Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2015eko uztailaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3283

29/2015 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Hizkuntza dela-eta herritarrek jaso dezaketen diskriminazioari aurre egiteko Arartekoarekin lankidetza-hitzarmena, I. eranskinean jasotzen da.

– 2015-2018 urteetarako esparru hitzarmena onartzen duen programa-kontratua; batetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean, eta bestetik, Euskaltzaindiaren artean, II. eranskinean jasotzen da.

– Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziarekin berariazko lankidetza-hitzarmena, on-line farmazien logotipoaren lizentziaren erabilera-eskubidea azpilizentziatzeko, III. eranskinean jasotzen da.

– Barne Ministerioarekin hauteskunde-kudeaketaren arloko lankidetzako esparru-hitzarmena, IV. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Bermeoko Udalarekin, EAEko polizia-kidegoek hartutako listu-laginak analizatzean jardunbide-eredu bateratuak ezartzeko, horien bidez, egiaztatzeko ibilgailuak gidatzen ari diren pertsonek drogak hartu dituzten, V. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 30EKO 29/2015 EBAZPENARENA
HIZKUNTZA DELA-ETA HERRITARREK JASO DEZAKETEN DISKRIMINAZIOARI AURRE EGITEKO ARARTEKOAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENA

Vitoria-Gasteizen, 2014ko martxoaren 28an.

BILDUTA:

Alde batetik, Patxi Baztarrika Galparsoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren izenean.

Bestetik, Iñigo Lamarca Iturbe, Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoa.

ADIERAZI DUTE:

I.– Gure elkarbizitzako eredu demokratikoaren funtsezko oinarriak pertsonen eskubide eta askatasunen errespetuan eta bermean daudela, eta beraz eskubideon aitortza ez da nahikoa, baizik eta erakunde-bideak eta -baliabideak jarri behar dira horiek babesteko eta euren erabilera ziurtatzeko.

II.– Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanik, hizkuntza ofizialaren maila duela Euskadin gaztelaniarekin batera, eta hemengo biztanle guztiek dutela bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Artikulu horrek autonomia erkidegoko erakunde komunei esleitzen die, lurraldeko aniztasun soziolinguistikoa aintzat hartuta, bi hizkuntzen erabilera bermatzeko ardura, haien izaera ofiziala arautuz, eta haien ezagutza bermatzeko beharrezkoak diren neurriak eta bitartekoak erabaki eta arautzekoa. Halaber, adierazten da ezingo dela inor baztertu hizkuntza dela eta.

III.– Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak euskara eta gaztelaniaren erabilera arautu zuela Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, herritarrei hizkuntza eskubideak eta herri aginteei eginbeharrak esleituz.

IV.– Euskadiko Autonomia Estatutuaren 15. artikuluan agindutakoa betez, Eusko Legebiltzarraren otsailaren 27ko 3/1985 Legearen bitartez Ararteko erakundea sortu zela Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Legebiltzarraren goi komisiodun gisa herritarren eskubideak babesteko, independentziaz eta autonomiaz diharduela, eta bere zeregina euskal herri administrazioak kontrolatzean datza, legezkotasun printzipioaren defentsan, pertsonen oinarrizko eskubideak eta askatasunak babestuz, eta herritarrek administrazio ona izateko duten eskubidearen alde.

V.– Uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuaren bitartez Elebide –Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua– sortu, eta kontsulten, iradokizunen eta kexen araubidea ezarri zela. Arauaren 2. artikuluan adierazten denez, Elebideren zereginak dira hizkuntza eskubideen gaineko sentikortasuna sustatzea, horien babesari buruzko informazioa eta aholkularitza ematea hala eskatzen duten herritarrei, eta lankidetza eskaintzea eragindako sail, instituzio eta erakundeei, aipatutako eskubideak bete daitezen, betiere indarrean dagoen araudian aitortutako hizkuntza eskubideak oinarri hartuz.

VI.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak 22.m) artikuluaren bidez Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari esleitzen diola, hala eskatzen duten herritarrei, beren hizkuntza eskubideak babesteko informazioa eta aholkularitza emateko, eta eragindako erakundeei eskubide horiek bete daitezen elkarlana eskaintzeko zeregina, Elebideren –Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua–ren bitartez.

VII.– Koordinazio eta elkarlan printzipioak direla bi erakunde hauen arteko harremanek oinarri izan behar dituzten funtsezko irizpideak, betiere Ararteko erakundea sortu eta arautu zuen otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 9.1.a) artikuluan Arartekoari agintzen zaizkion kontrol zereginak, eta lege horren 10etik 16ra bitarteko artikuluetan eta II. tituluan jasotako xedapenak kaltetu barik.

VIII.– Bi erakunde sinatzaileek betetzen duten lanaren hainbat alderdi osagarriak direla, alde batetik, Arartekoak herri administrazioekiko harremanetan herritarren eskubideen sustapen eta defentsa, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lana, osagarriak direla indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideen babesari dagokionez, eta hizkuntza dela-eta inor baztertuta izan ez dadin bermatzen laguntzen dute, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 6.3 artikuluarekin bat.

IX.– Bi erakundeek esleituta dituzten ahalmenak eta eskumenak era egokian gauzatzeko, garrantzi handia duela bi erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana ahalbidetuko duten komunikazio eta harreman bideak ituntzeak, eta horregatik bi aldeak ados jarri dira Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko, ondorengoen arabera

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzen duten erakundeek borondatea adierazten dute hizkuntza oinarri duen bazterkeriaren aurrean herritarrak babesteko euren elkarlana zehaztu eta egonkortzeko; halaber, indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideen babesa sustatuko dute, izan ere, eurek badihardute lan hori egiten beraiei dagokien legeriaren esparruan, printzipio hauen arabera: koordinazioa, elkarlana, eraginkortasuna, elkarrekiko informazioa, elkarlaguntza eta erakundeen arteko leialtasuna; betiere, horrek guztiak ez ditu kaltetuko Arartekoa sortu zuen eta arautzen duen Eusko Legebiltzarraren 3/1985 Legearen 9.1.a) artikuluaren arabera erakunde honi esleitutako kontrol ahalmenak.

Bigarrena.– Bi erakundeen arteko harremanek oinarri izango dute haiek esleituta dituzten zereginak betetzean euretako bakoitzak duen independentziaren errespetua, eta herritarrek nahi duten erakundera jotzeko eskubidea izango dute.

Hirugarrena.– Elkarlan neurri gisa, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, bere eskumenak gauzatuz, Ararteko erakundera bidaliko ditu jasotzen dituen kexak, eta euskal herri administrazioen jardun eremuan hizkuntzagatik gerta daitezkeen bazterketen edo hizkuntza eskubideen urraketen gainean dituen informazioak.

Laugarrena.– Arartekoak, bere aldetik, bere eskumenak gauzatuz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzara bidaliko ditu jasotako kexak, eta euskal herri administrazioen jardun eremuan hizkuntzagatik zuzenean nahiz zeharka gerta daitezkeen bazterketen edo hizkuntza eskubideen urraketen gainean dituen informazioak.

Bosgarrena.– Pertsona batek, pertsona talde batek edo horiek legitimoki ordezkatzen dituztenek kexa beraren izapidetzea eskatzen badute bi erakundeetan, koordinazio eta esku-hartze formula egokiak adostuko dira, erakunde bakoitzaren eskumen esparruan oinarrituta. Berdin jokatuko da biek batera diharduten kasuetan, nork bere eskumenen esparruan.

Seigarrena.– Datu Pertsonalen Babesa arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoa beteko da, eta interesdunaren baimen argia eskuratuko da datu pertsonalen edozein lagapen egin aurretik.

Zazpigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ararteko erakundeak konpromisoa hartzen dute bi erakundeentzat interesgarriak diren gaietan lankidetzan aritzeko, eragin eremuagatik arlo publikora iristen direnean.

Zortzigarrena.– Hitzarmen honen indarraldia luzatuko da bera izenpetzen den egunean hasi eta aldeetako batek berariaz amaitzeko eskatu arte, betiere beste aldeari hilabeteko aurrerapenez jakinarazi ostean.

Bederatzigarrena.– Lankidetza Hitzarmen hau interpretatzerakoan zalantzak sortuz gero, bi aldeen adostasunaz argituko da.

Eta adostasuna adierazteko, hitzarmen hau izenpetzen dute parte-hartzaileek, bi aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea,

PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO.

Arartekoa,

IÑIGO LAMARCA ITURBE.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 30EKO 29/2015 EBAZPENARENA
2015-2018 URTEETARAKO ESPARRU HITZARMENA ONARTZEN DUEN PROGRAMA-KONTRATUA; BATETIK, EUSKO JAURLARITZAREN ETA ARABAKO, GIPUZKOAKO ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIEN ARTEAN, ETA BESTETIK, EUSKALTZAINDIAREN ARTEAN
PARTE-HARTZAILEAK

Batetik, Cristina Uriarte Toledo, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta haren ordezkari;

Iciar Lamarain Cenitagoya, Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari;

Miren Josune Ariztondo Akarregi, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako foru diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari, eta

Zigor Etxeburua Urbizu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari.

Bestetik, Andres María Urrutia Badiola jauna, euskaltzainburua, Euskararen Errege Akademia — Euskaltzaindiaren izenean eta haren ordezkari.

Bost parte-hartzaileek, nork bere erakundearen ordezkari gisa, honako programa-kontratu hau sinatzeko behar den adinako gaitasuna aitortzen diote elkarri.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako foru aldundiek, 1918an Euskaltzaindia sortu zutenetik, babesa, onespena eta diru-laguntza eman izan diote Euskaltzaindiari.

Bigarrena.– Otsailaren 26ko 573/1976 Dekretuak aitormena ematen dio Euskaltzaindiari, «Euskararen Errege Akademia-Euskaltzaindia» izena emanez, eta, aldi berean, haren estatutuak onesten ditu.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak, euskara Euskadiko hizkuntza ofizialtzat hartzearekin batera, Euskaltzaindia aitortzen du, euskarari dagozkion gaietan, erakunde aholku-emaile ofizial gisa. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere babesa, onespena eta diru-laguntza eskaintzen dizkio Euskaltzaindiari.

Laugarrena.– Herri-administrazio sinatzaileek Euskararen Errege Akademia-Euskaltzaindiaren jarduera suspertu eta bermatzeko hainbat neurri hartu dituzte azken urteotan, hasieran banan-banan, eta, harrezkero, arian-arian, modu bateratuan.

Orain, aurrera egin behar da etengabeko ikerkuntza-jarduerari eutsiz, Euskaltzaindiak lan horrek ematen dituen fruituak ezagutzera ematen jarrai dezan, batez ere egiten dituen argitalpenen eta programen bidez.

Horrela, herri-administrazio sinatzaileek eta Euskaltzaindiak kontratu-programa hau egiteko oinarriak adostu dituzte, berau Akademiaren kudeaketaren eta jardueraren gainean aholkua emateko eta horien segimendua eta ebaluazioa egiteko tresna gisa hartuta. Era berean, programa-kontratu honen helburua da, hain zuzen, eskuragarri dauden baliabideen kudeaketa optimizatzea eta helburu eta erronka berriak planteatzea epe ertain eta luzera. Hori guztia euskara ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan egingo da, etorkizunari begira.

Egoera kontuan hartuta, herri-administrazio sinatzaileek nahiz Euskaltzaindiak uste dute beste aurrerapauso bat emateko garaia heldu dela, Akademiaren epe ertaineko finantziazioa egonkortu eta behar diren ebaluazio- eta segimendu-mekanismoak ezarri ahal izateko. Horrela, Euskaltzaindiari finantziazioa bermatuko zaio, euskararen gainean dituen arau-, kontsulta-, ikerketa- eta zabalkunde-eginkizunak bete ditzan. Halaber, horrekin batera, baliabide publikoen bidez finantzatzen den edozein jarduerak eskatzen dituen ebaluazio-mekanismoak ezarrita geratuko dira.

Aurrekari horietan oinarrituta, programa-kontratu hau planifikazio estrategiko eta kudeaketarako tresna izango da, eta horren bidez herri-administrazio sinatzaileek eta Euskaltzaindiak euren arteko harreman-esparrua zehazten dute, bakoitzaren konpromisoei dagokienez, bai eta Akademiaren finantziazio-sistemari eta 2015-2018 aldirako (biak barne) ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzeko sistemari dagokienez ere, honako klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Programa-kontratuaren xedea.

1.1.– Programa-kontratu honen xedea da, alde batetik, Euskaltzaindiaren, eta, beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako foru aldundien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzea eta, orobat, Akademiak etorkizunean jardunean jarraituko duela eta, aldizka, kontuak emango dituela bermatzeko, alde bakoitzak bereganatzen dituen konpromiso materialen zein finantzarioen esparrua arautzea.

Zehazki, hau da honako programa-kontratuaren xedea:

– Herri-administrazio sinatzaileen eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazio-harremanak eta mekanismoak antolatzea, konpromisoak hartzean eta aldizka kontuak ematean oinarrituta.

– Helburu horiek bermatzeko behar diren lerro estrategikoak eta helburu orokorrak, eta ebaluatzeko mekanismoak ezartzea, alde guztiak ados jarrita.

– Bere helburuak betetzen jarrai dezan, baliabideak ematea Euskaltzaindiari, programa-kontratu honetan hartutako konpromisoen arabera.

– Ikerketa-programen finantziazioa egonkortzea, epe ertainean.

– Euskaltzaindiaren proiektuen eta batzordeen ikerketa-jarduerak bultzatzea eta areagotzea.

– Euskaltzaindiak euskara zabaltze eta sozializatze aldera egiten dituen jarduerak sustatzea.

– Euskaltzaindian, giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa eraginkorra antolatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera bultzatzea, eta komunikazioa bermatzea eta hobetzea erabiltzaileei eskaintzen zaizkien arretari eta zerbitzuei dagokienez.

1.2.– Beste lurralde batzuetako herri-administrazioak ere programa-kontratu honetara bildu ahal izango dira, aldez aurretik horretarako eskaera eginda, eta alde sinatzaile guztiek eskaera hori onartuta.

1.3.– Urtero, programa-kontratu honen Jarraipen Batzordeak proposamen baten bidez zehaztuko ditu sinatzaileek ekitaldi bakoitzean bere gain hartuko dituzten betebeharrak; herri-administrazio sinatzaileek berretsi beharko dute aipatutako proposamena.

Bigarrena.– Programa-kontratuaren indarraldia.

2.1.– Kontratu-programa honek lau urteko indarraldia izatea aurreikusten da, eta urtez urte luzatu ahal izango da, betiere horretarako aurrekontuko kreditu nahikoa eta egokia egonez gero. Kreditu hori bere helbururako izendatuta egon ahal izango da, kasuan kasuko ekitaldietarako, erakunde sinatzaileen aurrekontu orokorretan.

2.2.– Alde sinatzaileetakoren batek programa-kontratua salatuz gero, kontratuaren zehaztapen guztiek indarrean segituko dute gainerako aldeentzat, harik eta beste testu bat sinatu arte. Testu berri horrek ezarriko ditu egoera berriaren arabera egokiak liratekeen baldintzak. Edozein kasutan ere, salaketa horrek ez du zama ekonomiko gehigarririk sortuko beste aldeentzat.

Hirugarrena.– Euskaltzaindiak bere gain hartzen dituen konpromiso orokorrak.

Programa-kontratu hau dela bide, Euskaltzaindiak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

3.1.– Aurrekontu, ekonomia eta finantzakoak.

3.1.1.– Euskaltzaindiak urteko behin-behineko aurrekontua prestatuko du hurrengo ekitaldirako, eta irailaren 10a baino lehen aurkeztuko die administrazioei. Jarraipen Batzordeak iraila bukatu baino lehen aztertuko du.

3.1.2.– Aurrekontuen gaineko informazioak bereizirik eman beharko ditu ondoko hauek:

A) Alde batetik, gastuen eta diru-sarreren aurrekontu arrunta, behar bezala sailkatuta, aplikatzekoa den Kontabilitateko Plan Orokorrean ezartzen diren egituraren eta edukien arabera aurkeztuta. Halaber, inbertsioen aurrekontua eta dagokion finantziazioa ere azaldu beharko dira.

B) Beste aldetik, programaka berezitutako aurrekontua, dagoeneko abian dauden programak sartuta, bai eta abian jarri nahi direnak ere, betiere aurrekontuari egoztekoak diren eta egiturazkoak ez diren langileen, jardunbidearen eta kapitalaren gastuak zehaztuta, eta, hala badagokio, aurrekontuari lotutako diru-sarrerak ere.

3.2.– Aurrekontua betearaztekoak eta diru-laguntza justifikatzekoak.

3.2.1.– Jarraipen Batzordeari dagokionez.

Ekitaldi bakoitzeko maiatzaren 15a baino lehen, Euskaltzaindiak aurreko ekitaldiari dagokion dokumentazioa aurkeztuko dio Jarraipen Batzordeari:

a) Aurreko ekitaldiaren bukaeran erakundearen finantza- eta ekonomia-egoera zein zen erakusten duten kontabilitate-agiriak eta egoera-balantzea, baita ekitaldiko sarrera-gastuen aurrekontuen eta programaz programako aurrekontuaren likidazioa eta kontu ikuskatuak ere.

b) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzen duen memoria.

c) Orobat, jakinarazi beharko du, bere ohiko jarduera eta programak betetzeko, edozein erakundek edo pertsona publikok zein pribatuk beste diru-laguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat eman dion.

d) Aurreko urteko oroitidazkia eta urteko jarduketa-plana. Bertan, nahitaez, aipatu beharko ditu: programa bakoitzerako finkatutako xedeak; programaren arduradunak edo batzorde akademikoko arduraduna; programa betetzeko behar diren baliabide materialak, giza baliabideak eta antolaketakoak; lortu beharreko emaitzaren jabetza intelektualari buruzko kontuak, halakorik balego; urteko kostu zehaztua, eta programa betetzeko aurreikusi diren epe eta faseen kronograma.

3.2.2.– Indarrean dauden arauen arabera, programa-kontratu hau betetzearen ondorioz funts publikoak jaso aurretik, Euskaltzaindiak zerga-betebeharrak beteta dauzkala, baita Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak eginda dauzkala ere, egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu.

3.3.– Materialak eta jarduerakoak:

3.3.1.– Euskaltzaindiak behin-behineko aurrekontuarekin batera urteko lan-ildoak ere aurkeztuko ditu, ekitaldian gauzatu nahi dituen programak zehaztuz.

3.3.2.– Zenbait urtetarako programak garatuz gero, Euskaltzaindiak horiek martxan jarri aurretik, jarduketa-plan osoa aurkeztuko die herri-administrazioei, egingo diren lanak eta aurreikusitako epeak zehaztuz.

Urtez urteko planak egitean, azaldu beharreko urteari dagokion zatia zehaztuko da.

3.3.3.– Euskaltzaindiak txosten bat emango du aurrekontuen likidazioarekin batera. Bertan, programa-kontratuaren betetze-mailari eta bere jarduera arruntaren inguruko ekonomia-kontuei buruzkoak jasoko dira.

3.3.4.– Programen funtzionamenduari dagokionez, Euskaltzaindiak nola ari diren betetzen jakiteko behar den informazioa azalduko du. Halaber, programei buruzko kontu ekonomikoen berri emango du, baita programaren garapen normala eteten duten inguruabar guztien berri ere.

3.3.5.– Orobat, Euskaltzaindiak behar beste informazio osagarri emango du, Jarraipen Batzordeak nahiz herri-administrazio sinatzaileetako edozeinek eskatzen dion neurrian.

3.3.6.– Aurrekontu-ekitaldian zehar, Euskaltzaindiak herri-administrazio sinatzaileen ekarpena ukituko lukeen programa berriren bat abian jarri nahi izanez gero, aldez aurretik proiektu hori aurkeztuko dio Jarraipen Batzordeari, berorrek onesteko.

Proiektu horretan, diruz hornitzeko eskatzen den programa horren urteko behin-behineko aurrekontua zehaztuko da, eta banan-banan azalduko dira langileen gastuak, jardunbidekoak eta kapitalekoak, aurrekontuari egotzi dakizkiokeenak eta egiturarenak ez direnak, baita aurreko 3.2.1.d) klausulan adierazitako kontuak ere.

3.4.– Beste konpromiso batzuk:

3.4.1.– Euskaltzaindiak bere azterketa- eta ikerketa-zerbitzuak erabiltzeko aukera emango die hala nahi duten ikertzaile guztiei, ikertzaileok Euskaltzaindiak aldez aurretik horretarako finkatu dituen baldintzak betetzen badituzte.

3.4.2.– Euskaltzaindia elkarlanean arituko da unibertsitateekin eta beste erakunde akademiko batzuekin hizkuntzalaritzaren alorreko ikertzaileak trebatzeko, horretarako sinatzen diren akordioen eta hitzarmenen bidez.

3.4.3.– Euskaltzaindiak bere zerbitzuak eskainiko dizkie herri-aginteei (Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei, udalei eta bestelako erakunde publikoei), hizkuntzari buruzko erakunde aholku-emaile den heinean, Autonomia Estatutuan eta indarrean dauden gainerako lege eta xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.4.4.– Euskaltzaindiari dagokio programa-kontratu honen babesean sor daitezkeen lanen gaineko jabetza-intelektualaren eskubideen titulartasuna, betiere kode-iturrien eta lanon inguruko dokumentazio teknikoaren gaineko jabetza barne dela.

Nolanahi ere, Euskaltzaindiak herri-administrazio sinatzaileen eskura jarriko ditu, beren asmoak betetzeko beharrezko ikusten dituzten heinean, ustiapen ekonomikoa izan dezaketen aurreko atalean aipatutako sorkuntza-lanen eskubideak.

Era berean, Euskaltzaindiak administrazio sinatzaileekin edozein eratako hitzarmenak dituzten gainerako erakundeen esku jarriko ditu hitzarmen horietan jasotako proiektuak edo/eta jarduerak egiteko behar izan ditzaketen osagaiak ere. Eskuratze horretarako baldintzak eta xehetasunak Jarraipen Batzordeak erabakiko ditu.

3.4.5.– Euskaltzaindia Jarraipen Batzordearen bileren Idazkaritzaordetzaz arduratuko da. Hala, Jarraipen Batzordearen aktak idaztea izango du eginbehar berezi, batzorde horren Idazkaritzarekin koordinatuta.

3.4.6.– Euskaltzaindiak azken urteetan ondu duen lanari eutsiz, konpromisoa hartzen du bere emaitzak gizarteratzeko herritarren artean bere webgunearen bidez, ahalik eta modurik erraz eta eragingarrienean.

Laugarrena.– Herri-administrazio sinatzaileen konpromisoak.

Programa-kontratu hau sinatzen duten herri-administrazioek agintzen dute behar diren neurriak hartzeaz arduratuko direla, Euskaltzaindiak programa-kontratu honetan ezarritakoa gauzatzea izan dezan.

Hala, behin Euskaltzaindiak aurkeztutako behin-behineko aurrekontua eta lan-ardatzak aztertuta, programa-kontratu hau sinatzen duten herri-administrazioek dagokion lege-proiektuan (Eusko Jaurlaritzaren kasuan) zein foru-arauen proiektuetan (foru aldundien kasuan), Euskaltzaindiaren jarduerari eusteko beharrezkoa den aurrekontu-zuzkidura izendatuko dute.

Bosgarrena.– Prozedura.

5.1.– Behin Euskaltzaindiak 3.3.1 klausulan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu ondoren, eta betiere iraila bukatu baino lehen, Jarraipen Batzordeak dokumentazio hori aztertuko du, eta hurrengo urterako erakunde bakoitzari egokituko zaion aurrekontu- kreditua proposatuko du.

5.2.– Aurrekontuek ahalbidetzen dieten heinean, herri-administrazio sinatzaileek Euskaltzaindiari egin beharreko ekarpenak handitu ahal izango dituzte, bakarka nahiz batera, Euskaltzaindiak garatu nahi dituen eta bere aurrekontu akademikoan jaso gabe dauden aparteko programak finantzatzeko, baita programa-kontratu hau indarrean den bitartean proposa daitekeen bestelako edozein jarduera garatzeko ere. Ekarpena handitzeko proposamena Jarraipen Batzordeak baloratu beharko du. Nolanahi ere, horrek ez die inolako konpromisorik sortuko ekarpena ez handitzea erabakitzen duten herri-administrazioei.

Diru-laguntza zehazteko, Jarraipen Batzordeak programa edo jarduera jakin bat finantzatzeko Euskaltzaindiak egindako eskariak aztertuko ditu, eta herri-administrazio sinatzaileek erabakiko dute, bakarka nahiz batera, diru-laguntza hori ematea egoki den ala ez, eta elkar hartuta finkatuko duten ekarpenaren kopurua eta ehunekoa.

Horri dagokionez, kontuan hartu beharko dira, erreferente gisa, programa-kontratu honetan aurreikusitako Batzorde Teknikoak egiten dituen txosten eta proposamenak.

Hala eta guztiz ere, herri-administrazio sinatzaile guztien edo batzuen finantziazioa behar bada edozein jarduera batera egiteko, aurretik beharrezko erabakia hartu beharko da, non zehaztuko diren, alde batetik, erakunde horietako bakoitzak hartutako betebeharrak, eta bestetik, Euskaltzaindiak hartutakoak.

5.3.– Horren guztiaren berri emango zaio Jarraipen Batzordeari.

5.4.– Urteroko diru-laguntzen ordainketei buruzkoa.

5.4.1.– Eusko Jaurlaritzari dagokionez:

Diru-laguntza urte anitzekoa izango da, hala, ordainketaren bigarren zatia konpromiso-kreditu bezala jasoko da hurrengo ekitaldian. Ordainketa honen arabera egingo da:

a) Lehenengo zatiak laguntza izendunaren % 70 hartuko du. 2015ean behin honako programa-kontratu hau sinatu ondoren ordainduko da, bi hilabeteko epean.

Hurrengo ekitaldietan (2016-2018), urtean urteko apirilaren 30a baino lehen eta, betiere, aurreko urteko diru-laguntza justifikatu eta gero.

b) Bigarren zatiak gainerako % 30 hartuko du, eta behin emandako zenbatekoaren guztizko erabilera justifikatu ondoren ordainduko da. Horretarako, Euskaltzaindiak aurrekontu likidatua (I eranskina) aurkeztu beharko du hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.

Era berean, diru-laguntza justifikatzeko, aurreko ekitaldiko urteko kontuak eta auditoria txostena ere igorri beharko ditu maiatzaren 15a baino lehen.

5.4.2.– Arabako Foru Aldundiari dagokionez.

Ordainketa bi zatitan egingo da, honen arabera:

– Lehenengo zatiak laguntza izendunaren % 70 hartuko du. 2015ean diru-laguntzaren lehen zati hori behin honako programa-kontratu hau sinatu ondoren ordainduko da, bi hilabeteko epean.

Hurrengo ekitaldietan lehen ordainketa urtean urteko apirilaren 30a baino lehen egingo da.

– Bigarren zatiak gainerako % 30 hartuko du, eta urte bakoitzeko urrian ordainduko da. Bigarren ordainketa egiteko, Euskaltzaindiak, ezinbestez, aurreko ekitaldiko urteko kontuak eta auditoria-txostena aurkeztu beharko ditu urtez urteko maiatzaren 15a baino lehen.

5.4.3.– Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez.

a) Ekitaldi honetan, 2015ean, laguntza izendunen % 100, behin honako programa-kontratu hau sinatu ondoren.

b) Hurrengo ekitaldietan, laguntzen % 100, beranduenez, urteroko ekainaren 30ean ordainduko da, programa-kontratu honen 3.2 puntuan ezarritakoa bete ondoren.

5.4.4.– Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez.

Diru-laguntza urte anitzekoa izango da, hala, ordainketaren bigarren zatia konpromiso-kreditu bezala jasoko da hurrengo ekitaldian. Ordainketa honen arabera egingo da:

– Lehenengo zatiak laguntza izendunaren % 65 hartuko du. 2015ean behin honako programa-kontratu hau sinatu ondoren ordainduko da, bi hilabeteko epean.

Hurrengo ekitaldietan (2016-2018), urtean urteko apirilaren 30a baino lehen eta, betiere, aurreko urteko diru-laguntza justifikatu eta gero.

– Bigarren zatiak gainerako % 35 hartuko du, eta behin emandako diru-laguntzaren zenbateko osoari dagokion gastua justifikatu ondoren ordainduko da. Horretarako, Euskaltzaindiak aurrekontu likidatua aurkeztu beharko du hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.

Era berean, diru-laguntza justifikatzeko, aurreko ekitaldiko urteko kontuak eta auditoria-txostena ere igorri beharko ditu maiatzaren 15a baino lehen.

5.4.5.– Aparteko diru-laguntzarik izanez gero, beroiek emateko akordioaren arabera ordainduko dira.

5.4.6.– Ordaintzeari eta, hala balegokio, emandako laguntzak itzultzeari dagokionez, programa-kontratu honetan jasotakoari jarraituko zaio, bereziki, 9. klausulan eta indarrean dauden legeetan ezarritakoari.

5.5.– Programa-kontratu honi jarraiki ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo erakundek (pribatu zein publiko, Estatuko edo erkidegoko, Europar Batasuneko edo nazioartekoak direla ere) helburu berarako ematen dituen beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.

5.6.– Programa-kontratu honetan aurreikusitako laguntzen diru-kopurua ezin izango da izan, inola ere, beste edozein erakunde edo pertsona pribatuk nahiz publikok, bakarka nahiz batera, helburu berarekin emandako diru-laguntza edo laguntzekin, ez eta helburu berarekin jasotako edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batuta ere, lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

6.1.– Programa-kontratu honetan Jarraipen Batzordea izendatu da, ezarritakoa behar bezala betetzen eta koordinatzen dela bermatzeko.

6.2.– Hauek izango dira Jarraipen Batzordeko kideak:

a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua edo Hizkuntza Politikarako sailburuordea: batzordeburuari dagozkion egitekoak beteko ditu, eta, beraz, bilkuretarako deialdiak egin eta aztergaien zerrendak finkatzeaz arduratuko da.

b) Arabako Foru Aldundiak izendatutako ordezkaria edo haren eskuordea. Ahaleginak egingo dira gutxienez zuzendari maila izan dezan.

c) Bizkaiko Foru Aldundiak izendatutako ordezkaria edo haren eskuordea. Ahaleginak egingo dira gutxienez zuzendari maila izan dezan.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako ordezkaria edo haren eskuordea. Ahaleginak egingo dira gutxienez zuzendari maila izan dezan.

e) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan gai honen ardura duen zuzendaria edo haren eskuordea; azken horrek, gainera, batzordeko idazkariari dagozkion egitekoak beteko ditu.

f) Euskaltzainburua edo, estatutuen arabera, haren ordezkoa dena.

g) Euskaltzaindiko idazkaria edo haren ordezkaria: Jarraipen Batzordearen Idazkaritzaordetzaz arduratuko da.

h) Euskaltzaindiko diruzaina edo haren ordezkoa.

i) Euskaltzaindiko Iker sailburua edo haren ordezkoa.

j) Euskaltzaindiko Jagon sailburua edo haren ordezkoa.

6.3.– Jarraipen Batzordea behar den eraginarekin eratzeko, bakoitzaren ordezkaritza egiaztatzen duten agiriak bidali beharko dira.

6.4.– Jarraipen Batzordeko kideek teknikari adituen laguntza izan dezakete zenbait gai jakinetarako.

6.5.– Programa-kontratu hau behar bezala betetzeko, koordinazio- eta kontrol-eginkizun orokorrez gainera, Jarraipen Batzordeak egiteko berezi hauek izango ditu:

a) Herri-aginte sinatzaileek diruz eutsitako programak Euskaltzaindia zuzen eta epeen barruan betetzen ari den ala ez erabakitzea.

b) Euskaltzaindiari corpus-plangintzaren alorreko beharrizan edo lehentasunei buruzko iritzia ematea, bidezko denean.

c) Herri-administrazio sinatzaileek finantzatutako programen emaitzak argitaratzeari legozkiokeen irizpideak aztertzea.

d) Erakundearen kontabilitatea eta aurrekontuak aztertzea.

e) Bere aginte-esparruaren barruan, Euskaltzaindiari zor zaion begirune eta eskubideak ziurtatzea eta zaintzea, euskarari buruzko erakunde aholku-emaile ofiziala den heinean.

f) Programa-kontratu honetan ezarritako Batzorde Teknikoaren kideak izendatzea.

g) Euskaltzaindiak proposatuta, kontu-ikuskariak izendatzea, programa-kontratu honen 3.2.1 atalean ezarritakoaren arabera, Euskaltzaindiak, bere jarduerak egiteko eta herri-administrazioek emanda, jasotako diru-laguntzak nola erabili dituen justifikatzeko kontu-ikuskaritzak egin ditzaten.

6.6.– Jarraipen Batzordeak urtean bi bilera egingo ditu, gutxienez:

a) Bat, maiatza amaitu aurretik, kontuen egoera eta programen betetze-maila aztertu eta onesteko.

b) Beste bat, irailaren amaiera baino lehenago, behin-behineko aurrekontua eta urteko lan-ardatzak aztertzeko, baita herri-administrazio sinatzaile bakoitzari hurrengo ekitaldirako egokituko zaion aurrekontu-kreditua proposatzeko ere.

6.7.– Hala eta guztiz ere, Jarraipen Batzordeko buruak aparteko bilerarako deialdia egin ahal izango du, gehienez hilabeteko epearen barruan egin ere. Horretarako, beharrezkoa izango da bi kidek gutxienez eskatzea.

6.8.– Jarraipen Batzordearen bileraren akta gehienez ere hilabeteko epean idatziko da, bilera egin den egunetik kontatzen hasita, eta, hala badagokio, onespen-aktatzat joko da, gauzatzen ari diren proiektuak ebaluatze eta onartze aldera, bileran azaldutako emaitzei dagokienez, batez ere honekin guztiarekin lotura duen guztiari dagokionez: Euskaltzaindiaren finantziazioarekin, aurrekontuekin, balantzea onartzearekin eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean ikuskatutako emaitzen kontuarekin.

Hori gertatu ezean, Jarraipen Batzordeko idazkariordeak, hilabeteko epea igaro ondoren, akta idatziko du eta gainerako herri-administrazioei bidaliko die. Administrazio horiek hamar eguneko epean kontrakoa adierazi ezean, onartutzat joko da eta onespen-akta bihurtuko, gauzatzen ari diren proiektuak ebaluatze eta onartze aldera, bileran azaldutako emaitzei dagokienez, batez ere honekin guztiarekin lotura duen guztiari dagokionez: Euskaltzaindiaren finantziazioarekin, aurrekontuekin, balantzea onartzearekin eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean ikuskatutako emaitzen kontuarekin.

Zazpigarrena.– Batzorde Teknikoa.

7.1.– Sei kidek osatuko dute Batzorde Teknikoa. Jarraipen Batzordeak lau izendatuko ditu: herri-administrazio sinatzaileen ordezkari bana, Euskaltzaindiak eginiko lanen alde tekniko eta ekonomikoen berri dutenak. Beste biak, berriz, Euskaltzaindiaren gerentea eta idazkariordea izango dira, eta programei behar bezalako jarraipena egingo diete.

Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikari bat idazkari lanetan arituko da.

7.2.– Batzorde Teknikoaren eginkizun bereziak honako hauek dira:

a Euskaltzaindiak aurkezten dituen urteko jarduera-planak eta txostenak jaso eta aztertzea.

b) Erakundeari emandako diru-laguntza justifikatzeko agiriak jaso eta aztertzea.

c) Behin-behineko ebaluazioa egitea herri-administrazioek diruz eutsitako programei buruz.

d) Beharrezkotzat jotzen diren informazio- eta ebaluazio-txosten guztiak egin eta Jarraipen Batzordeari aurkeztea.

7.3.– Batzorde Teknikoak urtean hiru bilera egingo ditu gutxienez. Horietako bi, ezinbestez, Jarraipen Batzorderako 6.6 klausulan ezartzen dituenak egin baino lehen egin beharko dira, haietan aztertu behar diren gaiak arakatzeko. Hirugarrena uztailean zehar egingo da, lehen seihilekoan garatutako egitasmoen eta aurrekontu-exekuzioaren segimendua egiteko.

Zortzigarrena.– Programa-kontratua suntsitzeko arrazoiak.

Programa-kontratu hau zirkunstantzia hauetako bat gertatuz gero suntsituko da:

a). Alde sinatzaile guztiek elkar hartuta horrela egitea erabakiz gero.

b) Euskaltzaindiak bere gain hartutako konpromisoak nabarmen bete ezean, baldin eta horrela adierazten bada Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak berariaz izapideturiko espedientean, eta aldez aurretik Jarraipen Batzordeak adostasuna azaltzen badu.

c) Aldeetatik edozeinek kontratua berariaz salatuz gero, bigarren klausulan xedatutakoari kalterik egin gabe.

d) Zuzenbidean bidezkoa den beste edozein.

Bederatzigarrena.– Emandako diru-kopuruen itzulketa.

9.1.– Programa-kontratu hau bere horretan betetzen ez bada, edo emandako laguntzak beste eginkizun batzuetarako erabiltzen badira, orduan ordainketak eten egingo dira, eta xede horretarako lehendik jasotako kopuruak itzuli beharko zaizkie kasuan kasuko herri-administrazioen diruzaintzei, baita aplikatu beharreko lege-korrituak ere; horrez gain, egoki diren lege-akzio eta zehapenak ere ezarri ahal izango dira. Aipatutako kopuruak sarrera publikotzat joko dira lege-ondorioetarako.

9.2.– Euskaltzaindiak programa-kontratu hau ez betetzeagatik sortzen diren eskubide, kanon, tasa, zerga, konpentsazio eta kalte-ordainak ordaindu beharko ditu. Hori ez ezik, Euskaltzaindiari dagokio, orobat, berau betearazteko beharrezkoak diren baimen eta lizentzia guztiak lortzea.

Euskaltzaindiari bere jarduerak finantzatzeko emaniko diru-laguntzak aplikatzetik sortzen diren soberakinen kopuruak itzultze aldera, herri-administrazio sinatzaileek 37. artikuluan eta 94. eta 95. artikuluetan ezarritakoa beteko dute. Azken horiek oinarrizkoak dira estatu espainol osoan, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez ezarriak, haren bidez azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartu baitzen. Sortutako zorra ordaindu ahal izango da, nola eta haren zenbatekoa herri-administrazio sinatzaileek Euskaltzaindiari etorkizunean egiten dizkioten igorpenetatik kenduz, edo programa-kontratu hau sinatzen duten herri-administrazioen zorrekin konpentsatuz; betiere azken zor horiek epeak betetakoak, likidoak eta galdagarriak badira.

Hamargarrena.– Programa-kontratuaren izaera.

10.1.– Programa-kontratu honek administrazio-izaera du, eta Jarraipen Batzordeari dagokio haren edukia interpretatzea.

10.2.– Interpretazioaren inguruan sortzen diren auziak administrazioarekiko auzien gaineko eskumena duten auzitegiek ebatziko dituzte.

Hamaikagarrena.– Programa-kontratuaren kudeaketaren ardura.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, programa-kontratu hau kudeatzeko ardura duenez gero, honako eginkizun hauek beteko ditu:

– Batzorde Teknikoa zuzentzea, eta haren jardunbideko beharrezkoak diren eskuarte material eta ekonomikoez hornitzea.

– Euskaltzaindiarekin programa-kontratuaren kudeaketa zaintzeko harremanak izatea.

– Euskaltzaindia diruz laguntzen duten herri-administrazio sinatzaile guztiei kudeaketaren eta lorturiko emaitzen berri ematea, baita euren arteko informazio-trukeak koordinatzea ere.

– Jarraipen Batzordearen bileren Akten Idazkaritza eramatea. Nolanahi ere, programa-kontratu honen 6.2.g) eta 6.8 puntuetan Jarraipen Batzordearen Idazkaritzaordetzari dagokionez ezarritakoa ere bete beharko da.

Hamabigarrena.– Azkena.

Hitzartutakoa behar bezala jasota gera dadin, eta beteko dutela berariaz adierazita, aldeek agiri honen bosna aleen orrialde guztietan sinatzen dute.

Bilbao, 2015eko ekainaren 10a.

CRISTINA URIARTE TOLEDO, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua
ICIAR LAMARAIN CENITAGOYA, Arabako Foru Aldundia
MIREN JOSUNE ARIZTONDO AKARREGI, Bizkaiko Foru Aldundia
ZIGOR ETXEBURUA URBIZU, Gipuzkoako Foru Aldundia
ANDRÉS MARÍA URRUTIA BADIOLA, Euskaltzainburua
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 30EKO 29/2015 EBAZPENARENA
AZPILIZENTZIA AKORDIOA, SENDAGAIEN ETA OSASUN PRODUKTUEN ESPAINIAKO AGENTZIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, ON-LINE FARMAZIEN LOGOTIPOA ERABILTZEKO ESKUBIDERAKO

Madrilen, 2015eko ekainaren 11n.

HAUEK BILDU DIRA:

Belén Crespo Sánchez-Eznarriaga, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziako zuzendaria (Agentziako Artezkaritza Kontseiluak 2011ko urriaren 3an izendatua), aipatutako Estatu Agentziaren izenean eta ordezkaritzan, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren Estatutuak ematen dizkion ahalmenak erabiliz (estatutu horiek irailaren 16ko 1275/2011 Errege Dekretuaz onartu ziren). Agentziaren helbide soziala: Calle Campezo 1, 28022 Madril; IFK: Q 2827023.

Guillermo Viñegra García jauna, Osasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta ordezkaritzan (Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 9an egindako bilkuran izendatuta).

Bi aldeek hitzarmen hau egiteko eskumen eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri, eta, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– 2001eko azaroaren 6ko 2001/83/EE Zuzentarauak gizakientzako sendagaiei buruzko erkidego-kode bat ezartzen du. Zuzentarau hori aldatu egin zuen 2011/62/EB zuzentarauak, zeinak zenbait neurri erantsi baitzituen sendagaien Internet bidezko salmenta ilegala prebenitzeko. 2001/83/EE Zuzentarauaren 8. paragrafoaren 85. quater artikuluak xedatzen duenez, logotipo erkide bat sortuko da, Batasun osoan ezagutzeko modukoa, zeinaren bitartez identifikatu ahal izango baita zein estatu kidetan dagoen informazio-sozietatearen zerbitzuaren bitartez urrutiko salmentaz jendeari sendagaiak eskaintzen dizkion pertsona. Nazio mailan, azaroaren 8ko 870/2013 Errege Dekretuan aipatzen da aipatutako logotipoaren erabilera; errege dekretu horren bidez, gizakientzako sendagaien urrutiko salmenta –webguneen bidezkoa– arautzen da, errezeta medikorik behar ez duten sendagaiena, hain zuzen ere.

Bigarrena.– Interesatutako nazioetako agintariei proposatutako logotipoen artean, Europar Batasunaren izenean eta ordezkaritzan hartutako logotipoari dagokion marka eskatu eta erregistratu du Europako Batzordeak.

Erregistratutako marka Batzordearen 699/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren eranskinean dago orain, eta aipatutako 2001/83/EE Zuzentarauaren 3. paragrafoaren 85. quater artikuluan ezarritako helburuekin eta esparruaren barruan marka hori logotipo erkide gisa erabiltzea adostu dute EBko estatu kideen eta Europako Merkataritza Askearen Elkartearen (EFTAren) ordezkari diren nazio-agintaritzek.

Hirugarrena.– 2015eko martxoaren 12an, on-line farmazien Logotipo Lizentziari buruzko Akordio bat sinatu da, Europar Batasunaren eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren artean (AEMPS).

Laugarrena.– Aipatutako akordioaren bosgarren klausularen arabera, bigarren klausulan zerrendatzen diren eskubideetako edozeinen erabilera hirugarrenen alde azpilizentziatu ahal izango du AEMPSek.

Horren ildotik, AEMPSen iritziz beharrezkoa da on-line farmazien logotipoaren gaineko zenbait eskubide autonomia-erkidegoen alde azpilizentziatzea, klausula hauetan xedatzen denaren arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Akordio honen xedea da eskubide batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren alde azpilizentziatzea; on-line farmazien logotipoari dagozkion eskubide hauetako edozein, hain zuzen ere:

a) erabiltzea, inprimatzea, erreproduzitzea eta biltegiratzea;

b) argitaratzea, kopiak banatzea, jaulkitzea, hedatzea, transmititzea eta/edo jendeari komunikatzea, honako hauek erabiliz: telekomunikazio-zerbitzuak, prentsako informazio-zerbitzuak, mezu eta ohar elektronikoen zerbitzuak, argitalpen elektronikoak eta ez elektronikoak, edo egun ezagutzen den edo etorkizunean gara litekeen beste edozein baliabide.

Bigarrena.– Sendagaien eta osasun produktuen espainiako agentziaren konpromisoak.

Europar Batasunak (EB) eskatzen badio, akordio honetan jasotzen den edozein eskubideren erabilera azpilizentziatu zaien hirugarrenetako edozeinen izena emango dio Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak; kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoarena.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren konpromisoak.

Euskal Autonomia Erkidegoak konpromisoa hartzen du xedapen hauek betetzeko eta errespetatzeko: akordio honetan jasotzen diren xedapenak eta Europar Batasunaren eta AEMPSren artean sinatutako on-line farmazien Logotipo Lizentziari buruzko Akordioan ezarritakoak.

Laugarrena.– Diru-zuzkidura.

Akordioak ez dakar diru-zuzkidurarik.

Bosgarrena.– Jarraipen batzordea.

Jarraipen Batzorde bat eratuko da akordio hau normaltasunez garatu eta betearazten dela bermatzeko. Batzorde hori paritarioa izango da, eta alderdietako bakoitzak izendatutako bina kide izango ditu. Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez. Akta bat egingo da Batzordeak izaten duen bilkura bakoitzean.

Hauek izango dira Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

  • Akordio honen garapena eta betearazpena interpretatzea eta kontrolatzea.
  • Hitzarmen honen barruan egindako jardueren jarraipena egitea.

Batzordearen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudiari eta hitzarmen honetan aurreikusi gabe dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. kapituluko II. tituluan ezarritakoa bete beharko da (kide anitzeko organoei buruzkoa da kapitulu hori).

Seigarrena.– Iraupena.

Akordio honek sinatzen den egunaren biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta 4 urteko indarraldia izango du.

Akordio hau iraungi egingo da baldin eta AEMPSentzat deuseztatu egiten bada Europako logoaren erabilerarako akordioa, logoaren erabilerari buruz erakunde horrek eta EBk sinatutako Akordioaren zortzigarren xedapenean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Kasu hauetan ere iraungi daiteke:

a) Alderdi biek hala erabakitzen dutenean.

b) Ezinbesteko kasuetan.

c) Hitzarmenaren helburua betetzeko ezintasunen bat sortzen denean.

d) Berariazko hitzarmen hau sinatzea ahalbidetu zuten baldintzak funtsean aldatzen direnean eta alderdietako edozeinek hitzarmena salatzen duenean. Salaketa hori idatziz egin beharko da, eta kontratua amaituko litzatekeen data baino gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio beste alderdiari.

Zazpigarrena.– Izaera juridikoa eta gatazken konponbidea.

Akordio honek administrazio-izaera du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluan jasotakoaren babesean; beraz, ez zaio aplikatzen Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, horko 4.1.c) artikulua betez. Hala ere, aipatutako lege-testuaren printzipioak aplika dakizkioke, akordio honen barruan ebatzi ezin diren zalantzak argitzeko.

Halaber, Akordio hau Europar Batasunaren Zuzenbideari jarraiki arautuko eta interpretatuko da, Europar Batasunaren eta AEMPSen artean sinatutako on-line farmazien Logotipo Lizentziari buruzko Akordioan xedatuaren arabera, haren ondorio baita.

Akordio hau ulertzeko edo betearazteko orduan gatazkarik piztuz gero, auzia era baketsuan ebazteko hitza ematen dute sinatzaileek. Hala eta guztiz ere, akordioak administrazio-izaera duenez, hura interpretatzen eta aplikatzen sortzen diren eztabaida guztiak, alderdien artean konpondu ezin badira, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende egongo dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 12ko 29/1998 Legean xedatuari jarraiki.

Ados daudela adierazteko, hiru ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren aldetik:

Zuzendaria,

BELÉN CRESPO SÁNCHEZ-EZNARRIAGA.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik:

Osasuneko sailburuordea,

GUILLERMO VIÑEGRA GARCÍA.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 30EKO 29/2015 EBAZPENARENA
BARNE MINISTERIOAREKIN HAUTESKUNDE-KUDEAKETAREN ARLOKO LANKIDETZAKO ESPARRU-HITZARMENA

Madril, 2015eko ekainaren 3a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, barne-ministroa, Jorge Fernandez Diaz jauna, Ministerio horren ordezkari, hala aurreikusten baitute Estatuko Administrazio Orokorraren antolakuntza eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 13ko 6/1997 Legeko 13.3 artikuluak, bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko Hamahirugarren Xedapen Gehigarriak.

Eta, beste aldetik, Segurtasuneko sailburua, Estefania Beltran de Heredia andrea, Hitzarmen hau sinatzeko gaitasuna ematen baitiote Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. artikuluak, Segurtasuneko sailburua izendatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuak, eta Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuko 4. artikuluak.

Bi alderdiek Hitzarmen hau sinatzeko gaitasun legala aitortu diote elkarri eta, hala,

ADIERAZI DUTE:

Espainiako Konstituzioak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.2 artikuluak berariaz ezartzen dute lankidetzaren eta elkarlanaren beharra Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen artean, bien onerako –Konstituzio Auzitegiko 64/1982, 71/1983 eta 104/1988 epaiak–, baina horrek ez du esan nahi Estatuaren eskumenak handitzen direnik –Konstituzio Auzitegiko 18/1982, 880/1985 eta 96/1986 epaiak–.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 4. artikuluan ezarritako erakundeen arteko leialtasunaren arabera, Administrazio Publikoen egitekoak dira: eskumenak errespetatzea; eskumenez baliatzean, interes publiko guztiak aintzat hartzea, batez ere beste Administrazioek kudeatu beharrekoak; eskumenez baliatzeko informazioa ematea eta beste Administrazio Publikoei laguntza eta babes aktiboa ematea beren eskumenez balia daitezen.

Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren arabera, Lege hori ez da oztopoa aitortutako eskumenez baliatzeko, errespetatuz gero Konstituzioa, Lege Organiko hau eta Autonomia Erkidego bakoitzeko estatutuak, legebiltzarrerako hauteskundeei dagokienez. Halaber, Konstituzioak Estatuari ematen dizkion eskumenen barruan, Autonomia Erkidegoek deitutako beren legebiltzarrerako hauteskundeei aplikatuko zaizkie Lege Organiko honetako I. Tituluko artikulu hauek: 1 - 42; 44; 44 bis; 45; 46.1, 2, 4, 5, 6 eta 8; 47.4; 49; 1, 2 eta 3; 51.2 eta 3; 52; 53; 54; 58; 59; 60; 61; 62; 63; 65; 66; 68; 69; 70.1 eta 3; 72; 73; 74; 75; 85; 86.1; 87.2; 90; 91; 92; 93; 94; 95.3; 96; 103.2; 108.2 eta 8; 109 a 119; 125 - 130; 131.2; 132; 135 - 152. Lege honen I. tituluko gainerako artikuluak Autonomia Erkidegoek onar ditzaketen legeen osagarri dira, eta legebiltzarrerako hauteskundeetan aplikatuko dira, haiei buruzko legerik ez badago.

Bai Estatuko Gobernuak ez ezik autonomia-gobernu batek edo batzuek ere deitzen dituztenean hauteskundeak, bai autonomia-gobernu batek soilik deitzen dituenean, bide berak hartu behar dira –Administrazio Publikoen artean egon behar duen lankidetzaren eta elkarlanaren ildoan– hauteskundeen prozesu konplexua errazago eta eraginkorrago kudeatzeko.

Hain zuzen ere, Administrazio bakoitzaren ardura izan arren bere hauteskunde-prozesua, eta berak adierazi arren parte-hartzearen aurrerapenak, parte-hartzearen datuak eta behin-behineko emaitzak, bi alderdiek elkarrekin erabiliko dituzte hauteskunde-eguneko datuak jaso, jakinarazi eta zenbatzeko sistemak (hauteskunde-mahaien eraketa, parte-hartzearen aurrerapenak, behin-behineko zenbaketaren datuak, etab.). Era berean, Barne Ministerioaren jabetza esklusiboa dira Sail honek kanpainarako sortutako lanen eta produktuen eskubide guztiak, bai eta irudi-eskubideak ere, haien eraldaketa posiblea barne.

Alde biko Hitzarmenak ez baizik alde anitzeko Hitzarmen bakar bat sinatu da, berdintasuna eta gardentasuna egon dadin erakunde arteko lankidetzan eta elkarlanean.

Ministro Kontseiluaren 1990eko martxoaren 2ko Erabakiaren arabera, Hitzarmen honen aldeko txostena egin du Barne Ministerioko eta Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Zerbitzu Juridikoak, eta hura sinatzeko baimena eman du Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko maiatzaren 6an.

Hori horrela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6. artikuluaren arabera onartu dira honako

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hauteskunde-prozesuak kudeatzeko lankidetza erabakitzea, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Autonomietako Administrazioek eraginkorrago kudea ditzaten hauteskunde-prozesuetako baliabide publikoak, bai Estatuko Gobernuarekin batera autonomia-gobernu batek deitutako hauteskundeetan bai autonomia-gobernu batek bakarrik deitutakoetan.

Hauteskunde-prozesu zehatzen inguruko lankidetza-hitzarmenak alde anitzekoak izango dira ahal dela, baina alde bikoak ere sinatu ahal dira.

Bigarrena.– Jardueren eremua.

I.– Hauteskundeen aldiberekotasuna:

Estatu mailako hauteskunde-prozesu eta herri-kontsultekin batera autonomia mailakoak ere egiten direnean, Administrazio Publiko eskudunek kontuan izango dituzte puntu hauek:

1.– Hauteskunde-prozesuen deialdia.

Barne Ministerioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko ditu Autonomia Erkidegoetako Legebiltzarrerako hauteskunde-deialdien dekretuak, Estatu mailako hauteskundeen egun berean direnean; horretarako, Autonomia Erkidegoen eskura ipiniko ditu Estatuko Aldizkari Ofizialeko jarraibideak.

2.– Hauteskundeetako materiala.

Estatuko eta autonomiako hauteskundeak aldi berean direnean, berberak direnez hauteskunde-mahaiak eta materiala (hautestontziak, kabinak, seinaleak...), Administrazio Publikoek material hori banatuko dute, beharra badago eta hiru hilabete lehenago idatziz eskatu bazaie. Utzitako material hori erabiltzen duen Administrazioak egoera ezin hobean itzuliko du; bestela, kalteak ordaindu beharko ditu.

3.– Hauteskunde-mahaietako kideentzako eskuliburuak.

Hauteskundeak aldi berean estatuan eta autonomian emango balira, hauteskunde-mahaietako kideentzako eskuliburua –elektronikoki kudeatutako mahaietako kideentzako eskuliburua barne– berbera izango da eta, Hauteskunde Batzorde Zentralak eta, balegokio, Hauteskunde Batzorde Autonomikoak hura ikuskatu ondoren, eta –LOREGeko 27.2 artikuluaren arabera– Ministro Kontseiluak eta Autonomia Erkidegoko Batzorde Betearazleak onartzen badute, Barne Ministerioak banatuko du.

4.– Kanpaina instituzionalak.

Botere publiko deitzaileek erabaki dezakete kanpaina berean aldibereko prozesuen aipamenak egitea, baldin eta kostu gehigarria ez bada kanpaina instituzionala deitu duen botere publikoarentzat.

Kanpaina instituzionaletan aldibereko hauteskunde-prozesu guztiak aipatzen badira, Barne Ministerioak eta Autonomia Erkidegoek neurriak har ditzakete kanpainak botere publiko guztien artean ordain daitezen.

Barne Ministerioaren jabetza esklusiboa dira Sail honek kanpainarako sortutako lanen eta produktuen eskubide guztiak, bai eta irudi-eskubideak ere, haien eraldaketa posiblea barne.

5.– Administrazioaren ordezkariak.

1) Estatuko Administrazio Orokorrak gobernu-ordezkarien eta -ordezkariordeen bidez izendatzen du nork lagunduko dion hauteskunde-mahai bakoitzari, besteak beste, hauteskunde-egunean nahikoa material egon den eta gorabeherarik gertatu den jakinarazten, eta parte-hartzearen datuak eta behin-behineko emaitzak jakinarazten (Tokiko Hauteskundeetakoak, Gorte Nagusietakoak, Europako Parlamentukoak eta estatu mailako erreferendumetakoak).

2) Estatuko eta autonomiako Administrazio Publikoek erabakitzen badute Administrazioko ordezkari bakarra egotea aldibereko hauteskundeetan, horien izendapena adostu behar dute gobernu-ordezkarien/ordezkariordeen (Estatuko Administrazio Periferikoa) eta, baleude, autonomiako ordezkari probintzialen edo haien parekoen artean, edo autonomiak izendatutako hauteskundeak eta herri-kontsultak kudeatzeko organoko ordezkariaren edo hark eskuordetutako pertsonaren artean.

3) Administrazioko ordezkariak bakarrak direnean, bi Administrazioak arduratuko dira haien ordainketaz, eta aldibereko hauteskundeetarako sinatutako hitzarmen bakoitzean agertuko da.

4) Aldiberekotasuna dagoenean, Administrazioko ordezkariek gailu mugikorren bidez bidal ditzakete datuak –bai Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatutako hauteskundeetan bai autonomietako legebiltzarrerako hauteskundeetan–, baldin eta bi administrazio publikoek egoki irizten badiote, aldibereko hauteskundeen inguruan bi alderdiek sinatutako Hitzarmenari jarraituz, eta bertan azalduko da nola banatuko den lan horren ordainketa.

5) Administrazioko ordezkaria bakarra izatea erabakitakoan, eta Administrazio publiko bakarrak agintzen badio gailu mugikorren bidez datuak bidaltzea, Administrazio horrek ordainduko dio lan osagarri hori.

6.– Hauteskundeen kudeaketan teknologiak partekatzea.

Ahal dela, botere publiko deitzaileek elkarrekin erabiliko dituzte informazio-teknologiak, adibidez, hauteskunde-egunean datuak bidaltzeko aplikazio informatikoak edo gailu mugikorrak eta, oro har, behin-behineko zenbaketak jaso, bidali eta jakinarazteko azpiegitura teknikoa.

7.– Parte-hartzearen eta behin-behineko zenbaketaren datuak jasotzea, bidaltzea, gehitzea eta jakinaraztea.

Gastu publikoa arrazionalizatzeko, eraginkorrago egiteko eta murrizteko, Barne Ministerioak eta Lankidetza Hitzarmen Marko hau sinatzen duten Autonomia Erkidegoek, aldibereko hauteskunde-prozesu bat dagoen bakoitzean, eredu edo sistema komun bat proposa dezakete hauteskunde-eguneko mahaiak eratzeko, parte-hartzearen aurrerapenak eta behin-behineko zenbaketak bidaltzeko eta abar, eta eredu hori martxan jartzeko kudeaketak egin ditzakete.

Era berean, Barne Ministerioak, behin-behineko zenbaketaren berri emateko kontratatutako enpresarekiko espedienteetan, eta alderdiek aurrez adostuta, kontratatutako zerbitzu hori zabaldu egin dezake berariazko Hitzarmen bat sinatzen duten Autonomia Erkidegoetara.

Nolanahi ere, hauteskunde-prozesu bakoitzaren ardura duen Administrazioaren eskumena da parte-hartzearen aurrerapenak eta datuak ematea, bai eta behin-behineko emaitzak ere.

Estatuko Administrazio Orokorrak eta Autonomia Erkidegoek parte-hartzearen aurrerapenak eta datuak emango dituzte, bai eta behin-behineko emaitzak ere gertatu ahala. Horretarako,

– Estatuko Administrazio Orokorrak Autonomia Erkidego sinatzaileen esku jarriko ditu estatu mailako hauteskundeen behin-behineko zenbaketaren emaitzak euskarri elektronikoan –online eta Intranet bidez–, Autonomia Erkidego bakoitzak erabakitako lekuan.

– Autonomia Erkidego bakoitzak Estatuko Administrazio Orokorraren esku jarriko ditu autonomia mailako behin-behineko emaitzak euskarri elektronikoan –online eta Intranet bidez–, Estatuko Administrazio Orokorrak erabakitako lekuan.

II.– Autonomietako Hauteskundeak: aldiberekotasunik eza.

1.– Hauteskundeetako materiala.

Administrazio-lankidetzaren ildoan, Autonomia Erkidegoek Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu ahal diote Autonomiako Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko behar den materiala (hautetsontziak, kabinak, seinaleak, etab...), bi administrazioek erabakitako baldintzetan. Material horiek hondatuz gero, Administrazio Autonomikoak ordainduko ditu kalteak.

Estatuko Administrazio Orokorrak egindako inprimaki eta agiri berrerabilgarrien kasuan, Administrazio Autonomikoek zein kasu zehatzetan erabil ditzaketen erabakiko da, bai eta zenbat ordaindu beharko duten ere.

2.– Kanpaina instituzionalak.

Barne Ministerioak kanpainetarako sortutako lanak egokitzea ordaindu ahal dute Autonomia Erkidegoek, aurrez baimena emanda.

3.– Posta eta Telegrafoen Estatuko Erakundea, S.A.

Hauteskunde autonomikoen deialdia egin ostean, izapideak hasiko dira Ministro Kontseiluak Erabaki baten bidez ezar dezan zer betebehar izango dituen Posta eta Telegrafoen Estatuko Erakundeak, hauteskunde-prozesua normal gauzatu ahal izateko. Posta eta Telegrafoen Estatuko Erakundeak behar bezala jardun dezan, Erabaki horren eranskinean zehaztuko dira laneko baldintzak, hauteskundeetako bidalketen lehentasuna, propaganda bidaltzearen kudeaketa, eta zerbitzu publikoko betebeharren kostua eta finantzaketa.

4.– Atzerrian bizi diren espainiarren botoa.

Barne Ministerioak beharrezko urratsak egingo ditu Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Orokorraren 75. artikuluan araututako boto-prozedura kudeatzen laguntzeko.

Hirugarrena.– Alderdien ekarpenak.

1.– Estatuko Administrazio Orokorrak, Barne Ministerioaren bidez, bere aurrekontutik ordainduko du Estatuko Gobernuak deitutako hauteskunde-prozesuen kudeaketa.

Autonomia Erkidegoek beren aurrekontutik ordainduko dute autonomietako gobernuek deitutako hauteskunde-prozesuen kudeaketa.

Estatuko Administrazio Orokorrak ordainduko du Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoen kostua, gai horretan eskumenik ez duten autonomia-erkidegoetan.

2.– Hitzarmen Marko honetako bigarren klausularen arabera, lankidetza-hitzarmen bakoitzean erabaki daiteke alderdi bakoitzak zenbat ordainduko duen bere aurrekontutik.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Hitzarmen Marko honen Jarraipen Batzordea sortu da, eta honako hauek izango dira partaideak:

Barne Ministerioaren izenean:

– Barne Politikako zuzendaria.

– Barne Politikako zuzendariak Batzordeko bileretara joateko hautatutako pertsona(k).

Hitzarmen Marko hau sinatzen duten Autonomia Erkidegoen izenean:

– Hauteskunde-prozesuak eta herri-kontsultak kudeatzeko eskumenak dituen organoko ordezkaria, Autonomia Erkidegoak izendatua, edo hark eskuordetutako pertsona.

– Autonomia Erkidego bakoitzeko organoko titularrak Batzordeko bileretara joateko hautatutako teknikariak.

2.– Batzordea gutxienez urtean behin elkartuko da.

3.– Jarraipen Batzordeak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:

a) hauteskundeak kudeatzeko lankidetza antolatzea Estatuko Administrazio Orokorraren eta Autonomia Erkidegoen artean, kudeaketa hori eraginkorragoa izan dadin, irizpide teknikoak homogeneizatuz, baliabideak optimizatuz, eta hauteskunde-prozesuei buruzko informazioa trukatuz;

b) lankidetza-hitzarmenen proiektu zehatzen zirriborroak egitea, alde anitzekoak, Hitzarmen Marko hau garatzen dutenak.

Bosgarrena.– Administrazio-izaera eta eztabaidak ebaztea.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, testu horretako 4.1.c) artikuluak dioenagatik.

Hitzarmen honen aplikaziotik, interpretaziotik, aldaketatik, ondorioetatik eta ebazpenetik auziak edo eztabaidak sortuko balira eta alderdiek ebatzi ezingo balituzte, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak dioenaren arabera ebatziko dira.

Seigarrena.– Indarraldia eta aurretiazko ebazpena.

Sinatu bezain laster jarriko da indarrean Hitzarmen Marko hau, 2017ko abenduaren 31ra arte iraungo du, eta indarraldi hori amaitu aurretik luza daiteke, alderdiek hala adostuz gero. Luzapen bakoitzak 4 urteko iraupena izango du, gehienez.

Hitzarmen hau suntsitutzat jo daiteke alderdiek hala adostuta edo edozein alderdik noiznahi idatziz aurkeztutako salaketaren bidez, indarrik gabe utzi nahi den data baino gutxienez 6 hilabete lehenago, Hitzarmen honetako klausularen bat bete ez delako.

Eta bi alderdiak ados daudela erakusteko, hitzarmen hau izenpetu dute, hiru aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.

Barne ministroa, Sinadura,

JORGE FERNANDEZ DIAZ.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANIA BELTRAN DE HEREDIA.

V.– ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 30EKO 29/2015 EBAZPENARENA
BERMEOKO UDALAREKIN, EAEKO POLIZIA-KIDEGOEK HARTUTAKO LISTU-LAGINAK ANALIZATZEAN JARDUNBIDE-EREDU BATERATUAK EZARTZEKO, HORIEN BIDEZ, EGIAZTATZEKO IBILGAILUAK GIDATZEN ARI DIREN PERTSONEK DROGAK HARTU DITUZTEN

Bermeo, 2015eko maiatzaren 18a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jesus Maria Zubiaga Nieva, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisara.

Bestetik, Idurre Bideguren Gabantxo, Bemeoko Udaleko alkatea, azken horren ordezkari gisara.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri, eta, horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bi administrazioak jakitun direla drogen eraginpean gidatzea gizarte-arazo bat dela eta beharrezkoak direla horri aurre egiteko gertakari horren aurkako borrokan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moduak.

Berriki onartutako apirilaren 7ko 6/2014 Legeak, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua aldatzen duenak (azken hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), lehen aldiz adierazten du drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua, egiaztatu baita juridikoki seguruak direla, gidarientzat ez direla intrusiboegiak eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak direla. Egia esan, drogen eraginpean gidatzen ote den hautemateko kontrolak orokortu arte itxaron behar izan dugu arazo honi aurre egiteko; hala eta guztiz ere, bideko segurtasunerako arazorik larrienetako bat dela egiaztatu da dagoeneko.

Hain zuzen ere, lege berriaren 12. artikuluan nabarmenki aldatu da drogen eraginpean gidatzeari buruzko araudia: aurrerantzean, drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu batekin, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.

Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar dituela, polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.

Hirugarrena.– Sinatzen duen udaleko udaltzaingoak ez duela baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko analisiak egiteko beharrezkoak diren polizia zientifikoen lanak eta peritu-lanak gauzatu ahal izateko; Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, berriz, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak badituenez gero, bi aldeek egoki iritzi diote azpiegitura horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute eta hauek izango dira bete beharreko

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen helburua da esku hartzen duten administrazioetara atxikitako polizia-kidegoek bete beharreko jardunbide bateratuak ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko laborategietan EAEko polizia-kidegoek lortutako listu-laginak analizatzeko eta, horrela, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten beste pertsona batzuk, edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatu ahal izateko.

Era berean, beharrezko gidalerroak ezartzen dira Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitateak listu-laginen analisia egin dezan, organismoan drogarik dagoen hautemateko.

Bigarrena.– Hauteman daitezkeen substantziak.

Hona hemen zer substantzia hauteman daitezkeen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren laborategietan listu-probaren bidez:

– Opiazeoak (monoazetilmorfina, morfina, kodeina).

– Kokaina (kokaina, benzoilekgonina, kokaetilenoa).

– Anfetamina (anfetamina, metanfetamina, MDA (3,4-metilendioxianfetamina), MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina), MDEA (3,4-metilendioxietilanfetamina).

– Haxixa (THC).

– Ketamina.

Emaitza positiboa baieztatzeko masen espektrometriari atxikitako gasen/likidoen kromatografia (ME - GK) baliatzen da.

Hirugarrena.– Jardunbideak.

1.– Listu-laginak emateko baldintzak.

Hitzarmen hau sinatzen duen Udaltzaingoak bere eskualdeko Ertzaintzaren polizia-etxera eramango ditu probak; azken horiek hoztuta eta behar bezala zainduta egon beharko dute une oro, Polizia Zientifikoari bidaltzeko. Proba horien artean egon beharko dira kontrasterako listu-lagina ez ezik dagokion pertsonari egindako proban baliatutako hasierako testaren osagai guztiak ere, proben poltsa edo ontziaren barruan.

Proba horiek Udaltzaingoaren egoitzan gordeta egon beharko dute, eta une oro bermatu beharko da zaintza-katea, dagokion eskualdeko Ertzaintzaren komisariara eraman arte. 72 ordu iragango dira, gehienez ere, probak hartu zirenetik Ertzainetxera eraman arte.

Zaintza-katea behar bezala bete dela jasota gera dadin, emate-agiri bat bete beharko da, Hitzarmen honen eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

Behar bezala identifikatu beharko dira, betiere, bai probak eramaten dituen Udaltzaingoko agentea eta bai horien jasotzen dituen Ertzaintzako komisariako agentea ere, horien lanbide-txartelaren zenbakia emanez.

Agiri horren bi kopia sinatu beharko dira, esku hartzen duten polizia-kidego bakoitzarentzat bana; gainera, ematearen ziurtagiritzat ere balioko dute.

Ertzaintzaren komisariak Polizia Zientifikoko Unitatera igorriko ditu jasotako probak, dagokion analisia eta, ondoren, adituen txostena egin ditzan.

2.– Bete beharreko agiriak.

Analizatu beharreko laginekin batera aurkeztuko diren agirietan informazio hau jaso beharko da:

– Eskaera atestatu ireki bati dagokion edo ireki beharreko bati; azken kasu horretan hildakorik edota zauriturik (arinak zein larriak) egon den adierazi beharko da.

– Eskaeraren jatorria prebentzio-kontrol bat izan den, edo trafiko-istripua, edo trafiko-arloko indarreko araudiaren urraketaren bat.

– Listu-lagina hartu zaion pertsonaren balizko zitazioa, epaiketa azkarreko zigor-prozeduraren bidez auzipetzeko, zitazioaren data adierazita, hala badagokio.

– Lehen listu-analisian aurkitutako zantzuzko substantziak, baieztatu beharrekoak.

– Zantzuzko listu-testaren lote-zenbakia eta iraungitze-data.

3.– Analisia egiteko eta adituaren txostenaren emaitza jakinarazteko epea.

Analisia egin eta dagokion adituaren txostena idatzi ondoren, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak eskualdeko komisariaren bidez helaraziko dio Udaltzaingoari, hiru hilabeteko epean, gehienez ere, ematea gauzatu zenetik.

Adituen txostenean ondoko datu hauek agertu behar dira:

– Azterketaren emaitzak.

– Txostenaren erreferentzia.

– Udaltzaingo instrukzio-egilearen izendapena eta diligentziak.

Laugarrena.– Alderdien betebeharrak.

Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateak udaltzaingoak emandako laginak jasoko ditu aurreko klausulan ezarritako prozeduraren arabera, eta horien analisia egin ondoren dagokion adituen txostena gauzatuko du. Segurtasun Sailak bere gain hartuko ditu jarduketa horien gastuak, langileen kostua barne.

Hitzarmen hau sinatzen duen udalak, berriz, bere gain hartzen du Segurtasun Sailaren laborategietan baliatutako material suntsikorraren kostua, hots, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten bidearen beste pertsona erabiltzaile batzuk edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatzeko baliatutako material suntsikorrarena.

Horrez gainera, Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko udaltzaingoak konpromisoa hartzen du hilean behin drogen eraginpean gidatzearekin lotutako atestatuei buruzko datu estatistikoak bidaltzeko Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzara, baita udalean jartzen diren administrazio-zehapenei buruzkoak ere, trafiko-arloko indarreko araudiak ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zehaztuko duen bidea erabilita.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da Jarraipen-batzorde teknikoa, bi kidez osatua: Segurtasun Saileko ordezkari bat eta dagokion udalaren ordezkari bat. Batzordeko lehendakaria Segurtasun Saileko ordezkaria izango da.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, bai eta alderdietako batek horrela eskatzen duenean ere; akordioak, berriz, adostasunez hartuko dira.

Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen-batzordeari dagozkion eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau garatu edota gauzatzean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren jurisdikzioaren mende jarriko dira.

Zortzigarrena.– Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Hala eta guztiz ere, urtez urte luzatuko da, adierazpen beharrik gabe, alderdietako batek salatzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz gauzatu beharko da salaketa, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenetako edozein bukatu baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Hitzarmena edozein unetan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.

Irakurri ondoren eta lankidetza-hitzarmen honetan adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi kopia sinatu dituzte, goiburukoan adierazitako leku eta egunean, bertan ezarritako klausulekin bat etorrita.

Bermeoko Udaleko alkatea,

IDURRE BIDEGUREN GABANTXO.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

ERANSKINA
EMATE-AGIRIA
...................................................................................................................(E)KO UDALTZAINGOA

Listu-lagina 20....(e)ko...................aren....(e)(a)n hartu zen.

Listu-proba egin duten agenteen lanbide-zenbakia: .............

Zigilua jarri eta sinatu duen buruzagitzaren lanbide-zenbakia: ..................

Non gorde den, bidali arte: ..................

Proba garraiatu eta eman duten agenteen lanbide-zenbakia: ...........

BURUZAGITZAREN SINADURA: ....................................................................................................

ERTZAINTZA

Unitate hartzailea: .......................

Proba hartu duen agentearen lanbide-zenbakia: .................

Harrera-data: ........................ Ordua: ..................

Gordetzen den tokia: ..................

...................................................(E)KO ERTZAINTZAKO INSTRUKZIO-BURUAREN SINADURA:

Azterketa dokumentala