Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2015eko irailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3798

1/2015 FORU DEKRETU-ARAUA, ekainaren 30ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztekoa.

2014ko azaroaren 17ko 13/2014 Foru Arauak, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun neurriak Gipuzkoako Lurralde Historikoan aplikatzeko foru berezitasunari buruzkoak, 5.1 artikuluan ezartzen duenez, asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrak onartzeko urteroko foru arauan zehaztuko dira.

Aurreikuspen horren zuzenbide oinarria Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian, «euskal foru araubideari» buruzkoan, aurkitzen da: bere 11. atalean, hain zuzen. Izan ere, atal horretan foru erakunde eta organoei esleitzen zaie lege bereko 75 bis artikuluak Estatuari gordetzen dion ahalmena, aipatu mugak zehaztekoa: jada erabili duena, Estatuaren 2014. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzeko 2013ko abenduaren 23ko 22/2013 Legean laurogeita hamargarren xedapen gehigarria sartuta.

Hala ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2015. urterako Aurrekontu Orokorrak ez onartzeak eta, horren ondorioz, luzatutako aurrekontua izateak, bere lurraldeko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehazteko aurreikusitako arau tresnarik gabe utzi dituzte gure foru erakunde eta organoak.

Edonola ere, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko 2013ko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak –gai honetan arauketa berria ezarri duenak– hamargarren xedapen iragankorrean 2015eko uztailaren 1era geroratzen du 75 bis artikuluaren aplikazioa aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko helburuak, xedapen horretan bertan aipatzen direnak, betetzen dituzten toki entitateentzat.

Aldi baterako epe hori gainditu ostean, eta segurtasun juridikoaren printzipioak eskatuta, 2015eko uztailaren 1etik aurrera korporazioetako kideen ordainsariak finkatzeko oinarri gisa erabiltzeko arau tresna eman behar zaie gure toki entitateei.

Horri dagokionez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 14. artikuluak behin-behineko arau xedapenak, foru dekretu-arauak izango direnak, onartzeko ahalmena ematen dio Diputatuen Kontseiluari, behar larri eta apartekoak daudenean: bere eskumen esklusiboen esparruan eta, beti ere, foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari eragin gabe.

Horrenbestez, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.

1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:

(Ikus .PDF)

2.– Lurralde Historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 90.000 euro izango da; eta muga hori eguneratuko da Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den moduan.

3.– Dedikazio partzialei aplikatu beharreko gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: 1. atalean aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio-ehunekoa aplikatuta.

4.– Aurreko 1. atalean ezarritako mugak eguneratuko dira erreferentzia gisa erabilitako Eusko Jaurlaritzako karguen ordainsariak eguneratzen diren moduan.

AMAIERAKO XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau 2015eko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Donostia, 2015eko ekainaren 30a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatua,

IMANOL LASA ZEBERIO.


Azterketa dokumentala