Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2015eko ekainaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
2734

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 9koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiarena, 2015ean Fairfax-en (Virginia, AEB) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak arautzen eta horietarako deialdia egiten duena.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Ertzaintzako kideek sasoian egon behar dutela eta horretarako politika bat ezarri beharra dagoela iritzita, eta kirol-arloan izan duten ibilbidea dela-eta polizientzako kirol-lehiaketetan emaitza onak lortzeko aukera duten Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kidegoko kirolariei laguntzeko helburuz, erabaki du helburu horretarako 2015eko ekitaldian emango diren laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea.

Laguntza hauen helburua da Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzea erraztea. Aurtengo jokoak Fairfax-en (Virginia, AEB) egingo dira, ekainaren 26tik uztailaren 5era.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egiturari buruzko martxoaren 30eko 96/2010 Dekretuak (apirilaren 16ko EHAA, 70. zk.) ematen didan eskumenari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da diru-laguntzetarako deialdia egitea 2015eko Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzat. Jokoak Fairfax-en (Virginia, AEB) egingo dira, ekainaren 26tik uztailaren 5era.

2. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Ebazpen honen diru-hornidura hogei mila (20.000) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari jokoetan parte hartzeagatik izandako gastuaren % 60 emango zaio gehienez, betiere ebazpen honetan ezarritako mugekin, eta inoiz ez bi mila eta berrehun (2.200) euro baino gehiago.

2.– Mantenua, bidaia, ostatua eta izena emateko kuota ordaintzeko gastuetarako emango dira ebazpen honek arautzen dituen laguntzak, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Mantenu-gastuetarako laguntzak gastatutako eta justifikatutako zenbatekoengatik emango dira, eta zenbateko horiek ezingo dute urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan ezarritako muga gainditu (5/2012 Dekretua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa).

Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenu-gastutzat joko dira bazkaltzeko edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.

b) Bidaia-gastuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegotik edota, hala dagokionean, penintsulatik Fairfaxera arteko joan-etorriko txartela ordainduko zaie.

c) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko dute ostatu.

Ostatu-gastuengatik jasoko den zenbatekoa benetan gastatutakoa eta justifikatutakoa izango da, aurreko paragrafoan ezarritako mugen baitan.

Hartutako ostatuan gosaririk eduki ezean, benetan gastatutako eta justifikatutako gosaria ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.

d) Aukeratutako modalitateetan izena emateko gastuak joko dira inskribatzeko gastutzat.

3.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen zenbatekoa (bera bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batera hartuta) ez da, inola ere, onuradunak Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzeagatik izaten duen gastua baino handiagoa izango.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Ertzaintzako kirolariek eskatu dezakete diru-laguntza, baldintza hauek betez gero:

a) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea, eskaera egiten den unean, eta administrazio-egoera hauetan egotea: zerbitzuan edo bigarren jardueran.

b) Laguntza zein modalitatetan aritzeko eskatu den, horrexetarako federazioaren lizentzia edukitzea, deialdi hau argitaratu baino 6 hilabete lehenagoko antzinatasuna duela, edo azken bosturtekoan hiru urtez federazioaren lizentzia indarrean eduki izana. Edonola ere, kirol-ekitaldiak iraun bitartean indarrean eduki behar da federazioaren lizentzia.

c) Eskatzaileak, kirolari den aldetik, Eusko Jaurlaritzaren bekarik sekula jaso ez izana, eta merezimenduak akreditatu dituen diziplinan Kirol Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendan ez egotea edo egon ez izana.

2.– Ezingo dira pertsona onuradun izan laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren baten pean daudenak ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasotakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kirol-jarduerak.

Polizien jarduerarekin lotura handiena duten kirol-diziplinak lagunduko dira diruz ebazpen honen bidez, banan-banan zein batera hartuta. Hona zehazki zein diren:

– Borroka-arteak (karatea, judoa, borroka eta taekwondoa).

– Atletismoa.

– Biatloia eta triatloia.

– Txirrindularitza.

– Pistola-tiroa.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak lortu nahi dituztenek eranskinean jasotako eskabide-eredua bete beharko dute eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen duen edozein tokitan, betiere Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari zuzenduta.

2.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra egingo du, zein modalitaterako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen diru-laguntza azalduta, eta eskaeran adierazitako agiriekin lagunduta.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2015eko uztailaren 1ean hasi eta uztailaren 31n bukatuko da.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, beharrezkotzat jotzen duen kasuetan, egoki iritzitako agiri osagarriak aurkezteko eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, formalizatutako eskabideak ebazte aldera. Hori eskatu ostean, eskatzaileak ezartzen den epean aurkezten ez badu dokumentazioa, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

Eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

7. artikulua.– Onuradunek laguntzak jasotzeko bete beharreko eginbeharrak.

Ebazpen honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Parte hartu behar duten probetan izena ematea.

b) Munduko Jokoen inaugurazio-ekitaldian parte hartzea, ekainaren 26an, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako ekipazioa jantzita.

c) Gutxienez proba batean parte hartzea, bai eta kirol-egoerak parte hartzeko aukera ematen dien guztietan ere.

d) Irudi korporatibo onari eustea, lehiaketa edo ordezkapen ofizial guztietan parte hartzen ari diren bitartean.

e) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Sailak antolatutako ekitaldietan parte hartzea, bai eta bestelakoetan ere, erakunde horiek Munduko Jokoen parte-hartzaileen presentziari egoki iritziz gero.

f) Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan onartzea diru-laguntza. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egin ezean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

g) Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.

h) Diru-laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako diru-laguntzak edo laguntzak eman dizkiola.

i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen duten informazioa ematea.

j) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

k) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eskatzen duen informazioa ematea, bereziki eginbeharrak bete izana justifikatzeari dagokionez. Informazio hori diru-laguntza ordaindu aurretik eman beharko da.

8. artikulua.– Diru-laguntzak eskuratzeko kirol-irizpideak.

Eskatzaileek, ebazpen honetan araututako laguntzak eskuratzeko, gutxienez baldintza hauetakoren bat betetzen dutela egiaztatu beharko dute:

– 2015eko Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan, 5. postua edo hobea lortu izana egiaztatzea. Taldekako probetan, nahikoa izango da taldeko partaide batek egiaztatzea postu hori.

– Edo, bestela, urrezko domina bat, edo zilarrezko bi, edo brontzezko hiru lortu izana 2009tik 2014ra bitartean, biak barne, izandako Munduko Jokoetan edo Europakoetan, eta hala egiaztatzea.

9. artikulua.– Hautatzeko prozedura.

1.– Eskatzaileen artean banatuko dira laguntzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eta ebazpen honetako 10. artikuluan araututako Balorazio Epaimahaiaren proposamenez.

2.– Ebazpen honetako 7. artikuluan zehaztutako eginbeharrak eta 8. artikuluan ezarritako kirol-irizpideak betetzen dituzten eskatzaileei esleituko zaie diru-hornidura.

Hori horrela izanik, ebazpen honetako 2. artikuluan zehaztutako ehunekoak eta zenbatekoa kontuan hartuz emango dira laguntzak. Dena dela, diru-hornidura nahikoa ez balitz, eskatzaileen artean hainbanatuko litzateke, betiere diru-horniduraren zenbatekoa gainditu gabe.

10. artikulua.– Balorazio Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Balorazio Epaimahaia eratuko da, kide hauek izango dituena:

– Epaimahaiburua: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Araubide Juridiko, Kudeaketa Ekonomiko eta Gai Orokorretako arloburua.

– Kideak: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako bi teknikari.

Idazkaria: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Kontratazio eta Aurrekontuko atalburua.

2.– Balorazio Epaimahaiak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, ebazpen honetako 8. artikuluan diru-laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideei jarraikiz, eta, horretarako, eskatzaileei eskatu ahal izango die baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ondoren, dagokion ebazpen-proposamena emango dio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, hiru hilabeteko epearen barruan emango du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena, Balorazio Epaimahaiak egindako proposamena ikusita. Ondoren, ebazpen horren berri emango zaie esleipendunei.

2.– Ebazteko epea amaitzen bada interesdunei inolako jakinarazpenik egin gabe, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat izapidatzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

4.– Deialdia ebazten duen ebazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iragarki-oholean argitaratuko da.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpena argitaratu ondoren ordainduko da diru-laguntza, non eta eskatzaileak aurretik uko egiten ez dion.

12. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahalko da, diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa eginez gero eta deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, betiere deialdiaren xedea betetzat jotzen bada. Ondorio horietarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak, betiere 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuari eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraikiz. Batez ere honelakoren bat gertatuz gero:

a) Laguntzaren helburua ez betetzea.

b) Laguntza jasotzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

d) Ebazpen honetako 7. artikuluan ezarritako obligazioren bat edo batzuk ez betetzea.

e) Laguntzen diru-kopuruak jardueraren kostua gainditzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematendio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Arkauti, 2015eko ekainaren 9a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala