
133. zk., 2015eko uztailaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (338 KB - 16 orri.)
- EPUB (368 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3175
AGINDUA, 2015eko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, deialdia egiten zaie Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunak (eta eleaniztunak) garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, irakasleek atzerriko hizkuntzako prestakuntza jasotzeko 2015-2016 ikasturtean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu zuen, 2020rako Europako esparruak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuteko, hezkuntza eta prestakuntzari errespetua eta gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkak kontuan hartuta. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Gaitasunen araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: hartutako ikaskuntzak egoera funtzional konplexuak konpontzera bideratzea, transferitzea eta konbinatzea.
Horrenbestez, oinarrizko gaitasunak hartuz lortzen da ikasleentzako definitutako irteerako profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko hezkuntzen artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar dira. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Zeharkako gaitasunetako bat da ahozko komunikaziorako, ez-ahozko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako gaitasuna.
Ahozko komunikaziorako, ez-ahozko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako gaitasun hori lortzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak argi eta garbi egiten du funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hezkuntza bat hedatzeko urrats mailakatuak egiten jarraitzearen alde, euskara ardatz hartuta. Horrela lortu nahi da ikasleek oro har komunikazio-gaitasun praktiko eta eraginkorra iristea euskaraz eta gaztelaniaz, eta nahikoa ingelesez (edo atzerriko beste hizkuntza batean), derrigorrezko hezkuntza bukatzean, baztertu gabe laugarren hizkuntza baten oinarrizko ezaguerak hartzea, beren hizkuntza-proiektuetan hala ezarri duten ikastetxeetan. Euskarak, beste hizkuntza ofizialaren aldean –hots, gaztelaniaren aldean–, desoreka-egoeran eta gizarte-gutxiagotasunean da, eta horrexegatik hartu da ardatz nagusi; horrela, EAEko hezkuntza-sistemaren helburua da ahalik eta modurik eraginkorrenean laguntzea benetako oreka- eta berdintasun-egoera egon dadin bi hizkuntza ofizialetan gizarte-erabilerari dagokionez. Horregatik, EAEko hezkuntzak –hezkuntza eleaniztuna edo hirueleduna, oinarri elebiduna izanik– zeregin orekatzailea betetzen jarraitu behar du euskarazko gaitasunaren alde, bi hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko aukeretan berdintasun handiagoa eta eraginkorra lortzeko.
Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko: 10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Hezkuntza eta Kultura Sailarena, Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; horiek osatzen baitute EAEko hizkuntza-arloko araudia.
Testuinguru horretan, gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lehentasuneko jardun-ildotzat definitu du «Eleaniztasunerantz», unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako 2014-2017 aldirako Prest Gara Planaren barruan.
EAEko egungo hezkuntza-sisteman, atzerriko hizkuntzan (nagusiki, ingelesa) irakasteko hainbat proiektu eta ekimen doaz aurrera aldi berean: Eleanitza proiektua, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan; Hezkuntza Marko Hirueleduna (HMH), lehen eta bigarren hezkuntzan, elkarrizketa-laguntzaileak, Europako programak, Prest Gara Planaren bidezko banakako ikastaroen bidezko prestakuntza... Ekimenen artean, aipamen berezia merezi du Hezkuntza Marko Hirueledunak (HMH); izan ere, esperimentazio-prozesu berezia eta gizarte-oihartzunekoa da, eta haren ebaluazioaz nabarmentzekoa da esperimentazio horren eta harengandik eratorritako emaitzen garrantzi handia. Ondoriotzat atera daiteke, grosso modo, korrelazio handia dagoela ingelesez ematen den curriculumeko ordu-kopuruaren eta ingeles-mailako aurrerapenaren artean. Antzera gertatzen da euskararekin ere. Aipatzekoa da, gainera, atzerriko hizkuntzan curriculumeko edukiak emanez aurrerapenak lortzen direla bai hizkuntza horretako gaitasunean, bai oinarrizko beste gaitasun batzuetan.
Curriculumeko irakasgai bat atzerriko hizkuntzan ematea pixkanaka orokortzeraino, hezkuntza eleaniztun baten esparruan elebitasuna sendotzeko helburuz, beharrezkoa da ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea. Eta, horretarako, atzerriko hizkuntzako irakasleen prestakuntza hobetu behar da, bai eta eskola-komunitate bakoitza bere testuinguruan jarri eta ikasleengan, irakasleengan eta hezkuntza-komunitatean duen eragina zenbatetsi ere. Hartara, hasierako egoeraren aldean izandako aldaketa nabaritu ahalko da. Horregatik, garrantzitsua da ikastetxeek beren hizkuntza-proiektua izatea, hezkuntza-proiektuaren barruan eta testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta, metodologia-, prestakuntza- eta antolaketa-alderdiak hizkuntzen tratamendu integratuaren inguruan zehatz ditzan.
Horiek horrela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 20ko 5/2014 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez (5/2014 Legearen bidez EAEko 2015eko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-hornidura.
1.– Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzako diru-laguntzen deialdia egitea, 2015-2016 ikasturtean hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunak (eta eleaniztunak) garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, irakasleei atzerriko hizkuntzako prestakuntza emateko.
2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura, 1.332.000 euro bideratuko dira guztira.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Diru-laguntza hauei heldu ahal izango diete 4. artikuluko betekizunak betetzen dituzten eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarteek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute autonomia-erkidego honetan.
2.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute hizkuntza-proiektua, hiru ikastetxe izan beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honek, honako honetarako emango du diru-laguntza 2015-2016 ikasturtean: irakasleek aurreko esperientziei lotutako hizkuntza-proiektu hirueledunak eta eleaniztunak garatzen jarraitzeko eta funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren hizkuntza-proiektu berriak abiarazteko behar duten hizkuntza-prestakuntza jasotzeko, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte onuradunekin erlazionatuta dauden ikastetxeetan.
2.– Hau izango da diruz lagundu daitekeen hizkuntza-prestakuntza:
● Atzerriko hizkuntzako prestakuntza: hala jakintza-mailaren ziurtapena lortzea helburu duten prestakuntza-jarduerak, nola edukien bidezko atzerriko hizkuntzako prestakuntza.
● Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea lortzeko prestakuntza.
● Irakasleentzako atzerriko hizkuntzako prestakuntza metodologiko eta didaktikoa.
3.– Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2015eko irailaren 1ean hasiko da, eta 2016ko ekainaren 15ean bukatuko.
4. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.
Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Parte hartzen duten ikastetxe elkartuetan abiatuko den bi urterako hizkuntza-proiektua, funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna), aurkeztea.
b) Egingo den prestakuntza zehaztea, eta prestakuntza jasoko duten ikastetxeen eta irakasleen kopuruaren aurreikuspen bat egitea.
c) Laguntzen onuradun izan ahal izateko, erakunde eskatzaileek ondorengo betekizun hauek bete beharko dituzte:
● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzeko zigor penal edo administratiborik ez izatea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta ez egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
● Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte.
2.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
3.– Eskabideetan, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak berariaz adieraziko du onartzen duela gainerako datuak edo agiriak kudeaketa-organoak lortzea edo egiaztatzea, herri-administrazioari dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak baztertu gabe.
4.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
5.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:
● Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.
● Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
● Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta federazioak edo elkarteak betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
● Estatu-esparruko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak egoitza duela Euskal Autonomia Erkidegoan, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru ikastetxe ere.
6.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskutan badaude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikulua aplikatuz.
Alde horretatik, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk (eskrituraren eta/edo eratze-aktaren kopiarik, diru-laguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada.
5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2015eko irailaren 15eraino.
2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2015/eleaniztasunerantz/y22-izapide/eu
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez egin beharko dira.
4.– Eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:
● Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu hirueleduna (eta eleaniztuna); proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu, bi urterako proiekzioa kontuan hartuta:
● Diagnosia: esperientzia hirueledun eta eleaniztunetan duen ibilbidea, esperientzia horietan parte hartu duten ikasle-taldeak, ikasle horiek diagnosi-ebaluazioetan euskara, gaztelania eta ingelesean izandako emaitzak, eta atzerriko hizkuntzetan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailen baliokideak diren tituluak dituzten irakasleak.
● Proiektuaren helburuak: hizkuntza-proiektuaren bi urterako helburu orokorrak, eta urtez urteko sekuentzia zehaztuta, ikastetxeak, mailak, taldeak, irakasgaiak, euskaraz emango diren orduak, gaztelaniazkoak eta atzerriko hizkuntzakoak (hasierako egoera eta aurreikusitako aurrerapena) adierazita, bai eta ikastetxeetako langileriatik parte hartzen duten irakasleak ere. Helburu horien artean jaso beharko dira, behinik behin, atzerriko hizkuntza irakasgai batean edo haren ordutegi baliokidean ematea, bai eta atzerriko hizkuntza ere, hizkuntza-proiektuak zehaztutako baldintzetan.
● Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak:
Atzerriko hizkuntzako prestakuntza: hala jakintza-mailaren ziurtapena lortzea helburu duten prestakuntza-jarduerak, nola edukien bidezko atzerriko hizkuntzako prestakuntza.
Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea lortzeko prestakuntza.
Irakasleentzako atzerriko hizkuntzako prestakuntza metodologiko eta didaktikoa.
● Plangintza eta gauzatze-egutegia. Hizkuntza-proiektuaren ezarpenaren eta epeen faseak.
● Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara edo Bigarren Hezkuntzatik Batxilergora funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektu jarraitutasuna emateko estrategiak.
● Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.
● Eragin-adierazleak: ikastetxe-kopurua, zenbat ikasle-taldetan ezartzen den, parte hartzen duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, B1, B2 eta C1 tituluak lortzen dituzten irakasleen kopurua eta ehunekoa.
● «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatua (I. eranskina), non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; ikastetxe bakoitzean ezarriko den hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datuak; eta aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
● «Deskripzio-fitxa» inprimaki normalizatua, non honako hauek jasotzen baitira: ikastetxeetan funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektua ezartzearen laburpena (II. eranskina). Dagokion elkarteak edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, taula bat beteko da.
● «Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa» inprimaki normalizatua (III. eranskina), non zehazten baitira sareko ikastetxeetan hizkuntza-proiektua garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak.
5.– Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, Agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.
6.– Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari arazoa zuzen dezan.
6. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura.
7. artikulua. – Hautaketa-batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:
● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna: batzordeburu jardungo du.
● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.
● Berritzegune Nagusiko bi aholkulari, hizkuntza-arloan adituak direnak.
8. artikulua.– Aukeraketa-prozedura.
1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du Ebazpen honetako IV. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.
2.– Eskaera kanpoan geratuko da, baldin funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektuak gutxienez 7 puntu lortzen ez baditu 1. atalean (proiektuaren balorazioa), IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.
3.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren zer hizkuntza-proiektu hautatu diren, eta zer diru-laguntza proposatzen den proiektu bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.
9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, honako muga hauekin:
a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den proiektuan jasotako prestakuntza-jardueretan emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak.
b) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.
c) Hizkuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean beharrezkoa bada material espezifikoak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako diru-laguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.
d) Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeari lotutako zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari elkartutako jarduerei lotutakoak. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute.
2.– Aurrekonturik ez dela-eta eskabide guztiei erantzutea ezinezkoa bada, onartutako hizkuntza-proiektu hirueleduna (eta eleaniztuna) garatzen duen federazio edo elkarte eskatzaile bakoitzari diru-laguntzaren zenbatekoa esleituko zaio, aurreko atalean ezarritakoaz gainera IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuz lortutako puntuak, aurkeztutako aurrekontua eta gela itunduen bolumena aintzat hartuta, bai eta irizpide hauek ere:
a) Elkarte edo federazio bakoitzak aurkezten duen hizkuntza-proiektua zenbat ikastetxetan garatuko den; partaide izango diren irakasleen ehunekoa, haien kopuru osoari dagokionez; eta zenbat taldetan aplikatuko den.
b) Hizkuntza-proiektua gauzatzean, irakasleak prestatzeko aurreikusten diren jardueren eta haietarako orduen kopuru osoa, hala nola prestakuntza horren xede diren ikastetxeen eta irakasleen ehunekoa, elkarte edo federazio eskatzaileko kide diren ikastetxe- eta irakasle-kopuru osoei dagokienez.
c) Atzerriko hizkuntzan B2 mailako, haren balio bereko edo balio handiagoko titulua duten irakasleen ehunekoa.
10. artikulua.– Laguntzak, funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren hizkuntza-proiektuak garatzean.
1.– Hizkuntza-proiektu bat garatzen duten ikastetxeek kasuan kasuko Berritzeguneko erreferentziazko aholkulari bat izendatuta izango dute, eta hura, ikastetxeen elkarteak edo federazioak izendatutako pertsonarekin eta ikastetxean proiektuaren koordinatzaile denarekin batera, onartutako proiektuaren segimendua eta ebaluazioa egiteko lanen arduraduna izango da.
2.– Hizkuntza-prestakuntza horretan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute berritzeguneetako aholkulariek hizkuntzen didaktikaz emandako prestakuntza jasotzeko.
11. artikulua.– Ziurtatzea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie, ofizioz, onartutako hizkuntza-proiektu eleaniztun edo hirueledunak dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada. Horretarako, 2015-2016 ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahala emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: http://www.proiektuak.net/index.php.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste ezein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin.
13. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaizkien interesa duten erakundeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.
3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ohartemandako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honen bidez deitzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten duenean ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.
b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, hau da, funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektua garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak atzerriko hizkuntzan prestatzeko.
c) Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.
d) Prestakuntzak atzerriko hizkuntza emateko orduetan duen eragina islatzea. Hazkunde horrek ezingo du A eta B ereduetan euskaraz ematen diren orduak urritzea ekarri. Horri dagokionez, hizkuntza-proiektua aurrera daraman federazio edo elkarteak adierazi beharko du, parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari buruz, ea zer irakasgairi eta zer emate-hizkuntzari kendu zaizkion orduak, atzerriko hizkuntzan edukiak emateko.
e) Funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den eta deialdi honetako diru-laguntzen onuradun ateratzen den hizkuntza-proiektu bat garatzen duten ikastetxe elkartuetan, proiektu horretan aurreikusitakoari jarraituz aktiboki parte hartu beharko dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailako edo maila altuagoko atzerriko hizkuntzen titulua duten irakasleek.
f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea haiek hala eskatuz gero haien funtzioak gauzatzerakoan.
g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
h) Laguntza emateko kontuan hartutako edozer aldatu bada, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
i) Lankidetzan aritzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, bai eta funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren hizkuntza-proiektuei eta haiek gauzatzen diren ikastetxeetan duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.
15. artikulua.– Ordainketa.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da. Honako aurreikuspen hauen araberakoak izango dira ordainketa horiek:
a) Lehen ordainketa emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren herena izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, tartean laguntzari berariaz uko egin ezean.
b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 16. artikuluan aipatutako frogagiriak aurkeztu ondoren. Frogagiri horiek aurkezteko epea ikasturtea amaitzen denetik 2015eko ekainaren 15era bitarte da.
2.– Elkarteari edo federazioari, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzaren kontura, ordaindu beharreko lehen ordainketaren zenbatekoa, edo bigarren ordainketarena, edo bien ordainketena batera, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, federazio edo elkarte onuradunak, laguntza jaso aurretik, ordainketak bermatu beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen, da eta haien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira (EHAA, 26. zk.a, 1992ko otsailaren 7koa).
16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Artikulu honetan adierazten den azalpen-dokumentazio hori modu elektronikoz aurkeztu beharko da http://www.euskadi.net/misgestiones web-orrian.
2.– Erakunde onuradunek, 2015-2016 ikasturtea amaitutakoan, ekainaren 15era bitarteko epea izango dute, funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektu hautatuari buruzko memoria aurkezteko. Memorian atal hauek jasoko dira:
● Hizkuntza-proiektua zer neurritan gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta hura orokorrean ebaluatzea.
● Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Era berean, prestakuntza-jarduera bakoitzaren kostu ekonomikoa adieraziko da.
● Hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B1, B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.
Jasotako diru-laguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.
3.– Emandako diru-laguntzaren hartzaile diren hizkuntza-proiektua eta prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak eskatuko dizkio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erakunde onuradunari.
17. artikulua.– Segimendua.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartutako hizkuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, diru-laguntzaren helburua betetzen dela bermatzeko.
18. artikulua.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretakoren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.
19. artikulua.– Ez betetzea.
1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta ondorengo kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere:
● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.
● Diru-laguntza emateko oinarria izan zen jarduera ez egitea.
● Ez frogatzea diru-laguntza eman zenean zehaztuta zeuden helburuetan erabili dela.
● Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (EHAA, 1998ko urtarrilaren 19 a), Ebazpen honetan edo emateko ebazpenean jasotako betebeharrak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Prestatzeko eta berritzeko proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira (19. fitxategian) diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da administrazio-prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
RSS