Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2015eko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1805

AGINDUA, 2015eko apirilaren 13koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan eta gizarteratze alorrean ere, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat. Bestalde, espetxe-legeria betearaztea ere bere eskumenekoa den arren 12.1 artikuluaren arabera, oraingoz ez dute transferitu Eusko Jaurlaritzak aspaldi bereganatzea eskatu duen eskumen hori.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa den apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 21. artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio «bere eskumenen arloan, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta».

Justizia Zuzendaritzak, egiteko horiek gauzatze aldera eta ezarritako mugen barruan, Europako Parlamentuak bere «Europako Batasuneko espetxeen baldintzei buruz: berrantolaketa eta ordezkapen-zigorrak, 1998ko abenduaren 17ko Ebazpenean» jasotako gomendioak jarraitzen ditu; izan ere, horien bidez, Europako Kontseiluaren espetxeetako arauen xedapen guztiak aplikatzeko eskatzen baitzaie estatu kide guztiei.

Justizia Zuzendaritzaren funtsezko xedea da, lege-esparruaren barruan, espetxeetako zerbitzuen eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

2011ko urriaren 7an, Barne Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak ezar daitezen. Hitzarmen hori Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak sinatu zuten eta horren barruan kokatuko da diru-laguntzetarako deialdi hau.

Hitzarmena sinatu eta gero, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren lana erregimen irekira mugatu da, hau da, preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko espetxez kanpoko proiektuetara. Lan horri esker, aurrera egin ahal izan da gizatalde horren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko baliabide-sarea finkatzeko orduan. Baliabide horien bidez, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi du preso dauden pertsonek euren bizitzak eskubide osoko herritar gisa orientatzea, eta espetxea utzi eta gero, gizartean erabat integratzea, asertziozko jarrera erakutsita.

Deialdi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin nahi die preso daudenen benetako gizarteratzearen alde 20 urte baino gehiagoan diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeei, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin modu profesionalen eta koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzarekin modu efizientean eta gardenean jardun duten erakundeei, hain zuzen ere.

Bada helburu bera izanik eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, agindu honetan jasoko dira, zehaztasun guztiez, diru-laguntzetarako irizpideak.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten da eta oinarri arautzaileak ezarri. Laguntzak norgehiagoka-prozeduraren araubideaz emango dira. Horretarako deialdiaren diru-hornidura laurehun mila (400.000) eurokoa da.

2. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuak jaso ahal izango dute diru-laguntza:

a) Espetxeetan hasten diren proiektuak kasuan kasuko espetxeko zuzendaritzak onartu beharko ditu.

b) Laguntza integraleko metodologia erabiliko dute.

c) Espetxetik kanpoko baliabideetan egingo dira eta ondorengo aukeretakoren bat izango da:

1) Programatutako irteerak eta auzolandegiak.

2) Egoitza- eta alojamendu-baliabideak.

3) Mendekotasuna gainditzeko baliabideak droga-mendekotasuna duten pertsonentzat.

4) Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak.

5) Lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak.

d) Proiektuak 2015ean egingo dira.

2.– Baldintzak proiektuak burutu aurretik eta diruz laguntzeko aldian bete beharko dira.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta gehieneko diru-laguntza eskabidea.

1.– Aurkeztu den proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak dira diru-laguntza jaso dezaketenak eta bukatu den proiektu batenak edo 2015. urtean zehar egiten direnenak izan daitezke gastu horiek. Aurreko artikuluan zerrendatutako modalitateetan, hurrengoak izango dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Programatutako irteerak eta auzolandegiak: joan-etorrietako gastuak (erregaia, bide-sariak, aparkalekua eta garraio publikoa), ostatu- eta mantenu-gastuak.

b) Egoitza- eta alojamendu-baliabideak eta mendekotasuna duten pertsonentzako mendekotasuna gainditzeko baliabideak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, preso daudenen mantenu-gastuak eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

c) Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak eta lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, informatikako materiala, suntsigarriak, tailer eta ikastaroetako materiala, eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

2.– Emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekotik, ehuneko hamarra (% 10) funtzionamenduko eta administrazioko gastuetarako izan daiteke, baina soldatak eta ordainsariak alde batera utzita, baldin eta programa garatzeko ezinbestekoak ez badira eta azalpen memorian horrela jasota ez badago.

3.– Espetxeetan hasten diren proiektuetan, diru-laguntza jasoko dute erakundeak kanpoko baliabideetara zein pertsona eraman behar den aukeratzeko egiten dituzten aldizkako bisitak sortzen dituzten gastuek.

4.– agindu honen 8. artikuluaren 1. paragrafoko proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatuan jasota dauden gastuak diru-laguntza jaso dezaketen gastuak direla ulertuko da, diru-laguntzako organo kudeatzaileak, diru-laguntzarako aurkeztu diren eskaerak baloratu ondoren, kontrakorik adierazten ez badu behintzat.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileak.

Diru-laguntza eskatu ahal izango dute, honako baldintza hauek betetzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeek:

a) Legez eratuta egotea eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

b) Egoitza soziala eta zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Justizia Zuzendaritzak automatikoki ziurtatuko du, hartarako erakunde eskatzaileek baimena eman gabe ere, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean xedatutakoarekin bat, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo amaitu izana.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak egiteko. Izapideak bide elektronikoaren bidez egingo dira. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko honetan daude: https://euskadi.net/ayuda_subvención/-/2015/reinserción/es

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egiteko webgunea hau da: https://euskadi.net/misgestiones

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

6. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Justizia Sailburuordetzako Justizia zuzendariari dagokio deialdi honen kudeaketa, Helduen Justizia Zerbitzuaren bitartez.

7. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideek agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bat garatzen duen proiektu bat izango dute. Modalitate bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute modalitate bakoitzeko. Era berean, modalitate batean kokatu daitezkeen proiektu desberdinak garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

2.– Erakundeek gehienez hiru eskabide aurkeztu ahal izango dute.

3.– Erakundeek ezin izango dute 80.000 euro baino gehiago eskatu. Erakunderen batek zenbateko hori gainditzen duen eskabide bakarra aurkeztuz gero, eskabide hori ezetsi egingo da. Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkeztu eta sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera aurkeztu duen lehenengo eskabideak gehienezko zenbatekoa gaindituz gero, eskabide guztiak ezetsiko dira. Eskabide horrek zenbatekoa gainditzen ez badu, sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera aurkeztutako eskabideen zenbatekoak batuko dira eta gehienezko zenbateko hori gainditzen duen eskabidea ezetsi egingo da eta, hala badagokio, ondoren aurkeztutakoa.

4.– Erakundeek eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak euskadi.net-en helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoaz: https://euskadi.net/ayuda_subvención/-/2015/reinserción/es

5.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatu ditzala berariaz onartzeko, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

7.– Eskabideek, agindu honen 4. artikuluko a) eta d) paragrafoetako baldintzei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasotzeaz gain, honakoak jasoko ditu:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena.

8. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Diruz laguntzea nahi den proiektuaren gaineko memoria. Memoria egiteko eredu normalizatua («Proiektuaren memoria») euskadineten dago: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2015/reinsercion/es

Memorian zehaztu beharko da proiektua 2. artikuluan zehazten diren zein aukeratan kokatzen den. Erakundeek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute egingo den jarduera, presoekin egingo den lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabiliko den metodologia.

b) Proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatua; beste finantza-iturririk izanez gero, zehaztu egin beharko da, eta halakorik ez badago, zinpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da ez duela ez baliabide propiorik ez kanpokorik, proiektua finantzatzeko. Eredu normalizatua («Aurrekontu banakatua») euskadinetetik jaitsi daiteke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2015/reinsercion/es

2.– Eskabideak baloratzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena den, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dute, horiek proiektua hobeto baloratzen lagunduko duela uste badute.

3.– Jarduerak gauzatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

4.– Organo kudeatzaileak espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, egiaztatu egin ahal izango ditu eskatzaileak emandako datuak.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan, organo kudeatzaileak ezer falta dela edo daturen bat falta dela ikusten badu, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emango dio akats horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, zuzendu ezean, eskabidean atzera egin dela ulertuko dela, hala ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 71. artikuluak. Inork eskabidean atzera egin duela erabakitzeko, ebazpena onartu beharko da berariaz, 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako eran.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio batzorde bat sortuko da, zeinak diru-laguntza emateko proposamena egingo duen.

2.– Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

– Arabako espetxeko zuzendaria.

– Basauriko espetxeko zuzendaria.

– Martuteneko espetxeko zuzendaria.

3.– Idazkari-lanak Helduentzako Justizia Zerbitzuari atxikitako pertsona batek egingo ditu, eta Justiziako zuzendariak aukeratuko du.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskabideak balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala honen arabera baloratuko da:

1.1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.1.1.– Erakundearen ibilbidea presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan: 0tik 10 puntura.

a) Giza eskubideen arloan, nazioarteko edo Europako aintzatespen ofiziala edo saria duen erakundea, garrantziaren arabera: 9-10 puntu.

b) Giza eskubideen arloan, Espainiako edo autonomia bateko aintzatespen ofiziala edo saria duen erakundea, garrantziaren arabera: 8-9 puntu.

c) Onura publikoko deklaraturik dagoen erakundea: 7 puntu.

d) Presoen gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan 10 urte edo gehiago aritu den erakundea, urte kopuruaren arabera: 4-6 puntu.

e) Presoen gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan 5 urte edo gehiago aritu den erakundea, urte kopuruaren arabera: 0-3 puntu.

1.2.– Proiektuari dagokionez:

1.2.1.– Proiektuak presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko prozesuari egingo dion ekarpena: 0tik 15 puntura.

a) Espetxez kanpo bizitzeko aukera ematen duten proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 7-15 puntu.

b) Bestelako proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 0-6 puntu.

1.2.2.– Proiektuaren egokitasuna edo gizarte-interesa: 0tik 15 puntura.

a) Problematika espezifikoa duten kolektiboei (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak eta osasun mentala duten pertsonak) zuzendutako proiektuak, horietan parte hartzen duten pertsonen kopuru eta intentsitatearen arabera: 7-15 puntu.

b) Bestelako proiektuak, horietan parte hartzen duten pertsonen kopuru eta intentsitatearen arabera: 0-6 puntu.

1.2.3.– Proposatzen diren jardueretan, erakundearen lankidetzarako eta baterako parte-hartzearen maila: 0tik 10 puntura.

a) Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin eta Lanbiderekin egindakoak: 8-10 puntu.

b) Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanean ari diren beste erakunde eta organizazioekin egindakoak: 0-7 puntu.

1.2.4.– Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera: 0tik 5 puntura.

a) Autofinantzaketa duten proiektuak, horien ehunekoen arabera: 3-5 puntu.

b) Bideragarritasuna egiaztatuta duten proiektuak, urteen arabera. Gutxienez, proiektua azken bi urteetan egin behar izan da: 0-2 puntu.

1.2.5.– Boluntarioen parte-hartzea: 0tik 5 puntura.

a) Boluntarioak diru-laguntzarako aurkeztu den proiektuan, kopuruaren arabera: 3-5 puntu.

b) Boluntarioak erakundearen beste proiektu batzuetan, kopuruaren arabera: 0-2 puntu.

2.– Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

3.– Diru-laguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

12. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.

1.– Diru-laguntzaren organo kudeatzaileak aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

2.– Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideei zenbateko diru-laguntza dagokien urrats hauek jarraituko dira:

– Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. 60 puntu lortu dituen eskabideari (gehienez ere) portzentaje teoriko bat aplikatuko zaio, eskatutako kopuruaren ehuneko ehuna (% 100). Gainontzeko eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

– Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura gainditzen bada, diru-laguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, diru-laguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaielarik. Portzentaje hori honela kalkulatuko da: diru-hornidura zati zenbateko teoriko guztia.

– Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura ez bada gainditzen berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura bera jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren ehuneko ehuna (% 100).

3.– Proiektu bakoitzari eman ahal zaion gehienezko diru-laguntza 50.000 eurokoa izango da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio batzordearen proposamena ikusita, eskatutako diru-laguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justizia zuzendariak. Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek izan dezaten horren berri.

2.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan esanbidezko ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari esanbidez ebazteko betebeharra ezartzen dion.

3.– Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4.– Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

14. artikulua.– Onarpena.

1.– Onuradunaren aldetik diru-laguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituela agindu honetan ezarritako gainerako arauak, bai eta 698/1991 Dekretuan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere (1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

2.– Laguntza onartu egin dela ulertuko da, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 5 egun pasa ondoren onuradunak besterik adierazi ez badu.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea diru-laguntza hori, agindu honen 18.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea diru-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzea edo diru-laguntzaren xede den proiektua burutzea, osorik edota zati batean, ezinezkoa egiten duten gerora sortutako gorabeheren bat gertatzen bada.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein diru-laguntza, edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela, horren berri izan bezain laster.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman behar dute, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera.

e) Diru-laguntza eman eta onartu ondoren argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleetan beren-beregi adierazi Herri Administrazio eta Justizia Sailaren laguntza jaso dela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazio gehiago eta eskabideak eskuratzeko: http://www.ivap.euskadi.net/r61-2347/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html

16. artikulua.– Ordainketa.

1.– Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75) ordainduko da. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25), 17. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko Ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien diru-laguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta, eskabidearekin batera, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkezten badira.

3.– Administrazioak diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko da, hau da, erregistratuta egon beharko da aipatutako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

Bankuko datuak erregistratzeko edota daudenak aldatzeko:

– Aurrez aurre: jarraian adierazitako egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren araberako inprimakiaren bidez: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

– Bide elektronikoaren bidez: hirugarrenen erregistro telematiko bidez, jarraian adierazitako egoitza elektronikoan: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta justifikatzeko dokumentazioa.

1.– Erakunde onuradunek organo kudeatzaileari justifikatu behar diote diru-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituztela, baita diru-laguntzaren xede den proiektua burutu izana ere. Horretarako, hurrengo dokumentuak aurkeztu beharko dituzte:

a) Justifikatzeko memoria: edozein formatutan aurkeztuko da, jarduera edo programa zehatz-mehatz deskribatuko du eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaileen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, laneratzeko zaila den talderen batekoa bada (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, diru-laguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak.

b) Justifikazio kontu sinplifikatua inprimakia beteta. Hurrengo egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://euskadi.net/ayuda_subvención/-/2015/reinserción/es. Inprimakian, honako hauek adierazi behar dira, gutxienez:

– Proiektuaren jarduerarako egin diren inbertsioen eta diru-laguntzaren kontura egindako gastuen zerrenda. Gastu bakoitza zein helbururekin egin den azalduko da labur-labur eta gastuon dokumentuak aurkeztuko dira, datu hauekin: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.

– Erakunde onuradunak, diruz lagundu den proiekturako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik, bestelako finantziazio edo diru-laguntzen zenbateko eta jatorrien zerrenda, baldin eta aurretik horien berri ez bazitzaion eman organo kudeatzaileari.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira helbide honetan: https://euskadi.net/misgestiones

3.– Diru-laguntzaren organo kudeatzaileak, 2016. urteko lehenengo hiruhilekoan, gutxienez, ausaz aukeratutako bost erakunde onuradun bisitatuko ditu, justifikatzeko dokumentazioan eman den informazioa egiaztatzeko eta egin beharreko kontu-ikuskapenareko justifikatzeko dokumentu originalak eskatzeko.

18. artikulua.– Diru-laguntzak emateko betekizunak ez betetzea.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta funtsezkotzat hartzen ez direlako, Justiziako zuzendariak esanbidez onartzen baditu, betiere baimen arrazoituaren ondoren.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen baten faltsutasuna.

2.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean edota agindu honetan ezarritako baldintzak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako diru-laguntza eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko modua, baita diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintza, jarraibide eta betebeharrekoak ere. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

19. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen diru-laguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira diru-laguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako diru-laguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako diru-laguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, baina interesatuak berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezake zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epe biak agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, prozedurari dagokionez, herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 13a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala