Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2015eko apirilaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1831

2/2015 FORU ARAUA, martxoaren 9koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela 2/2015 FORU ARAUA, martxoaren 9koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2015eko martxoaren 9a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAŃAGA.

HITZAURREA

I.– Azken hamarkada hauetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gaia poliki-poliki sartzen joan da estatuz gaindiko entitateen zein estatuen agenda politikoetan, baita horien antolakuntza administrazioetan ere. Ildo horretan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, botere publikoen konpromisoa adierazten duten arau garrantzitsu eta ugari sustatu dira Nazioarteko Erkidegoan, Europar Batasunean, Espainiako Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Nazioarteko esparruan, helburu hori hitzarmen hauetan dago jasota batez ere:

– Emakumeen eskubide politikoei buruzko konbentzioa (1952an onartua eta Espainiako Estatuak 1974ko apirilaren 14an sinatua).

– Emakumearen aurkako bereizkeria mota guztiak ezabatzeko konbentzioa (1979ko abenduaren 18an onartua eta Espainiako Estatuak 1983ko abenduaren 16an berretsi zuen), eta Konbentzioaren Hautazko Protokoloa (1999ko urriaren 6an onartua).

– Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko Adierazpena (1993ko abenduaren 20an onartua).

– Beijingo Adierazpena eta Emakumeei buruzko Nazio Batuen IV. Munduko Konferentziako Ekintza Plataforma (Beijing, 1995), eta gerora egindako bilkurak: Beijing+5 (New York, 2000), Beijing+10 (New York, 2005), eta Beijing+15 (New York, 2010).

– Eskubide Zibilei eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunak, baita Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalei buruzkoak ere (1966, 1977an berretsiak).

– Populazioari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziaren Ekintza Programa (1994), eskubide sexualei eta ugalketa eskubideei buruzkoa.

Europar Batasunaren esparruan, aipagarriak dira Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Amsterdameko Ituna eta 2011ko maiatzaren 11n Istanbulen izenpetutako Etxeko indarkeria eta emakumearenganako indarkeria prebenitzeko eta horren aurka borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, baita 2002/73/CE, 2004/113/CE eta 2006/54/CE zuzentarauak ere.

Espainiako Estatuaren mailan, oinarrizko erreferentziak dira: Espainiako Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak; 2003ko urriaren 13ko 30/2003 Legea, Gobernuak egiten dituen arau xedapenetan genero eraginaren balorazioa jasotzeko neurriei buruzkoa; 2004ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa; eta 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoa, herri administrazioak eta enpresak inplikatzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren mailan, aipagarria da 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legea, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetarako, foru eta udal administrazioak barne, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskumen esparrua zehazten baitu.

Araudiaren testuinguru horretan, batez ere azken hamarkadan zehar, berdintasunerako planak izan dira Gipuzkoako Lurralde Historikoan, bai foru esparruan, bai udal esparruan sortu eta kudeatu diren berdintasunerako politika publikoen norabidean eragin nabaria izan dutenak.

Gure inguruan, Tolosa da berdintasunerako ordenantza onartu zuen Gipuzkoako lehen udalerria, 2008an. Urte berean eta ia aldi berean, Nafarroako Orkoien udalerriak onartu zuen bere ordenantza. Bi udalerri horiek izan ziren tokiko berdintasun politikak sendotzeko modu eta formula berriak landu zituzten lehenak.

Testuinguru horretan, 2007. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, lehenengo aldiz, zuzendaritza orokor bat sortu zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politika aplikatzeko lana esleitzeaz gain, giza eskubideen eta garapenerako lankidetzaren politikez gain, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. Foru Plana (2008-2011) onartu zen Gipuzkoan. Orobat, 2011. urtean sortu zen Berdintasun Zuzendaritza Nagusia, berdintasunerako berariazko organo gisa. Horren bidez, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, xedatutako legezko aginduei erantzuteko baldintzak hobetu ziren. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politika eraginkorrak abian jartzen laguntzeko, era horretan, emakumeen aurkako bereizkeria eta bizitzaren esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun egoerak sortzen dituzten egitura baldintzak gainditzeko.

Lan horretan aurrera egiteko, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Foru Plana (2013-2020) onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013ko martxoan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan foru jarduketak arautu eta zuzentzeko, foru plan horren helburu nagusia baita bizitzaren zaintza xede duen eredu sozial bat eraikitzen laguntzea.

II.– Gipuzkoako Lurralde Historikoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiketan aurrera egin, horiek sendotu eta finkatzeko zehazten da Berdintasuneko foru arau hau, Euskal Autonomia Erkidegoan, foru esparruan berdintasunerako sortu den lehenengo tresna arauemailea.

Berdintasunerako foru planekin batera, plangintzarako tresna gisa, sortu da tresna arauemaile hau, bizitza eta horren zaintza Gipuzkoako antolakuntza ekonomiko eta sozialaren gunean kokatzeko. Hau da, antolakuntza eredu kolektibo, sozial eta ekonomikorantz aurrera egin eta eraikitzea, unibertsaltasunaren eta singulartasunaren ikuspegiaren arabera, pertsonen bizitzaren zaintzaren aurrean erantzunkidea izango dena.

Ildo horretan, agiri arauemaile honek, denboran irauteko izaera duenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduketak zuzendu behar dituzten printzipioak eta helburuak ezartzen ditu, horiek lortzeko esku-hartze ildo nagusiak zehazten ditu, eta guztia lortzeko barne antolaketa baldintza egokiak sortzen ditu.

Helburu nagusia da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea, emakumeen aurkako bereizkeria, gizarte ezberdintasunak eta genero ezberdintasunak sortu edo erreproduzitzen dituzten askotariko egitura historikoak ezabatuz. Horretarako, bizitzaren iraunkortasuna bereziki sustatzen duten lanak ikustarazi eta aitortu behar dira, eta lehentasuna eman, lan horiek baldintza duin eta unibertsaletan egin behar dira; halaber, esparru ezberdinetan garatutako gaitasun eta trebetasun guztiak baloratu behar dira; bizitzaren zerbitzura dauden denbora sozialak antolatu behar dira, horren bidez, gogobetetze pertsonal eta kolektibo handiagoa sortzeko, horrek guztiak hobetuko baititu ongi bizitzeko dugun gaitasuna edo pertsona guztientzako bizitzea merezi duten bizitzak.

Halaber, foru arau honek argi erakusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakunde publiko gisa, arazo eta premia kolektiboei erantzuna emateko duen konpromiso handia, berdintasunerako foru politiken bidez, maila sinboliko eta praktiko handiagoa eman baitzaie. Horren bidez, benetako borondatea erakusten du Gipuzkoako Lurralde Historikoko errealitatean aldaketa sozialak sorrarazteko, erakunde mailan zein gizarte mailan, berdintasunezko jardunbideak arautuz.

III.– Foru Araua bost titulutan dago banatuta, eta berrogeita hemeretzi artikulu, lau xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako bi xedapen ditu.

Atariko tituluan xedapen orokorrak ageri dira, eta bertan, foru arau honen xedea, araudia eta esparrua zehazteaz gain, foru arauaren printzipio orokorrak zehazten dira.

I. tituluak, hiru kapitulutan, arautzen ditu eskumenak, funtzioak, antolaketa eta finantzaketa.

II. tituluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako berariazko politikak arautzen ditu.

III. titulua bederatzi kapitulutan dago banatuta, eta arautzen ditu Gipuzkoako foru administrazio publikoaren jarduketan genero ikuspegia integratzeko neurriak.

IV. tituluak, bost kapitulutan banatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko esku-hartze esparruetatik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena arautzeaz gain, bosgarren kapituluan, indarkeria matxistaren aurkako borroka arautzen du.

Azkenik, xedapen gehigarriak Batzar Nagusiei zuzendutako aurreikuspen espezifiko bat jasotzen du, foru arau honen autoaplikazioari buruzkoa; nolanahi ere, Batzar Nagusiei beraiei dagokie erabakia hartzea.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Xedea.

Foru arau honen xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako esparruan egin beharreko jarduerak arautzen dituzten printzipio orokorrak zehaztea, eta bizitzaren esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu nahiz bermatzeko neurri-sorta bat sustatzea, bereziki emakumeen autonomia sustatzeko, eta emakumeen egoera sozial, ekonomiko eta politikoa indartzeko, emakumeen aurkako bereizkeria mota guztiak ezabatuz eta emakumeen eskubideak benetan betetzeko orduan ageri diren oztopoak kenduz.

Foru arau honen xede nagusia da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko beharrezko baldintzak bermatzea jarduketa esparru guztietan, era horretan, Gipuzkoan antolakuntza sozialerako eredu bat eraikitzeko, non Gipuzkoako Foru Aldundiko politika publikoen erdigunean bizitzaren iraunkortasuna kokatzen den.

2. artikulua.– Aplikazio eremu subjektibo.

Foru arau hau aplikatuko da:

a) Foru Administrazioan, hots, Foru Aldundian.

b) Foru organismo autonomoetan eta foru enpresa publiko diren entitateetan.

c) Foru merkataritza sozietateetan.

d) Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko fundazioetan, aplikagarri zaien araudian halakotzat definitzen badira.

3. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako subjektuen jarduera gidatu eta orientatzeko printzipio nagusiak 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 3. artikuluan xedatutakoak izango dira. Hau da: tratu berdintasuna; aukera berdintasuna; dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea; genero ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ordezkaritza parekatua eta koordinazioa eta lankidetza.

2.– Printzipio horiek foru botere publiko guztietan aplikatzekoak dira, eta botere horietako edozeinekin kontratuak edo lankidetza hitzarmenak sinatzen dituzten entitate pribatuetan ere aplikatuko dira, baita botere publiko horiek emandako laguntza edo diru laguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuetan ere.

I. TITULUA
ESKUMENAK, FUNTZIOAK, ANTOLAKETA ETA FINANTZAKETA
I. KAPITULUA
ESKUMENAK ETA FUNTZIOAK

4. artikulua.– Eskumenak.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 37.3.a artikuluan xedatutakoaren arabera, Lurralde Historikoetako Foru Organoei berezko antolaketaren, erregimenaren eta funtzionamenduaren inguruan aitortzen zaizkien eskumen esklusiboez gain, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio indarrean dagoen legeria eta 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, eta hori garatzen duen araudiak xedatutako funtzioak betetzea.

5. artikulua.– Funtzioak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 6. artikuluan xedatutako funtzioak betetzea, hain zuzen ere hauek:

a) Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, bere administrazio jardueran genero ikuspegia integratzeko.

b) Bere lurralde eremuan ekintza positiboko neurriak egikaritzea.

c) Bere lurralde eremuan programak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan.

d) Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien bitartez foru eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten ezberdintasun egoerak ezagutu ahal izateko.

e) Bere lurralde eremuan, emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

f) Bere lurralde eremuan, sentsibilizazio jarduerak burutzea emakumeen eta gizonen ezberdintasun egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz.

g) Foru legeria nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioaren arabera.

h) Sustapen neurriak ezartzea, udalek eta gainerako toki entitateek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

i) Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeen oinarrizko gizarte eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

j) Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko helburua duten baliabide eta zerbitzu sozio-komunitarioak ezartzea, beren izaera dela eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

k) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza edo lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek lurralde eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

l) Bere lurralde eremuan sexuaren zioz gertatzen diren bereizkeria egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

m) Bere eskumenen eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun betetzea.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA.
I. ATALA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ANTOLAKETA

6. artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren antolaketa.

1.– Foru arau honetan xedatutakoaren ondorioetarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren antolaketa era honetan osatuko da:

a) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoak.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateak.

c) Izaera politikoko eta izaera teknikoko departamentu arteko koordinazio egiturak.

d) Izaera politikoko eta izaera teknikoko departamentu barneko koordinazio egiturak.

2.– Beren izaera edo funtzioak direla eta, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen laguntzen duten entitate publiko eta pribatuekin partaidetzarako eta lankidetzarako harremanak eta bideak ezarri ahal izateko, Gipuzkoako Lurralde Historikoan solaskidetza politikorako esparru parte hartzaile bat egongo da, bertan Gipuzkoako mugimendu feministarekin eta berdintasunaren aldeko emakume elkarteekin hartu-emanak edukitzeko.

II. ATALA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO ORGANOA

7. artikulua.– Sorrera, izaera eta atxikipena.

1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa sortzen da, zeharkako izaera izango duena. Bere jarduera esparru esklusiboa izango da bermatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan foru politikak bultzatzea.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak zuzendaritza nagusi maila izango du, eta Diputatu Nagusiaren Alorrari edo Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan departamentu eskudunari atxikiko zaio.

8. artikulua.– Helburuak eta zereginak.

1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren funtsezko xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra lortzea.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoari dagokio:

a) Berdintasunerako foru politikak bultzatu eta koordinatzea, eta horien jarraipena zein ebaluazioa egitea.

b) Udal mailan sustapen neurriak ezartzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak garatzeko baldintza egokiak sortzeko.

c) Gipuzkoako Lurralde Historikoan sare eta praktika feministak indartzeko baldintza egokiak sortzen laguntzearen bermatzea.

d) Indarkeria matxistaren aurkako foru politikaren diseinua, koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioaren koordinaketa bultzatzea gizarte politikaren esparruan Gipuzkoako Foru Aldundian eskumenak dituzten departamentuekin.

e) Herritarrak sentsibilizatzea genero ezberdintasunari buruz eta berdintasunaren alde.

f) Berdintasunaren esparruan gainerako euskal herri administrazioekin solaskidetza eta koordinazioa bermatzea.

3.– Zehazki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoari dagokio:

a) Berdintasunaren esparruan, programazioaren edo plangintzaren diseinua zuzentzea, baita jarraipen eta ebaluazio-mekanismoak zuzentzea ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eremuan.

b) Gipuzkoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekintza positiboen berariazko neurriak diseinatu eta bultzatzea.

c) Departamentuei eta Gipuzkoako foru administrazioaren mende dauden gainerako erakunde eta organoei laguntza eta aholkularitza ematea, genero ikuspegia ezartzeko politika, programa eta ekintza guztietan, maila eta fase orotan.

d) Foru araudian eta foru plan estrategikoetan genero eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko orduan, organo egiaztatzaile gisa jardutea, dagozkion derrigorrezko txostenak emanez.

e) Gizarte eta erkidego baliabide eta zerbitzuak sortu eta egokitzeko proposamena egin eta bultzatzea, emakumeen eta gizonen bizitza pertsonala, zein familia eta lan bizitza bateratu eta zaintzan erantzukidetasuna sustatzeko.

f) Gipuzkoako Foru Aldundiak berariazko programa eta zerbitzuak egokitu eta sortzeko proposamena egin eta bultzatzea, bereizkeria anitza jasaten duten emakumeei oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko.

g) Berdintasunerako foru egiturak zein emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateak bultzatu eta koordinatzea, eta aholkularitza ematea, 11. artikuluan xedatutako funtzioen arabera.

h) Berdintasunaren gaian berariazko programak diseinatzea, foru egiturei prestakuntza emateko.

i) Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletan berdintasunerako egitura teknikoak sortzen eta indartzen laguntzea.

j) Gipuzkoako udaletako berdintasun teknikarien sare-lana sortu eta indartzea, udalaz gaindiko beste sareetan egiten den lanari jarraituz.

k) Solaskidetza politikorako espazioak sortzea eta bultzatzea, Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako mugimendu feministaren zein emakumeen elkarte mugimenduaren artean, eta beharrezko baldintzak sortzea bertan garatzen den lana indartzeko.

l) Neurriak ezartzea berdintasunaren aldeko emakumeen elkarte mugimendua indartzeko eta emakumeen jabekuntza zein partaidetza sozio-politikoa sustatzeko.

m) Gipuzkoako Lurralde Historikoan gertatzen diren bereizkeria egoerak antzematea, eta horiek errotik kentzeko neurriak diseinatu eta bultzatzea.

n) Gipuzkoako herritarrentzat sentsibilizazio jarduerak egitea emakumeen eta gizonen ezberdintasun egoeraz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriez, bereizkeria anitzeko egoerak aintzat hartuta.

o) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza nahiz lankidetzarako bideak ezartzea, bai Gipuzkoa barruan bai Gipuzkoatik kanpo, erakundeon xedeek edo eginkizunek lurralde eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

p) Berdintasun arloan, nola lurralde mailan hala autonomia, estatu, komunitate edo nazioarte mailan sortzen diren ekimenen jarraipena egitea, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoarentzat interesgarri direnetan parte hartzea.

q) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun arloarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.

r) Foru arau hau eta generoaren esparruan indarrean dauden gainerako araudiak betetzen direla zaintzea.

s) Eta 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoan, xedatutako beste edozein eginbehar, baita bere eskumen eta jarduera esparruan agintzen zaizkionak ere.

9. artikulua.– Baliabideak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak egitura iraunkorra izango du, denboran irautekoa. Organo horri beharrezko giza baliabideak eta baliabide ekonomiko, material zein administratiboak emango zaizkio foru arau honetako 8. artikuluan zehaztutako funtzioak betetzeko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak egikaritzeko.

III. ATALA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO DEPARTAMENTU UNITATEAK

10. artikulua.– Sorrera eta izaera.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateak sortzen dira, departamentu unitate administratibo gisa ezartzen direnak. Horien helburua da Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu bakoitzaren, foru organismo autonomoen, eta horietara atxikitako enpresa entitate publikoen zein foru merkataritza sozietateen gaitasuna indartzea, era horretan, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, foru arau honek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartzen dituen berdintasunerako foru planek xedatutakoa betetzeko.

11. artikulua.– Funtzioak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren irizpideak betez eta horren koordinaziopean, funtzio hauek beteko dituzte emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa nork bere departamentuan eta kasu bakoitzean horri atxikitako foru organismo autonomoetan, enpresa entitateetan eta merkataritza sozietateetan aplikatzen dela zaintzea.

b) Nork bere departamentuko organoei laguntza ematea, eta beharrezkoa bada, departamentu horri atxikitako foru organismo autonomoei, enpresa entitateei eta merkataritza sozietateei laguntza ematea, entitate horien guztien esparruan gertatzen diren bereizkeria egoerei arreta eman, aurre hartu, horien aurrean jardun eta ezabatzeko.

c) Hala eskatzen bazaie, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoarekin batera lan egitea, foru arau honetako 8. artikuluan zehaztutako funtzioak betetzeko.

d) Foru arau honen 20. artikuluan aurreikusten den emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru plana garatzeko, dagokion departamentuaren plan edo programak proposatzea, bai eta departamentuari atxikitako foru organismo autonomo, enpresa entitate publiko eta merkataritzako foru sozietateenak ere.

e) Berariazko neurriak diseinatu eta bultzatzea, nork bere departamentuaren jarduera esparruetan ekintza positiboak egiteko, edo, kasu bakoitzean, departamentuari atxikitako organismo autonomo, enpresa entitate publiko eta merkataritza sozietateen jarduera esparruetan.

f) Nork bere departamentuko arau, politika, programa eta ekintzetan generoaren ikuspegiaren integrazioa bultzatzea, baita horietara atxikitako foru organismo autonomoetan, enpresa entitateetan eta merkataritza sozietateetan ere.

g) Nork bere departamentuari eta, kasu bakoitzean, departamentu horretara atxikitako foru organismo autonomoei, enpresa entitate publikoei eta foru merkataritza sozietateei aholkularitza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, bakoitzak garatzen dituen sektorekako politika zehatzei dagokienez.

h) Nork bere departamentuko langileei eta, kasu bakoitzean, departamentu horretara atxikitako foru organismo autonomoetako, enpresa entitateetako eta merkataritza sozietateetako langileei aholkularitza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, bai eta generoaren eraginaren aldez aurreko ebaluazioa egiteko prozesuan ere. Halaber, aholkularitza ematea 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 19. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako neurriak abian jartzeko, bereizkeriak ezabatu eta berdintasuna sustatzekoak.

i) Nork bere departamentuko langileei eta kasu bakoitzean departamentu horretara atxikitako foru organismo autonomoetako, enpresa entitateetako eta merkataritza sozietateetako langileei, berdintasunaren esparruan prestakuntza emateko berariazko programak diseinatu eta horien jarraipena egitea.

j) Nork bere departamentuan jarraipena egitea, foru arau honetan xedatutakoa eta berdintasunerako politiken garapena betetzen dela bermatzeko. Jarraipen horren arabera, beharrezko neurriak proposatuko dituzte oztopoak ezabatu eta bereizkeria egoerak desagerrarazteko, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko ere.

k) Departamentu eskudunarekin koordinatu eta lan egitea, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, ezarritako xedapenak, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako plan eta programetan ezarritako aginduak betetzeko.

l) Nork bere departamentuaren jarduera esparruan, neurriak bultzatu eta proposatzea, bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeen oinarrizko gizarte eskubideak jasotzen dituztela bermatzeko.

m) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako departamentu barneko egiturak bultzatu eta koordinatzea, hain zuzen ere foru arau honetako 14. artikuluan aipatzen direnak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan egin diren eta egingo diren jarduerak bateratu, baloratu eta koordinatzeko.

n) Generoaren ikuspegitik nork bere departamentuaren eta, kasu bakoitzean, berari atxikitako foru organismo autonomoen, enpresa entitateen eta merkataritza sozietateen jarduerak aztertzea, foru arau honetako III. tituluan aipatzen diren gaien inguruan.

o) Nork bere departamentuko kontratu eta diru laguntzetan, baita, kasu bakoitzean, berari atxikitako foru organismo autonomoen, enpresa entitate publikoen eta merkataritza sozietateen kontratu eta diru laguntzetan ere, berdintasun klausulen ezarpena bultzatzea, egiaztatzea eta prozesu horren jarraipena egitea.

p) Nork bere departamentua, baita, kasu bakoitzean, berari atxikitako foru organismo autonomoak, enpresa entitate publikoak eta merkataritza sozietateak ere ordezkatzea, 2008ko irailaren 9ko 68/2008 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundian Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Departamentu arteko Batzordea eta Talde Teknikoa eta, departamentu bakoitzean, Departamentu barruko Unitatea sortzekoak eta osaera zein funtzionamendua arautzekoak (apirilaren 17ko 18/2012 Foru Dekretuak aldatutakoa edo ondorengo aldaketek aldatutakoa), zehaztutako departamentu arteko koordinaziorako foru egitura teknikoan.

q) Emakumeen eta gizonen berdintasun alorrarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea, norbere departamentuaren eta, kasu bakoitzean, berari atxikitako foru organismo autonomoen, enpresa entitate publikoen eta merkataritza sozietateen jarduera esparruan, hala eskatzen dietenean Gipuzkoako Foru Aldundiari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Unitateari.

r) Foru arau hau betetzen dela zaintzea.

s) Eta bere jarduera esparruan ematen zaizkion beste edozein eginbehar.

12. artikulua.– Baliabideak.

Departamentu bakoitzak nahikoa giza baliabide eta baliabide ekonomiko, material eta administratibo esleitu eta zehaztu beharko ditu bere aurrekontuetan emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateak betetzeko, baita emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak egikaritzekoak ere.

IV. ATALA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO KOORDINAZIO ETA GIZARTE SOLASKIDETZA EGITURAK

13. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu arteko koordinazio egiturak.

1.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako izaera politikoko eta izaera teknikoko egiturak erabiliko dira departamentu arteko koordinazioa egiteko, eta foru departamentu guztien ordezkaritza izango dute, 2008ko irailaren 9ko 68/2008 Foru Dekretuak azaldutakoaren arabera –Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Departamentu arteko Batzordea eta Talde Teknikoa eta, departamentu bakoitzean, Departamentu barruko Unitatea sortzekoa eta osaera zein funtzionamendua arautzekoa, 2012ko apirilaren 17ko 18/2012 Foru Dekretuak aldatutakoa edota ondorengo aldaketek aldatutakoa–.

2.– Beharrezkoak diren batzorde edo lan-taldeak eratuko dira, generoaren ikuspegia Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek garatzen dituzten politika publikoetan txertatzeko.

14. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu barneko koordinazio egiturak.

Foru departamentu bakoitzaren barruko koordinazioa egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu barneko egiturak erabiliko dira, 2008ko irailaren 9ko 68/2008 Foru Dekretuak azaldutakoaren arabera –Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Departamentu arteko Batzordea eta Talde Teknikoa eta, departamentu bakoitzean, Departamentu barruko Unitatea sortzekoa eta osaera zein funtzionamendua arautzekoa, 2012ko apirilaren 17ko 18/2012 Foru Dekretuak aldatutakoa edota ondorengo aldaketek aldatutakoa–.

15. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako gizarte solaskidetza egiturak.

1.– Beren izaera edo funtzioak direla eta, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen laguntzen duten entitate publiko eta pribatuekin partaidetzarako eta lankidetzarako harremanak eta bideak ezarri ahal izateko, Gipuzkoako Lurralde Historikoan solaskidetza politikorako esparru parte hartzaile bat egongo da, bertan mugimendu feministarekin eta berdintasunaren aldeko emakume elkarteekin hartu-emanak edukitzeko, eta, era horretan, helburu bikoitza lortzeko: emakumeengan eragina dute foru politiken eta berdintasuna sustatzeko berariazko politiken osaketan, aplikazioan, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzea; eta, emakumeen autonomia eta jabekuntza sustatzea, bizitza publikoaren, kulturalaren, ekonomikoaren eta sozialaren alderdi guztietan herritartasun aktiboaren jardunbideak indartuz.

2.– Partaidetza eta solaskidetza politikorako espazioak bermatu beharko du:

a) Espazioak eta denborak egotea erakundeekin solaskidetza edukitzeko mugimendu feministaren eta emakumeen elkarteen mugimendua osatzen duten pertsonen borondate autonomoa osatzeko.

b) Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako funtsezko solaskidea dela aitortzea, eta publikoki ikusgai izatea.

c) Gipuzkoako emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duen elkartegintza feminista eta emakumeen elkartegintza ordezkatzea, eta ahalegin berezia egitea parte hartzeko zailtasun handiagoak dituzten emakumeen eta kolektiboen partaidetza sustatzeko, horretarako zenbait neurri eta mekanismo martxan jarriz.

d) Lehendik dauden sareen arteko konexioa egitea eta kolektibo feministen, emakume elkarteen eta bestelako kolektiboen arteko elkartasuna bultzatzea, lehendik dauden egiturak aprobetxatuz eta indartuz.

e) Komunikaziorako eta lankidetzarako bideak sortzea berdintasuna edo emakumeen partaidetza sozio-politikoa bultzatu nahi duten entitate eta organoekin, esperientzia trukea bultzatzeko eta Gipuzkoako puntu ezberdinetatik hitzartutako lehentasunak giltzatzeko.

f) Hartu-eman arina eta eraginkorra ezartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta mugimendu feministaren eta emakume elkarteen artean, era horretan mugimendu horretan jabekuntza partaidetzarako baldintzak errazteko.

g) Eztabaida eta hausnarketa ezartzea, eta proposamenak zehaztea, partaidetzarako espazio horretan baldintza eta kokagune onenei buruz, berdintasunaren ikuspegitik, autonomia ziurtatzeko eta foru politiketan benetan eragina izateko gaitasuna bermatzeko. Orobat, helburu horiek bermatzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

3.– Aurreko atalean xedatutako alderdi guztiak kontuan hartuz, bere funtzioak garatzeko beharrezkoak diren giza baliabide eta baliabide ekonomiko zein administratiboak esleituko dizkio solaskidetza politikoko espazioari Gipuzkoako Foru Aldundiak.

4.– Partaidetza eta solaskidetza politikorako espazioaren osaketa, funtzioak eta funtzionamendua 2014ko martxoaren 18ko 9/2014 Foru Dekretuak, GUNEA: Gipuzkoako berdintasunerako partaidetza eta elkarrizketa espazioa sortzekoak, hasiera batean xedatutakoa izango dira, aurrerago horiek aldatzeko aukera eragotzi gabe.

V. ATALA
BERDINTASUNERAKO TEKNIKARIEN GAIKUNTZA

16. artikulua.– Berdintasunerako teknikarien gaikuntza.

2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunerako teknikarien emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko gaikuntza bermatuko du.

II. TITULUA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO BERARIAZKO POLITIKAK

17. artikulua.– Organo eskuduna.

Gipuzkoako Foru Aldundian, emakumeen eta gizonen berdintasunerako berariazko politikak garatzeko organo eskuduna Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa izango da.

18. artikulua.– Jarduera esparruak.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren jarduera esparruak hauek izango dira, gutxienez:

1.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko politika publikoak sustatzea, eta horretarako, funtzio hauek bete beharko ditu gutxienez:

a) Udalerriei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko politikak sortu eta finkatzeko, eta helburu horretarako udal tresna arauemaileak ezartzeko.

b) Gipuzkoako udalerrietan emakumeen eta gizonen berdintasunerako proiektu estrategikoak babestea.

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako organoak sortzen eta indartzen laguntzea, dagokion toki administrazioko lanpostuen zerrendan ageri diren teknikari espezializatuekin.

d) Udalerri txikiei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunerako udal politikak garatzeko eta politika horiek udalerriko berezitasunei arreta emateko, bereziki baliabide ekonomikoen eta langile baliabideen egitura baldintzak kontuan hartuz.

e) Sareko lankidetza espazioak martxan jarri eta garatzea, bai maila politikoan bai maila teknikoan, era horretan, koordinazioa, trukea eta ikaskuntza sustatzeaz gain, udal eta lurralde mailan lan prozesu kolektiboak abian jartzeko.

2.– Sare eta praktika feministei babesa bermatzea. Horretarako, funtzio hauek bete beharko ditu gutxienez:

a) Gipuzkoako erakunde feministak eta berdintasunerako emakumeen elkarteak indartzea, betiere horien aniztasuna eta horien parte hartze sozio-politikoko modu anitzak kontuan hartuta.

b) Gipuzkoako mugimendu feministarekin eta berdintasunerako emakumeen elkarteekin solaskidetza politikoko eta partaidetzako espazioa, hain zuzen ere, foru arau honetako 15. artikuluan zehaztutakoa, mantendu eta indartzea.

c) Gipuzkoako mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek berdintasunaren alde Gipuzkoan abian jarritako proiektu estrategikoei babesa ematea.

d) Emakumeen eta ordena heteropatriarkala hausten duten beste pertsonen partaidetza sozio-politikoa oztopatzen duten aurreiritzien aurkako borroka eta balore aldaketa sustatzea.

e) Erabaki eta eragin esparruetan emakumeen sarbidea areagotzen laguntzea.

f) Emakumeen jabekuntza indibiduala eta kolektiboa sustatzen duten espazio eta prozesuak sortu eta finkatzen laguntzea, bereziki emakume gazteena eta ahultasun larrienean dauden emakumeena.

3.– Sentsibilizazio sozialerako, ezagutzarako eta praktikarako neurriak garatzea, era horretan, berdintasunean oinarritutako antolaketa sozio-ekonomikorantz aurrera egiteko, eta pertsonen zaintzari dagokion garrantzia emateko.

Esparru horretan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak funtzio hauek bete beharko ditu gutxienez:

a) Gipuzkoan dauden genero ezberdintasunak aztertzea, eta horien inguruan sentsibilizazio sozialeko ekintzak abian jartzea, baita berdintasunaren alde ere.

b) Sentsibilizazio ekintzak abian jartzea, genero eginkizunek eta estereotipoek egungo antolaketa sozioekonomikoaren ereduan daukaten garrantziaz jabetzeko.

c) Gazteriari zuzendutako sentsibilizazio ekintzak abian jartzea, aniztasun sexualaren ingurukoak eta ikuspegi feministatik genero identitateak eraikitzeari buruzkoak.

d) Emakume migratzaileen errealitate anitza ikusgarri egitea, baita martxan jarritako laguntza taldeen esparruan garatutako lan kolektiboa ere.

e) Ikuspegi transfeministatik, transfobia, lesbofobia, bifobia edo homofobia arrazoiak direla eta, gizarte estigmatizazioa eta bazterketa sozio-politikoa jasaten duten pertsonen ikusgarritasuna eta partaidetza areagotzea.

f) Gipuzkoako Foru Aldunditik jarduerak garatu eta zuzentzea, transexualitatea patologia-izaeraz gabetzeko, lesbiar ikusgarritasuna areagotzeko, eta bazterketa edo esklusioaren artean dauden elementuen arteko loturak azpimarratzeko.

g) Borondatez lan sexuala egin dezaten pertsonen ikusgarritasuna eta partaidetza sustatzea, eta horien gizarte estigmatizazioan eta bazterketa sozio-politikoaren aurka lan egiten duten kolektiboei laguntza ematea.

h) Herritarren artean sentsibilizazio ekintzak bultzatzea, gizonei eta emakumeei esleitzen zaizkien zaintza zein rol edo funtzioei buruz.

i) Hausnarketa eta ezagutza trukerako prozesuak sustatzea mugimendu feministaren eta berdintasunaren aldeko emakume elkarteen eta bestelako kolektibo eta erakunde sozialen, akademiaren eta erakunde publikoen artean, era horretan, erakunde publikoetatik beste eredu sozio-ekonomiko baten definizioa egiteko, bestelako eraikuntza kolektiboa egiteko, eta eredu horretaranzko trantsizioa egiteko, betiere berdintasuna eta pertsonen bizitzaren zaintza oinarritzat hartuta.

4.– Indarkeria matxistaren aurkako borrokarako foru politika diseinua, koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioaren koordinaketa bultzatzea gizarte esparruan Gipuzkoako Foru Aldundian eskumenak dituen departamentuarekin, emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru politikaren esparruaren barne, eta foru arau honetako V. kapituluko IV. atalean araututakoaren arabera.

III. TITULUA
GENERO IKUSPEGIA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN JARDUERETAN ETA GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO FORU SEKTORE PUBLIKOKO ENTITATEEN JARDUERETAN INTEGRATZEKO NEURRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

19. artikulua.– Organo eskuduna.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa izango da organo eskuduna Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoa osatzen duten entitateek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako abian jartzen dituzten foru politikak bultzatu eta koordinatzeko, baita horien jarraipena zein ebaluazioa egiteko ere. Halaber,foru arau honetako 8. artikuluan xedatutako gainerako funtzioak beteko ditu.

2.– Funtzio horiek guztiak eragotzi gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztiek eta haiei atxikitako foru organismo autonomo, enpresa entitate publiko eta merkataritza sozietate, zuzendaritza eta zerbitzu guztiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuko dute. Horretarako, bakoitzak bere jarduera esparruan, neurri zehatzak programatu eta ezarriko ditu, neurri horien jarraipena egingo du, eta norberaren alorreko politiketan generoaren ikuspegia integratuko dute.

3.– Testuinguru horretan, generoaren ikuspegia integratzen dela ulertuko da emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, asmo eta premiak sistematikoki kontuan hartzen direnean, eta politika zein ekintza guztietan genero ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko helburuak zein berariazko ekintzak ezartzen direnean, maila guztietan, eta plangintza, egikaritza zein ebaluazio fase guztietan.

4.– Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztiek eta haiei atxikitako foru organismo autonomo, enpresa entitate publiko eta merkataritza sozietate guztiek hurrengo kapituluetan zehaztuta ageri diren neurri orokorrak hartuko dituzte, lan arlo guztietako prozedura erkideekin loturik daudenez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoa osatzen duten entitate guztiek beren jardunean genero ikuspegia integratu dezaten.

II. KAPITULUA
PLANGINTZA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

20. artikulua.– Plangintza, jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunerako foru plan bat onartuko du, emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan politika publikoak garatzeko esparru estrategikoa ezartzeko. Foru plan horren indarraldia zehaztuko da ez dagokion legealdiaren arabera, baizik lortu nahi dituen helburuen arabera.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa izango da foru plan horren osaketa eta ebaluazioa koordinatzeko arduraduna, gainerako foru departamentuen laguntzarekin. Onartu aurretik, plan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundera bidaliko da, egiaztatzeko plan horren edukiak behar bezala betetzen dituela Euskal Autonomia Erkidegoan berdintasunaren inguruan indarrean dauden esku-hartze eta irizpide ildoak, hain zuzen ere 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunekoak, 15. artikuluan xedatutakoak.

3.– Bakoitzak bere jarduera esparruan, foru departamentu guztiek eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitate guztiek berdintasunerako foru plana aplikatuko dute, horretarako urteko programazioak eginez. Halaber, plan horren jarraipen txostenak eta betetze mailarenak ere egingo dituzte urtero.

III. KAPITULUA
ORDEZKARITZA ETA PARTAIDETZA OREKATUA

21. artikulua.– Ordezkaritza eta partaidetza orekatua.

1. Ordezkaritza edo osaketa orekatua dagoela ulertuko da, dena delako multzoan, emakumeen eta gizonen presentzia bermatzen denean, eta sexu bakoitzeko pertsonak ez direnean pertsona kopurua osoaren ehuneko hirurogei baino gehiago edo ehuneko berrogei baino gutxiago.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak oreka hori bultzatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritza nagusien titularretan, izendapen libreko karguen izendapenean, batzordeen osaketan, kontratazio mahaien osaketan, diru laguntzak emateko ebaluazio batzordeetan, epaimahaietan, partaidetza kontseilu eta organoetan, eta gainerako organo administratiboetan. Era berean, ordezkaritza orekatua egon beharko da foru sozietate publikoen administrazio kontseiluen osaketan, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoa osatzen duten entitateen gobernu organo eta batzordeetan.

3.– Salbuespen gisa, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak aldeko txostena ematen badu, ordezkaritza orekatuaren irizpidea ez aplikatzea zuritu ahal izango da, kasu hauetako bat betetzen bada:

a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoan jarduten duen sektorean edo jarduera esparruan, bi sexuetako baten presentzia ez bada % 40ra iristen. Kasu horretan, ordezkapen apalena duen sexuko pertsonen presentzia bermatuko da, sektore edo esparru horretan duen presentziaren proportzioan, baldin eta ez bada hurrengo ataletan xedatutako baldintzaren bat betetzen.

b) Emakumeen ordezkapena % 60 baino handiagoa bada, baldin eta gehiegizko ordezkapen horren helburua bada historikoki, esparru horretan, erabakiak hartzeko guneetan emakumeen izan duten ordezkaritza apalaren ondorioz egon izan den ezberdintasun egoera zuzentzea.

c) Sexu jakin batean ez badago eskumen, gaitasun eta prestakuntza egokiko pertsonarik dagokion organoan parte hartzeko; edo horrelakorik egon arren, pertsona horiek ezin badute parte hartu lan-gainkarga handiegia sortuko liekeelako.

d) Organoko kideen izendapena karguen arabera egiten bada, edo zenbait erakunderen artean egiten badira izendapenak. Kasu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatzen dituen pertsonen multzoan ordezkapen orekatuaren irizpidea gorde beharko da, non eta ez den aplikagarri aurreko puntuetan zehaztutako kasuren bat.

IV. KAPITULUA
INFORMAZIOAREN EKOIZPENA ETA KUDEAKETA, ETA BARNE ZEIN KANPO KOMUNIKAZIOA

22. artikulua.– Informazioaren ekoizpena eta kudeaketa, eta barne zein kanpo komunikazioa.

1.– 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 26. artikuluan xedatutako obligazioak betetzea eragotzi gabe, bere jardunean Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu hauek lortzeko ahalegina egingo du:

a) Emakumeen presentzia islatzea bizitza sozialeko, politikoko, ekonomikoko edo bestelako esparruetan, eta gizonak zein emakumeak paper eta egoera sozial guztietan kokatzea.

b) Hizkuntza modu ez-sexistan erabiltzea; era berean, Gipuzkoako Foru Aldunditik edo hirugarren pertsona fisiko eta juridikoetatik datorren informazio idatziko eta ikonografikoko irudiak ere modu ez-sexistan erabiliko dira.

c) Emakumeen irudi anakroniko eta estereotipatuen transmisioa saihestu eta baztertzea, baita sexu bat bestearen gainetik edo azpitik dagoen ideia gainditzea ere.

d) Emakumeen eta gizonen trataera, protagonismoa eta balorazioa baliokide direla bermatzea, bai informazio idatzian, bai ahozko informazioan, bai informazio ikonografikoan, baita publizitate ekintzetan eta barne zein kanpo komunikazioan ere.

e) Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, erakunde komunikazioetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatu eta baliokidea sustatzea.

f) Indarkeria matxistaren aurrean erakunde eta gizarte arbuioa zabaltzea.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak barne araudi bat osatuko du, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa berma dadin edozein komunikazio motatan, bai barne edo kanpokoa izan, bai ahozko edo idatzizko informazioa izan, edo informazio ikonografikoa izan, bai paperezko edo ikus-entzunezko euskarrian zein euskarri digitalean izan, bai bere webgune, sare eta publizitatean.

3.– Herritarrek eskubidea izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko komunikazioan, informazioan eta publizitatean emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa bete dadila, eta horretarako erregelamendu bidez garatuko den bide bat izango dute.

4.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoa osatzen duten entitateek eskainitako kontratuen esleipendun diren pertsona fisiko eta juridikoek konpromisoa hartuko dute artikulu honetako lehenengo epigrafean zehaztutako helburuak betetzeko.

23. artikulua.– Kontrola.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren bidez, publizitate sexista kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzaren organoari helaraziko dizkio emakumeen eta gizonen berdintasun printzipio hausten dela dioten kexa edo erreklamazio guztiak, organo horrek dagozkion prozedura zuzentzaileak ezar ditzan, edo kexa zein erreklamazio horiek organo eskudunei bidal diezazkien, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, xedatutako zigor prozedurak abian jartzeko, halakorik badagokio.

V. KAPITULUA
FORU AZTERLAN ETA ESTATISTIKAK

24. artikulua.– Foru azterlan eta estatistikak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoa osatzen duten entitateek ere, beren azterlanak eta estatistikak osatzeko orduan, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 16. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute. Salbuespen gisa, arrazoitutako txosten baten bidez, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Organoak onetsirik, xedapen horretan zehaztutako obligazioren bat ez betetzea justifikatu ahal izango da.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztiek genero ikuspegia sustatu beharko dute beren eskumenen esparruan garatzen diren azterlan eta estatistiketan.

3.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko edozein entitatetarako azterlanak edo estatistikak garatzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek artikulu honetan xedatutako obligazioak bete beharko dituzte.

Lehenengo atala.– Kontratazio publikoa.

25. artikulua.– Genero ikuspegia kontratazio publikoan sartzea.

1.– Genero ikuspegi orokorraren estrategia izaera eraldatzailea garatu ahal izateko, 2013ko uztailaren 17ko 4/2013 Foru Arauak, foru sektore publikoko obra kontratuetan klausula sozialak txertatzekoak, eta 2014ko urriaren 29ko 11/2014 Foru Arauak, erosketa publiko sozialki arduratsuari buruzko kontratu klausulak foru sektore publikoko kontratazioan txertatzekoak xedatutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek generoaren ikuspegia txertatu beharko dute kontratazio publikoan, baldin eta genero ikuspegia bada kontratuak duen xedearen ezaugarri teknikoetako bat, baita emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko kontratu klausulen edukia kontratuaren prestazioarentzat aproposa den kasuetan ere.

2.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek aholkularitza emango diete kontratazio espediente bakoitzaren aplikazioari buruz, bai departamentuko kontratazio organoei, bai departamentu horri atxikitako foru organismo autonomoei, enpresa entitate publikoei eta merkataritza sozietateei ere, bete dezaten aurreko paragrafoan aipatutako foru arauek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan xedatutakoa.

3.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak zein emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek egiaztatu eta ebaluatuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek emandako kontratu publikoetan berdintasunari buruzko kontratu klausulak betetzen direla.

4.– Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Organoak aldez aurretik dagokion txosten eman ondoren, Diputatuen Kontseiluak onartu ahal izango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzetan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateen diru laguntzetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako klausulak txertatzeko jarraibideak.

Bigarren atala.– Diru-laguntzak.

26. artikulua.– Generoaren ikuspegia txertatzea diru laguntzak ematean.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak generoaren ikuspegia derrigorrez txertatu beharko du diru laguntzak emateko orduan, era horretan, genero ikuspegi orokorraren estrategia garatzeko.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, hala badagokie, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek, beharrezkoa denean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko baliabideak eman beharko dituzte, ezberdintasun egoerak ezabatuz eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuz.

3.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko entitateek ez diete inolako laguntza edo diru laguntzarik emango baldintza hauetakoren bat betetzen dutenei:

a) Bide administratiboan, lan arloko auzi bidean edo bide penalean modu irmoan zigortuak izan diren pertsona fisiko edo juridikoei, berdintasunerako eskubidea urratzeagatik edo sexua dela eta diskriminazio ezaren printzipioa urratzeagatik.

b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioaren aurkako xede, helburu, onarpen edo sarbide sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduera, antolaketa edo estatutuak dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoei.

c) 4/2005 Legearen, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, III. Tituluak edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoak, xedatutako obligazioak betetzen ez dituzten entitate edo enpresei.

4.– Halaber, ezingo dira diruz lagundu sexua dela eta diskriminatzen duten jarduera edo ekintzak.

5.– Diru laguntzaren xedea garrantzitsua bada generoaren ikuspegiari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako erakundeek eskubidea izango dute, diru laguntzak emateko orduan, pertsona fisiko edo juridiko onuradunek emakumeen eta gizonen berdintasun esparruan esperientzia eta ibilbidea dituztela frogatu dezatela eskatzeko. Hori frogatzeko, modu hauetakoren bat edo gehiago erabili daiteke:

a) Azken hiru urtetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako esparruan egindako jarduera eta lan garrantzitsuenak aipatuz, informazio hau zehaztuz: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun esparruko langileen titulazioa, prestakuntza eta curriculuma.

b) Entitatearen sortze eskrituraren edo estatutuen barne, xede gisa agertzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea.

c) Berdintasunaren esparruko enpresa ziurtagiri edo bereizgarri bat edukitzea, edo emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako entitate laguntzaile gisa; edo izaera ofizialeko beste antzeko ziurtagiri edo bereizgarri bat edukitzea.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Berdintasun Plan bat diseinatu eta aplikatzea, edo gizonen erantzukidetasuna sustatzeko neurriak diseinatu eta aplikatzea familia bizitza, lan bizitza eta bizitza pertsonala bateratzeko eta zaintzak emateko.

e) Entitateko edo enpresako batzordean, zuzendaritza organoan edo administrazio kontseiluan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua edukitzea.

6.– Halaber, diru laguntzaren xedea garrantzitsua bada generoaren ikuspegian, eta deialdi publiko bidez emandako laguntzen kasuan, irizpide hauetako edozein kontuan hartu ahal izango da aurkeztutako eskaerak balioesteko:

a) Aurreikuspenen arabera, diru laguntzaren onuradun izango diren emakumeen kopuru eta portzentajea.

b) Pertsonak edo entitate onuradunak lana emango dien emakumeen kopurua eta portzentajea, eta horietatik zenbat egongo liratekeen erantzukizuneko lanpostuetan.

c) Erakunde onuradunaren barne, zuzendaritza postuetan egongo diren emakumeen kopurua eta portzentajea.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politika edo jardueren garapenean, pertsona edo erakunde eskatzaileak izandako ibilbidea, artikulu honetako aurreko atalean xedatutako moduetan egiaztatuta.

e) Genero eraginari buruzko txosten bat aurkezteko konpromisoa. Bertan ageri diren adierazle eta datuak diru laguntzaren onuradun edo erabiltzaileak sexuaren arabera egongo dira sailkatuta, baita diru laguntza hori egikarituko duten langileen sexuaren arabera ere; halaber, aplikatutako berdintasun neurrien edukia ere zehaztu beharko da.

f) Diru laguntza egikaritzeko esparruan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako berariazko plan bat diseinatu eta aplikatzeko konpromisoa. Plan horretan, lanpostuetara iristeko, sailkapen profesionalerako, lanaren kalitate eta egonkortasunerako, eta lanaldiaren iraupenerako eta antolaketarako zein berdintasun politika ezarri den zehaztu beharko da, besteak beste.

g) Diru laguntzaren onuradun diren pertsonekin sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak egitea, hain zuzen ere berdintasuneko zein lan eta familia bizitzaren bateratze arduratsuko eskubideei buruz.

h) Diru laguntzaren jarduera esparruan, emakumeen pobreziaren aurkako borrokan, erakunde onuradunak hitzeman dituen berariazko ekintzak.

7.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko entitateek emandako diru laguntzen onuradun diren pertsona fisiko edo juridikoen obligazioen artean, honako hauek ere jaso ahal izango dira:

a) Dokumentazioan, publizitatean, irudietan edo materialetan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea, emakumeen irudi diskriminatzaileak edo estereotipo sexistak baztertzea, eta irudietan berdintasun baloreak, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta genero identitate zein rolen pluraltasuna sustatzea.

b) 250 langile baino gehiagoko enpresek, 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoak, xedatutako Berdintasun Plana diseinatuta eta aplikatuta dutela frogatu beharko dute.

c) Diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak genero ikuspegia kontuan hartzea bere diagnosian, helburuetan, jardueretan eta ebaluazioan.

d) Diru laguntzaren justifikazio memorian genero eraginari buruzko ebaluazioa zehaztea, datuak sexuaren arabera sailkatuta. Halaber, atzemandako desberdintasunak zehaztu beharko dira, baita horiei aurre egiteko martxan jarritako neurriak, eta berdintasunaren alde lortutako genero eta eragin adierazleak ere.

e) Diruz lagundutako onuradunen % 40, gutxienez, emakumeak izatea.

f) Diruz lagundutako jarduera edo proiektua egiteko kontratatutako langileen % 40, gutxienez, emakumeak izatea.

g) Erakunde onuradunean, lanpostu kualifikatuen, erantzukizuneko lanpostuen edo gerentzia lanpostuen % 40, gutxienez, emakumeen esku egotea.

h) Diruz lagundutako jarduera edo proiektua egiteko kontratatutako langileen % 15, gutxienez, lan munduan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten emakumeak izatea.

8.– Diru laguntzen batzorde ebaluatzaileen osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokidun gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatuko da. Ordezkaritza orekatua dagoela ulertuko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza badu.

9.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek aholkularitza emango diete bai norberaren departamentuari, bai berari atxikitako foru organismo autonomoei, enpresa entitate publikoei eta merkataritza sozietateei, diru laguntzak emateko espediente bakoitzean foru arau honetan xedatutakoa aplikatzeko.

10.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak zein emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek egiaztatu eta ebaluatuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek emandako kontratu publikoetan berdintasunari buruzko kontratu klausulak betetzen direla.

11.– Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Organoak aldez aurretik dagokion txosten eman ondoren, Diputatuen Kontseiluak onartu ahal izango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzetan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateen diru laguntzetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako klausulak txertatzeko jarraibideak.

VII. KAPITULUA
ARAUGINTZA

27. artikulua.– Araugintza.

1.– 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru arauen aurreproiektuak zein izaera orokorreko xedapen proiektuak osatu eta izapidetzeko orduan, generoaren eraginaren aldez aurreko ebaluazioa aurkeztu beharko da haiei atxikita.

2.– Agindu hori bete ahal izateko, izapide hauek bete beharko dira:

a) Foru arauaren aurreproiektua edo izaera orokorreko xedapen proiektua sustatzen duen departamentuak genero eraginaren aldez aurretiko ebaluazioa egin beharko du.

Genero eraginaren aldez aurretiko ebaluazio txostenak atal hauek eduki beharko ditu: (1), arau proiektuaren edo izaera orokorreko xedapenaren deskribapen orokorra; (2), genero eraginaren aldez aurreko ebaluazioa; eta (3), atzemandako ezberdintasunak ezabatzeko neurriak, baita, egindako genero eraginaren ebaluazioaren arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak ere.

Ebaluazio hori egiteko, dagokion emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitatearen aholkularitza jaso beharko dute departamentuek.

b) Foru arauaren aurreproiektua edo izaera orokorreko xedapen proiektua idatzi ondoren, eta genero eraginaren aldez aurreko ebaluazio txostena osatu ondoren, departamentu sustatzaileak dagokion txostena eskatuko dio Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoari. Txosten horrek bi helburu ditu: alde batetik, egiaztatzea foru arau aurreproiektua edo izaera orokorreko proiektua sustatu duen departamentuak behar bezala aplikatu dituela artikulu honetan xedatutakoa; eta bestetik, egokitzat jotzen dituen hobekuntza proposamenak egitea.

3.– Sektore izaerako foru plan estrategikoek ere artikulu honetan xedatutako genero eraginaren aldez aurretiko ebaluazioa eduki beharko dute.

VIII. KAPITULUA
AURREKONTUEN PLANGINTZA ETA KUDEAKETA

28. artikulua.– Aurrekontuen plangintza eta kudeaketa.

1. Ogasun eta finantzen esparruko funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak behar bezala egiaztatu, aztertu eta ebaluatu beharko du aurrekontu programen inpaktu potentziala, generoaren ikuspegitik begiratuta, horiek urtero onartu baino lehen. Aurrerago, aurrekontu ekitaldia amaitzen denean, programa horiek benetan egikaritzean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean sortutako inpaktua ere aztertu beharko du.

2.– Foru arau honetako 9. eta 12. artikuluetan xedatutakoa, eta 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, IV. kapituluko II. tituluan xedatutako neurriak eragotzi gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak genero ikuspegia erabiliz osatuko ditu bere aurrekontuak, eta diru sarrera zein gastu politikak aztertuko ditu horretarako.

3.– Gipuzkoan pertsonen bizitzaren zainketa eta emakumeen zein gizonen arteko berdintasuna izango dira printzipio gidariak, eta lehentasunezko izaera izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuak banatzeko orduan.

VIII. KAPITULUA
LANGILEEN KUDEAKETA

29 artikulua. Xedapen orokorra.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko entitateek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa bermatuko dute lanpostuen definizioan, sarbidean, sailkapen profesionalean, promozioan, prestakuntzan, lan osasunean, ordainsarietan eta lan eskubideetan, lan baldintza duin eta ez-baztertzaileak bermatuz.

2.– Langileen esparruan eskumena duten Gipuzkoako Foru Aldundiko organoek, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko entitatekoek VIII. kapitulu honetan xedatutako neurriak aplikatuko dituzte, eta oro har:

1) Langileen politika berraztertuko dute, genero ikuspegiaren arauz.

2) Beharrezko neurriak hartuko dituzte, langileen kudeaketan berdintasun printzipioa bermatzeko.

3) Langileen lan eskubideak berdintasunaren ikuspegitik hobetu eta erabiltzea bultzatuko dute.

30. artikulua.– Sarbidea eta hautaketa.

Hautapen prozesuetan berdintasun printzipioa bermatu ahal izateko, eta langile berriak sartzean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko gaikuntza bermatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko sektore publikoko gainerako entitateek neurri hauek hartuko dituzte:

a) Berdintasunari buruzko edukiak ezartzea ikasgai zerrendetan, bai izaera orokorrekoak, bai lortu nahi den lanpostuaren esparrukoak ere.

b) Emakumeek lanpostu mota guztietan eta lanpostu maila guztietara emakume gehiago iristeko sustapen aktiboa egitea, era horretan, bereizketa horizontala eta bertikala ezabatzeko bidean aurrera egiteko.

c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko aditu bat ezartzea berdintasunerako teknikariak hautapen prozesuen hautatzeko epaimahaietan, egoki denean, eta edozein kasutan berdintasun teknikariak hautatzeko epaimahaietan.

31. artikulua.– Sustapena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko foru sektore publikoko gainerako entitateek ibilbide profesionalean zeharkako bereizkeria ekiditeko mekanismoak ezarriko dituzte beren barne sustapen prozesuetan, bai bereizketa bertikalean, bai bereizketa horizontalean.

32. artikulua.– Prestakuntza.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako erakundeek prestakuntza planak diseinatuko dituzte beren langileentzat emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan; eta plan horiek elementu hauek izango dituzte gutxienez:

a) Berariazko prestakuntza ekintzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, bai oinarrizko izaera orokorrekoak, bai izaera bereziago eta espezializatuagoak.

b) Prestakuntza planetan zehaztutako gainerako prestakuntza ekintzetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko edukiak ezarriko dira, bereziki esparru hauetan: komunikazioan, kudeaketaren hobekuntzan, harremanetarako eta zuzendaritzarako gaitasunetan, eta osasunean zein lan arriskuen prebentzioan, bai eta kontratazio, diru laguntza eta administrazio prozeduran ere.

c) Emakumeek eta gizonek, berdintasunezko baldintzetan, prestakuntza bermatzeko beharrezko neurriak ezartzea.

33. artikulua.– Ordainsariak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako erakundeek atzemango dituzte beren langileen arteko soldata arrailak, eta eskuragarri dituzten neurri guztiak hartuko dituzte genero okertasunak ezabatzeko eta berdintasunezko politika bermatzeko, bai lanpostuen balorazioan, bai ordainsarien politikan.

34. artikulua.– Lan segurtasuna eta osasuna.

Lan segurtasunari eta osasunari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa burutzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako erakundeek beharrezko neurriak hartuko dituzte helburu hauek lortzeko:

a) Genero bereizketak aztertzea lan baldintzetan, lan arrisku psikosozialekiko esposizioan, higiene zein ergonomia lan arriskuekiko esposizioan, eta, horrez gain, prebentzio mekanismoak ezartzea.

b) Segurtasun fisiko edo psikikorako arriskurik gabeko lan giroak sortu eta mantentzea.

c) Langileen lan etenaldien eragina aztertzea, betetzen den lanpostua kontuan hartuta. Era horretan, lanak sortzen dituen kalteak pertsonen sexura lotuta azaltzen diren egoera posibleak saihestuko dira.

d) Generoaren ikuspegitik, laneko gaixotasunei buruzko ikerketak bultzatzea.

e) Emakume langileen ugalketan, haurdunaldian eta edoskitzean osasunaren prebentzioa bermatzea.

f) Zaintza lanetan eta lan bizitza, zein bizitza pertsonala eta familiarra bateratzeko orduan, gizonen erantzukidetasuna sustatzea.

g) Emakume langileei berri ematea 2004ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, genero indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzkoak, xedatutako eskubideei buruz.

h) Indarkeria matxistaren edozein adierazpen saihestea lan inguruan, eta, horretarako, protokolo bat ezartzea lan esparruan jazarpen sexista edo sexuala izan daitekeen edozein egoera saihesteko, eta egoera horretan laguntza eman, esku hartu eta zigortzeko.

i) Langileei lan arriskuen prebentzioan generoaren ikuspegitik prestakuntza ematea.

35. artikulua.– Lanaren eta familiaren bateragarritasuna eta erantzukizunen partekatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek beharrezko mekanismoak ezarriko dituzte neurri hauek garatzeko:

a) Langileen lan bizitza eta bizitza pertsonal zein profesionala bateratzen laguntzeko neurriak, betiere emakumeen jabekuntzarako ikuspegitik, eta aldi berean zaintza lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzen dutenak.

b) Antolakuntzan aldaketa prozesuak sustatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta bizitzaren zaintzari arreta emateko.

c) Berariazko jarduera plan bat, zaintza lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzeko.

d) Zerbitzuko langileen amatasun eta aitatasun baimen besterenezinak parekatzeko ekintzak bultzatzeko neurriak.

e) Langileentzako ordutegi eta espazio malgutasuna bultzatzeko neurriak, betiere emakumeen jabekuntza ikuspegi batez, eta zaintza lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzeko.

f) Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko erakundeen enpresa hornitzaileek antolaketa aldatzeko prozesuak egitea bultzatzea, lana, bizitza pertsonala eta familia bizitza bateratzeko eta emakumeen eta gizonen erantzukidetasunaren eta berdintasunaren alde.

g) Gipuzkoako Lurralde Historikoko enpresek antolaketa aldatzeko prozesuak egitea bultzatzea, lana, bizitza pertsonala eta familia bizitza bateratzeko eta emakumeen eta gizonen erantzukidetasunaren eta berdintasunaren alde.

IV. TITULUA
BERDINTASUNAREN SUSTAPENA FORU ESKU HARTZE ESPARRUETAN.
I. KAPITULUA
DEMOKRAZIA PARTE HARTZAILERANTZ

36. artikulua.– Kontzeptua eta helburuak.

1.– Foru arau honen ondorioetarako, demokrazia parte hartzaile gisa ulertzen da foru gobernu eredu jakin bat, bertan artikulatzen diren espazio, mekanismo eta prozesuek herritarren partaidetza bermatzen baitute, interes komuneko gaiak ebazteko.

2.– Herritarren partaidetza sustatzeko foru organoak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak helburu hauek izango dituzte, besteak beste:

a) Espazio eta gai publikoetan emakumeek historikoki jasandako bazterketa desagerraraztea, baita bazterketa horren oinarri den lanaren sexu banaketa ere.

b) Gipuzkoako Lurralde Historikoko gai publikoetan emakumeen eta gizonen arteko partaidetza parekidea sustatu eta bultzatzea.

c) Herritarren partaidetzarako prozesu, momentu edo espazio orok genero ikuspegia duela bermatzea, eztabaidarako, hausnarketarako, kontsultarako edo erabakiak hartzeko eduki publikoetan.

37. artikulua.– Neurriak.

Aurreko artikuluan xedatutako helburuak betetzeko, herritarren partaidetza sustatzeko foru organoak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak neurri hauek hartuko dituzte:

a) Ikuspegi feministatik, lurraldean demokrazia parte hartzailearen teoriari eta praktikari buruzko eztabaidak sustatzea, baita ordezkaritza politiko zein sozialaren krisiari buruz ere, eta proposamen alternatiboak egitea krisia gainditzeko.

b) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren partaidetza bermatzea Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jartzen dituen partaidetza prozesuak diseinatu, garatu eta ebaluatzeko batzorde edo lantaldeetan.

c) Modu indibidualean edo kolektiboan parte hartzeko emakumeen eskubidea bermatzea mekanismo, prozesu, espazio eta organo parte hartzaileetan, pertsonen bizitzan eragina duten gaiak eztabaidatu, proposatu eta erabakitzen badira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantza laguntza edo partaidetza badute.

d) Prozesu parte hartzaileei buruzko informazio eskubidea bermatzea, hedapen sistemak bultzatuz, informazioa emakumeei eta gizonei modu berean helarazteko.

e) Hausnarketa prozesu parte hartzaileetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekintzak garatzen dituzten entitateek parte hartzen dutela bermatzea, baldin eta arautzen den gaiak emakumeen eta gizonen gizarte egoera edo maila zehaztu edo horretan eragina badu.

f) Genero ikuspegia bermatzea herritarren eztabaida, proposamen eta erabaki edukietan, betiere horretarako zehazten diren espazio, mekanismo eta prozesu parte hartzailean.

g) Oztopoak ezabatzeko formulak lantzea, emakumeek modu indibidualean edo kolektiboan parte hartzen dutela bermatzeko. Beharrezkoa bada, partaidetzarako prestakuntza landuko da, edo prozesu eta mekanismo parte hartzaileak egokitzen laguntzeko neurriak jarriko dira abian, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren espazio eta organo parte hartzaileak emakumeen jardunbide eta estrategietara egokitzekoak ere.

h) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurkako herri kontsultak egiteko ekimenei uko egitea.

II. KAPITULUA
ZAINKETA DUINEN ETA GUZTIENTZAKOEN EREDU SOZIALERANTZ

38. artikulua.– Xedapen orokorra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza profesionalerako baldintzak hobetuko ditu, eta pertsonen zaintza eskubidea bermatzeko bidean aurrera egingo du, betiere unibertsaltasun eta singulartasun ikuspegiaz, irizpide hauek kontuan hartuz: (a) baldintza duinetan zaindu edo ez zaindu, nor zaindu, eta nola zaindu erabakitzeko eskubidea, seme-alaben zaintzan legez dagozkion betebeharrak babestuz; eta (b) bizitza zikloko egoera eta momentu ezberdinetan zaintza egokiak jasotzeko eta nola zaindua izatea erabakitzeko eskubidea.

39. artikulua.– Neurriak.

Aurreko artikuluan xedatutako helburuak betetzeko,gizarte politikaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Foru Aldundiko departamentuak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak neurri hauek hartuko dituzte:

a) Ikuspegi feministak oinarri gisa hartuta, eztabaidak egin eta proposamenak osatzea, Gipuzkoarako zaintza duinen eredu bat sustatzeko.

b) Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku hartzeek inolako estereotiporik ez edukitzea, zaintza lanak nork egin behar dituen eta nork egin ditzakeen.

c) Zaintza lanak «emakume zintzoen» berezko gaitasun eta zeregin gisa identifikatzen dituen ideia hausten laguntzea, baita «gizonezko langile arruntaren» irudia, zaintza lanen inguruan erantzukizun eta premiarik gabekoa ere.

d) Etxeko lanetan eta zaintza lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzea, eta beharrezko neurriak hartzea 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 49. artikuluan xedatutakoa garatzen dituzten arauetan jaso daitezen lan eta familia bizitza bateratzeko orduan gizonen erantzukidetasuna.

e) Pertsona guztien zaintzak jasotzeko eskubidea sustatzea, zaintzak jasotzen dituzten pertsonen autonomia sustatzen dela ziurtatuz, eta neurriak hartuz emakumeen gain eratutako familia barruko zaintza ereduak birsortzen ez direla bermatuz.

f) Zaintzaile profesionalek zaintza lanak egiteko orduan dituzten baldintzak erraztu eta duintzea, familiako zaintzaileen ongizatea eta eskaerak kontuan harturik, eta etxeetan zaintza lanak modu bidezkoagoan banatzen direla sustatuz.

g) Zaintza profesionalen sektorean lan baldintza duinak sortzea.

h) Zaintza zerbitzuak ematen dituzten entitateen kudeaketa eredu jakin bat sustatzea: enpresaren errentagarritasuna zerbitzua bera zein zaintzaile profesionalen lan baldintzak degradatuz ez lortzea bermatuko da.

III. KAPITULUA
BIZITZAREN IRAUNKORTASUNAREN ZERBITZURAKO EKONOMIARANTZ

40. artikulua.– Xedea eta helburuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek bizitzaren iraunkortasunaren zerbitzura dagoen ekonomiarantz aurrera egiten lagunduko dute, bai Gipuzkoako Lurralde Historikoan bai Gipuzkoarekin nazioarteko lankidetza zein senidetze loturak dituzten eskualde eta lurraldeetan.

Helburu hori lortzeko, helburu hauek betetzen direla zainduko dute:

1.– Aurrera egitea genero ezberdintasunak kontuan hartuz, pertsona guztiek baliabide guztiak edukitzeko eskubidea bermatzeko orduan.

2.– Genero ikuspegitik, pertsonen bizitzaren iraunkortasunerako baldintza kolektiboak sortzeko eredu ekonomikorantz joateko ahalegina egitea.

41. artikulua.– Neurriak.

1.– Aurreko artikuluan xedatutako helburuak betetzeko, gizarte politikaren, berrikuntzaren eta lurralde garapenaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkien Foru Aldundiko departamentuek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Organoak neurri hauek hartuko dituzte:

a) Egungo sistema sozio-ekonomikoaren egokitzapenari buruzko eztabaidak sustatzea, bizitzaren iraunkortasunerako ikuspegi feministaren arabera, eta eredu hori gainditzeko proposamenak egitea.

b) Genero ikuspegitik, gero eta nabariagoa den gizarte birsorkuntzaren krisia identifikatzea eta horren jarraipena egitea.

c) Ezegonkortasun eta bazterketa egoeran dauden pertsonen kopurua murrizteko neurriak abian jartzea, arreta berezia emanez genero dimentsioei.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek sustatuko dute kontratazio publikoetan eta diru laguntzak ematerakoan, foru arau honetako 40. artikuluan xedatutako helburuak betetzea.

42. artikulua.– Zerga politika progresiboa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek zerga politika progresiboa aplikatzea bultzatuko dute, eta progresibotasun hori zehazteko orduan, genero irizpideak ezarriko dituzte.

2.– Aurreko atalean xedatutako helburuak betetzeko, zerga politikaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Foru Aldundiko departamentuak neurri hauek hartuko ditu:

a) Beharrezko azterlanak egitea, Gipuzkoako Foru Aldundiko tributu eta salbuespenen genero eragina ezagutzeko.

b) Gipuzkoako Foru Aldundiko zerga politikan erabakiak hartzeko orduan, genero eragina irizpide gisa ezartzea.

c) Zerga bilketaren oinarria izatea zuzeneko zergen progresibotasun handiago bat, eta kapitalaren gaineko zergak handiagoa izatea lanaren gaineko zergak baino.

d) Zerga eskubideak bereizten dituen zerga politika kontuan hartzea, bizikidetza eredu jakin batzuk ez sustatzeko, eta lanaren sexu banaketa ez sustatzeko.

43. artikulua.– Ekonomia sozial, solidario eta komunitarioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek ekonomia sozial, solidario eta komunitarioa finkatzen lagunduko dute, betiere genero ikuspegia oinarritzat hartuta.

2.– Aurreko atalean xedatutako helburuak betetzeko, berrikuntzaren, landa garapenaren, turismo zein lurralde garapenaren, ogasun eta finantzen, eta gizarte politikaren esparruetan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkien Foru Aldundiko departamentuek neurri hauek hartuko dituzte:

a) Ekonomia eta lan jardueraren adierazleak berrikustea, bizitzaren iraunkortasunaren ikuspegitik ekonomiaren funtzionamenduaren eta lanen banaketaren berri emateko, ordaindu gabeko lanari arreta berezia emanez.

b) Bere definizioan genero irizpideak barne hartzen dituen ekonomia sozial eta solidarioa sustatzea.

c) Beren funtzionamenduan genero irizpideak barne hartzen dituzten ekimen komunitarioak babestea.

44. artikulua.– Garapenerako lankidetza.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, genero ikuspegia oinarritzat hartuta, garapenerako lankidetza politika publiko eraldatzaile bat finkatzen lagunduko du, xede izango duena giza garapen iraunkorra sustatzea, bazterketa arrazoiak desagerraraztea eta subjektuei eraldatze bidean laguntzea.

2.– Garapenerako lankidetzaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak neurri hauek garatuko ditu:

a) Generoaren ikuspegia ezartzea zeharkako ildo gisa, garapenerako lankidetzaren foru politika, ekimenak, jarduerak eta ebaluazioak gidatzeko.

b) Mugimendu feministekin itun egonkor eta jarraituak ezartzea.

c) Baliabideak jartzea emakumeen jabekuntzarako ekimenetan edo mugimendu feministak indartzeko ekimenetan.

d) Emakumeen partaidetza sustatzea lankidetza proiektuetan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko esperientzia zein ezagutza trukerako espazioak bultzatzea.

IV. KAPITULUA
BIZITZARAKO INGURUNE IRAUNKORRERANTZ

45 artikulua. Xedapen orokorra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek, genero ikuspegia oinarritzat hartuta, bizitzarako ingurumen, hiri, landa, harreman eta ingurune iraunkorra sortzen lagunduko dute baita ingurune ludiko, osasungarri eta sormenezkoa ere.

46. artikulua.– Jarduera kultural eta artistikoa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura eta arte jardueren bere politika publikoetan genero ikuspegia txertatzea bultzatuko du, bere eskumenen arabera.

2.– Kultura politikaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak neurri hauek hartuko ditu:

a) Emakumeak sormen kultural zein artistikoan jardutea bultzatzea, eta erabakiak hartzeko espazioetan emakumeen partaidetza bultzatzea.

b) Artearen eta kulturaren esparruan generoari lotutako gaiak lantzeko baliabide egokiak erraztea.

c) Jarduera kultural eta artistikoetan genero ikuspegia txertatzea bultzatzea.

d) Emakumeek kulturari eta arte jarduerari eginiko ekarpena nabarmentzea eta ikusaraztea.

47. artikulua.– Oroimen historikoa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak emakumeek egindako lana aitortu eta ezagutarazten lagunduko du berdintasuneko oroimen historikoa bultzatu asmoz identitate kolektiboa giltzatzeko elementu gisa.

2.– Aurreko atalean xedatutako helburua betetzeko, oroimen historikoaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Foru Aldundiko departamentuak neurri hauek hartuko ditu:

1) Espazioei eta denborei beste esanahi bat emateko prozesua bultzatzea, emakumeen esperientzia oinarritzat hartuta, oroimen historikoaren kontserbaziorako eta hedapenerako elementu ezberdinetan emakumeen presentzia sustatuz bereziki.

2) Gerrate urte gogorretan eta ondorengo diktaduraldian emakumeen lan eta eginkizunari dagokionez, eta emakume izaerari lotutako berariazko errepresioaz emakumeen oroimenaren inguruan hausnarketa, azterketa eta ikerketa sustatzea.

3) Emakumeen jabetze indibidual eta kolektiboa sustatzen duten oroimen komunitateak sortzen laguntzea.

48. artikulua.– Jarduera fisikoak, kirola eta ohitura osasungarriak.

1.– Jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan genero ikuspegiaren ezarpena bultzatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

2.– Kirol politikaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak honako neurri hauek garatuko ditu:

a) Kirol elkarte edo erakundeetan segregazio bertikal eta horizontala murrizten laguntzea, funtzionamenduan eta jardueretan genero ikuspegia txertatuta.

b) Lankidetza sustatzea kirol esparruko eragileekin, haiekin konpromiso batera heldu emakumeek kirola egin dezaten, edozein modalitate, mota eta mailatan.

c) Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan, emakumeen egoerari buruzko ikerketa sustatzea.

d) Gipuzkoan sustatzea kirol eskaintzak eduki ditzala emakumeentzako eta gizonentzako kirol jarduerak sailkatzen dituzten estereotipo sexuaren araberako ustezko gaitasunen eta ezaugarrietan oinarritutakoak hausteko jarduerak.

e) Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen sari, ordainsari, aitorpen edo diru laguntzetan, emakumeen eta gizonen arteko oreka gordetzea, bai kirolari indibidualen kasuan, bai kirol kluben kasuan ere.

f) Emakumeen partaidetza bultzatzea adin guztietan, kirol modalitate guztietan, inplikazio edo lehia maila guztietan eta maila profesional guztietan, eta emakumeen prestakuntza sustatzea.

g) Emakumeen kirol praktikaren ikusgarritasuna sustatzea.

h) Emakumeek kirolean izan dituzten lorpenen aitorpena bultzatzea, eta bultzatzea emakume kirolarien irudiak erabiltzea kirola edo kirol praktika sustatzeko kanpainetan.

i) Kirol politikak diseinatzerakoan emakumeek parte hartuko dutela bermatzea.

49. artikulua.– Ingurumena.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoan ingurumena hobetzeko politika publikoetan genero ikuspegiaren integrazioa bultzatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

2.– Ingurumen esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak honako neurri hauek hartuko ditu:

a) Ingurumen politika eta zerbitzuak garatzean, emakumeen eta gizonen bizitza modalitateei lotutako berariazko premiak kontuan hartzea, baita belaunaldien arteko solidaritate printzipioa ere.

b) Kontsumo iraunkorreko jardunbideen garrantziaren inguruan populazioa sentsibilizatzea, uraren zein energiaren kontsumoari eta hondakinen sorkuntza zein kudeaketari lotutako etxeko lanetan, erantzukidetasuna sustatzeko.

3.– Foru administrazioko eta funtzio publikoko esparruan eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak bereziki bultzatuko ditu foru administrazioaren zerbitzura lan egiten duten emakumeen osasunean modu negatiboan eragiten duten ingurumen fenomenoen ezagutza eta horiei buruzko sentsibilizazioa zein kontrola.

50. artikulua.– Mugikortasuna, garraioa eta azpiegiturak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko gainerako entitateek bermatuko dute mugikortasunerako baliabide iraunkorrak edukitzea eta bizitza komunitarioa bultzatzen duten ingurune seguru eta ez-kutsatuak sortzea.

2.– Mugikortasunaren, garraioaren eta azpiegituren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkien Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek honako neurri hauek hartuko dituzte:

a) Genero ikuspegia barne hartzen duen mugikortasuna bultzatzea, arreta berezia emanez Gipuzkoan emakumeek dituzten muga eta premiei, baita esparru publikoaren eta pribatuaren arteko banaketaren erreprodukzioa sustatu dezaketen elementuei ere, era horretan, gizonek eta emakumeek beren eskubideak, lanak eta jarduerak gauza ditzaten, horien barne, enplegua, hezkuntza, osasungintza eta kultura eduki ditzaten.

b) Mugikortasuna edo garraio publikoa hobetzeko edozein diagnosi, ekintza, programa edo plangintzan genero ikuspegia txertatzea. Halaber, mugikortasunaren eta garraio publikoaren funtzionamenduan, araudian eta kudeaketan genero ikuspegia txertatzeko konpromisoa hartu beharko dute.

c) Eguneroko funtsezko eginbeharrak egiteko premiak asetzen dituen garraio publikoa dagoela zaintzea, pertsonen ongizatea bermatzeko, eta garraio publikoaren funtzionamendua ez dadin izan ekoizpen lanetatik eratorritako premien araberakoa soilik, baizik eta zaintza lanetatik eta etxeetako hornidura lanetatik eratorritako premien araberakoa ere bai.

d) Emakumeen berdintasunezko partaidetza bultzatu eta bermatzea garraio publikoari lotutako diseinu, plangintza, kudeaketa eta erabaki esparruetan.

3.– Foru Aldundiak bere erabilera administratiboetarako dituen eraikinak eraiki eta birgaitzeko, eta lurraldearen sustapenerako esparruetan funtzio eta eskumenak esleitzen zaizkien Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek neurri hauek hartuko dituzte:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen eraikinak genero ikuspegia aintzat hartuz egokitzea, mugikortasun mugatuko pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Halaber, zaintza premien araberako espazioak ere ezarri beharko dira bertan.

b) Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalei laguntza ematea, genero ikuspegia kontuan hartzen duten eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako egokiak diren espazio publikoak sortzeko, espazio horiek emakumeentzako egokiak eta zaintzarako eremudunak direla kontuan hartuta.

4.– Lurralde antolaketaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak bere jarduera esparruan gauzatzen dituen lurralde antolaketako plan eta programetan emakumeen partaidetza, ikusgarritasuna eta segurtasuna bermatuko ditu.

V. KAPITULUA
INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK

51. artikulua.– Definizioa.

1.– Foru arau honen ondorioetarako, indarkeria matxista izango dira sexu / genero / sexualitate sistemaren heteronormaltasunari aurre egiten dioten gorputzen aurkako kontrol, eraso, ukapen eta inposaketa zuzen, egiturazko eta sinbolikoak, hala nola, transgreditu gabe ere, bere baitan boterearen harremanak jasaten dituzten objektua diren, emakumeen, gorpuen kontrakoak. Bi kasuetan haurtzarotik adierazten dira eta bizitza osoan zehar mantentzen dira. Indarkeria matxista da indarkeria sexista, baina hala dira bai eta ere beste indarkeria mota batzuk, nola transfobia, lesbofobia eta homofobia.

2.– Indarkeria sexista dira emakumeen aurkako kontrol, eraso, ukapen eta inposaketa zuzen, egiturazko eta sinboliko mota guztiak, beste faktore batzuekin nahastuta, hots, identitate pertsonala osatzen duten beste faktore batzuekin nahastuta, hala nola adina, nazionalitatea, arraza, osasun fisiko eta mentala, funtzionalitatea eta abar.

3.– Indarkeria sexista eta gainerako indarkeria matxistak, identitate pertsonala osatzen duten intersekzio ezberdinen markoaren konplexutasunean ulertu beharrekoak dira: adina, jatorria, arraza, osasun fisikoa eta mentala, funtzionaltasun aniztasuna, etab.

4.– Indarkeria sexista eta gainerako indarkeria matxistak esparru ezberdinetan eragiten dira (bikotean, familian, lan esparruan, eskolan; gune birtualetan...) eta modu ezberdinetan (psikologikoan, ekonomikoan, fisikoan, sexuzkoan...). Indarkeria sexista eta gainerako indarkeria matxisten egiturazko funtzio ezberdinen arteko diferentziak direla eta, esparruak eta moduak parteka ditzaketen arren, euretako bakoitzak beren ezaugarri propioak ditu.

52. artikulua.– Jarduera esparru orokorra.

1.– Indarkeria matxistaren aurkako borroka jorratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztiek konpromisoa hartzen dute, beren eskumenen barne, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak III. Tituluko VII. kapituluan, 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrari buruzkoak, eta foru arau honek xedatutako obligazioak betetzeko, baita erakunde arteko hitzarmenetan, protokoloetan, programetan eta planetan xedatutako ekintzak betetzeko ere.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa izango da gizarte politikako esparruan eskumenak dituen departamentuari indarkeria matxistaren aurkako borrokaren erakunde ereduaren inguruan azterketa feminista bat egiten laguntzeko arduraduna. Horrez gain, beren eskumenetako foru politiketan zeharkako moduan indarkeria matxista integratu behar duten departamentuen ardura ere izango da. Gizarte politikako esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak, gainera, abian jarritako foru politikaren diseinuari erantzuteko baliabideak eta zerbitzuak antolatzeko ardura izango du.

3.– Foru politika publikoen diseinuak, departamentu guztietan eta bakoitzaren jarduera esparruan, indarkeria matxistaren mota guztiak hartuko ditu kontuan, baita behartutako gorputzak, indarkeria hori zein espaziotan eta nork egiten duen eta horren aurkako erresistentzia motak ere.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak eta gizarte politikaren esparruan eskumenak dituen departamentuak osatutako batzorde politiko-tekniko bat sortuko da, foru arau honetako 8. eta 18. artikuluetan esleitutako ardura, hain zuzen ere artikulu honetan zehaztutakoa, betetzen dela bermatzeko.

53. artikulua.– Neurrien egokitzapena.

2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 43. artikuluan eta III. tituluko VII. kapituluko 1 eta 2. ataletan xedatutako ikerketa, prebentzio, sentsibilizazio, prestakuntza, arreta eta babes neurriak egokituko ditu, baita 2004ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, genero indarkeriaren aurka osoko babesa emateko neurriei buruzkoak, xedatutakoak ere.

54. artikulua.– Ikerketa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere eskumenen esparruaren barruan, indarkeria matxistaren aurkako politika publikoek bete gabe dituzten erronkak aztertu eta horiei buruzko hausnarketa egingo du. Hala, esparru horretako ezagutzak zabalduko ditu, era horretan, kontzeptualizazioa aberastu, eta hori oinarritzat hartuta, diseinatu eta aplikatzen diren politikak zein antolakuntza eredua ebaluatu eta birdefinitzeko.

2.– Gizarte politikako esparruan eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak izango dute indarkeria matxistaren aurkako borrokan zergatien, adierazpenen eta estrategien azterketa feminista sustatzeko ardura.

3.– Gipuzkoako Foru Aldundiak berezko baliabide eta programen inguruko informazioa emango dio Emakunde–Emakumearen Euskal Erakundeari.

4.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak, eta komunikazioaren, haurtzaroaren, kulturaren eta gazteriaren esparruetan eskumenak dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek edertasunaren eta harreman afektiboen eredu patriarkalak modu kritikoan berrikustea bultzatuko dute, elementu horiek legitimatzen baitituzte indarkeria matxistaren egiturak eta sinboloak.

55. artikulua.– Prebentzioa eta sentsibilizazioa.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak ardura hauek izango ditu:

1) Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen jabekuntzarako prozesu kolektiboak indartzen laguntzea; horretarako, migrazioaren, aniztasunaren, gazteriaren eta gizarte politikaren esparruetan eskumenak dituzten departamentuen parte hartzea izango du, bai banaka, bai beste erakunde publikoekin elkarlanean.

2) Populazioaren, erakundeen eta komunikabideen mobilizazioa bultzatzea, indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurkako arbuio kolektiboa publikoki adieraz dezaten, zero tolerantziaren politikaren aldeko konpromisoa adieraziz. Helburu hori betetzeko, kulturaren, gazteriaren, kirolaren, gizarte politikaren eta komunikazioaren esparruetan eskumena duten departamentuen laguntza izango du.

3) Berdintasunaren esparruak sustatzea eta esparru horiek sortzeko edo sendotzeko lanetan laguntzea, eta, halaber, udal mailako ekimenak bultzatzea, bai emakumeen eta gizonen berdintasunerako bai indarkeria matxistaren prebentziorako tokiko politikak sustatze aldera.

56. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Prestakuntzaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak ardura izango du indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen arretaren profesionalen eskumenak hobetzeko, baita indarkeria matxista zeharkako moduan integratu behar duten bestelako departamentuetan foru politikak aplikatzen dituzten pertsonenak ere.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztiek beharrezko neurriak gauzatuko dituzte Foru Aldundiaren mende dauden baliabide eta zerbitzu kanporatuetako langileei indarkeria matxistaren inguruan prestakuntza espezializatua ematen zaiela bermatzeko.

57. artikulua.– Arreta eta babesa.

1.– Indarkeria matxistari aurre egiteko arreta zerbitzuak behar bezala garatzen direla bermatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

2.– Indarkeria matxistaren kasuei arreta emateko programa eta zerbitzuak jabekuntza ikuspegiaren arabera egituratuko dira; hau da, programa eta zerbitzu horien esku hartzeen helburua izango da aukerak eta baldintzak zabaltzea, indarkeria matxistaren biktima diren edo izan direnek eta hari aurre egin dioten edo egiten diotenek egoera horretatik irteteko aukerak izan ditzaten, betiere emakume bakoitzaren premia eta interesetara egokituta.

3.– Gutxieneko zerbitzuak honako hauek izango dira:

a) Arreta sozio-juridikoko zerbitzua.

b) Arreta psikosozialerako zerbitzua.

c) Harrera eta esku-hartze psikosozialerako zerbitzua.

4.– Halaber, baloraziorako tresna egokiak sortzea sustatuko da, esku hartze bideak ahalik eta modu egokienean diseinatzeko, betiere esku hartze ibilbidean zehaztutako irizpideen arabera. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne gizarte politikaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion departamentuko zerbitzu eta unitate organikoen arteko koordinazioa ere sustatuko da. Horrez gain, udal edo autonomia erkidegoko esparruko bestelako entitateen (osasungintza zerbitzuak, polizia zerbitzuak, eskola zerbitzuak, elkarteak...) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko koordinazioa sustatu beharko da, kasu bakoitzean erakunde gehiegik parte hartzeagatik sortzen den tratu txar instituzionala mugatzeko.

5.– Gizarte politikan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentua eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa izango dira arduradunak indarkeria matxista egoerak bizi dituztenei osoko arreta eta esku hartzeko foru zerbitzuen plangintza, jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egiteko mekanismo egonkorrak hobetzeko.

6.– Gizarte politikaren esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren betebeharra izango da indarkeria matxistako egoera batetik irteten ari den emakume bat hornitzaile nagusia den etxeetan, mendekotasuna duten pertsonek komunitateko laguntza zerbitzu publikoak eskuratu ahal izango dituztela bermatzea.

7.– Gizarte politikako esparruan funtzioak eta eskumenak esleitzen zaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuaren ardura izango da indarkeria matxistako egoerei aurre egiten dieten emakumeen ardurapean dauden seme-alaba eta beste pertsonei zuzendutako banakako eta taldeko indartze prozesuak bermatzea.

58. artikulua.– Osoko arreta koordinatua jasotzeko eskubidea.

Gizarte politikako eskumenak dituen departamentuak ardura hauek izango ditu:

a) Gaur egun dauden zerbitzuen estaldura hobetzea, beharrezkoa denean baliabideak berrantolatu edo sortzea proposatuz.

b) Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuen arteko barne koordinazioa hobetzeko mekanismoak sortu edo sustatzea, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta indarkeria matxistaren aurkako esparruan lan egiten duten udal zein erkidego mailako gainerako erakundeen arteko koordinazioa hobetzekoak ere.

c) Indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeen eta beste gorputzen ezegonkortze ekonomikoari aurre hartzeko eskura dauden prozesu eta baliabideak indartzea. Helburu hori betetzeko, berrikuntzaren, landa garapenaren eta gizarteratzearen esparruetan funtzioak eta eskumenak esleituak dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuen laguntza izango du, baita emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoarena ere.

59. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

1.– 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoak, eta 2004ko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoak, eta datuen babesaren inguruan gainerako araudiek xedatutakoa, nahiz erakunde arteko hitzarmenetan, protokoloetan eta programetan xedatutakoa betetzea eragotzi gabe; foru arau honek xedatutakoaren arabera, indarkeria matxistaren inguruan izaera pertsonaleko datuak biltzen dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztiek konpromisoa hartzen dute datuen tratamendurako bilketa, informazio eta onarpen sistema, sarbideen kontrolerako sistema eta segurtasun neurri handiak ezartzeko.

2.– Prestakuntzan eta modernizazio politiketan, informazio eta komunikazio sistema korporatiboetan eta administrazio elektronikoan funtzioak eta eskumenak esleituak dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak izango dira arduradunak Gipuzkoako Foru Aldundiko langileei gai horren inguruko gaitasun profesionalak hobetzen laguntzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren egiturak egokitzea.

1.– Foru arau hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean gehienez, arau honen 7. artikuluaren arabera sortutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak dituen langileen premiei buruzko txosten bat osatuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunek, organo horri bere funtzioak garatzeko egitura eta baliabide egokienak eman ahal izateko.

Horrez gain, bost urtez behin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren premiak eguneratuko dira, bere funtzioak betetzeko orduan, unean-unean egitura egokia eduki dezan.

2.– Foru arau hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean gehienez, arau honetako 10. artikuluaren arabera sortutako emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek dituzten langileen premiei buruzko txosten bat osatuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunek, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu bakoitzaren eskumenak, funtzioak eta dimentsioak kontuan hartuta, nork bere funtzioak behar bezala garatzeko egitura eta baliabideak bermatzeko.

3.– Foru arau hau indarrean jarri eta urtebeteko epean gehienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunek beharrezko administrazio prozedurak izapidetuko dituzte, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak aurretiko txostena eman ondoren, Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuetako lanpostuen zerrendaren aldaketa onar dezan, era horretan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateek foru arau honetan xedatutako funtzioak bete ahal izan ditzaten.

Foru arau hau indarrean jarri eta hiru urteko epean gehienez beteko dira sortzen diren lanpostu berriak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak progresiboki gehituko du, orokorrean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak sustatzera bideratutako aurrekontua, kudeaketako aurrekontu propioaren % 1eko gutxieneko zenbatekora iritsi arte 2020. urtean.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Foru arauaren jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Foru arau hau behar bezala bete, garatu eta aplikatzen dela egiaztatzeko, eta beharrezkoa bada, foru arau hau berrikusteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, foru arau hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean gehienez, foru arauaren Jarraipen eta Ebaluazio Batzordea sortzea onartuko du.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako elkarrizketa sozialerako egituran, hain zuzen ere foru arau honetako 15. artikuluan xedatutakoan, parte hartzen duten ordezkarien % 50ak osatuta egon beharko da batzorde hori.

2.– Urtero, foru araua honetan xedatutako neurrien jarraipenari eta egikaritze mailari buruzko txostena osatuko du Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak, eta neurriak proposatuko ditu, foru arauak erabateko eraginkortasuna izan dezan. Txosten hori Gipuzkoako Foru Aldundiko webgunean argitaratuko da.

3.– Bost urtez behin, Jarraipen eta Ebaluazio Batzordeak foru arauari buruzko ebaluazio txosten bat osatuko du, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara bidaliko du. Batzar Nagusiek foru arau hau berritu edo aldatzeko neurri egokienak adostuko dituzte.

4.– Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezko baliabide ekonomikoak ezarriko ditu foru arauaren ebaluazioa egiteko, materian aditua den pertsonaleko parte-hartzea bermatuz.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Batzar Nagusiak.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek beren esparruan ezarriko dute nola aplikatuko dituzten foru arau honetako eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko oinarrizko araudiko xedapenak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu arteko eta departamentu barneko koordinazio egiturak.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu arteko eta departamentu barneko koordinazio egituren osaera, funtzioak eta funtzionamendua izango dira 2008ko irailaren 9ko 68/2008 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Departamentu arteko Batzordea eta Talde Teknikoa eta, departamentu bakoitzean, Departamentu barruko Unitatea sortzekoak (2012ko apirilaren 17ko 18/2012 Foru Dekretuak aldatutakoa) hasiera batean zehaztutakoak izango dira, aurrerago horiek aldatzeko aukera eragotzi gabe.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Arau jakin batzuen indarraldia.

Foru arau hau garatzen duten arauak onartzen diren arte, eta foru arau honetan xedatutakoa eragozten ez duten bitartean, indarrean jarraituko dute arau hauek:

a) 2008ko irailaren 9ko 68/2008 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Departamentu arteko Batzordea eta Talde Teknikoa eta, departamentu bakoitzean, Departamentu barruko Unitatea sortzekoa eta osaera zein funtzionamendua arautzekoa, 2012ko apirilaren 17ko 18/2012 Foru Dekretuak aldatutakoa.

b) 9/2014 Foru Dekretua, martxoaren 18koa, GUNEA: Gipuzkoako berdintasunerako partaidetza eta elkarrizketa espazioa sortzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregelamenduaren garapena.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean foru arau hau.


Azterketa dokumentala