Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2015eko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1811

AGINDUA, 2015eko apirilaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, hezkuntza-itun berriak sinatzeko eta 2015-2016 ikasturterako itunduko diren unitateak zehazteko deialdia egiten duena.

Irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren bidez, hezkuntza-itunen erregelamendua onartu zen. Haren II. eta VI. kapituluetan ezarrita dago hezkuntza-itunak sinatu eta berritzeko prozedura.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduak deialdia egin zuen 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko. Agindu hori 2014ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez aldatu zen.

Agindu honen xedea da ituntze-araubidea lehenengo aldiz baliatu nahi duten ikastetxeei 2015-2016 ikasturtea ituntzeko dei egitea.

Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, ez da deialdi honetan arautuko; izan ere, Oinarrizko Lanbide Heziketa antolatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko Dekretua izapidetzen ari dira. Dekretu horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzen alderdi espezifikoak antolatzea.

Hori dela eta, Oinarrizko Lanbide Heziketaren ituna sinatzeko deialdia eta itunduko diren unitateen zehaztapena ez da deialdi honetan egingo, irakaskuntza horiek arautzen dituen dekretu hori onartu ondoren baizik.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 5/2014 Legearen babesean izapidetu da.

Hori dela eta, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta hartzaileak.

Hezkuntza-itun berriak sinatzeko eta 2015-2016 ikasturterako itunduko diren unitateak zehazteko deialdia egiten da, beherago zehaztutako irakaskuntzetarako Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako ikastetxe pribatuei dagokienez.

a) Haur Hezkuntza (2. zikloa).

b) Lehen Hezkuntza.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

d) Hezkuntza Berezia.

e) Batxilergoa.

f) Lanbide Heziketako erdi-mailako heziketa-zikloak.

g) Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloak.

2. artikulua.– Baldintzak.

1.– Itundu beharreko unitate guztiak aldez aurretik baimenduak izan beharko dira indarrean den araudiari jarraikiz, eta hezkuntza-maila eta ikasturte bakoitzean itundu beharreko unitate-kopurua ezin izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak planifikatutako unitate-kopurua baino handiagoa izan.

2.– Lanbide Heziketako etapa duen ikastetxe bat ez da itunduko Lanbide Heziketako sailburuordetzak onetsitako plangintzan barne ez dauden maila erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak irakasten dituenean.

3.– Ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Agindua).

Laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

3. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetara bertaratuz aurkeztuko dira (Ramiro de Maeztu 10, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donosita), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen uztailaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutako eraren batean. Eskabideok posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian beharko dute, ziurtatu baino lehen, posta-langileek data jarri eta zigila ditzaten. Horrela egin ezean, aurkeztu den bulego publikoko sarrera-eguna hartuko da sarrera-eguntzat.

Eskabideak agindu honetan ezarritako eranskinen arabera bete beharko dira. Aipatu eranskinak https://euskadi.net-en helbide elektronikoan daude eskuragarri.

2.– Eranskin hauek aurkeztu beharko dira:

I.A eranskina: 2015-2016 ikasturterako planifikazioa egiteko eskabide-orria.

I.B eranskina: 2015-2016 ikasturtean itunduko diren unitate-kopurua zehazteko eskabide-orria.

II. eranskina: 2015-2016 ikasturterako planifikazioa egiteko inprimakiak.

III. eranskina: 2015-2016 ikasturtean ituntzeko unitate-kopurua zehazteko inprimakiak.

3.– Eskabidearekin batera, ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Ondorengo inguruabarren bat edo guztiak ziurtatzen dituen memoria:

– Ikastetxeak beteriko benetako eskolatze-premiak.

– Ikastetxe horrek biltzen duen eskola-biztanleriaren gizarte eta ekonomi baldintzak, merezimendu bezala aurkezten bada.

– Hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak, ikastetxearen programazioan aurreikusita daudenean.

– Hala badagokio, kooperatiban jarduteko araubidea.

– Eskaera egin duen ikastetxearen titularraren ordezkari arituko den pertsona akreditatzea, baldin eta halakorik badago.

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko uztailaren 6an amaituko da.

5. artikulua.– Lurraldeko Balorazio Batzordeak.

2012ko maiatzaren 16ko Aginduaren 5. artikuluan ezartzen diren batzordeek ebaluatuko dituzte ikastetxeek aurkezten dituzten eskabideak.

6. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

1.– Sinatu beharreko itun berriak zehazteko, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako lehentasunezko irizpideei eta Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 12.etik 15.era arteko artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideei lotuko zaizkie batzordeak.

2.– 2015-2016 ikasturterako estola-unitateei buruzko planifikazioa honelaxe egingo da: Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 12. artikuluan eta hurrengoetan eta 79. eta 80. artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideekin bat etorriz eta honako premia hauek kontuan hartuz:

a) ikastetxea dagoen eskualdeko eskolatze-premiak eta alde horretan dauden eskaintza publikoa eta itunpeko ikastetxeena.

b) ikastetxeak azken lau ikasturteetan benetan bete dituen eskolatze-premiak.

c) Lanbide Heziketaren kasuan, horretaz gain, kontuan hartuko dira sektore ekonomiko batzuen eta besteen premiak.

Heziketa-zikloen plangintza ziklo bakoitzeko lehenengo ikasturteetarako baino ez da egingo.

Hezkuntza Bereziaren kasuan, unitate egonkorrak eta Zereginen Ikaskuntzarako Gelak soilik planifikatuko dira.

3.– 2015-2016 ikasturtean itunduko den unitate-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek izango dira kontuan: Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 79., 80. eta 81. artikuluetan ezarritako irizpideak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduan ezarritako irizpideak. Agindu horren bidez, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko deialdia egin zen (2014ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez aldatu zen agindu hori).

7. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Balorazioko Lurralde Batzordeak batzartu eta aurkeztutako eskabideen ebaluazioa egin ondoren, lehendakariak Balorazio Batzorde Orokorraren lehendakariari helaraziko dio behin-behineko proposamena, eta ikastetxeei jakinarazpena egingo zaie, dagozkien unitateak eta mailak zehaztuz, eta, kasua bada, ukapenaren arrazoiak azalduaz.

2.– Proposamen horren aurka ikastetxeek, jakinarazten den egunetik hasita hamar egun naturaleko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete.

3.– Alegazioak aztertzeko, ondoren aipatzen diren kideek osatuko duten Balorazio Batzorde Orokorra eratuko da:

– Lehendakaria: Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea.

– Bokalak:

* Hezkuntzako sailburuordea.

* Lanbide Heziketako sailburuordea.

* Lurralde-ordezkariak.

* Kudeaketa Ekonomikoko zuzendaria.

– Idazkaria:

Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuen Zerbitzuko arduraduna.

4.– Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzorde Orokorrak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Proposamen horrek, deialdira aurkeztutako ikastetxe guztiak hartuko ditu barnean.

8. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Deialdia Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak ebatziko du, eta horretarako agindu bat emango du. Aginduan honako hauek jasoko dira:

a) Agindu honetan ezartzen den aldirako itundutako ikastetxe pribatuak, hauek zehaztuta: etapa, heziketa-ziklo eta ikasturte bakoitzeko planifikaturiko hezkuntza-unitateen kopurua.

b) 2015-2016 ikasturtean itunduko den unitate-kopurua, hauek zehaztuta: ikastetxea, etapa, heziketa-zikloa, hizkuntza-eredua, aplikatu beharreko modulua (osoa/ partziala) eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Ituna ukatzen zaien ikastetxe pribatuak, ukapenerako arrazoiak adieraziz.

2.– Deialdi hau sei hilabeteko epean ebatziko da, agindu honetako 4. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita; nolanahi ere, 2015eko abenduaren 31 baino lehen egingo da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

3.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Aginduaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete ikastetxe interesdunek sailburu horri, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. artikulua.– Hezkuntza-itunak formalizatzea.

Agindu honetan oinarriturik sinatutako edo berritutako hezkuntza-itunak jarraian zehazten diren arauetan ezarritako prozedura eta epeekin bat formalizatuko dira: Hezkuntza-itunen Araubidea onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 29., 30. eta 31. artikuluetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduko V. eranskinean jasotako administrazio-agirian. Agindu horren bidez, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko deialdia egin zen (2014ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez aldatu zen agindu hori).

10. artikulua.– Hezkuntza-itunak ordaintzea.

1.– Agindu honen bitartez arautzen diren diru-laguntzen ordainketa aurretiaz egingo da, lau hilerik behin, ordainketa eskuordetua arautzen duen urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren arabera, ordainketa mota horrek eragina duen etapetan.

2.– Diru-laguntzak ordaintzeko, ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Agindua).

3.– Laguntzen ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, eta horretarako ez du haien baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

11. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Onuradunak diru-laguntzaren baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu jasotako diru-zenbatekoak eta legez dagozkien interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak diru-laguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorraren arabera. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ditu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 22a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I.A ERANSKINA

_________________________________________________________ jaunak/andreak, ___________________________ Udalerriko _________________________ ikastetxe pribatuko titularra/ordezkaria izanik, 2015-2016 ikasturterako hezkuntza-itun berriak sinatzeko deia egin duen 2015eko ______________aren ____ko aginduaren arabera, honako hau

ESKATZEN DU:

– 2015-2016 ikasturterako hezkuntza unitateen planifikazioa, honekin batera doazen II. eranskinen arabera.

______________________________, 2015eko ______________aren ___a.

TITULARRA/ORDEZKARIA
I.B ERANSKINA

_________________________________________________________ jaunak/andreak, ___________________________ Udalerriko _________________________ ikastetxe pribatuko titularra/ordezkaria izanik, 2015-2016 ikasturterako hezkuntza-itun berriak sinatzeko deia egin duen 2015eko ______________aren ____ko aginduaren arabera, honako hau

ESKATZEN DU:

– 2015-2016 ikasturterako hezkuntza-itunak, honekin batera doazen III. eranskinen arabera.

______________________________, 2015eko ______________aren ___a.

TITULARRA/ORDEZKARIA
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala