Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2015eko abuztuaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3408

152/2015 DEKRETUA, uztailaren 27koa, Orubide, S.A. sozietate publikoa sortzen duena.

Orubide, S.A. sozietatea izaera pribatuko erakundea da juridikoki. Kapitalaren ehuneko 50, sortu zenetik, Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietateak dauka, eta, gainerakoa, Kutxabank, S.A eta Laboral Kutxa, S. Coop sozietateek. Gaur arte, lurrak eskuratu eta urbanizatu izan ditu, Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietateak babes ofizialeko etxebizitzak sustatu ditzan. Sozietatearen xedea da bizitegirako lurzorua eskuratzea, kudeatzea eta urbanizatzea, etxebizitza babestuak eraikitzeko.

Orubide, S.A. sozietatearen administrazio-kontseiluak, 2015eko martxoaren 3an, Kapital Sozietateen Legearen Testu Bategineko 286. artikuluan estatutuak aldatzeko eskatzen den txostena onartu ondoren (testu bategin hori uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen), erabaki zuen sozietatearen bazkideen Batzar Nagusian proposatzea sozietatearen kapitalaren murrizketa, akzioen balio nominala gutxituta, kapitalaren eta ondare garbiaren arteko oreka berriz ezartzeko xedez (galeren ondorioz gutxitu egin baita).

Aipatutako sozietatearen akziodunen batzar nagusiak, 2015eko martxoaren 3an egindako bileran, onartu egin zuen proposamen hori, eta sozietatearen kapitala murriztea erabaki zuen, eta, Euskal Herriko Notarioen Elkargoko Alfredo Pérez Ávila notarioaren aurrean 2015eko martxoaren 13an egiletsitako eskritura publikoa dela bide (protokoloko 609 zenbakia), kapitala murrizteari buruz sozietateak hartutako erabakiak publiko egin ziren. Eskritura hori 2015eko maiatzaren 13an inskirbatu da Arabako Merkataritza Erregistroan (1531 liburukia, 0 liburua, 225 folioa, VI-7559 orria, 48 inskripzioa).

Era berean, 2015eko martxoaren 3an, Orubide, S.A. sozietatearen administrazio-kontseiluak, Kapital Sozietateen Legearen Testu Bategineko 286. artikuluan estatutuak aldatzeko eskatzen den txostena onartu ondoren (testu bategin hori uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen), erabaki zuen sozietatearen bazkideen Batzar Nagusian sozietatearen kapitala handitzeko proposatzea, bostehun eta hogeita hamar mila (530.000) euroko zenbateko nominaleraino, A motako 331.250 akzio izendun berri jaulkiz (2.000.001 zenbakitik 2.331.250 zenbakiraino, biak barne). Bakoitzaren balio nominala euro bat eta hirurogei zentimokoa da (1,60 euro), eta diruzko ekarpenen kargura jaulkiko dira, eta akziodunek lehentasunezko harpidetza-eskubidea daukate.

Halaber, 2015eko martxoaren 3an bertan, Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietatearen administrazio-kontseiluak erabaki zuen Gobernu Kontseiluari jakinaraztea aipatutako sozietateak interesa zeukala Orubide, S.A. sozietatearen kapital gehikuntzan parte hartzeko, 331.250 akzio berri harpidetuz (akzio bakoitzeko, 1,60 euroko balio nominala, eta, guztira, 530.000 euro). Horrela, Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietatea publikoak Orubide, S.A. sozietatearen kapitalean gehiengoa izango luke, hau da, egungo % 50etik % 57,10 izatera pasatuko litzateke.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek, zuzenbide publikoaren nahiz pribatuaren arabera dihardutela, merkataritza-sozietate baten kapitalean gehiengoz parte hartzen badute, orduan, sozietate hori sozietate publikoa da. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, aipatutako erakunde guztien partaidetzak hartuko dira kontuan.

Era berean, lege horren 20. artikuluko 1.b) paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, lehendik dagoen merkataritza-sozietate batek sozietate publikoaren izaera hartzea, berez, sozietate publiko bat sortzea da, eta egoera horretan gaude kasu honetan; izan ere, Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietateak Orubide, S.A. sozietatearen kapital gehikuntzan harpidetza hori egiten duenean, Orubide, S.A. sozietatearen kapitalean gehiengoa izango baitu.

Bestetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 20. artikuluko 3. paragrafoan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa edo haren erakundeak lehendik dagoen merkataritza-sozietate batean partaide nagusi izateko edo izateari uzteko (agindu horretan sozietate publikoak sortu eta azkentzeko kasuak azaltzen dira), Gobernuaren dekretua beharko da.

Hori guztia dela eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2015eko uztailaren 27an eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Orubide, S.A. sozietate publikoa sortzea.

Orubide S.A. sozietatea sortzen da. Sozietate hori lehendik ere bazegoen, eta bertan, Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.-Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietatea partaide nagusi izango da, sozietatearen administrazio-kontseiluak proposatutako kapital gehikuntzan akzioak harpidetu ondoren; eta bazkideen batzar nagusian hori onartzeko berariaz baimentzen da Visesako ordezkaria. Visesak Orubide, S.A. sozietatearen kapitalean izango duen portzentajea % 57,10ekoa izango da.

2. artikulua.– Sozietatearen xedea.

Sozietatearen xedea izango da:

a) Lursailak edo higiezinak erostea, erakunde publikoenak zein partikularrenak, edozein forma eta prozedura baliatuta, edonolako higiezinak sustatzeko eragiketetarako, haien helburua edozein izanda ere.

b) Sozietatearen zein besteren edonolako lursailen urbanizazio eta partzelazio planak eta proiektuak egitea.

c) Komunitate-ekipamenduari lotutako obra, azterlan, proiektu, mantentze-lan eta kudeaketa-zereginak esleitzea eta kontratatzea, eta lursailen urbanizazioa, erosketaren xedea edozein izanda ere.

d) Ondasun higiezinen salmenta, eta haietan obrak egitea, aurreko puntuetan adierazitako helburu eta jardueretarako beharrezkoak badira.

e) Hirugarrenei laguntza teknikoa eskaintzea eta mota orotako zerbitzuak ematea, dela teknikoa, industriala, merkataritzakoa, komisio-zerbitzua edo sozietatearen izaera eta jarduerarekin lotutako beste edozein motatakoa, trukean ordainketak jasoz.

f) Lurzoru-erreserbak eratzea.

3. artikulua.– Aplikatu beharreko araubidea.

Sozietatearen estatutuak ez ezik, sozietate publikoei aplikatu beharreko xedapenak eta Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretua ere aplikatuko zaizkio Orubide, S.A. sozietate publikoari.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala