Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2015eko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2707

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 17koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, garapenerako lankidetzaren kargurako programetarako 2015erako laguntzen deialdia iragartzen duena.

Ebazpen honen bidez, apirilaren 3ko 57/2007 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira 2015erako. Dekretu horrek Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako programetarako laguntzak arautzen ditu (maiatzaren 10eko EHAA). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.

57/2007 Dekretuak garapenerako lankidetza-programarako laguntzak arautzen ditu, pobreziaren aurkako borrokan nabarmen laguntzen duen tresna gisa, egitura-aldaketak sustatzen dituzten garapenerako prozesu endogenoek osaturik.

Dekretu horretan arautzen diren programen ezaugarriek aukera ematen dute azterketa osoagoak egiteko, baita adierazle sendo eta errealistak ezartzeko eta epe luzeagorako estrategiak planteatzeko ere. Estrategia horiek ikuspegi integral bati jarraikiz heldu behar diote garapenari, prozesuak sektore-arlo jakin batean kokatuz (gizartearen lehentasunezko beharrak, herri-ekonomia, tokiko boterea, giza eskubideak, kultura-nortasuna), baina zeharkako lerroak ere bilduz (generoa, tokiko ahalmenak, parte-hartzea, antolaketa, giza eskubideak eta iraunkortasun ekologikoa), eta ez jarduera puntual eta bereizi gisa, garapen-prozesu osoaren funtsezko eta beharrezko elementu gisa baizik.

Halaber, dekretu horren 75. artikuluan, hauek ezartzen dira: deialdira zenbat diru bideratzen den; eskabideak aurkezteko modua, lekua eta epea; baremazio-irizpideak; Eusko Jaurlaritzaren eta erakunde esleipendunaren artean sinatu beharreko hitzarmenaren inprimakia eta eredua. Kasu honetan, eta lehendakariaren 20/2012 Dekretua –abenduaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– eta 187/2013 Dekretua –apirilaren 9koa, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena– batera aplikatuz, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen agintaritza.

Laguntzak kudeatzeko eskumena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio, agentzia hori sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 3. eta 4. artikuluetatik ondorioztatzen den bezala, eta laguntzak ebazteko eta kofinantzaketa-hitzarmenak sinatzeko organo eskuduna agentzia horretako zuzendaria da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren artezkaritza-kontseiluaren oniritzia jaso zuela, 2015eko otsailaren 20an egindako bilkuran.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen xedea da, 2015eko ekitaldirako, apirilaren 3ko 57/2007 Dekretuak aurreikusitako programetarako laguntzetarako deialdia egitea. Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen ditu dekretu horrek (maiatzaren 10eko EHAA).

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Deialdi honetara 7.100.000 euro bideratu dira guztira.

3. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaera paperean bete behar da, eskaera egiteko formularioaren bitartez. Formulario hori bide telematikotik eskura daiteke, herri-administrazioaren egoitza elektronikoan (euskadi net): https://euskadi.net/ ayuda_subvencion/-/2015/programas/. Formulario hori ebazpen honen I. eranskinean dago jasota.

3.– Eskaera behar bezala beteta aurkezteaz gain, eskabidean dauden agiriekin batera, proposatutako Programaren Profilari buruzko agiria erantsi beharko du erakunde eskatzaileak, ebazpenaren I-A eranskinean jasotako eskabide normalizatuaren bidez; horrez gain, programaren aurrekontua ere aurkeztu beharko du, ebazpenaren I-B eranskinean jasotakoa.

4.– Eskabideak eskura aurkeztu behar dira Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian bertan ((Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz) bai zuzenean, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistro-moduetatik edozeinen bidez. Eskatutako laguntzaren arabera zehaztu den epearen barruan aurkeztu beharko dira eskabideak. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen bulegoetan ere aurkez daiteke, bai eta herritarrei kasu egiteko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andiakalea 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu kalea 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).

4. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea.

2.– Agentziaren antolakuntza- eta jarduera-araudia ezartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 17.a) artikuluan ezartzen duenez (apirilaren 9ko EHAA), Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskabideen analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Balorazio Batzordeari, zeinak, horretarako bildu eta gero, dagozkion laguntzak ematea proposatuko baitu.

3.– Honako hauek osatzen dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Balorazio Batzordea:

• Presidentea:

Ainara Arrieta Archilla andrea, Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna.

• Batzordekideak:

Nicolas Basarrate Hormaetxea jauna, Ekonomia, Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzukoarduraduna.

Noemí de la Fuente Pereda andrea, Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzuaren arduraduna.

• Idazkaria:

Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.

5. artikulua.– Baremazio-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskaerak 0tik 100era bitarteko eskala baten arabera baloratuko dira, ebazpen honetako II. eranskinean ezartzen den baremazio-taula oinarritzat hartuta. Eskabideak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Onetsiak izateko, programek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte.

6. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, onartutako diru-laguntzetarako hitzarmena sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak, III. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

7. artikulua.– Behin betiko formulazioa.

Behin betiko formulazioaren agiria, identifikazioa egin ondoren, IV. eranskinean dagoen ereduari jarraiki aurkeztu beharko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztirako, arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena, eta 57/2007 Dekretua, apirilaren 3koa, Garapena etaLankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 17a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala