Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2015eko ekainaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2427

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 22koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Gaztemundu programarako deia egiten duena 2015. urteko edizioan.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak (2004ko urtarrilaren 14ko EHAA, 8. zk.), zein martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak aldatu baitu, Gaztemundu programa arautzen du. Programa horren bitartez, gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren lan jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitetan.

Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezko da 2015eko ekitaldirako laguntzetarako deia egitea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gaztemundu programarako deia egitea, 50.000 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek 2015eko egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan eta uztailaren 316/2003 Dekretuan arautu ez den guztirako (martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), hauek aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio–bideari. Beraz, Ebazpen horren aurka egiteko, berraztertze–errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria–Gasteiz, 2015eko maiatzaren 22a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

ERANSKINA
OINARRIAK, GAZTEMUNDU PROGRAMAREN DEIALDIARENAK (2015)

Lehenengoa.–Xedea.

1.– Hona oinarri hauen xedea: Gaztemundu programarako deia egitea, ondorengo oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin 2015eko irailaren 25etik urriaren 9ra.

2.– Edizio honetarako prestakuntza–gaia kultura–erakundeen kudeaketa izango da; hain zuzen ere, bazkideek euskal etxeen organo erabakitzaileetan duten partaidetza–mailarekin zerikusia duena.

3.– Edizio honetan eskainitako egonaldi kopurua 15ekoa da gehienez.

Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea 2015eko urtarrilaren 1ean.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo izatea.

3.– Ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

4.– Gaztemundu programako egonaldiren baten onuradun ez izatea, 2003an arautu zenetik.

5.– Lan bat egin izana gai honi buruz: partaide bakoitzaren euskal etxeak, kudeaketaren ikuspegitik, zer erronka duen etorkizunari begira; AMIA azterketa–matrizea sartu beharko da (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak), hobetzeko proposamenekin, hala balitz.

Hirugarrena.– Zenbatekoa.

Diru–laguntza horietarako zenbatekoa, 2015. urtean, 50.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu kredituetatik dator.

Laugarrena.– Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio–batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:

a) Lanaren balorazioa (40 puntu, gehienez).

b) Eskatzailea zer euskal etxetakoa den, noraino parte hartzen duen euskal etxe horren bizitza sozialean (40 puntu, gehienez).

c) Euskara jakitea (10 puntu, gehienez).

d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu, gehienez).

A Irizpidea: «Lanaren balorazioa».

– Aztertutako erakundearen egungo kudeaketaren ikuspegia ematen duten lanak, AMIA azterketa–matrizea ere sartzen badute (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak) (20 puntu, gehienez).

– Aurreko alderdiez gain, aztertutako erakundean kudeaketa–hobekuntzak sartzeko proposamen bideragarriren bat dakartenak (20 puntu, gehienez).

B irizpidea: «Eskatzailea zer euskal etxetakoa den, noiztik eta noraino parte hartzen duen euskal etxe horren bizitza sozialean»

– Bazkidearen antzinatasuna bere erakundean. (10 puntu, gehienez).

– Euskal etxeko kudeaketaz arduratzeko postutan egon izana lehen, baina orain ez. (5 puntu gehienez).

– Zuzendaritza–batzordeetatik kanpoko zeregin espezifikoetan arduraren bat izatea egun, hala nola gazte–taldeak, dantzak, liburutegia edo besteren bat (5 puntu, gehienez).

– Eskaria egiteko unean, arduradun–karguak izatea zuzendaritza–batzordeetan, bokal gisa edo kudeaketa eginkizun orokorretan (10 puntu, gehienez).

– Egun erakundeko arduradun–karguren bat izatea; adibidez, presidente, idazkari edo diruzain (10 puntu, gehienez).

Puntu bat dena delako euskal etxeko bazkidetza–urte bakoitzeko, eta puntu bat arduradun–karguan emandako urte bakoitzeko.

C irizpidea: «Euskara jakitea».

Euskararen ezagutza egiaztatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak homologatutako zentroen ziurtagiriak aurkeztuko beharko dira, orobat bestelako dokumentu batzuk, euskara menperatzen dela edo ikasten emandako urteak egiaztatzeko moduan. Ikasketa–urteen arabera egingo da balorazioa: bi puntu ikasitako urte bakoitzeko. (10 puntu, gehienez)

D irizpidea: «Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea».

10 puntu emango zaizkio Euskal Herrian inoiz egon ez denari.

2.– Hautaketa–prozedurara pasatzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte eskaerek.

Bosgarrena.– Eskariak aurkeztea.

1.– Eskariak hona bidali behar dira: Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea, 2 01007 Vitoria-Gasteiz. Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki–eredua erabili beharko da, eta inprimakiak web orri honetan egongo dira interesdunen esku: www.euskadi.eus/euskaldunak. Interesdunek euren eskariak aurkeztu ahal izango dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako edozein bide erabilita.

2.– Agiri hauek erantsi behar zaizkio eskariari:

a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.

b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzailearen bazkidetza egiaztatzeko, hau da, ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide dela deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

c) Euskal etxearen txostena: eskatzaileak noraino hartzen duen parte euskal etxearen bizitza sozialean, eta, hala bada, zuzendaritza–batzordeetako arduradun–karguetan edo kudeaketa–lan orokorretan, denboraldiak zehaztuta.

d) Azterlana edo analisia, deialdi honen oinarrietan proposatutako gaiari buruzkoa.

e) Euskararen ezagutzaren egiaztagiria.

f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Herria inoiz egon gabekoa dela deklaratzen duena.

g) Eskatzailearen euskal etxearen ziurtagiria: etxe horrek bere gain hartzen du gastuak itzultzeko erantzukizuna, esleipendunak bere eginbeharrak bete ez eta gasturik sortuz gero.

3.– Eskatzaileak sinatu behar du eskaria.

Seigarrena.– Aurkezteko epea.

Hautagaitzak aurkezteko epea hilabete izango da, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Ebaluazio–batzordea:

2013ko irailaren 24ko 316/2003 Dekretuak, martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak aldatu baitu, 11. artikuluan aurreikusi du ebaluazio–batzordea. Hona batzorde horretako kideak:

– Asier Vallejo Itsaso jauna, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria, bokala, batzordeburua.

– Maribel Etxabarria Pérez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokala.

– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.

– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordeko idazkaria.

Zortzigarrena.– Prozeduraren ebazpena.

Ebaluazio–batzordeak egindako proposamena ikusirik, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak ebatziko du Gaztemundu programaren deialdia.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala