Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2015eko ekainaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2647

AGINDUA, 2015eko maiatzaren 25ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Zuzenak - Zuzenak Fundazioaren estatutuetako 3. (xedeak), 6. (helbidea) eta 33. artikuluetan egindako aldaketak onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusita eta aztertuta geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskripzio bat egiteko aurkeztutako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2015eko otsailaren 3an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean sartu zen Fundación Zuzenak - Zuzenak Fundazioaren Patronatuan egindako aldaketa eta estatutuen 3. (xedeak), 6. eta 33. artikuluen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea.

Eskabidearekin batera, Fundación Zuzenak - Zuzenak Fundazioak 2014ko azaroaren 21ean egiletsitako eskritura publikoaren bi kopia baimendu aurkeztu ziren. Eskritura Gasteizko notario Francisco Rodríguez Poyo Segura jaunaren aurrean egiletsi zen (protokolo zk.: 2.843). Eskritura hori beste hau zuzentzekoa zen: Gasteizko Enrique Arana Cañedo - Argüelles notarioaren aurrean, 2012ko maiatzaren 17an, egiletsitako eskritura (protokolo zk.: 934).

Eskritura publiko horretan sartu zen Miren Itxaso Carrillo Díaz andreak -Fundazioko Patronatuaren idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin- 2012ko maiatzaren 15ean Vitoria-Gasteizen emandako ziurtagiria, 2012ko maiatzaren 10ean egindako bilerari buruzkoa, zeinean besteak beste aho batez onartu baitzen Fundazioaren estatutuetako 3. (xedeak), 6. (helbidea) eta 33. artikuluak aldatzea.

Eskrituran, aldatutako artikuluen idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu, eta erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.- Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira honako xedapen hauetan aurreikusitako betekizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak. Gainera, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Hirugarrena.- Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2015eko maiatzaren 22an Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluarekin.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak IKUSITA, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Fundación Zuzenak - Zuzenak Fundazioaren estatutuetako 3. (xedeak), 6. (helbidea) eta 33. artikuluen aldaketa onartzea.

Bigarrena.- Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori -hor, estatutuetako artikulu horren aldaketa jasotzen da- Gasteizko notario Francisco Rodríguez Poyo Segura jaunaren aurrean egiletsi zuen Fundación Zuzenak - Zuzenak Fundazioak, 2014ko azaroaren 21ean (protokolo-zenbakia: 2.843).

Eskritura hori beste hau zuzentzekoa zen: Gasteizko Enrique Arana Cañedo - Argüelles notarioaren aurrean, 2012ko maiatzaren 17an, egiletsitako eskritura (protokolo zk.: 934).

Inskribatze horren ondoren, fundazioaren helbidea honako hau izango da: Gabriel Celaya kalea 15, behea, Vitoria-Gasteiz.

Halaber, estatutuen 3. artikulua (xedeak) aldatzearen ondorioz, aurrerantzean hauek izango dira xedeak, eguneratuta:

«3. artikulua.- Fundazioaren xedeak.

1.- Artea, kultura eta kirola sustatu eta bultzatzea, adierazpide diren aldetik. Zeregin horretan, desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea sustatuko da, haien gizarteratzea lortze aldera.

2.- Artea, kultura eta kirola sustatu eta bultzatzea, desgaitasuna duten eta ez duten pertsonen artean, haien klase, adin, sexu edo kultura edozein dela ere, sentsibilizatzeko eta gizarteratzeko tresna diren aldetik.

3.- Hainbat jarduera sustatzea -artean, kulturan eta kirolean-, desgaitasuna duten pertsonek eta haien senideek aisialdia ahalik eta ondoen baliatu dezaten.

4.- Herrialde ahulenen garapenerako proiektuak, ekintza, esperientzia-trukeak eta ezagutza, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea lortze aldera.

5.- Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea fundazioak antolatutako eta onartutako proiektu guztietan eta fundazioak sustatutako esparru guztietan.

6.- Genero-indarkeria prebenitzeko neurriak eta estrategiak garatzen laguntzea.

7.- Desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta osasuna hobetzea, diziplinarteko ikuspegi eta ikuspegi integratzaile batetik, arlo fisikoan, psikologikoan, hezkuntzan, emozioetan eta gizartean.

8.- Desgaitasuna duten pertsonei eta haien senideei informazioa, orientazioa eta laguntza psiko-soziala ematea, kirola erabiliz errehabilitazioaren osagarri.

9.- Desgaitasuna duten pertsonei eta haien senideei teknologia berrien inguruko aholkularitza eta prestakuntza ematea, informazio-gizartera hurbildu daitezen.

10.- Prestakuntza eta hezkuntza, zuzenekoa edo hitzartua, sustatzea, desgaitasuna duten pertsonentzat, haien senideentzat, ikasleentzat, lizentziadunentzat, irakasleentzat eta profesionalentzat, desgaitasuna duten pertsonen trebakuntza eta bizi-kalitatea hobetzeko.

11.- Era askotako komunikazio-bideak erabili eta sustatzea, desgaitasunaren errealitatearen berri emateko erakunde publiko eta pribatuei, elkarte eta entitateei eta, oro har, gizarteari, horiek guztiak kontzientziatu daitezen.

12.- Programak sustatzea, boluntarioak sentsibilizatzeko, erakartzeko eta barne-prestakuntzarako ekintzak gauzatzeko.

13.- Haurrak, nerabeak eta, oro har, gizartea heztea, kontzientziatzea eta sentsibilizatzea desgaitasuna duten pertsonen gaitasunaren inguruan, dibulgazio- eta informazio-iturri eta baliabideen bidez eta/edo zuzeneko harremanen bidez.

14.- Zenbait arlotan ikerketa-ekintzak sustatzea, desgaitasuna duten pertsonen eta haien senideen ongizatearen alde egiteko.

15.- Landa-eremuan ekintzak sustatzea, desgaitasuna duten pertsonen eta haien senideen gizarteratzea bultzatzeko.

16.- Desgaitasuna duten pertsonen laneratzea sustatzea, fundazioak kudeatutako enpresak eta zerbitzuak sortuz».

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 25a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala