Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2015eko uztailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3055

AGINDUA, 2015eko uztailaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015ean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.

Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.

Era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, besteak beste, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.1.e) artikuluan.

Horiez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

Araudi horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta udal liburutegiak kudeatzeko eskudun diren erakundeei, beren liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko 2015. urterako diru-laguntzak emateko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da agindu honen helburua.

Diru-laguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-kopuruak izango dira:

1.– Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortak eskuratzeko.

2.– Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.

Bi kasuetan, diru-laguntzaren % 10, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 670.000 euro erabiliko dira gehienez.

2.– Zenbateko globala honela banakatuko da:

a) 50.000 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako.

b) 620.000 euro, lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.

3.– Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako zenbatekoa erabiltzen edo agortzen ez bada, diru hori edo soberakina lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak bakarrik erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/funtsak/eu

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak eta arlo horretan eskumena edo funtzioak dituzten EAEko tokiko erakundeak izan daitezke agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun.

Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak. Era berean, diru-laguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutako betebeharrak edo zorrak ordaindu gabe dituztenei ere ez zaie diru-laguntzarik emango edo, hala badagokio, ordainduko.

Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:

1.– Liburutegi sortu berrietarako dokumentu sortak erosteko diru-laguntzetarako:

a) Erakunde eskatzaileak 2015erako edo 2014ko aurrekontuetan partida ekonomiko bat izatea liburutegi sortu berria(k) liburuz hornitzeko, edota 2015ean diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 2/3 adinakoa.

b) Diru-laguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

c) Liburutegi horiek 2014ko urtarrilaren 1a eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunaren artean sortuak izatea, betiere EAEko Administrazio Orokorraren eskutik helburu horretarako beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badute.

2.– Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzetarako:

a) Entitate eskatzaileak 2015eko aurrekontuetan partida ekonomiko propio bat izatea liburutegian/liburutegietan funtsak berritzeko, edota 2015ean diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 2/3 adinakoa.

b) Diru-laguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea.

c) Eskaera aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.

5.– artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta eskakizunak egiaztatzea

1.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi behar du erakunde eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

Erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

6.– artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

a) Agindu honetan jasotako diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

b) Eskabideak aurkezteko, bide elektronikoa erabiliko da, zehazki, agindu honen 3 artikuluan adierazitako egoitza https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/funtsak/eu

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea legez eratutako udal erakundeek edota udal liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal erakundeek egiten badute, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer organotan dagoen eta zer prozeduratan aurkeztu zuen adierazi beharko du.

8.– artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9.– artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

10.– artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko dio. Proposamen horretan zehaztuko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.

11.– artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-ildo bakoitzaren diru-baliabideak laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.

1.– Liburutegi sortu berrietarako dokumentu-sortak eskuratzeko diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko irizpideak.

Sortu berriak diren liburutegien funts-loteei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta ondoren azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpideekin landutako taldeen inguruan ezarri bezala:

Biztanleak Zenbatekoa (eurotan)

1etik 250era: 3.000

251tik 500era: 4.000

501etik 750era: 5.000

751tik 1.000ra: 6.000

1.001etik 1.500era: 7.000

1.501etik 2.000ra: 8.000

2.001etik 2.500era: 9.000

2.501etik 3.000ra: 10.000

3.001etik 4.000ra: 11.000

4.001etik 5.000ra: 12.000

5.001etik 7.500era: 13.000

7.501etik 10.000ra: 14.000

10.001 baino gehiago: 15.000

Biztanleen kopuruak ez ditu halabeharrez erakunde onuradunaren udalerriko biztanle guztiak adierazten, baizik eta diruz lagundu nahi den/diren liburutegiaren/liburutegien eragin-eremuko biztanleak.

Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa –edo lehen xedapen gehigarriak diru-kopuruak handitzeko ematen duen aukera baliatuta sortzen den kantitatea– nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira diru-laguntzak, eta soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.

Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen duen kasuan, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.

2.– Ondoren, lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzak banatuko dira. Agindu honen 2.2.b) artikuluan zehaztutako kopurua edo aurreko atalean eta lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako gehikuntza eginda ateratzen den kopurua izango da banatu beharrekoa.

a) Dauden diru-baliabideak banatuko dira agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean.

b) Eskatzaile bakoitzari eman beharreko kopuru zehatza zehazteko, biztanle-irizpideak aplikatuko dira.

c) Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

1.– Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak egongo dira, eta indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie; zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, hainbat eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

1.1.– Populazio homologatua (P)

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatu dira eta, horrela, herrien P balore homologatua lortu dugu, sailkapen honen arabera:

Biztanleak P

0tik 1.000ra: 1.000

1.001etik 2.000ra: 2.000

2.001etik 3.000ra: 3.000

3.001etik 4.000ra: 4.000

4.001etik 5.000ra: 5.000

5.001etik 10.000ra: 10.000

1.001etik 15.000ra: 15.000

15.001etik 20.000ra: 20.000

20.001etik 25.000ra: 25.000

25.001etik 30.000ra: 30.000

30.001etik 40.000ra:. 40.000

40.001etik 50.000ra: 50.000

50.001etik 60.000ra: 60.000

60.001etik 70.000ra: 70.000

70.001etik 80.000ra: 80.000

80.001etik 90.000ra: 90.000

90.001etik 100.000ra: 100.000

100.001etik 125.000ra: 125.000

125.001etik 150.000ra: 150.000

25.000naka jarraitzen du

Adibideak: 3.248 biztanle dituen udalerri bat 4.000 dituenarekin parekatuko da, eta 54.949 biztanle dituen beste bat 60.000 dituenarekin.

1.2.– Indize zuzentzailea (IZ)

Honako koefiziente zuzentzailea ezarriko da:

Biztanleak IZ

0tik 3.000ra: 1,6

3.001etik 5.000ra: 1,4

5.001etik 30.000ra: 1,2

30.001etik 100.000ra: 1

100.001 biztanletik gorakoa: 0,8

d) Formula.

Formula hau aplikatuta kalkulatuko da diru-laguntza:

– Diru-laguntza = DK * B / BB

– Faktoreak:

– DK: agindu honetarako finkatu den diru-kopurua, behin liburutegi berrietarako funtsak eskuratzeko kopurua kenduta, baldin eta liburutegi berririk sortu bada.

– B: onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, eskatzaile bakoitzaren P eta IZ faktoreen biderkadura.

– BB: onuradun guztien B baloreen batuketa.

Formula hori aplikatzetik ateratzen den kopurua izango da diru-laguntzaren gehieneko muga, eta, gainera, ezin izango da inola ere izan erakunde eskatzaileak xede honetarako bideratutako baliabide propioen % 150 baino handiagoa izan, ez eta 150.000 euros baino handiagoa ere. Beraz, ondoren aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, murriztu egingo da kopuru hori, baimendutako mugetaraino.

Murrizketen ondorio den soberakinaren kopuru orokorra murrizketek eragin ez dieten gainerako eskaeren artean banatuko da, aipatutako formula aplikatuz, eta ateratzen diren kopuruak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar adina aldiz egingo da, zuzkidura agortu arte, hala dagokionean, edo horrela zehaztutako diru-laguntza guztien zenbatekoak baimendutako gehienekoetara iritsi arte.

12. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.

1.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpenproposamena ikusita, deialdi honetan liburutegietako liburu-funtsak eskuratu edo/eta berritzeko eskatutako diru-laguntzei buruzko ebazpenak ematea. Ebazpen horietan honako informazio hau adieraziko da: eskatutako diru-laguntza ematen den ala ez, eta ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak jartzeko, ebazpena EHAAn argitaratutako eguna hartuko da erreferentziatzat.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote horren kontra Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan xedatutako ondorioetarako.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Jarduera aurrera eramatea, edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

c) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

f) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

i) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

k) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.

15. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera laguntza horiek justifikatu ondoren.

2.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2014ko abenduaren 31a baino lehen aurkeztu behar da.

3.– Diru-laguntzak justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta honako informazio hau jaso beharko da egiaztagiri horretan: egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu bererako jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideen zerrenda. Helbide honetan dago eskura egiaztagiri horren eredua: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/funtsak/eu

4.– Azken diru-laguntza ez da inolaz ere egindako gastu guztiaren % 60 baino handiagoa izan. Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.

16. artikulua.– Ez betetzeak.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.

d) Diru-laguntzen esparruko edozein xedapenek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.

Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan xedatutakoa aurrez beteta (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko direla, «Kultura Ondareari loturiko Kultura Sailaren Laguntzak eta Diru-laguntzak» izenekoan. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 26ko Aginduan araututa dago, eta diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izatea da fitxategi horren xedea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Bat etorriz izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiarekin, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.)

Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta daitezen (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, bere aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 9a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala