
106. zk., 2015eko ekainaren 9a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (208 KB - 3 orri.)
- EPUB (211 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2530
EBAZPENA, 2015eko ekainaren 3koa, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearena, Konekta Zaitez@Banda Zabala izeneko egitasmoaren barruan, banda zabaleko Interneterako sarbidea izateko diru-laguntzak emateko dena (2014ko laugarren hiruhilekoa).
Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko uztailaren 11ko Aginduak (EHAA, 147. zk.), hau da, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko otsailaren 18ko Aginduak aldatutakoak (EHAA, 57. zk.), Konekta Zaitez@Banda Zabala Proiektuaren barruan, banda zabaleko Interneterako sarbidea izateko zerbitzuak emateko laguntza-neurriak ezartzen ditu.
Aipatutako aginduan, diru-laguntzen programa bat eratzen da. Diru-laguntza horien xedekoak dira, hain zuzen ere, banda zabaleko Internetera konektatzeko, alde batetik, erabiltzaileak behar duen terminal-ekipoa erostea, eta, bestetik, frekuentzia libreetako (Wifi edo antzekoak) bandako puntu-puntu anitzeko hari gabeko teknologietan oinarritutako instalazio kolektiboak eskuratzea. Halaber, diru-laguntzak egilesteko prozedura eta irizpideak arautzen dira, bai eta horiek emateko prozedura ere.
Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen 2014ko irailaren 8ko Ebazpenaren bitartez, 2014ko ekitaldirako laguntzei dagokienez guztira aurreikusi den zenbatekoa onartu da. Ebazpen horretan guztira ezarri den zenbatekoa ehun eta hamar mila (110.000) eurokoa da. Ezarritako konponbide teknologikoari dagokionez, erositako ekipo terminal bakoitzeko zenbatekoa berrehun eta laurogeita bat (281) eurokoa izango da.
Halaber, esandako agindu horren 10. artikuluak Itelazpi izendatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erakunde laguntzaile, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 52. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko uztailaren 11ko Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, eta erakunde laguntzaileak egindako proposamena ikusi ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Banda zabaleko Interneterako sarbidea izateko diru-laguntzen esleipena onuradunei jakinaraztea, Konekta Zaitez@Banda Zabala izeneko egitasmoaren esparruan, honi erantsita doakion eranskinean jasota dauden kopuruetan (2014ko laugarren hiruhilekoa).
Bigarrena.– Aipatutako 2007ko uztailaren 11ko Aginduaren 13.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Itelazpi baltzu publikoak izango du onuradunei jakinarazteko eta operadoreari horien konturako diru-laguntzak ordaintzeko ardura.
Hirugarrena.– Administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Ogasun eta Finantzetako sailburuari hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea eta onuradunei horren berri ematea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 3a.
Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea,
CARMELO ARCELUS MÚGICA.
RSS