Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2015eko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1801

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 20koa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariarena. Honen bidez, gehitzen dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduko III. Eranskineko titulazio-tauletan titulazio berriak, eta daudenak aldatzen. Agindu horrek onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen premiak estaltzeko izangaien zerrendak kudeatzeari buruzko araudia.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren (2012ko irailaren 11ko EHAA) bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia. Aginduaren II. eranskinean, espezialitate eta irakasgaien zerrenda sartu zen, eta, III. eranskinean, irakaskuntza-mailetako espezialitateak irakasteko aukera ematen duten titulazioen taulak.

Aipatutako aginduaren azken xedapenetako bigarrenean gaikuntza ematen zaio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, premia izanez gero, ebazpen baten bidez eta sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren, ikasturtean zehar eta bereziki birbarematze-prozesu bakoitza hasi aurretik, titulazio edo espezialitate berriak sar ditzan; hain zuzen ere, III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitzen duten titulazio berriak edo Irakasleen Prestakuntzako master-tituluaren espezialitate berriak. Era berean, lehendik daudenak aldatzeko eskumena ematen zaio, akatsak aurkitzen badira edo dagokion txostenaren ondoren.

III. eranskinaren amaieran dagoen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzetako irakasleen Prestakuntzako unibertsitate-masterrari dagozkion espezialitateen taula ez dator bat taula horretan bertan agertzen diren unibertsitateek gaur egun eskaintzen dituzten espezialitateekin; bestetik, hainbat dira balizko izangaiek Master honen bidez espezialitateetara jotzeko dituzten aukerak. Horrek guztiak interpretazioan akatsak eragin ditzake.

Hartara, aipatutako taula ezabatu egiten da. Master-espezialitateen baliokidetasunak ezartzeko, III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen taulan horrela adierazita dagoen kasuetarako, 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 10. eta 11. artikuluetan aurreikusitakora joko dugu. III. eranskinean jasotako espezialitateen eta interesdunek aurkeztutakoen arteko elkarrekikotasuna aginduaren azken xedapenetako bigarrenak aipatzen duen Batzordeak erabakiko du.

Irakasleen Prestakuntzako master-tituluaren bidez sarrera egiteko ez beste titulazioei dagokienez, hainbat espezialitatetako zerrendetan aldaketak egiten dira, bai titulazio gehiagori sarbide emanez, bai jasotako batzuk kenduz, bai hainbat kasutan kidetasuna aldatuz.

Eratutako Batzordeak egin beharreko aldaketak behin ebaluatuta, eta ordezkaritza sindikalarekin dagokion negoziazioa egin ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gehitzea ebazpen honen I. eranskinean adierazten diren titulazioak, kasuan kasu jasotzen diren espezialitateei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia onartu zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskinean, Titulazioen eta espezialitateen taulan hain zuzen.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean adierazitakoaren arabera aldatzea eta zuzentzea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia onartu zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskinean agertzen diren titulazioak.

Hirugarrena.– III. eranskinaren amaieran dagoen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzetako irakasleen Prestakuntzako unibertsitate-masterrari dagozkion espezialitateen taula ezabatzea. Master-espezialitateen baliokidetasunak ezartzeko, III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen taulan horrela adierazita dagoen kasuetarako, 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 10. eta 11. artikuluetan aurreikusitakora joko da

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendan dauden pertsonak, Ebazpen hau indarrean jartzean, zerrenda horretan geldituko dira, eta urteko birbarematze-prozesuen ondoren egingo diren zerrendetan ere bai, Ebazpen honek zerrendetan sartzeko baldintzetan egiten dituen aldaketak gorabehera.

Bigarrena XEDAPEN GEHIGARRIA

Teknologia (401), Ibilgailuak mantentzeko prozesuak eta antolamendua (1506), Eraikuntza zibilak eta etxegintza (1507), Fabrikazio mekanikoko proiektuak eta antolamendua (1508), Energia-sistemen proiektuak eta antolamendua (1509), Sistema elektroteknikoak eta automatikoak (1510), Sistema elektronikoak (1511), Zurgintzako eta altzarigintzako prozesuak eta produktuak (1514) eta Nabigazioa eta itsas instalazioak (1515) zerrendetan 2. kidetasunarekin agertzen diren hautagaiei 1. kidetasuna esleituko zaie zerrenda horietan, hala dagokion kasuetan, Irakasleen Prestakuntzako Masterraren beste espezialitate batzuk txertatu baitira zerrenda horietan 1. kidetasunarekin sartzeko aukera ematen duten titulazioen artean; ebazpen hau argitaratu ostean gauzatuko den birbarematze-prozesuaren barruan egingo da esleipena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 20a.

Langileriaren Kudeaketako zuzendaria,

KONRADO MUGERTZA URKIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala