Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2015eko irailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4001

EBAZPENA, 2015eko irailaren 16koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2015. urterako euskal lankideentzako laguntzen deialdia egiten duena.

Ebazpen honen bidez, bete egiten dira, 2015. urterako, Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoaren pentzutan borondatezko euskal lankideei laguntzak ematea arautzen duen maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretuan jasota dauden aurreikuspenak (2005/06/03ko EHAA, 104. zk.), gaur egungo idazketa aintzat hartuta, dekretu hauen bidez eginiko aldaketen ostean: 2/2006 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa (2006-01-17ko EHAA, 11. zk.) eta 264/2006 Dekretua, abenduaren 26koa (2007-01-09ko EHAA, 6. zk.). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.

124/2005 Dekretuak arautu egiten ditu pobreziaren aurka lan egiten duten tokiko erakundeak eta entitateak sendotzeko xedearekin parte hartzen duten euskal lankideentzako laguntzak, ezarritako betekizunak betetzen dituzten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei edo bestelako erakundeei diru-laguntzak emanez.

Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, eta bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egin behar du diru-laguntzen deialdi hau. Deialdiaren ebazpenean adierazi beharko dira deialdiaren xedea, zuzkiduraren zenbateko osoa eta laguntzen gehienezko kopurua, bai eta eskabideak aurkezteko lekua, epea eta eskabide-eredua ere.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikuluan.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2015eko maiatzaren 6an egindako bilkuran.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da euskal lankideentzako laguntzen deialdia egitea 2015. urterako.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Euskal lankideentzako laguntzetarako diru-zuzkiduraren zenbateko osoa 200.000 eurokoa izango da.

3. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa urteko 18.000 euro bitartekoa izango da, hautagai bakoitzeko, gutxienez urtebetez, eta gehienez bi urtez.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Laguntza-eskabidea aurrez aurre aurkez daiteke Herritarrei Laguntzeko Bulegoan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatu baten bidez, haren atal guztiak behar bezala beteta, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako ereduen arabera.

3.– Eskabideak aurkez daitezke, baita ere, honako webgune hauen bitartez: www.elankidetza.euskadi.net Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunea, eta www.euskadi.net Eusko Jaurlaritzaren webgunea.

4.– Eskabideak, I. eta II. eranskinetan jasotako ereduen arabera beteta, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara helarazi beharko dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia.

Nafarroa kalea 2

01007 Vitoria-Gasteiz

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea. Hartarako, laguntza-eskabideen gaineko balorazioa eta azterketa teknikoa egingo ditu Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta, bestalde, proposamena helaraziko dio hurrengo artikuluak aipatzen duen Balorazio Batzordeari. Eta hartarako batzarturik, batzorde horrek proposamena egingo dio organo eskudunari, hain justu ere laguntzak esleitzeari buruzko proposamena.

6. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Honako pertsona hauek osatzen dute Balorazio Batzordea, aurreko artikuluan aipatzen dena:

– Lehendakaria: Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Kidea: Nicolás Basarrate Hormaechea jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

– Kidea: Amaia Etxabarri Saiz andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Administrazio Orokorreko teknikaria.

– Idazkaria: Ana Isabel Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.

7. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan berariaz xedatuta ez dagoen ororako, honako hiru hauetan jasotako xedapenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoaren pentzutan borondatezko euskal lankideei laguntzak ematea arautzen duen maiatzaren 31ko 124/2005 Dekretua.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala