Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2015eko uztailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3314

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 20koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinen bidez ebazten baita nori eman Berdintasunaren aldeko 2015eko Emakunde Saria.

Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortzeko eta arautzeko irailaren 12ko 166/2006 Dekretuak ezartzen du sari hori, zeinen xedea baita azpimarratzea eta publikoki aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna; emakumeen lanaren aitortzara eta haiek ahalduntzera edo sexuen arteko berdintasun-eskubideak eta -aukerak sustatzera bideratutako jarduerak egin dituzte pertsona horiek.

Bidezkoa da, beraz, deialdi hau iragartzea 2105eko ekitaldirako, aipatu dekretuaren 1. artikulua aplikatuz.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren deialdia iragartzea, irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren arabera eta onartu diren ebazpen honi erantsita ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, haren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 30a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

BERDINTASUNAREN ALDEKO 2015EKO EMAKUNDE SARIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Berdintasunaren aldeko 2015eko Emakunde Sariaren deialdia iragartzea. Sari horren bidez azpimarratu eta jendaurrean aitortu nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna. Saria ematen zaie emakumeen lana aitortzen laguntzeko edo emakumeen ahalduntzea hobetzeko zenbait ekintza, lan edo proiektu egin dituztelako edota beren jarduerak nabarmen lagundu duelako emakumeen zeregina balioesten eta duin bihurtzen edo EAEko emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen.

Bigarrena.– Diru-kopurua.

14.400 eurokoa da sariaren diru-kopuru gordina

Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– 2015eko irailaren 15ean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea.

2.– Interesdunek hautagaitzak aurkeztu ditzakete, eta prozedura honetako izapide guztiak kontsultatu, bide elektronikoz zein aurrez aurre Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan (Manuel Iradier 36, 01005 Gasteiz); bestela, posta ziurtatuz helaraziko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Hautagaitzekin batera, NAren kopia aurkeztu beharko dute interesdunek, edo, halakorik ezean, adostasuna adierazi beharko dute Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak datuak bildu ahal izan ditzan. Interesdunek ez dute zertan Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuak eta agiriak aurkeztu. Eskubide horretaz baliatzen direnean, baimena ematen diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Bitarteko elektronikoen bidez ere baliatu ahal izango da eskubide horretaz.

– Eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.net-eko egoitza elektroniko hau dago: https://euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/saria/

– Egoitza elektronikoan eskuragarri daude izapideak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz egiteko argibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak https://euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/saria/

– Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: http://euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari erantsitako agiriak erakunde eskatzaileek, nahi bezala. Halaber, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozedura guztian, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Hautagaitzekin batera, hauek aurkeztu beharko dira: gehienez 20 orriko memoria bat; emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten dela egiaztatzeko agiriak; memoriaren laburpen bat, 2 orrialde baino gutxiagokoa, zeinetan bilduko baitira aurkeztutako hautagaitza sari horretarako egokia izatearen arrazoiak balorazio-irizpideei jarraikiz.

6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana aitortzeko aurkezten diren hautagaiek –erakundeak zein pertsonak– ez dute egon behar diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, barne direlarik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak. Horretarako, I. eranskina bete beharko dute hautagaiek.

7.– Beharrezkoa dela iritziz gero, informazio gehiago eska dezake Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak.

8.– Hautagaitza irabazlea zein den jakinarazi baino lehen, elektronikoki egiaztatuko da hautagaitza horrek beteak dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

9.– Aurkeztu diren baina sarituak izan ez diren hautagaitzak errekuperatu ahal izango dituzte interesdunek, 2016ko otsailaren 28a arte, non eta ez duten baimena eman aintzat hartuak izan daitezen hurrengo deialdian. Dena den, Administrazioa ez da arduradun egiten epe horretan erretiratu ez diren hautagaitzez.

Laugarrena.– Esleitzeko irizpideak.

Erabakia hartzeko, jasotako hizkuntzan baloratuko ditu hautagaitzak eta/edo lanak epaimahaiak, eta irizpide hauek hartuko ditu aintzat, eta berdina izango da haztapena bakoitzarentzat:

a) Proposatutako pertsonak izan duen ibilbidea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, non garatu baitu bere jarduna.

b) Emakumeen lana eta haien ahalduntzea aitortzera edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzera bideratutako jardunaren, ekintzen, lanen edo proiektuen berezko garrantzia.

c) Jardunen, ekintzen, lanen edo proiektuen oihartzuna eta eragina gizartean, edo proposatutako pertsonak egin duen ibilbidea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala