Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2015eko uztailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BILBOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
3212

EDIKTUA, adopzio bati buruz bideratutako 98/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN ZEDULA

Aipatu prozeduran, ebazpena eman da, eta hau dio hitzez hitz:

177/2015 AUTOA

Epailea: Francisco Javier Osa Fernández jauna.

Lekua: Bilbao (Bizkaia).

Eguna: bi mila eta hamabosteko ekainaren zortzia.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Durango prokuradoreak Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta ordez proposamena egin zuen adingabea adopta zezaten hura lehendik familian hartua zuten adoptatzaileek. Babes-erakundeak adingabea adoptatzeko aukeratu zituen adoptatzaileak, adopzioa burutzeko baldintza pertsonalak, familiarrak eta sozialak betetzen dituztelako eta bizitza aurrera ateratzeko baliabideak dituztelako.

Bigarrena.– Espediente horretan, 2015-02-12ko Ebazpenaren bidez proposamena izapidetzea onartu zen, eta erabaki zen, halaber, dei egitea adoptatzaileei, adopzioa onar zezaten, eta ama biologikoari, adostasuna adierazi zezan.

Hirugarrena.– Adoptatzaileak ados agertu ziren. Fiskaltzari ere entzun zaio, eta adoptatzaileek adingabea adoptatzearen aldeko txostena egin du. Bestalde, ama biologikoari entzuteko izapidea egindakotzat jo da PZLko 1831. artikuluarekin bat etorriz, eta ez dago beste gurasoarekiko legezko filiaziorik. Gainera, Kode Zibilaren 175. artikuluan eta hurrengoetan jasotako legezko manuak bete dira, bai eta Prozedura Zibilaren Legeko 1829. artikuluan eta hurrengoetan bildutakoak ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Espediente hau Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamenez hasi da, zeinek Prozedura Zibilaren Legeko 1829 artikuluak eskatutako baldintzak betetzen baititu.

Bigarrena.– Espedientean honako hau egiaztatu da: adoptatzaileek hogeita bost urte baino gehiago eta adoptatua baino hamalau gehiago dituzte, Kode Zibilaren 175. artikuluak ezartzen dituen gainerako gaitasun-baldintzak betetzen dituzte eta legezko debekurik ez dute, eta euren gaitasun morala, heldutasun intelektuala, eta adopziogaiarekiko duten jarrera eta sentimenduak adopziorako aproposak dira.

Hirugarrena.– Espedientean dauden ziurtagiriek egiaztatzen dute baldintza pertsonalak, familiarrak eta sozialak eta bizitza aurrera ateratzeko baliabide nahikoa dutela, eta ikusita adoptatzaileek adopziogaiarekin duten harreman pertsonala, onartu behar da adingabearen babes-erakundeak egin duen aukeraketa. Hortaz, proposatutako adopzioa adingabearentzat ona dela uste denez, adopzioa burutu egin behar da.

XEDAPEN ZATIA

Adoptatzaileek adingabea adoptatzea erabaki da.

Aurrerantzean, adingabeak adoptatzaileen abizenak izango ditu.

Autoa irmoa izanik, eman bedi lekukotza, Barakaldoko Erregistro Zibileko arduradunari ale bat bidaliz –horrek inskriba dezan–, eta, bestalde, bidal bekie beste ale bat eskatzaileei eta itzuli bekizkie aurkeztutako dokumentuak, autoak banakatu eta lekukotza jaso ostean.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegiari aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: 4709. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Epaileak ebatzi eta sinatzen du. Fede ematen dut.

Epailearen sinadura Idazkariaren sinadura

Ramona Daniel Ghinea non dagoen jakiterik ez dagoenez, idazki hau egiten dut jakinarazpen-zedularen balioa izan dezan.

Bilbao (Bizkaia), 2015eko ekainaren 16a.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala