Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2015eko abuztuaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3513

35/2015, EBAZPENA, uztailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzea xedatzen baita Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki bat, Debako kirol-portuko tasen bilketaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren gomendio uztea baimentzekoa.

Gobernu Kontseiluak, uztailaren 27an egindako bilkuran, erabaki zuen baimena ematea Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren gomendio uzteko Debako kirol-portuko tasen bilketaren kudeaketa, eta erabaki horri behar den zabalkundea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Debako kirol-portuko tasen bilketaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren gomendio uztea baimentzeko erabakia. Ebazpen honen eranskinean dago erabaki hori.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 29KO 35/2015 EBAZPENARENA.
GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENA EMATEN BAITA EUSKADIKO KIROL PORTUA, S.A.REN GOMENDIO UZTEKO DEBAKO KIROL-PORTUKO TASEN BILKETAREN KUDEAKETA.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.32 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Estatutua), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa dauka portuen arloan, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoa.

Maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak EAEri eskualdatu zion Euskal Autonomia Erkidegoan dauden portuen kudeaketa, Pasaiako eta Bilboko portuena izan ezik, interes orokorrekotzat hartzen baitira.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10. artikuluan ezartzen denez, turismoa eta kirola eta aisia eta olgeta EAEren eskumen esklusiboak dira.

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa dauka Euskadiko kirol-portuen alorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko Lehendakariaren 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen denez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari esleitzen zaizkio portuen eta itsas gaien gaineko eginkizunak eta jarduera-esparruak, eta, era berean, sail horri atxikitzen zaio Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoa.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari aitortzen zaio indarreko araudian aurreikusitako portu zerbitzuak emateko eginkizuna, antolamendu juridikoan araututako kudeaketaren bitartez.

Bestalde, borondatezko aldian tasen bilketa kudeatzea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokio, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40.2 artikuluan eta irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategineko 18. artikuluan.

Era berean, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietatea sortu zen Euskadiko kirol-portuetan zerbitzu publikoa modu tekniko deszentralizatuan eskaintzeko asmoz. Sozietatea sortzeko ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuan azaltzen denez, «kirol portuak eta atxikitako instalazioak planifikatu, sustatu, garatu eta ustiatzeko» sortu zen sozietatea.

Euskadiko Kirol Portua S.A. sozietatea, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide propio bat edo zerbitzu tekniko bat da, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Beste alde batetik, tasen bilketaren kudeaketa erakunde publikoei zein pribatuei esleitu ahal izango zaie, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40.4 artikuluan aurreikusitako araubideari jarraituz. Kudeaketa hori esleitzeko, artikulu horrekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da eta EHAAn argitaratu beharko da.

Gobernu Kontseiluren erabaki bidez, baimena eman zen Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren gomendio uzteko Hondarribi, Orio, Donostia, Getaria, Bermeo eta Mutrikuko kirol-portuetako tasen bilketaren kudeaketa.

Sail hau Debako kirol-portuaren zerbitzuaren kudeaketa Euskadiko Portua, S.A.ren esku uztea izapidetzen ari denez, eta interes publikoak eraginkortasun handiagoz babesteko asmoz eta, gainera, arrazoi tekniko eta materialei jarraikiz hala egin behar dela iritzita, sozietate horren gomendio utziko da aipatutako portuaren tasak biltzeko kudeaketa, haren gomendio utzitako gainerako portuen kudeaketarekin egin zen moduan.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Baimena ematea Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren gomendio uzteko Debako kirol-portuko tasen bilketaren kudeaketa, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40. artikuluarekin bat etorriz, eta erabaki honen eranskinean jasotzen diren baldintzen arabera.

Bigarrena.– Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Zerbitzu zuzendariaren ebazpen bidez, arlo bakoitzean eskumena duten zerbitzuek txostena egin ondoren, eta erabaki honetan jasotako baldintzen arabera, gomendioaren gaineko aldiak, epeak edo kudeaketa materialari lotutako beste alderdi batzuk zehaztuko dira, hain zuzen ere administrazio-organo eskudunek eskatutako informazio administratiboaren, ekonomikoaren eta zerga eta kontabilitate arloko informazioaren transmisio egokia egiteko.

Hirugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzak aginduko du erabaki hau eta eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 40. artikuluan adierazitako moduan.

ERABAKIAREN ERANSKINA

Debako kirol-portuaren tasen bilketa Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren esku uzteko kudeaketa-gomendioaren araubidea.

Lehenengoa.– Xedea.

Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren gomendio uzten da Debako kirol-portuko tasen bilketaren kudeaketa.

Gomendioak barne hartuko ditu borondatezko aldiko bilketaren honako kudeaketa hauek: T-5 («kirol eta aisialdirako ontzien zerbitzua»); T-8 («energia-produktuen hornidura»), eta T-9 («askotariko zerbitzuak»).

Tarifa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan ematen diren zerbitzu orokor eta bereziengatik ordaindu beharreko tasan daude sartuta. Tasa hori irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategineko 192. artikulutik 197.era arteko artikuluetan dago araututa.

Bigarrena.– Araubide juridikoa.

Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoari agindutako bilketa-jarduerak honako xedapen hauen arabera arautuko dira.

Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

Zergei buruzko 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua, abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuaren bidez onartua.

1998ko uztailaren 23ko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasak likidatzeko oinarrizko ereduak eta prezio publikoen ordainagiriak onartzen dituena.

Eta, orokorrean, diru-bilketaren kudeaketaren alorrean aplikatzekoa den indarreko araudia.

Gomendio honetan ezarritakoa.

Hirugarrena.– Egin beharrekoak.

1.– Euskadiko Kirol Portua, S.A.ri eginkizun hauek dagozkio:

Debako portuan amarratze baimenak prestatzea, portu-tasak ezartzea eragiten baitituzte.

Lehenengo klausulan jasotako portu-tasei dagozkien likidazioak prestatzea, baita, hala badagokio, igoerak, hobariak, murrizteak eta salbuespenak aplikatzea ere, eta, horretarako, zerga-kuota zehazteko behar diren zerga-kudeaketarako jarduketa guztiak egitea.

Portu-tasen eta, hala badagokio, sortutako interesen bilketa egitea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren izenean.

Tasen subjektu pasiboek, agindutako jarduerekin lotuta, aurkeztutako dokumentazioa hartzea eta izapidetzea (esate baterako, zatikatzeko eta geroratzeko eskabideak, erreklamazioak eta errekurtsoak), bai eta ebazpen-proposamenak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera bidaltzea ere.

Tasen subjektu pasiboei Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko administrazio-organo eskudunen egintza eta erabakien berri ematea, aurreko puntuetan adierazitako zergen arloko jarduketei buruz.

Sarrera egiteko epeak eta borondatezko epea amaituta, ez bada zerga-zorra ordaindu, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoak horren berri emango dio Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, zerga-bilketako prozedurarekin jarraitu ahal izateko datuekin batera, horrela betearazpen bidea has dadin.

2.– Orokorrean, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietateari gomendioa egiten zaio aurretik adierazitako jarduketa guztien eta portu-tasen kudeaketaren ondorioz sor daitezkeen jarduketa guztien kudeaketa egiteko.

3.– Jarduketa horien gaineko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku egoten jarraituko du, eta administrazio horrek arlo horretako egintza juridikoak emango ditu.

Laugarrena.– Euskadiko Kirol Portua, S.A.k bete beharreko formalitateak.

1.– Agindutako tarifetatik bildutakoaren fakturazioei buruzko eguneko liburu bat egingo du, eta, han, aplikatutako kuotak eta tarifak zehaztuko ditu, bai eta igoerak, hobariak, murrizteak eta salbuespenak ere, subjektu pasiboak identifikatuta.

2.– Hilero laburpen bat egingo du, eta, han, jasoko ditu sozietateak eskainitako zerbitzuak, BEZa daukatenak, honela zehaztuta: portua, lurralde historikoa, zerga-oinarria, balio erantsiaren gaineko zergaren tasa eta kuota.

3.– Aldian-aldian (ezartzen den aldizkakotasunarekin), egindako kudeaketa-, likidazio- eta bilketa-jarduketen gaineko azalpen-txosten bat egingo du.

4.– Kudeaketa-gomendioa betetzean zehatz bete beharko da Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa. Ildo horretatik, Euskadiko Kirol Portua, S.A.k behar diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak hartuko ditu datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datuok aldatzea, galtzea, tratatzea edo horietan baimenik gabe sartzea galarazteko.

5.– Euskadiko Kirol Portua, S.A.k modu autonomoan antolatuko ditu zerbitzua eskaintzean kudeaketa eraginkorra bermatzeko behar diren baliabide material eta pertsonalak.

Bosgarrena.– Konpentsazioa.

Euskadiko Kirol Portua, S.A.k, bilketa kudeatzeko gomendioa betetzeagatik, T-5, T-8 eta T-9 tarifetatik bildutakoaren ehuneko 10 jasoko du, tarifa horiei dagokien balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduta.

Horretarako, Euskadiko Kirol Portua, S.A.k dagokion aldian lortutako bilketari dagozkion fakturak emango ditu.

Seigarrena.– Funtsen likidazioak aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.

Euskadiko Kirol Portua, S.A.k, aldian-aldian, tasetatik bildutako zenbatekoen likidazioa egingo du, eta, horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren eskubideetarako ezarritako kontabilizazioa tramitatzeko prozeduraren arabera dagokion dokumentazioa aurkeztuko du, tarifa horiek eta geroratze edo zatikatzeen interesek jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zergaren kuoten zenbatekoa barne, inolako zenbatekorik deskontatu gabe, behar ez diren sarreren itzulketak izan ezik, hala dagokionean.

Likidazioarekin batera, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietateak bilketako mugimenduen xehetasuna bidaliko du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera.

Zazpigarrena.– Gomendioaren indarraldia.

Agindu hau indarrean izango da sinatzen den egunaren biharamunetik 2015eko abenduaren 31ra arte, eta sortutako zergapeko egitateetarako, 2015eko martxoaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Epe hori bukatzean berez luzatutzat joko da urtebeteko ondoz ondoko aldietarako, salbu eta arauetan oinarriekin bat ez datorren aldaketarik balego.


Azterketa dokumentala