Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2015eko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1512

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Horren bidez, onartu eta agindua ematen da Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 12ko deialdian aurkeztutako Medikuntza Sailaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ikastegientzako oinarrizko arautegia onartu zuen 2011ko abenduaren 22ko Erabakiaz, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beterik.

Arautegi markoa oinarrizko arautegi gisa sortua da eta sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Sailen Oinarrizko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorrak sei hilabeteko epea ematen zuen, indarrean sartu zenetik aurrera, sailek beren arautegiak beste hartan adierazitakora egokitu zezaten.

Medikuntza Sailak onartu zituen saileko kontseiluan arautegi markora egindako egokitzapenak.

Idazkari nagusiak –egiaztatuta arautegiek behar adina aldeko txosten dituztela eta, 2015eko martxoaren 12ko bilkuran aurkeztutakoan, Gobernu Kontseiluari berariazko eskaerarik ez zaiola aurkeztu, eta Sailen Oinarrizko Arautegiaren 4.3 artikuluan jasotako eskuordetzearekin bat etorrita– honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Medikuntza Sailaren arautegia onartzea.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Medikuntza Sailaren arautegia EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2015eko martxoaren 26a.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN MEDIKUNTZA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen oinarrizko arautegiko 3.1 artikuluarekiko komunztadura.

Sailaren administrazio egoitza Medikuntza eta Odontologia Fakultatean dago. Basurtuko irakasgunea, Gurtubai kalea z/g, 48013 Bilbo.

2. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 8.1 artikuluarekiko komunztadura.

Medikuntza sailak lau sail ataletan egituratzen da, bana irakasgune bakoitzari: Basurtu, Gurutzeta, Donostia eta Gasteiz. Irakasleak ezin dira atal batekoak baino gehiagotakoak izan.

Lau sail atalen egoitzak honetara daude kokatuta:

Bizkaiko Campusa

Medikuntza eta Odontologia Fakultatea, Basurtuko irakasgunea, Gurtubai kalea z/g, 48013 Bilbao.

Medikuntza eta Odontologia Fakultatea, Gurutzetako irakasgunea, Gurutzeta plaza z/g, 48902 Gurutzeta-Barakaldo.

Gipuzkoako Campusa

Medikuntza eta Odontologia fakultatea. Donostiako irakasgunea. Ospitaleen eremua. Begiristain Dk. Ibilbidea, 105. 20014 Donostia.

Arabako Campusa

Medikuntza eta Odontologia fakultatea. Vitoria/Gasteizko Irakasgunea Arabako Unibertsitate Ospitalea Jose Atxotegi kalea z/g, 01009 Gasteiz.

3. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 10.1 artikuluarekiko komunztadura.

Saileko kontseilua zuzendariak, idazkariak, irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiek, irakasle ez-iraunkor doktore guztiek, eta sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza batek osatzen dute. Sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileek ordezkari bat izango dute talde horretako hiru kideko edo zatikiko.

Aipatutakoez gain, ziklo bakoitzeko ikasleen ordezkari bik eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bik osatuko dute kontseilua.

4. artikulua.– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 7. artikuluarekiko komunztadura.

Saileko zuzendaria hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

5. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 13. artikuluarekiko komunztadura.

Medikuntza sailak batzorde iraunkor bat izango du, eta sailen oinarrizko arautegiaren II. atalean zehaztutakoari jarraituta arautuko da.

6. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 21.4 artikuluarekiko komunztadura.

Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Kontseiluko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

7. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluarekiko komunztadura.

Saileko kontseiluan eta batzorde iraunkorrean sortzen diren hutsuneak hautagai zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiek beteko dituzte, idazkaria hutsunearen jakitun jartzen denetik hamabost eguneko epean.

8. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluarekiko komunztadura.

Saileko kontseiluko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen batengatik, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan daiteke haren behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira saileko idazkaritzan, kide anitzeko organoaren bilera baino 72 ordu lehenago, gutxienez.


Azterketa dokumentala