Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2015eko apirilaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1698

AGINDUA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko aukera arautzen duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak autonomia-erkidego honi esleitzen dio lan-arloko Estatuko legediaren betearazpena. Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren (EK) 7. artikuluak adierazten duenez, «Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko». EKren 7. artikuluak erakunde sindikalak aipatzeak «Espainiako sistema konstituzionalaren oinarrizko osagai» (1996ko abenduaren 17ko 210/1996 Auzitegi Konstituzionalaren Epaia) direla aitortzen die. Aitorpen konstituzional horren bidez, sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak, alderdi politikoekin batera (EKren 6. artikulua), zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoaren oinarria dira, EKren arabera.

EKren 7. artikuluaren aitormenak, lehenik, jarduera-esparru subjektiboaren hedaduran eragiten du. Erakunde sindikalei esleitzen zaien garrantzi publikoaren ondorioz, erakundeok beren afiliatuak ordezkatu eta babesten dituzte, baina baita gainerako langileak ere.

Aipatutako arauak erakunde sindikalei esleitzen dien izaerak, bestetik, sindikatuek lortu beharreko helburuei eragiten die. EKren 7. artikulu horrek berak zehazten ditu erakundeon helburuen berariazkotasuna. Manu horren arabera, «Langileen sindikatuek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko». Interes ekonomiko eta sozialak aipatzeak sindikatuen helburu zilegien askotarikotasuna dakar. Helburuok hertsiki lan-arlokoak izan daitezke –lan-baldintzak defendatzea enpresaburuaren aurrean–, baina baita arlo sozio-politikokoak ere, botere publikoen aurrean defendatzekoak –langileen bizi-baldintzen defentsa, gizatalde diren aldetik–.

Erakunde sindikalen izaera bereziaren isla da gainerako elkarteenaz bestelako erregimen juridikoa edukitzea. Erregimen juridiko hori EKren 28.1 artikuluan eta Sindikatu-askatasunaren Lege Organikoan oinarritzen da. Aurreko horren froga da, halaber, Elkartze Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 1.3 artikulua sindikatuen berariazko legedian ezarritakoari lotzen zaiola. EKren 7. artikuluak agintzen duenez, erakunde sindikalen sorrera-askatasuna eta jardunbidea bermatu behar ditu lege-esparruak, eta erakundeon sorrera eta jardunbidea Konstituzioaren eta Legearen araberakoak izan behar dira.

Erakunde sindikalen finantzaketa-bideetako bat, hala nola enpresaburuen elkarteena, diru-laguntza publikoak dira. Erakundearen funtzionamendu-gastuei eta erakundearen helburuekin loturiko beste jarduera batzuei aurre egiteko laguntza gisa justifikatzen dira. Laguntza horiek, halaber, erakunde publikoetan parte-hartze instituzionala izateak dakartzan gastuei aurre egiteko balio dute.

Erakunde sindikalak eta enpresaburuen elkarteak ekonomikoki laguntzeko politika publikoek arazo nagusi bat dute; alegia, botere publikoek langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean eskurik ez sartzeko betebeharrarekiko bateragarritasuna. Zehazki, erakunde sindikalen ikuspegitik, aipatutako politikak sindikatu-askatasuna urratu dezakete bi alderditan, banakoarenean eta kolektiboarenean. Banakoaren askatasuna urratu dezake, sindikatu-askatasunari eragin diezaiokeelako, langileak sindikatu jakin batzuetara afiliatzera bultzatzen baditu. Kolektiboaren askatasuna urratu dezake, berriz, sindikatu batzuk lehenesten baditu beste batzuen aldean eta sindikatu-jarduera askea oztopatzen badu.

Erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen finantzaketa publikoari buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazi izan du elkarteok bitarteko ekonomikoz hornitzeko politika publikoak ez direla langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean Estatuak eskua ez sartzeko printzipioaren aurkakoak; izan ere, EK-k aitortzen dizkion funtzioak betearazteko ezinbestekoak dira erakunde sendo eta ekintzarako bitartekoz hornituak.

Askatasun sindikalak, zeinak askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei eta ez baitu Administrazio Publikoen esku-hartzerik, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.

Ildo horretatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko ondorengo Legeetan aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntzak eman izan ohi dizkie zentral sindikalei, betiere zentral sindikalaren berezko helburuen barnean jarduerak betetzen badituzte.

Abenduaren 23ko 5/2014 Legeak, 2015eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, 3112 Programan ondokoa ezartzen du: Lana, kreditu bat erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek garatzen dituzten jardueretarako diru-laguntzak emateko, haien ordezkaritza-mailaren arabera.

Diru-laguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2014ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.

Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren Jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, Jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela diru-laguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.

Adierazitako zentzuan, sindikatu-ordezkagaitasuna erreferentziazko eta beharrezko faktorea da diru-laguntza hauek zehazteko, izan ere Sindikatu-askatasunari buruzko Lege Organikoak espresuki ezartzen baitu sindikatuaren entzunaldiaren irizpidea –lantokietako ordezkaritza bateraturako hauteskunde-emaitzekin neurtzen dena– dagoeneko usadiozko irizpidea dela gure ordenamenduan. Hain zuzen ere, lege horretako 6.3 artikuluan jasota dago ordezkaritza handiena duten sindikatuei alderdi desberdinetatik aitortu behar zaiela ordezkaritza-gaitasuna, lantokietako eta haietatik kanpoko lan-harremanen demokratizaziorako tresna gisa, Konstituzioaren 7, 9.2 eta 129. artikuluak betez.

Gainera, kontuan hartu behar da aipatutako sindikatu-ordezkagaitasuna erabiltzen dela sindikatuek herri-administrazioetan edo beste hainbat arlotako erakunde edo organismoetan daukaten ordezkaritza instituzionalaren irizpide nagusi gisa, eta, horregatik, oso egokitzat jotzen da faktore hori erabiltzea deialdi honetako diru-laguntzetara bideratutako kredituak banatzeko formula ere zehazteko.

Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearren, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluan eta apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuan (Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena) ezarritako eskumena betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2015eko ekitaldirako, erakunde horien jarduera sindikalak eragindako ohiko gastuak finantzatzeko eta sindikatu horien bulego eta zerbitzuen funtzionamenduak eragindako gastuei aurre egiteko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Luzatutako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hauxe da: 880.000 euro ordainketa-kreditu gisa, eta 220.000 euro 2016rako konpromiso-kreditu gisa.

2. artikulua.– Erakunde sindikal onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2014ko abenduaren 31n, ordezkaritza duten eta 2015. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak.

3. artikulua.– Erakunde sindikal onuradunen betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza izateko ahalmena Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2014ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.

2.– Honako erakunde sindikal hauek ezin izango dute deialdi hau baliatu: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarten administrazio– zein zigor-arloko zehapena dutenak, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten pean daudenak. Ezingo dute ezta ere deialdi hau baliatu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik –helburu bererako– jasotako laguntzak aurretik justifikatu ez dituztenek.

3.– Gizarte Segurantzarekin egunean egotea eta zerga-betebeharrak beteta izatea.

4.– Antolakuntza eskatzaileek eskaera aurkeztean egiaztatu beharko dituzte aurreko baldintzak betetzen dituztela.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Erregistro Orokorrean, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.– Deialdi honetan parte hartzeko interesa duten erakunde sindikalek Lan Zuzendaritzara bidali beharko dituzte diru-laguntzak eskatzeko eskabideak, honako dokumentazio honekin:

a) Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek euren estatutuak Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailatuta badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori, betiere, aurrez, deialdia kudeatzen duen organoari hori egiaztatzeko baimena ematen badiote.

b) Sinatzailea identifikatzea, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari eman zaion baimena, hori egiaztatzeko, eta ordezkotza egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.

c) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia.

d) 2015. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.

e) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.6 eta 51.1 artikuluaren arabera, honako alderdi hauek egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Erakunde eskatzailea zigor– eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela biltzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla, eta, hala badagokio, lortu direla adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena edo komunikazioa.

f) Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintza Dekretua aplikatuz. Nafarroako Ogasunean zergak ordaintzen baldin badira, interesdunek zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute.

g) Era berean, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egia direla eskaeran bildutako datuak, eta laguntza hori eskatzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

5. artikulua.– Eskabidearen akatsen konponketa.

Diru-laguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

6. artikulua.– Diru-laguntza erabakitzeko irizpideak.

Agindu honen helburu diren diru-laguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2014ko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera.

7. artikulua.– Bateragarritasuna, beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

2.– Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako diru-laguntzak metatzen badira, eta diru-laguntza horien baturak diru-laguntzaren helburua den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ematen duen diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Lan Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Laneko zuzendariaren ebazpen espresuaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu honek ondorioak sortzen dituenetik lau hilabete igaro ondoren ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Nolanahi ere, espresuki ebazteko betebeharra izango du Administrazioak.

4.– Publizitatearen printzipioa betetzeko, Laneko zuzendariaren Ebazpenaren bidez, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, Agindu honen babesean diru-laguntza zein erakunde sindikalek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, beste alde batetik, zein erakunderi emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko Ebazpenak espresuki eta banaka ere jakinarazi ahal izango dira.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko helburua betetzat hartu bada, eta erakunde onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzat hartu badira, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste Administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako diru-laguntza batzuk metatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Kasuan kasu, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen Memoria igorri beharko diote Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari, 2015eko abenduaren 4a baino lehen. Memoria horretan, jarduera –gutxienez, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokionez– burutu dela justifikatzen duten dokumentuak bilduko dira.

Halaber, jasotako diru-laguntza osoa justifikatu ez bada, gelditzen den zati horren justifikazioa 2016ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra arte egin beharko da, eta memoria bat aurkeztu beharko da.

Memoria horiei erantsiko zaizkie ohiko eta funtzionamenduko gastuen zerrenda –nominak, fakturak–; jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak, eta hala badagokio pertsonalaren justifikazioa egiaztatzen duten TC-ak.

2.– Konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu. Ildo horretan, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek diru-laguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da diru-laguntza.

b) Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

11. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, era honetan:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntzaren % 80 ordainduko da, Agindu honetako 10. artikuluak adierazten duen memoria aurkeztu ondoren.

b) Bigarren ordainketa, alegia, diru-laguntzaren gastu osoa justifikatu osteko ordainketari dagokiona, 2016rako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.

Entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.

12. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Diru-laguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

2.– Erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Araubidearen Testu Bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Aginduaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 25a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala