Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2015eko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2832

AGINDUA, 2015eko ekainaren 16koa, Osasuneko sailburuarena; agindu honen bidez, EAEn gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten gizarte-ekimeneko entitateei zuzendutako laguntzen deialdia egiten da.

Gaixoek eratutako elkarteak pertsona fisikoen taldeak dira, eta, horietan, patologia bera pairatzen duten pertsonak elkartzen dira. Gisa horretako elkarteek honako helburu hauek dituzte: dena delako gaixotasuna eta berau sendatzeko tratamenduak hobeto ezagutzeko lan egitea, gaixoek elkarri laguntzea, herritarrei gaixotasuna prebenitzeko argibideak ematea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea.

Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira elkarte horiek, gaixoentzat eurentzat nahiz haien familientzat.

Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du entitate horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.

1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdia egitea, gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak EAEn egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten gizarte-ekimeneko elkarteentzat.

2.– 2015eko ekitaldian egin diren jarduerak finantzatzeko dira laguntza horiek, hain zuzen, honako helburu hauek betetzeko:

a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien familiei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzera bideratutako jarduerak, beren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.

b) Gaixoei laguntza eta jarraibideak ematea gizarte- eta osasun-premietan.

c) Gaixoek eta haien familiek gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.

d) Gaixoek osasun aldetik besteekiko dituzten desberdintasunak gutxitzea.

3.– Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek egiten dituztenen pareko jarduerak.

b) Hiesaren eta adikzioen alorreko jarduerak, baita ikerketa-lanak ere; izan ere, horretarako berariazko laguntza-deialdiak daude.

2. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro (hirurehun mila) bideratuko dira.

3. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen esleipena bateragarria da administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Laguntza bat baino gehiago jasoz gero, diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ezingo da izan erakunde onuradunak egingo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

2.– Lortutako laguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, diru-laguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

4. artikulua.– Elkarteen betekizun orokorrak.

Betekizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan jasotako laguntzak:

a) Pertsona gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatzea, legez eratuak izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-erregistro ofizialean behar bezala inskribatuak izatea, diru-laguntzen deialdia egin baino urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Gaixoen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardun behar dute, eta elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratu.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dute lan, eta, beraz, han izan behar dute egoitza edo ordezkaritzaren bat.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan behar dituzte.

f) Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez ditu gaindituko honako muga hauek: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren guztizko aurrekontuaren % 80; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa; elkarte onuradun bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa.

2.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

3.– Jarduerarako diru-laguntza erabil daiteke entitateko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak diru-laguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

4.– Diru-laguntza ezin izango da erabili hauek ordaintzeko: finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, berandutze-gainordainak, zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatiko zehapenak, beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostua-eraginkortasuna erlazioaren printzipioen arabera. Hala badagokio, 12. artikuluan ezarritako ebaluazio-organoak zehaztuko ditu gastu horiek.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude:

http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckproc03/eu/contenidos/informacion/procedimiento_administrativo/eu_proz/herritarrak_prozedurak_laguntzak.html

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_nire_gestioak_laguntza/eu_egoitza/sede_mis_gestiones_ayuda.html

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Elkarte bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskabideak. Eskabide-orriaren eredua eskuragarri dago agindu honen I. eranskinean nahiz euskadi.eus-en egoitza elektronikoan, aurreko artikuluan adierazitako gunean.

4.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta.

Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera dago, aipatutako euskadi.eus webguneko egoitza elektroniko horretan.

5.– Elkarte eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1. artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntzaren eskabideari agiri hauek gehituko zaizkio:

1.– Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko memoria, II. eranskineko eredua erabiliz; egoitza elektronikoan eskura daiteke, 6. artikuluan adierazitako gunean.

2.– Entitate eskatzailearen datu orokorrak, III. eranskinean eta aipatutako egoitza elektronikoan dagoen eskabide normalizatua erabiliz, salbu eta aurretik aurkeztu badira Osasun Sailean, eta betiere, indarrean baldin badaude eta hala adierazten bada eskabidean.

3.– Eskaera sinatzen duen pertsona edo entitatea ez bada entitatearen eraketa-dokumentuan ageri den zuzendaritza-batzordekoa, haren ordezkaritza legala egiaztatzen duen agiria. Legezko ordezkaritzari buruzko inprimakia web-orri honetan dago eskuragarri: http:http://www.euskadi.eus/r33-2287/eu/contenidos/formulario/representacion_legal/eu_form/otorgamiento_representacion.html

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz eta eskatzaileen baimenaren beharrik gabe, automatikoki egiaztatuko ditu diru-laguntzen eskatzaileak beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 2. paragrafoko 50.3 artikuluan. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Zinpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli egin behar duela diru-laguntza -hala balegokio- eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten erakundeak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Agindua aldatzen duen Osasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 2ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, eta honako hauek izango dira kide: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria –batzordeko presidente izango da–; Hiesaren Prebentzioko Planaren arduraduna, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak. Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.

2.– Epean eta modu egokian entregatutako dokumentazioaren arabera ebaluatuko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztu egingo du elkarte, proiektu edo jarduera bakoitzerako zein den diruz lagundu daitekeen gehienezko zenbatekoa eta zenbat puntu ematen zaion, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 13. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 2. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 5. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

6.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezarri denaren arabera, Balioespen Batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta bertan, hau adieraziko dio: zer diru-laguntza ematea proposatzen duen, elkarte onuradunak zeintzuk diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, diru-laguntza ukatu zaien proiektuak zeintzuk diren, eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten eskabideek ez dute diru-laguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 30 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 10 puntu, gehienez.

c) Jardueraren xede diren egoeraren eta helburuen egokitasuna eta garrantzia, deialdi-aginduaren 1. artikuluan zehaztutako jarduera-ildoei dagokienez: 15 puntu, gehienez.

d) Jarduera gizarte ekimeneko beste erakunde batzuekin, beste federazio edo instituzio batzuekin egitea, sareko lana indartuz: 5 puntu, gehienez.

e) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 5 puntu, gehienez.

f) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran arreta berezia jartzea landu nahi den egoera horren eraginpean dauden pertsonen desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan: 10 puntu, gehienez.

g) Jardueraren diseinuan eta garapenean hainbat balio gehigarri sartuta egotea (ekintza boluntarioa, elkarri laguntzea, onuradunek parte hartzea esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan): 20 puntu, gehienez.

h) Ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia, proposatutako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Ebazpenean, interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasun sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honakoa adierazi beharko da: zein diren elkarteak, horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, eta laguntzaren xehapena finantzatutako proiektuen arabera. Laguntzak ukatu egiten badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.

3.– Prozedura amaitu eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea lau hilabetekoa izango da, gehienez ere, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ez bada ebazpenik argitaratu, interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

5.– Ematen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak erakunde horiei itzularazteko edo, diru-laguntza horiek direla-eta, zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiek.

15. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren elkarteek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek, diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hamar egun balioduneko epean, berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote.

2.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitzan: http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

3.– Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

4.– Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

5.– Diru-laguntza eman duen erakundeari frogatzea diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.

6.– Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

8.– Egiten diren dokumentuetan eta iragarkietan Osasun Sailaren babesa jaso dela aipatzea; aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatzen den eran egingo da, sailak gainbegiratu ondoren: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ekcorp01/eu/contenidos/informacion/manual_corporativo_osk/eu_manual/manual_corporativo_e.html

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

% 80, laguntza ematea onartzen den momentuan, ebazpena onartu eta argitaratu ostean, eta uko egiteko epea, edo presuntzioz onartzekoa, igarota.

Gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, elkarte onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den.

17. artikulua.– Justifikazioen araubidea.

1.– Diruz lagundutako proiektua benetan burutu dela justifikatzeko, elkarte onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:

a) Diru-laguntza jaso duen jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren araberakoa (agindu honen IV. eranskinean dago, eta 7. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke). Memoria horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute (eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa). Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

b) Diru-laguntza jaso duen proiektua egin dela ziurtatzen duten faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak. Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko funtsekin ordainduta egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala; agiri horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.

d) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (15.8 artikuluaren arabera).

e) Proiekturako funtsekin ordaindutako tailer eta ikastarorik antolatu bada, haietan parte hartu dutenen bertaratze-zerrendak (izen-abizenak eta NAN-zenbakia).

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2015eko abenduaren 10a da.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek dira:

a) Elkarte onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Fakturek, baliozkoak izateko, 2015ean eginikoak izan behar dute.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen aseguruari diru-laguntza eman ahal izateko, aseguratzaileak edo aseguruaren hartzaileak eginiko egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2015. urtean sortutakoak badira.

18. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan, hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunean hasita.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste herri-administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, organo kudeatzaileak aldaketa-ebazpena egingo du. Han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira, esleipenerako ezarritako irizpide eta mugen arabera, eta elkarte onuradunek itzuli egin beharko dute soberan jasotakoa.

20. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ezarritako baldintzak eta epeak betetzen ez baditu, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 eta 53.2 artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu (lege horren Testu Bategina Osasun sailburuordearen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezkoak diren prozedura-izapideak egin ondoren. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi bidezkotzat jotzen diren beste ekintza batzuk egingo ez direnik. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

21. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 16a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPON SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala