Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2015eko irailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3845

AGINDUA, 2015eko uztailaren 30ekoa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahaiaren jarduera-esparrua handitzen duena.

Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2015eko martxoaren 2ko Aginduaren bidez, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahaia arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan aurreikusitako esparruan dagozkion egitekoak betetzeko, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-organo autonomoaren espedienteei buruz.

Azaroaren 27ko 4/2014 Legearen bidez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortu zen, izaera administratiboko organismo autonomo gisa. Institutua memoriari eta bizikidetzari buruzko politika publikoa bultzatzeko ardura eta eginkizunak esleituak dituen Administrazio orokorreko sailari atxikitzen zaio (gaur egun Lehendakaritza da), honako hauetan ezarritakoaren arabera: 20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 187/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena.

Aipatutako legearen lehen xedapen gehigarriak ezartzen duenez, Institutuak gehienez ere sei hilabeteko epean hasiko ditu jarduerak, legea indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita. Horrenbestez, beharrezkotzat jo da Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahaia aldatzea, horren jarduera-esparrua Institutuari buruzko espedienteetara handitzeko.

Azaldutako guztiagatik, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 4. artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa dela bide, Lehendakaritzako idazkari nagusiak proposatuta eta Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak txostena egin ostean,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahaia arautzen duen Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2015eko martxoaren 2ko Aginduaren artikulu bakarraren 1. paragrafoa, eta honela idatzita geratuko da:

«1.– Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahaia sortzen da, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan aurreikusitako esparruan dagozkion egitekoak betetzeko, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua administrazio-organo autonomoen espedienteei buruz.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 30a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala