Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2015eko irailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3802

AGINDUA, 2015eko apirilaren 16koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Urbegi fundazioaren estatutuetako 3. artikuluan egindako aldaketa onartu eta inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen, 2015eko otsailaren 26an, Urbegi fundazioaren estatutuen 3. artikuluaren aldaketa (helburuak) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen zuena.

Eskabidearekin batera, erabakiak publiko egiteko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2015eko otsailaren 25ean egiletsi zen Balmasedako notario Igone Aretxaga Gonzalezen aurrean (protokolo-zenbakia: 77).

Eskritura publiko horretan sartu zen Jon Mirena Ibiricu Salcedok –fundazioko patronatuko idazkari gisa, eta presidentearen oniritzia izanik– 2015eko otsailaren 17an Balmasedan emandako ziurtagiria, patronatuak 2015eko otsailaren 2an egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen 3. artikulua (helburuak) aldatzea.

Eskrituraren zati nagusian, aldatutako artikuluen berridazketa jasotzen da, osorik, bai eta fundazio-estatutuetako testu berri osoa ere.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala xedatuta dago hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.

Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutu-aldaketa.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2015eko apirilaren 15eko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtzioen jardunean eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan xedatutakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatutako dekretuaren 33.1 artikuluarekin.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urbegi fundazioaren estatutuetako 3. artikuluaren aldaketa onartzea (helburuak).

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan xedatutakoarekin bat etorrita. Eskritura horretan jasotzen da estatutuen aldaketa, 2015eko otsailaren 25ean Urbegi fundazioak egiletsia, Balmasedako notario Igone Aretxaga Gonzalezen aurrean (protokolo-zenbakia: 77).

Estatutuen 3. artikulua (helburuak) aldatzearen ondorioz, hauek dira eguneratutako helburuak:

«3. artikulua.– Fundazioaren helburuak.

Urbegi fundazioaren helburua da: enplegua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonak sustatzea eta lan-munduan txertatzea lortzea, norberaren zein inoren kontura.

Helburu zabal horren barruan, honako jarduera garrantzitsu eta berehalako hauek egingo ditu:

1) Lanbide-orientazioa, lan-mundurako eta enplegurako sarrera, gizartean baztertuta dauden edo desabantailarik duten taldeetako pertsonentzat.

2) Lehen aipatutako pertsona horien prestakuntza, trebetasun sozial eta laboralak, oinarrizko prestakuntza, lan-kualifikazioa eta merkatuko jakintzak eskura ditzaten, enplegagarritasun-egoera hobetzeko.

3) Desgaitasun intelektual arina edo mugako adimena duten pertsonei zerbitzu okupazionalak eta laboralak ematea:

– Atazen ikaskuntza.

– Lanbide-kualifikaziorako programak.

– Lan-orientazioa eta -txertatzea, enpresetan edo fundazioan bertan.

4) Aholkularitza-lanak egitea, 50 langile baino gehiagoko enpresetarako, Desgaituak Integratzeko Legea betetzeko xedeaz.

5) Enpresa-ekintzailetza sustatzea, laguntza-, aholkularitza-, lankidetza- eta orientazio-jardueran bitartez, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako enplegua sortzen duten enpresa berriak zabal ditzaten.»

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 16a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala