euskal Autonomia Erkidegoak:

a) Antolamendu-neurriak hartuko ditu, araudia garatuko du eta beharrezko garapen informatikoei helduko die, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformari bere kontratazio-organoetako kontratatzailearen profilean edo bere plataformetan egiten diren lizitazio-deialdi eta haien emaitzei buruzko argitalpen guztien berri emateko, baita bere plataforman Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren edukiak aurkezteko ere.

b) Bere kontratazio-organoetako kontratatzailearen profilean argitaratutako informazioaren eskuragarritasuna eta irisgarritasuna ziurtatuko du, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren esku jarritako loturen bitartez.

c) Euskal Kontratazio Plataformari baimena ematen dio herritar eta enpresei zerbitzu publikoak eskaintzeko informazio horren ustiapenean oinarrituta: harpidetza- eta alerta-zerbitzuak, administratzaileen eta gainerako botere esleitzaileen kontratu-jarduerari buruzko txostenak eta abar.

E) Lankidetza Hitzarmenaren atal horren kostuak.

Estatuko Administrazio Orokorrak guztiz doan eskainiko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren zerbitzuak.

Estatuko Administrazio orokorrak, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, honako kostu hauek hartuko ditu bere gain, bere giza baliabide eta baliabide teknikoak baliatuz, eta, hala badagokio, bere aurrekontu-kontsignazioen kontura eta dagozkion gastu-espedienteak izapidetu ondoren:

a) Euskal Autonomia Erkidegoak informazioa argitaratzeko aukera eta Euskal Kontratazio Plataformari Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren edukiak bidali edo aurkezteko aukera errazteko beharrezkoak diren egokitzapenetarako garapen informatikoak.

b) Sistemen arteko interkonexio-sistemen zehaztapen funtzional eta teknikoen garapena, beharrezkoa denean.

c) Plataformaren erabilerari lotutako erakunde-erabiltzaileen euskarri-zerbitzua, edo sistemen interkonexioari lotutako euskarri teknikoa.

d) Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezko zerbitzuak eta azpiegitura informatikoa mantentzea.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoak honako kostu hauek hartuko ditu bere gain:

a) Hala badagokio, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformarekiko interkonexiorako bere informazio-sistemetan egin beharreko garapen informatikoak.

b) Interneten bidez edo SARA sarearen bidez Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformarekin konektatzeko beharrezkoak diren komunikazio-zerbitzuak.

Bigarrena.– Argitaratzea.

Behin sinatu ondoren, Lankidetza Hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkarian eta dagozkion Kontratazio Plataformetan ere argitaratu ahal izango da, baita beste edozein komunikabidetan ere.

Lankidetza-hitzarmenari aldaketa bat egiten zaionean edota haren ondorioak bertan behera geratzen direnean ere, aldaketa horiek argitaratu beharko dira. Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpenaren bidez, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da honako klausula honen 4. atalean aipatutako indarraldiaren luzapena.

Hirugarrena.– Indarrean hastea, aldatzea, indarraldia eta amaiera.

1.– Hitzarmen honek sinatzen den uneaz geroztik izango ditu ondorioak, eta 5 urteko iraupena izango du.

2.– Hitzarmen honen xedeak betetzeko erraztasunak emateko, hitzarmena aldatzeko aukera izango da hitzarmenaren indarraldiaren edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek hori adosten badute.

3.– Hitzarmenaren amaiera ezin izango da iragarri indarraldiko urte bat igaro arte. Urtebetea igarotakoan hitzarmen osoaren edo zati batzuen amaiera iragartzeko aukera izango da, eta amaiera iragartzen den egunaz geroztik hiru hilabete igarotzen direnean amaituko da hitzarmena.

Hitzarmenaren amaiera iragartzeak ez ditu alderdiak salbuetsiko hitzarmenaren amaiera-iragarpenaren datara arte hartutako konpromisoak betetzeaz.

4.– Hitzarmenaren indarraldia beste epe baterako luzatuko da, lehen atalean aurreikusitako denbora berean, baldin eta, indarraldia amaitzen den unean, alderdietako batek haren amaiera iragarri ez badu.

5.– Hitzarmen hau honako arrazoi hauetako bat tarteko suntsitu ahal izango da:

a) Bi alderdiak ados jartzen badira.

b) Hartutako konpromisoak betetzeko egiaztatutako edo eratorritako ezintasuna, alderdien borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Laugarrena.– Jarraipen-erakundea edo batzorde mistoa.

1.– Lankidetza Hitzarmen honetan bildutako klausulak ongi betetzen eta kudeatzen direla kontrolatzeko, Batzorde Misto bat eratuko da, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

1) Euskal Kontratazio Plataformaren konexioak eta funtzionamendua egiaztatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Plataformari dagokionez.

2) Hitzarmen hau interpretatu eta betetzean sor litezkeen eztabaidak ebaztea

3) Hitzarmenaren funtzionamendu egokia bermatzeko baliagarri den edozein neurri aztertu eta proposatzea.

2.– Batzordeak lau kide izango ditu, bi Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioa ordezkatuz, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak izendatuak, eta beste bi Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzak izendatuta, eta Administrazio Publiko baten eta bestearen ordezkariak urtean behin txandakatuko dira Batzordearen lehendakaritzan.

3.– Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, edo lehenago kideetako batek eskatzen badu, eta beharrezkotzat jotzen diren aholkulari eta laguntzaile guztiek izango dute Batzordean parte hartzeko aukera.

4.– Batzordearen jardunari kide anitzeko organoen eraketa eta jardunerako arauak aplikatuko zaizkio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraiki.

Bosgarrena.– Konpromisoak.

Sinatzaileek beren gain hartu dute legez aurreikusitako prozedurak izapidetzea, beharrezko erabakiak hartzea eta beharrezko garapen informatikoak ahalik eta zuzentasun handienarekin egitea, Hitzarmen honetan jasotako jardun guztiak aurrera eramateko eta aurreikusitako arau-xedapenak eta Hitzarmen honetan jasotako gainerako jardunak bete-betean garatzeko.

Seigarrena.– Izaera eta interpretazioa.

Lankidetza Hitzarmen hau gauzatzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6 eta 8. artikuluetan ezarritakoaren babesean.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoa betez, Hitzarmen hau administratiboa da, eta haren erregulazioa antolamendu juridiko-administratiboari lotzen zaio. Hitzarmen honen interpretazioak edo betetzeak sortzen dituzten gatazkak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari jakinaraztekoak eta haren eskumenekoak izango dira.

Lankidetza Hitzarmen honek ez ditu azaroaren 14ko Errege Lege Dekretuak onartutako Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren xedapenak bete behar, haren 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera. Alabaina, haren betetze eta interpretaziotik erator litezkeen zalantza eta hutsuneak eskumeneko organoaren eskutik ebatziko dira, arau horretan jasotako printzipioak aplikatuz.

Adierazitako eta adostutako guztiarekin ados daudela berresteko, sinatzaileek, beren eskumenen esparruan, Hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik,

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA JAUNA.

Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko aldetik,

Ogasun eta Herri Administrazioetako idazkariordea,

PILAR PLATERO SANZ ANDREA.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 14KO 38/2015 EBAZPENARENA
ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ETXERIK GABEKO PERTSONEN ARRETARAKO ZENTROEI BURUZKO INKESTA (2014) EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN EGITEKO

Batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jaunak, Estatistikako Institutu Nazionaleko (aurrerantzean, INE) presidenteak, parte hartu du. Gregorio Izquierdo Llanes jaunak erakunde horren izenean eta bere ordezkari gisa jardun du, bat etorrita azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 6. artikuluan eta hamahirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin eta 508/2001 Errege Dekretuak maiatzaren 11n onartu zuen Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuko 5.2.a) artikuluan ezarritakoarekin.

Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak esleitutako eskuduntzak betez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 23ko bilkuran emandako baimena dela bide.

HONAKO HAU AZALDU DUTE:

Estatistikako Institutu Nazionala eta Eustat elkarlanean ari dira estatistika esparruan, eta bi alderdiak daude emaitzekin pozik.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hobeto ezagutu nahi dituzte gizarte-bazterketako prozesuak nahiz etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroen ezaugarriak. Horrenbestez, eta kontuan hartuta Konstituzioko 149.1.31. artikuluaren arabera Estatuak estatu-xedeko estatistiketan eskumen esklusiboa duela eta abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsi zuen Euskal Autonomia Estatutuko 10.37. artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak bere xedeetarako estatistiketan eskumen esklusiboa duela, komenigarria da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa horren gaineko jarduera publikoa koordinatzea, horrela bikoiztasunik ez gertatzeko.

Arestian azaldu diren helburuak Etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei buruzko 2014ko Inkestarekin eta Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideen estatistika izeneko eragiketarekin lortu nahi dira. Etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei buruzko inkesta abenduaren zazpiko 1658/2012 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 2013-2016ko Estatistika Plan Nazionalean jasotzen da, eta Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideen estatistika, berriz, gaur indarrean dagoen urriaren 21eko 4/2010 Legearen bidez onetsitako 2010-2012 Euskal Estatistika Planean.

Lankidetza hitzarmen honen bitartez, eta bertako klausuletan zehazten diren erabakiak oinarritzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa jakin bat egin nahi da; hots, estatistika-plan jakinetan aurreikusi diren helburuak betetzeko informazioa lortu nahi da, baina estatistika-eragiketan bikoiztasunik egin gabe, eta, hartara, baliabide publikoak aurreztuko dira.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen helburua Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea da, erakunde horiek Etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei buruzko inkesta (2014) egin dezaten Euskal Autonomia Erkidegoan.

Inkestaren xedea etxerik gabeko pertsonei ostatua edota janaria doan edo diru-kopuru txiki bat ordainduta edo lanen bat egitearen truke ematen dieten zentroak dira. Inkestaren helburua zentroen ezaugarriak ezagutzea da; besteak beste, eskaintzen diren prestazioak, artatzen den biztanleria, finantzaketa-iturriak, finantza eta giza baliabideak eta kaleko esku-hartzea.

Bigarrena.– Metodologia eta galdetegia.

Euskal Autonomia Erkidegoan etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei buruzko 2014ko inkesta Estatistikako Institutu Nazionalak emandako eta Eustatekin adostutako zehaztapen metodologikoen arabera egingo da, eta hala, estatistikaren emaitzek estatu osorako balio dutela ziurtatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan ikertu beharreko zentroen direktorioa Eustatek eguneratuko du. Direktorioa eguneratu ondoren, Estatistikako Institutu Nazionalak behin betiko direktorioa egingo du, eta hori erakunde biek adostuko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan erabili beharreko galdetegia Estatu osoan erabiliko den berbera izango da edukiari dagokionez, baina Eustatek eranskin propioa gehitu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegorako bereziki interesgarria den informazioa jasotzeko. Galdetegiak bi hizkuntzatan egongo dira idatzita (gaztelania/euskara), eta hitzarmena sinatzen duten bi erakundeen anagramak erantsi beharko dira guztietan.

Hirugarrena.– Inkestaren sustapena.

Eustatek estatistika sustatzeko gutun bat bidaliko die inkestan parte hartu behar duten zentro guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoan inkesta hori zein modutan egingo den azaltzeko. Gutuna gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo da eta bi erakundeetako ordezkariek sinatuko dute, hau da, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistiken Plangintza, Koordinazio eta Hedapenaren zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuko dute.

Laugarrena.– Datuen bilketa, grabazioa eta arazketa.

Eustat arduratuko da galdetegiak Euskal Autonomia Erkidegoan biltzeaz. Bilketa-lana 2015eko lehenengo seihilekoan egin beharko da.

Eustatek bere gain hartuko du galdetegiak biltzeko beharrezko aplikatiboak sortzeko ardura, bai eta galdetegi elebidunak itzultzekoa ere.

Galdetegiak bildu bitartean, Eustatek eskuz eta automatikoki araztuko ditu galdetegiak, ezarritako arau eta zehaztapen metodologikoei jarraikiz.

2015eko ekainaren 15a baino lehenago, Eustatek Estatistikako Institutu Nazionalari bidaliko dio, ustia dezan, azken fitxategi araztua, Estatistikako Institutu Nazionalak aurretiaz ezarritako erregistro-diseinuari egokitua. Epe horretantxe, direktorioari buruzko datuak bildu bitartean gertatutako gorabeheren laburpen bat bidaliko du (altak, bajak, aldaketak).

Estatistikako Institutu Nazionalak detektatutako funsgabetasunen berri emango dio Eustati; ondoren, Eustatek behin betiko fitxategia egiteko beharrezkoak diren erregistroak aldatuko ditu, biek horren gaineko erabakiren bat adostu ostean. Behin betiko fitxategi hori Estatistikako Institutu Nazionalari bidali beharko zaio 2015eko uztailaren 15a baino lehen.

Euskal Autonomia Erkidegoko behin betiko fitxategia, ondorio guztietarako, inkestaren emaitza gisa jasoko da.

Bosgarrena.– Informazioa zabaltzea.

Bai Estatistikako Institutu Nazionalak bai Eustatek, bakoitzak bere helburu eta eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten taulak eta emaitzak argitaratu ahal izango dituzte, betiere klausula honetan ezartzen diren zehaztapenekin.

Estatistikako Institutu Nazionalaren behin betiko fitxategietatik lortutako zabalkundeko produktu guztietan honakoa adierazi behar da: «Iturria: Estatistikako Institutu Nazionala, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) lankidetzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan».

Era berean, Eustaten behin betiko fitxategietatik lortutako zabalkundeko produktu guztietan honakoa adierazi behar da: «Iturria: Eustat, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) lankidetzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan».

Estatistikako Institutu Nazionalak Euskal Autonomia Erkidegoari buruz egiten duen hedapen estandarra gainerako autonomia erkidegoetarako egindako bera izango da; beraz, ez dio jakinaraziko autonomia-erkidegoa baino beherago dagoen maila bati.

Eustatek, Euskal Autonomia Erkidegoaren helburuak eta eskumenak gauzatzeko, autonomia erkidegoarena baino beheragoko mailan dauden estatistika-emaitzak hedatu ahal izango ditu, sekretu estatistikoa errespetatzen badu.

Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko behin betiko emaitzak hitzarmena sinatu duten bi erakundeek batera, adostuta, argitaratuko dituzte, aldez aurretik horretarako ezarri duten egunean. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako eremuan kokatzeko, Estatistikako Institutu Nazionalak Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio Eustati, emaitzak zabaltzeko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.

Seigarrena.– Estatistika-sekretua.

Eustatek eta Estatistikako Institutu Nazionalak bere gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute, baina, horrez gain, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat sortu da. Hona hemen batzordea osatzen duten ordezkariak:

Estatistikako Institutu Nazionalaren ordezkariak:

– Gizarte eta Sektore Estatistiken zuzendariorde nagusia.

– Laginketaren eta Datuen Bilketaren zuzendariorde nagusia.

– Plangintza, Koordinazio eta Estatistika Zabalkundearen Zuzendaritza Nagusiaren ondoko zuzendariorde nagusia.

Eustaten ordezkariak:

– Ekoizpeneko eta azterketa estatistikoko zuzendariordea.

– Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.

– Arlo Juridiko eta Administratiboko arduraduna.

Hitzarmen hau interpretatu edo betetzean sor daitezkeen desadostasunak edo eztabaidak Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu.

Zortzigarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez du kontraprestazio ekonomikorik sortuko.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta hitzarmena luzatzeko aukera.

Hitzarmen honek sinatu eta biharamunetik izango ditu ondorioak eta aurreikusitako lanak amaitu arte egongo da indarrean. Beranduenez, 2015eko abenduaren 31ra arte. Ez da hitzarmenaren luzapenik aurreikusi.

Hamargarrena.– Izaera, erregimen juridiko eta jurisdikzio aplikagarriak.

Hitzarmen administratiboa da, eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginetik kanpo dago, bere 4.1.c artikuluari jarraikiz. Hala bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6. eta 8. artikuluek arautzen dute.

Bestalde, aipatutako 30/1992 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, protokoloa indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auzi eztabaidagarriak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira, hura arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta horrekin guztiarekin ados daudela agertzeko, alderdiek lankidetza-hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte 2015eko urtarrilaren 8an.

Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

Estatistikako Institutu Nazionaleko presidentea,

GREGORIO IZQUIERDO LLANES.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 14KO 38/2015 EBAZPENARENA
ESPARRU-HITZARMENA, VALENTZIAKO UNIBERTSITATEAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA FUNDACIÓ UNIVERSITAT-EMPRESA, ADEIT FUNDAZIOAREN ARTEKOA, KANPOKO PRAKTIKAK EGITEKO

Valentzia, 2015eko ekainaren 3a.

BILDU DIRA:

Esteban Jesús Morcillo Sánchez Valentziako Unibertsitateko errektorea (IFK: Q-4618001-D), Unibertsitatearen izenean, haren estatutuen 94. artikuluaren arabera kargu horrentzat aurreikusitako eginkizunak betetzeko legitimatuta baitago.

Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Segurtasuneko sailburua (helbidea: Donostia kalea, 1, Vitoria–Gasteiz, Araba. IFK: S4833001C), erakunde horren izenean. Segurtasuneko sailburua izendatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuak legitimatzen du horretarako.

Eta Manuel Broseta Dupré jauna, Valentziako Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren lehendakaria, Fundació Universitat-Empresa, ADEIT fundazioaren lehendakari gisa (helbidea: Vírgen de la Paz, 3. IFK: CIF G- 46470738), haren izenean. Fundazioaren estatutuen 12. artikuluak legitimatzen du horretarako

ADIERAZTEN DUTE:

1.– Valentziako Unibertsitateko gobernu-kontseiluak unibertsitateko ikasleek enpresa eta erakundeetan praktikak egiteko araudia onartu zuen 2012ko ekainaren 26an.

2.– Uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak unibertsitateko ikasleen enpresa eta erakundeetako prestakuntza-praktikak arautzen ditu.

3.– Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak izaera ofiziala duten eta estatu osorako diren unibertsitate-tituluen ikasketa-planetarako jarraibide orokor komunak ezartzen ditu, eta ikasleak enpresetan eta erakundeetan egindako praktikak unibertsitate-curriculumean kreditu moduan baloratzeko aukera ematen du.

4.– Valentziako Unibertsitatearen kanpoko praktiken araudiaren arabera, ikasleen kanpoko praktikak antolatu eta kudeatzea Fundació Universitat-Empresa ADEIT fundazioari dagokio, betiere errektorearen edo hark eskuordetzen duen pertsonaren zuzendaritzapean.

5.– Segurtasun Sailari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, herritarren segurtasunaren politikaz arduratzea. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen misioa da babestea herritarrek beren eskubideak eta askatasunak aske baliatzen dituztela, eta herritarren segurtasuna bermatzea, eta, horretarako, elkarbizitza baketsua zaindu behar du eta pertsonak eta haien ondasunak babestu, legeak ezarritakoari jarraituz.

Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzaren Zuzendaritza da polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzeko ardura duen organoa. Eta beste hauek sustatzea ere hari dagokio: polizia-erakundearen eta bere zerbitzuen proiektu eta jarduera-plan orokorrei buruzko azterketak eta proposamenak; horiek eraginkortasunez kudeatzea eta kontrolatzea ahalbidetuko duten sistemak, metodoak eta prozedurak; eta lanbide-teknikak modernizatzea eta hobetzea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartzen du ikasleentzat oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela, prestakuntzaren barruan, prestakuntza-praktikak egitea.

Alde guztiek ere hitzarmen hau sinatzeko ahalmen osoa onartzen diote elkarri, eta, halaxe, klausula hauek adostu dituzte.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez, hezkuntzaren arloko lankidetza-programa ezartzen da, Valentziako Unibertsitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean (Segurtasun Sailaren bidez), Valentziako Unibertsitateko ikasleek praktikak, eta gradu- eta master-amaierako azterlanak egin ditzaten Ertzaintzaren Zuzendaritzan, beren unibertsitate-ikasketak osatzeko.

Hitzarmen honen esparruan, hitzarmen bereziak edo protokolo gehigarriak sinatu ahal izango dira, besteak beste egin beharreko praktika-motak, baldintzak eta ezaugarriak zehazteko.

Praktika bakoitzeko akordio edo eranskin bat sinatuko da; agiri horretan, honakook jasoko dira: ikasleari eta titulazioari buruzko datuak, praktikak non, noiz eta zer epetan egingo den, Valentziako Unibertsitateko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko tutoreen identifikazio-datuak, saila eta praktikak irauten duen bitartean zer jarduera egingo diren.

Bigarrena.– Valentziako Unibertsitateko ikasleek hitzarmen honen babesean egin ditzaketen prestakuntza-praktikak curriculumaren barrukoak nahiz kanpokoak izan daitezke.

Hirugarrena.– Ertzaintzaren Zuzendaritzaren erantzukizuna izango da hartzen dituen ikasleen prestakuntza, egonaldiak irauten duen bitartean, eta ikasle bakoitzarentzat gainera, instruktore bat izendatuko du, ikaslearen tutore-lanak egiteko. Era berean, Valentziako Unibertsitateak ere tutore bat izendatuko du, irakasle ikertzailea, ikaslearen lana gainbegiratzeko eta, bukatutakoan, baloratzeko.

Laugarrena.– Ikasleak programak ezarritako araubidea eta arduraldia errespetatu beharko ditu, eta eginahal guztiak egin beharko ditu agintzen zaizkion atazetan; tutoreekin harremanetan egon beharko du; zorrotz errespetatu beharko du lanbideko sekretua, praktikaldiak irauten duen bitartean egiten duen lanari esker jakiten duen informazioaren gainean; inola ere ez du erabiliko jasotako informazioa publiko egiteko edo hirugarrenei komunikatzeko, eta sinatzen den hitzarmenean jasotako eta praktikaldian egindako lanak ez ditu erabiliko aldeen berariazko baimenik gabe, dagozkion egile-eskubideak gorabehera. Konpromiso horrek praktikaldiak irauten duen bitartean ez ezik, bukatutakoan ere berdin balioko du. Konpromiso hori agiri batean jaso beharko da, eta praktika arautzen duen hitzarmenaren eranskinari erantsiko zaion agiri batean jaso.

Bosgarrena.– Valentziako Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak agiri honetan jasotako betebehar eta konpromisoak soilik hartuko dituzte bere gain, ez besterik. Zehatzago esateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ez dio lan-arloko inolako obligaziorik eragingo, hitzarmenaren bidez ezartzen den harremana ez baita lan-arlokoa.

Praktika egiten dituzten ikasleek ez dute, beraz, inolako lan-harreman edo loturarik izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, eta jarduera horren truke ez dute inolako ordainsaririk jasoko.

Ikasleek eskola-asegurua izango dute, eta, gainera, istripu eta erantzukizun zibilaren aseguru bat, Unibertsitatearen kontura.

Seigarrena.– Praktikak amaitutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ziurtagiri bat egingo die ikasleei, beren prestakuntza zer espezialitatetakoa izan den, zenbat iraun duen eta zer-nolako emaitzak izan dituzten jasoko duena.

Zazpigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ezin izango du inondik inora ikasleak baliatu lanpostuak betetzeko, ez aldi baterako ez bitarteko langile gisa, praktikak egiteko ezarritako epeak irauten duen bitartean.

Zortzigarrena.– Praktika aldeetako edozeinek eten ahal izango du, nahikoa arrazoi badago, eta, halakorik gertatuz gero, idatziz jakinarazi beharko zaio Fundació Universitat-Empresa, ADEIT fundazioari, praktika eten eta gehienez ere hamar eguneko epean.

Bederatzigarrena.– Fundació Universitat-Empresa, ADEIT fundazioak kudeatuko du hitzarmen honen garapena eta hitzarmenaren ondorio diren gainerako jarduketak, kasuan kasuko errektoreordetzak zuzendu eta koordinatuta.

Hamargarrena.– Jarraipen-batzordea sortzea.

1.– Jarraipen-batzorde bat sortuko da. Lau kide izango ditu: Valentziako Unibertsitateak hitzarmenean parte hartzen duten titulazioen arabera izendatuko duen kide bat; Fundació Universitat-Empresa, ADEIT fundazioko beste kide bat, eta Ertzaintzaren Zuzendaritzako bi kide. Hona batzordearen egitekoak:

a) Ikasle bakoitzak praktikak zein zerbitzutan egingo dituen zehaztea.

b) Praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor litezkeen gorabeherak konpontzea.

2.– Hitzarmena sinatzen duten aldeak txandaka izango dira batzordearen buru, txandaka, ikasturte batez; lehenbiziko txanda Fundació Universitat-Empresa, ADEIT fundazioari dagokio.

Hamaikagarrena.– Ikasleen datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari lagako zaizkio; baina hitzarmen honen arabera ikaslearen prestakuntza-praktiken garapenarekin lotutako helburuetarako soil-soilik. Inola ere ezingo izango dira beste ezertarako erabili.

Fundació Universitat-Empresa, ADEIT fundazioak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduan xedatutakoaren arabera lortu eta laga ditu datuak. Lagatzaileak Erregelamendu horrek ezarritako eran tratatuko ditu lagatzekoak diren datu pertsonalak. Gainera, eta arau hori betetzeko, Segurtasun Saila behartuta dago datu horien segurtasuna bermatuko duten arau teknikoak eta antolamendukoak hartzera.

Hamabigarrena.– Praktikak egiteko esparru-hitzarmen hau indarrean egongo da 2014-2015 ikasturte osoan eta, urtero, besterik gabe beste horrenbesterako luzatuko da, epea amaitu baino lehen aldeetako batek bertan behera uzteko nahia adierazi ondoren hitzarmena suntsiarazi ezik. Hitzarmena bertan behera utzi nahi izanez gero, idatziz egingo da eta kasuan kasuko ikasturteko ekainaren 1a baino lehen helarazi beharko zaie beste aldeei.

Hamahirugarrena.– Hitzarmen hau administrazio-mailakoa da, eta, beraz, hura interpretatu eta garatzeko administrazioaren ordenamendu juridikoari egin beharko zaio men.

Hamalaugarrena.– Hitzarmen honetan ezarritakoa betetzeari dagokionez sortzen diren desadostasunak jarraipen-batzordeak ebatziko ditu, hamargarren klausulan aurreikusitako eran.

Eta behar diren ondorioak izan ditzan, hitzarmenaren hiru ale sinatu dituzte aldeek. Hitzarmena paper arruntean inprimatu da, zazpi orritan, eta sinatzailek azken hau sinatu dute, eta beste orrien aurkian zigilua jarri da, adierazitako leku eta egunean.

Valentziako Unibertsitatearen izenean,

ESTEBAN MORCILLO SÁNCHEZ

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean,

ESTEFANIA BELTRAN DE HEREDIA ARRONIZ.

Fundació Universitat-Empresa ADEIT fundazioaren izenean,

MANUEL BROSETA DUPRÉ.

VI. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 14KO 38/2015 EBAZPENARENA
BERARIAZKO LANKIDETZA HITZARMENA, EKONOMIA ETA LEHIAKORTASUN MINISTERIOAREKIN, OSASUNEKO IKERKETA PROIEKTUETARAKO LAGUNTZA DEIALDIAREN EBALUAZIO ZIENTIFIKO TEKNIKOA EGITEKO (EBALUAZIORAKO ETA PROSPEKTIBARAKO ESPAINIAKO AGENTZIAK EGINGO DU AIPATUTAKO EBALUAZIOA)

Madrilen, 2015eko uztailaren 16an.

Batetik, Marina Pilar Villegas Gracia andrea, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren izenean eta ordezkaritzan, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusi gisa (otsailaren 7ko 87/2014 Errege Dekretuaren bidez izendatuta), Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkariak emandako aginpideaz baliatuta, eta eskumenak eskuordetzen dituen 2012ko azaroaren 19ko Ebazpenaren bosgarren paragrafoa, 1 betez.

Bestetik, Guillermo Viñegra García, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren izenean eta ordezkaritzan, Osasuneko sailburuorde gisa, apirilaren 16ko 313/2013 Dekretuaren bidez hala izendatuta (EHAAren 75 zenbakia, apirilaren 19koa), Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko195/2013 Dekretuaren 7.1.b) artikuluak emandako eskumenaz baliatuta.

Bi aldeek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari (aurrerantzean MINECO) dagokio gobernuaren politika proposatzea eta betearaztea sektore guztietako ikerketa zientifikoaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloan, ministerio-sailak berregituratzen dituen abenduaren 21eko 1823/2011 Errege Dekretuaren arabera.

Ebaluaziorako eta Prospektibarako Espainiako Agentzia (ANEP) zuzendariordetza nagusiaren mailako unitate bat da, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritzaren mendeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Idazkaritza Nagusiaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Zuzendaritza Nagusira atxikita, eta I+G+Bko Plan Nazionalaren zein Estatuko Zientzia eta Teknika Ikerketarako Planaren ekintzen aurreko eta osteko ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko ardura du, bai eta politika zientifiko eta teknologikoko bestelako jarduera batzuen gainekoa ere, objektibotasunez eta independentziaz betiere. Hori guztia otsailaren 10eko 345/2012 Errege Dekretua, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duena eta ministerioetako sailen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 30eko 1887/2011 Errege Dekretua aldatzen duena, aintzat hartuta.

Garrantzi eta ospe handiko Espainiako eta nazioarteko ikertzaileek osatutako koordinazio-taldeak ditu ANEP agentziak, bai eta kalitate handiko adituen oinarri handi bat ere, eta Zientzia eta Teknologia Sistema osorako erreferentea eta babesa da horregatik.

Bigarrena.– Apirilaren 9ko 195/2013 Dekretua (EHAAren 74 zenbakia, apirilaren 18koa), Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, betez Osasun Sailari dagokio osasun arloko ikerketa eta berrikuntza planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea, osasun-sisteman ikerketa zein horren emaitzen aplikazioa bultzatzearren. Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien alorrean ikerketa-jarduerak planifikatzea, koordinatzea eta sustatzea, Euskadiko osasun-sistema etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori.

Hirugarrena.– Osasun arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzak deitzen ditu Osasun Sailak, dagokion aginduaren bidez, eta aditu-txostenak behar izan ohi ditu horientzat, proposamenen ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko, deialdiak ebazteko hartu beharreko erabakien lagungarri. Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Zuzendaritza da Deialdi horren sustatzailea, apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 11.1.d) artikuluak esleitzen dizkion funtzioak betez.

Laugarrena.– Osasun Sailak kanpoko ebaluazio-prozesu bat abiarazi du kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzeko eta baliabideak esleitzeko prozesuari oinarri objektiboa ematearren, eta ANEP agentziaren laguntza nahi du horretarako.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hauxe da hitzarmen honen helburua: MINECO ministerioaren (ANEP agentziaren bitartez) eta Osasun Sailaren arteko lankidetza, osasun arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen 2015. urteko deialdian jasotzen diren eskaeren ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko orduan, Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Zuzendaritzak sustatuta.

Langile kualifikatuek egingo dituzte ebaluazio-jarduerak (Espainiako eta nazioartean izena duten atzerriko zientzialariek, teknologoek eta adituek, besteak beste), eta horiekin batera administrazio- eta kudeaketa-lanak egiteko beharrezko langileak ere arituko dira.

Bigarrena.– Jardunak.

1.– Ebaluazio-prozesua ANEP agentziak diseinatuko du, bertan egutegia, prozesuaren faseak, adituen izendapena, ebaluazio-txostenak egitea, jardueren laburpen exekutiboa eta amaierako txostena barne hartuta.

2.– Ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko behar bezalako kalifikazio zientifikoa duten langileak emango ditu ANEP agentziak, betiere osasun arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen 2015eko deialdian ezarritako irizpideen arabera, eta bere ebaluatzaileentzako ordainketak zuzenean kudeatuko ditu.

3.– Hain zuzen ere, ondoko parametro hauek kontuan hartuta egingo da ebaluazio-prozesua:

Aurkeztutako eskabide kopurua.

Txostenak egiteko ANEP agentziak izendatutako aditu kopurua.

Nazioarteko adituen ehunekoa.

Ebaluazioen banaketa, ANEP agentziako arloen arabera.

Ebaluazio-kalifikazioen banaketa, ANEP agentziako arloen arabera.

4.– Dokumentazioa: Osasun Sailak eskabideei dagokien deialdiaren testua emango dio ANEP agentziari ebaluazio-prozesua hasi aurretik. Horrekin batera, ebaluazio-irizpideak ere emango dizkio, baita ebaluatu beharreko eskabideen gutxieneko datuak jasotzen dituen taula bat ere (erreferentzia, eskatzailearen izena eta abizenak, erakundea, proiektuaren izena eta dagokion ANEP agentziaren arloa). Eskabideen dokumentazio guztia ANEP agentziaren aplikazio informatikoan kargatuko du Osasun Sailak, garaiz eta modu egokian. Halaber, aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela egiaztatuko du. Dokumentazio guztia aipatutako aplikazio informatikoan kargatu ondoren hasiko da ANEP agentziaren ebaluazio-epea.

5.– Osasun Sailaren eskumena da ebaluazio horren ondoriozko datuak ustiatzea.

6.– ANEP agentziak betekizun hauek izango ditu:

Osasun Sailak ebaluazio-prozesurako emandako dokumentazioari buruzko konfidentzialtasuna gordetzea. Orobat, konfidentzialtasun bera eskatuko die dokumentaziora jotzen duten aditu guztiei.

Erabilitako informazioa aztertzeko beharrezkoa den edozein balio-judizio egiteko orduan inpartziala izatea, eta alborapen oro saihestea horretan.

Ebaluazio-prozesuan zehar erabilitako informazio konfidentzialetik zuzeneko onurarik ez lortzea.

7.– Hitzarmen honen helburu modura ebaluatu beharreko prozedura ebazten duen deialdiaren behin betiko ebazpena igorriko dio Osasun Sailak ANEP agentziari.

8.– Hitzarmen honen barruan egin beharreko lanak garatzeko orduan topatutako era guztietako zailtasunak garaiz jakinaraziko dizkiote elkarri aldeek; eta gauza bera egingo dute, oro har, haren garapen onari eragin diezaiokeen informazio guztiarekin, beste aldeak egoki irizten dizkion neurriak hartu ahal izan ditzan.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Hitzarmen honetan aipatutako jarduerak gauzatzeko aurrekontua 40.850 eurokoa izango da gehienez –200 eskabide asko jota–; horren barruan aldi baterako ebaluatzaileei eta laguntzaileei egin beharreko ordainketa dago jasota, bai eta horien lokomozio-, ostatu- eta dieta-gastuak ere, honako kuantifikazio-irizpide hauen arabera:

a) Aldi baterako laguntzaileei ordaindutako zenbatekoak, bai eta kanpoko ebaluatzaileen laguntzen eta txostenenak ere, Aurrekontu eta Gastuen Estatu Idazkariaren 2013ko abenduaren 5eko Ebazpena beteko du; aipatutako ebazpenaren bidez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 19. artikuluan aipatutako organoetako espezialista eta adituei, laguntzen kontzeptuan, ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoak baimentzen dira.

b) Batzordea egiten den tokitik kanpo bizi diren ebaluatzaileen dieten zenbatekoa honela likidatuko da:

– Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuko langileen 2 zenbakidun taldearentzat ezarritakoa izango da mantenuaren zenbatekoa.

– Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuko langileen 2 zenbakidun taldearentzat ezarritakoa izango da ostatuaren zenbatekoa, edo bestela, 2 zenbakidun taldearentzat garai jakin batzuetan eta/edo Espainiako hiri jakin batzuetan ezarritakoa.

Estatuko Administrazio Orokorreko lanpostuak betetzen ez dituzten laguntzaile edo adituentzat b) paragrafo honetan finkatutako irizpideak aplikatu ahal izateko, baina, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak xedatutako eskakizunak bete beharko dituzte.

c) Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren arabera likidatuko dira egindako bidaien lokomozio-gastuak.

2.– Lehen klausulan aipatutako administrazio- eta kudeaketa-lanak ANEP agentziako langileen kontura joango dira, eta ez dute gastua handitzea ekarriko horrelakoek.

3.– Aurreko 1. puntuan adierazitako aurrekontua Osasun Sailaren kontura izango da, 2015. urteko gastuen aurrekontutik (15.0.1.08.14.0000.1.238.99.41141.002/P aurrekontu-aplikazioa), eta Altxor Publikoan sartuko da, behin 069 modeloaren ordainketa gutuna igorri ostean, hitzarmena aipatuz, ordainketa-egutegi honekin: ebaluaziorako azken txostenak entregatzean.

Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Lankidetza-hitzarmen hau bi aldeek sinatzeko egunean jarriko da indarrean, eta beren gain hartutako betebeharrak hitzartutakoaren arabera bete arte iraungo du, edo, nolanahi ere, 2015eko abenduaren 31ra arte.

Bosgarrena.– Hitzarmena baliogabetzea.

Hitzarmena iraungi egingo da, bere indarraldia amaitzeaz gain, bestelako arrazoi hauengatik ere:

a) Hitzarmenaren sinatzaileek elkarrekin adostuta.

b) Jarduerak egitea edo jarraitzea ezinezkoa dela edo beharrezkoa ez dela iritziz gero.

c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Aldez aurretik iraungitzen bada, bidean dauden jarduerei dagokienez, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere gauzatutakoa baliagarria izanez gero.

Aldeek beren gain hartutako betebeharren gaineko urraketa egin duen aldeari jakinaraziko zaio, eta 15 egun naturaleko epea emango zaio ez-betetze hori zuzen dezan.

Seigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.

Jarraipena eta kontrola egiteko batzorde bat ezarri ahal izango da, Osasun Sailaren bi ordezkarik (Osasuneko sailburuak izendatuta) eta ANEP agentziaren bi ordezkarik (Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusiak izendatuta) osatuta. Aipatutako batzordeak, besteak beste, programen ebaluazio zientifiko-teknikoa koordinatuko du, ebaluazioarekin lotuta sortzen diren gatazkak ebatziko ditu, eta bermatuko du, halaber, hitzarmena behar bezala gauzatzen dela administrazio-ikuspegitik.

Batzordea sortzeko akordioan zehaztuko da batzordearen presidentetza eta idazkaritza nori dagozkion.

Bere eraketari, funtzionamenduari eta akordioak hartzeari dagokienez, 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan kide anitzeko organoentzat jasotako indarreko araudia bete beharko du batzordeak.

Hitzarmena jarraitzeko batzordea eratzeak ez du gastua handitzea ekarriko.

Zazpigarrena.– Araubide juridikoa eta gatazken konponbidea.

Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko Legegintzako 3/2011 Errege Dekretuari dagokionez, hitzarmenaren edukia ez da sartzen horren aplikazio-eremuan eta bere ezaugarrien eta baldintzen arabera zuzenduko da.

Hitzarmen honen interpretazioak eta gauzatzeak ekar litzakeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegien eta epaitegien esku jarriko dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, Estatuari eta herri-erakundeei laguntza juridikoa emateari buruzko azaroaren 27ko 52/1997 Legean xedatutakoa hartu beharko da kontuan, baita uztailaren 25eko 997/2003 Dekretua, Estatuko Zerbitzu Juridikoaren Erregelamendua onartu zuena, ere.

Zortzigarrena.– Hitzarmena Estatuko Abokatuak 2013ko abenduaren 16an onartutako hitzarmen-ereduan dago oinarritua.

Aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, hasieran aipatutako toki eta egunean izenpetzen dute hitzarmen hau, ale bikoitzean.

Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusia,

MARINA PILAR VILLEGAS GRACIA.

Osasuneko sailburuordea,

GUILLERMO VIÑEGRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala