Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2015eko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2708

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 17koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2015erako laguntzen deialdia iragartzen duena.

Ebazpen honen bidez, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira 2015erako. Dekretu horrek Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen ditu (martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Dekretu hori aldatu egin zuen Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak (uztailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.

34/2007 Dekretuak arautu egiten ditu hegoaldeko pobretutako herrialdeen prozesu endogenoak eta gaitasunak indartuz pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetza-proiektuentzako laguntzak. Horretarako, tokikoari lehentasuna eman nahi zaio estatukoari eta nazioartekoari loturik, garapenerako lankidetzako irabazi-asmorik gabeko erakundeen bitartez.

Aipatutako dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen saileko organo eskudunak xedatuta, laguntzen deialdia egingo da. Deialdi horretan, honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, diru-hornidura orokorra, hiru laguntza-modalitateetarako aurreikusitako diru-hornidura, erakunde bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa, hautaketa-irizpideak, eskaerak aurkezteko tokia eta epea, eta eskaera-eredua. Kasu honetan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia da eskumen hori duen agintaritza, honako bi dekretu hauek batera aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretua.

Beste alde batetik, dekretuaren 22.4 artikuluak hau ezartzen du: erakunde bakoitzak gehienez aurkez ditzakeen eskaeren kopurua eta/edo erakunde bakoitzak proiektu guztietarako gehienez eska dezakeen guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion deialdia egiteko ebazpenean.

Halaber, 24. artikuluak ezartzen du diru-laguntzaren ordainketa bakoitzaren ehunekoak deialdiaren ebazpenean ezarriko direla.

Ebazpen honek aldaketa bat dakar aurreko urteetako deialdiekin alderatuta. Izan ere, aurreko urteetan, II. kapituluan aurkeztutako proiektuak (ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak) I. kapituluko baremazio-irizpideen arabera aztertzen ziren. Hala ere, II. kapitulu honetan aurkezten diren proiektu batzuk –bereziki ezagutza espezializatuak transmititzeari buruzkoak– ez dira nahitaez hegoaldeko herrialde pobretuetan egin behar, eta proiektu horien helburua hurbilago dago III. kapituluko prestakuntza-proiektuen helburutik (garapenerako hezkuntza). Gaur egungo deialdiarekin, II. kapituluan aurkezten diren eta nagusiki hegoaldeko herrialde batean garatzen diren proiektuak I. kapituluko irizpideen arabera barema daitezke (garapenerako lankidetza), eta II. kapituluan aurkezten diren baina nagusiki Euskadin gauzatuko diren proiektuak III. kapituluaren irizpideen arabera barematuko dira (garapenerako hezkuntza, zeinak prestakuntza-jarduera neurtzearekin lotutako dimentsioak eta zehar-lerroak baititu).

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak erabakiko du nola kudeatu aipatutako laguntzak eta arlo honetan eman beharko diren ebazpenak edo sinatuko diren hitzarmenak (5/2008 Legearen 11.2 artikulua, ekainaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duena, eta 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikulua, martxoaren 23koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko Erregelamendua onartzen duena).

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako artezkaritza-kontseiluaren oniritzia jaso zuela 2015eko martxoaren 10ean egindako bilkuran.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen xedea da, 2015eko ekitaldirako, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak araututako proiektuetarako laguntzen deialdia egitea. Dekretu hori uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuen.

2. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Deialdi honetara bideratutako diru-horniduraren zenbatekoa, guztira, 20.000.000 eurokoa da. Laguntza-mota bakoitzerako honako diru-hornidura hau kalkulatu da:

a) Garapenerako lankidetza-proiektuentzako laguntzetara 16.400.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuentzako laguntzetara 600.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntzarako proiektuentzako laguntzetara 3.000.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako diru-laguntza.

Proiektu bakoitzeko ezin izango da 600.000 euro baino laguntza handiagoa eskatu.

4. artikulua.– Erakunde bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa, guztira.

Banaka edo partzuergoan erakunde bakoitzak egin dezakeen gehieneko eskaera-kopurua ez da mugatu. Banaka edo partzuergoan erakunde bakoitzak eska dezakeen gehieneko zenbatekoa ere ez da mugatu (erakundeak eginiko diru-laguntza eskaera guztiak batera kontuan hartuta).

5. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa:

Emandako diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:

a) Emandako diru-laguntzaren % 20 (lehenengo ordainketa), laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Emandako diru-laguntzaren % 40 (bigarren ordainketa), ordaindutako diru-laguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

c) Emandako diru-laguntzaren % 40 (hirugarren ordainketa), ordaindutako diru-laguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaera paperean bete behar da, eskatuko den proiektu-mota kontuan hartuta, eskaera egiteko formularioaren bitartez. Formulario hori bide telematikotik eskura daiteke, herri-administrazioaren egoitza elektronikoan (euskadi net): https://euskadi.net/ ayuda_subvencion/-/2015/xxxxxxx /. Formulario hori ebazpen honen I. eranskinean dago jasota, eta hauek zehazten dira:

a) Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntza eskaera (I. kapitulua: Garapenerako lankidetzaren proiektuetarako laguntzak, eta II. kapitulua: Bereziki hegoaldeko herrialde pobretuetan produkzioa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa garatzeko egiten diren proiektuetarako laguntzak).

b) Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntza eskaera (III. kapitulua: garapenerako hezkuntza-proiektuak, eta II. kapitulua: Bereziki Euskadin produkzioa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa garatzeko egiten diren proiektuak).

3.– Eskabideak eskura aurkeztu behar dira Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentzian bertan ((Nafarroa kalea, 2, 01007 Gasteiz) bai zuzenean, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistro-moduetatik edozeinen bidez. Eskatutako laguntzaren arabera zehaztu den epearen barruan aurkeztu beharko dira eskabideak. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen bulegoetan ere aurkez daiteke, bai eta herritarrei kasu egiteko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia, 13,20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu, 10 behea, 01008 Gasteiz).

4.– Eskaera behar bezala beteta aurkezteaz gain, eskabidean dauden agiriekin batera, eskatutako laguntza-mota aintzat hartuta, proposamen teknikoari eta aurrekontuari buruzko agiriak ere aurkeztu beharko ditu. Badira horretarako agiri normalizatuak, eta ebazpen honen eranskinean datoz, I-A eta I-B agiriak dira. Hona hemen bakoitza zertarako den, banan-banan:

I. A eranskina:

a) Proiektuaren formulario teknikoa (I. kapitulua: Garapenerako lankidetzaren proiektuetarako laguntzak, eta II. kapitulua: Bereziki hegoaldeko herrialde pobretuetan produkzioa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa garatzeko egiten diren proiektuetarako laguntzak).

b) Proiektuaren formulario teknikoa (III. kapitulua: Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzak, eta II. kapitulua: Bereziki Euskadin produkzioa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa garatzeko egiten diren proiektuetarako laguntzak).

I.B eranskina:

a) Proiektuaren aurrekontu orokorra, eurotan (I. kapitulua: Garapenerako lankidetzaren proiektuetarako laguntzak, eta II. kapitulua: Bereziki hegoaldeko herrialde pobretuetan produkzioa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa garatzeko egiten diren proiektuetarako laguntzak).

b) Proiektuaren aurrekontu orokorra eurotan (III. kapitulua: Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzak, eta II. kapitulua: Bereziki Euskadin produkzioa, prestakuntza eta laguntza teknologikoa garatzeko egiten diren proiektuetarako laguntzak).

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea, eta Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskabideen analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Artezkaritza Kontseiluari, zeinak dagozkion laguntzak ematea proposatuko baitu.

8. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskaerak ebazpen honen II. eranskinean jasotako hautaketa-irizpideen arabera baloratuko dira.

9. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, onartutako diru-laguntzetarako hitzarmen bana sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak, deialdi honen III. eranskinean agertzen diren ereduen arabera, finantzatuko den proiektu-mota kontuan hartuta.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztirako, arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena, eta 34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena (dekretu hori uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuen).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 17a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala