Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2015eko ekainaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2649

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 5ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria arautu eta horretarako deia egiten duena.

Etxepare Euskal Institutua (EEI) Sortzeko eta Arautzekoa de 3/2007 Legearen 3. artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19.2.g) artikuluak xedatzen du Institutuaren funtzioa dela, besteak beste, literatura sustatzea.

EEIk eta Laboral Kutxak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2015eko ekainaren 4an, bi alderdiek egoki irizten baitiote jatorriz euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza gure eremutik kanpo sustatzeari eta itzulpen lan bat saritzeko asmoz elkarlanean jarduteari.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obra baten itzulpen-lan bat saritzea.

2. artikulua.– Sariaren izaera.

Sariak itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza sarituko ditu.

Hori dela eta, saria argitaletxeak eta itzultzaileak partekatuko dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Saria 4.000 eurokoa izango da. Zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak jasoko dute, erdibana.

Sariaz gain, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute saridunek sari-banaketara etorri ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak, publizitate kanpainak, medioetako elkarrizketak...).

4. artikulua.– Hautagaitzak bete behar dituen baldintzak.

– Eskabidea itzultzaileak, argitaletxeak nahiz liburugintzaren, literaturaren nahiz itzulpengintzaren arloko bestelako eragileren batek egin ahal izango du.

– Itzulpenak 2014. urtean argitaratutakoa izan beharko du.

– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obra baten itzulpena izan behar du.

5. artikulua.– Hautagaitzak aurkezteko lekua eta epea.

5.1.– Hautagaitzak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2.– Eskabidea (I. eranskina) eta dokumentazioa ondorengo helbideetan aurkeztu beharko dira: EEI. Prim kalea 7. 20006 Donostia (08:30etik 14:00etara). Jaurlaritzaren ZUZENEAN zerbitzuetan ere aurkeztu ahal izango dira, eta 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eranskina http://www.etxepare.eus helbidean egongo da.

6. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

– Itzulitako liburuaren ale bat.

– Itzultzailearen Curriculum vitaea.

– Argitaletxeari buruzko txostena.

7. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da.

Honako hauek izango dira bertako kide:

Lehendakaria: M. Aitzpea Goenaga Mendiola, EEIko zuzendaria. Bozketan berdinketa balego harena izango da boto erabakigarria.

Batzordekideak:

Laboral Kutxako ordezkaria.

Arloko hiru aditu.

Idazkaria: EEIko Euskara eta Kultura teknikari bat, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe.

8. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 100 puntu lortu ahal izango dira:

– Itzulpena: gehienez 45 puntu.

Itzulpenaren atalean ondorengoak hartuko dira kontuan: itzultzailearen ibilbidea (sariak eta kritikak barne direla), lanaren kalitatea, itzulpenaren zailtasuna eta egokitasuna.

– Argitalpena: gehienez 45 puntu.

Argitalpenaren atalean ondorengoak baloratuko dira: argitaletxearen garrantzia, edizioa bera, itzulpena argitaratu den sailaren kalitatea, promoziorako egindako ekintzak, webgunea eta harrera kritikoa.

Deialdi honen ondorioetarako, ez dira kontuan hartu Etxepare Euskal Institutuak bere osotasunean antolatu edo finantzatutako ekintzak.

– Itzulpena zuzenean euskaratik egindakoa izatea: 10 puntu.

9. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaitzen profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, EEIren web orrian argitaratuko da sariaren deialdian parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek 5 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

Aurkeztutako erreklamazioei dagozkienak ebatzita, EEIren web orrian hautapen prozesuan parte hartzeko onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Behin betiko zerrenda aztertuta eta balorazio irizpideak kontuan hartuta, Hautapen Batzordeak sarirako hautagaia proposatuko du.

Saria esleitu gabe gelditu ahal izango da ondoko kasuetan:

– Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.

– Hautagaitzek puntuazio orokorrean 50 puntu baino gutxiago lortzen badituzte.

– Deialdi hau argitaratu ondoren, dena delako arrazoiengatik EEIren eta Laboral Kutxaren arteko lankidetza hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

11. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

EEIren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, sariduna zein izango den adieraziz.

Ebazpena honako helbide honetan argitaratuko da: http://www.etxepare.eus

EEIko zuzendaria izango da organo eskuduna deialdi hau betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gorabeherak kudeatu eta argitzeko.

12. artikulua.– Saria onartzea.

Ebazpena argitaratu eta hamar egunera, saridunek berariaz eta idatziz onartu beharko dute saria. Hala egiten ez badute uko egiten diotela ondorioztatuko da eta EEIk ordezkoen zerrendatik hautagai berria proposatu ahal izango du.

13. artikulua.– Sari banaketako ekitaldia.

Sari banaketako ekitaldia irailaren 30ean izango da, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean, EEI-k eta Laboral Kutxak adostutako lekuan.

14. artikulua.– Ustiapen eskubideak.

Onarpenarekin, saria erakutsi eta erabiltzeko baimentzen dituzte sarituek EEI eta Laboral Kutxa, erabilera komertzialerako izan ezik.

15. artikulua.– Ordainketa.

Saria onartu eta hilabeteko epean egingo zaie ordainketa argitaletxeari eta itzultzaileari, erdibana.

Sariaz gain, 3. artikuluan aipatutako promoziorako 2.000 euro arteko laguntzaren zenbatekoa egindako promozio-lana justifikatu eta hilabeteko epean ordainduko zaio argitaletxeari. Horretarako, gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztuz. Egindako promozioari buruzko txostena ere aurkeztu beharko du fakturekin batera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesua eta egonaldiak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek EHHAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2015eko ekainaren 5a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala