Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2015eko apirilaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1721

AGINDUA, 2015eko apirilaren 7koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2015eko maiatzaren 24an egingo diren tokiko eta Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan langileek, beren ordainsariak jasota, parte hartu ahal izateko arauak ematen dituena.

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Lurralde Historikoetan 2015eko maiatzaren 24an tokiko eta batzar nagusietarako hauteskundeak deitu direnez gero, beharrezkoa da Sailak neurriak ezartzea langileek kontsulta horretan parte hartu ahal izan dezaten, beren ordainsariak jasota.

Horretarako, eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.3.d) artikuluak zehazten duena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedaturikoaren arabera indarrean dagoen legedia gauzatuko da.

Horren ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea, hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena ez duten langileentzat.

1.– 2015eko maiatzaren 24an hautesleak, hauteskunde-mahaiko kideak, kontu-hartzaileak edo ahaldunak izanik, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 4ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedena ez dutenek egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat hartzeko eskubidea izango dute, deitutako tokiko eta Batzar Nagusietako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzetan.

2.– Adierazitako baimena ez da berreskuratu beharko, hauteskunde-kolegioak irekiak dauden orduen barruan hartu behar da, eta zerbitzua normaltasunez eman izan balu jasoko lukeen soldatarekin ordainduko du enpresak.

3.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimena jasotzeko eskubidea duten langileek jaso behar duten soldataren zati bat prima edo pizgarri batez osatzen bada, aipatutako zatia aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatuko da.

2. artikulua.– Bozkatzeko eskubideaz balia daitezkeen langileentzako baimenaren iraupena.

1.– 2015eko maiatzaren 24an bozkatzeko eskubideaz baliatu nahi dutenek, egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteskunde-kolegioak irekitzeko ordutegiarekin lau ordu edo gehiago uztartzen bada, lau orduko baimen ordaindua izango dute, hauteskunde-kolegioak irekitzen diren ordutegiaren barruan hartzeko.

2.– Ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteskunde-kolegioak irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

3.– Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, bozkatzeko eskubideaz baliatu nahi diren langileek egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute.

3. artikulua.– Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.

1.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritza izango da, lanaren antolamenduaren arabera, bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia zehaztuko duena, nolanahi ere hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan.

2.– Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bere langileei eskatzeko bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

4. artikulua.– Hauteskunde-mahaietako kideen eta kontu-hartzaile funtzioak betetzen dituztenen baimena hauteskundeen egunean.

1.– 2015eko maiatzaren 24an, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kideak direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei, adierazitako egunaren lanaldi osoko baimena emango zaie; baita hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

2.– Aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kideak edo kontu-hartzaileak direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

3.– Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten ahaldunen baimena.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta Langileen Estatutuaren Legearen Testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluak aurreikusten duen asteko atsedena baliatzen ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Txanda-aldaketa.

Agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek hauteskunde-egunaren aurreko egunean gaueko txandan lan egin behar badu, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, betiere interesdunak eskatzen badu.

7. artikulua.– Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.

1.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2015eko maiatzaren 24an botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

2.– Adierazitako baimena posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan baliatu ahal izango da; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da, eta hauteskunde-kolegioei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo Posta Zerbitzuko bulegoei egindakotzat hartu behar dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 7a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala