Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2015eko martxoaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1392

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 16koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako 2015-2016 ikasturteko Arautegia.

Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arau eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioaren arlo desberdinetako zereginak tramitatu ahal izateko.

Proposamen honen bidez oinarrizko arau batzuk zehaztu nahi dira Graduko eta 1. eta 2. zikloetako ikasketak kudeatzeko, erreferentzia izan daitezen Zerbitzu Zentralentzat eta ikastegi eta sailentzat, eta ikasleen eskubideak berma daitezen.

Honekin batera doan proposamena Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak onetsi zuen 2015eko otsailaren 27an, eta Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2015eko martxoaren 12an.

Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2. artikuluan dioena betetzeko (2004-03-12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUT:

Bakarra.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Araudia, 2015-2016 ikasturtekoa, 2014ko maiatzaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa ordezkatzen duena, I. eranskinean jasotakoa.

Leioa, 2015eko martxoaren 16a.

EE (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko errektoreordea,

AMAyA ZÁRRAGA CASTRO.

GRADUKO ETA LEHENENGO ETA BIGARREN ZIKLOKO IKASKETEN GESTIORAKO ARAUTEGIA – 2015-2016 IKASTURTEA
I. KAPITULUA
UNIBERTSITATERA SARTZEA

Ikasleak onartzeko prozedura.

1. artikulua.– 2015-2016 ikasturterako UPV/EHUko graduko ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduran 2014-2015 ikasturtean UPV/EHUn ikasleak onartzeko prozeduran erabilitako balorazio irizpide berak erabiliko dira, betiere, kontraesanik ez badago legea garatzeko oinarrizko arauetan ezarritakoarekin, eta bat etorrita maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak, zehaztutakoarekin eta horretan jasotako ezarpen egutegiari jarraituz (legea abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldarazi zen).

2. artikulua.– Gordetako plazak.

Ondoko kupoak ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako:

a) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleentzat: plazen % 2.

b) % 33ko ezintasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat: plazen % 5.

c) Goi mailako kirolarientzat: plazen % 3 (% 5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren eta Fisioterapiako Graduaren kasuan).

d) 25 urtetik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 2.

e) 45 urtetik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

f) Lan-arloko esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

3. artikulua.– 1.– UPV/EHUn sartzeko eskaera egin nahi duten ikasleek aukera hauetakoren bat erabili beharko dute:

a) Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUn egin duten ikasleak.

b) Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUtik kanpo egin duten ikasleak.

c) Lanbide heziketako goi mailako teknikari titulua, diseinu eta arte plastikoetako goi mailako teknikari titulua edo goi mailako kirol teknikari titulua edo baliokidea duten ikasleak.

d) Europako batxilergoko titulua edo nazioarteko batxilergoko titulua duten ikasleak.

e) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetatik datozenak, baldin eta betetzen badituzte kasuan kasuko estatuko unibertsitateetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak.

f) 25 urtetatik gorakoentzako sarrera proba gainditu duten ikasleak. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak unibertsitate ez publikoetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan bana aztertuko dira.

g) 45 urtetatik gorakoentzako sarrera proba UPV/EHUn gainditu duten ikasleak.

h) Lan-esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea aukeratu duten ikasleak.

i) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleak.

j) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak, baldin eta ez badituzte betetzen beren hezkuntza sistemaren arabera unibertsitatetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak, eta Europar Batasunekoak ez diren ikasleak izanik Espainiako sistemara homologatuta Batxilergoko titulua badute.

2.– Sarrera eskariak egiteko aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:

a) UPV/EHUren web atariaren bidez izena eman izanaren gordekina.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Ondokoen kopia erkatuak: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiria, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiria (titulazioa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleak izan ezik), UHUNek emandako egiaztagiria, edo unibertsitatean sartzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein agiri.

d) Ikasle ezinduentzat eta goi mailako kirolarientzat gordetako plazen bidez sartu nahi duten ikasleek egoera hori frogatzen duen dokumentua aurkeztu behar dute, kasuan kasuko administrazioak emana.

Eskariak aurkezteko epeak eta lekuak eta aukera kopurua.

4. artikulua.– UPV/EHUn sartzeko eskariak UPV/EHUren web orriaren bidez egingo dira eta epe bakarra egongo da, 2015eko ekainaren 22tik uztailaren 3ra arte, biak barne, sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako.

3.2 artikuluan zehazten diren agiriak posta ziurtatuaren bidez igorri beharko dira Sarbide Bulegora (1.397 posta-kutxa. 48080 Bilbao), izena emateko epearen barruan. Eskariak behin-behinekoak izango dira 3.2 artikuluan zehaztutako agiriak UPV/EHUn jaso arte.

Sarbideko probaren ezohiko deialdikoa edo lanbide heziketakoa izateagatik ikasleak ez baditu betetzen baldintza akademikoak izena emateko epearen barruan, eskuratzen dituenean bidaliko ditu agiriok unibertsitatera, eta hurrengo onartuen zerrendan sartuko da horrek ematen dizkion eskubideekin.

Unibertsitateko tituludunak ezin izango dira sartu graduko ikasketetan, baldin eta graduko ikasketa horiek ikasleak bukatuta dituen ikasketen ordezko badira eta graduko ikasketen parekoa edo maila handiagokoa bada titulua.

3.1.j) atalean adierazitako ikasleak ez baditu gaindituta unibertsitatera sartzeko probak 1892/2008 Errege Dekretuko 13. artikuluan jasotako baldintzetan, unibertsitatean sartzeko eskaria egin beharko du, eta egin ere, prozesuko aparteko fasean baino ezin izango du egin.

5. artikulua.– Eskariak ebazteko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiri osagarriak eska ditzake unibertsitateak.

6. artikulua.– Ikasleek matrikularako gehienez ZORTZI titulazio eskatu ahal izango dituzte izena emateko eskari bakoitzeko. Behin onarpen-prozedura hasita, ez da onartuko, inolaz ere, plaza eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta interesatuak eskarian ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak.

7. artikulua.– Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura honi jarraiki egin beharko dute eskaria:

a) Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (leku-aldaketak).

1.– Ikasle horiek berriz eman ahalko dute izena prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta sarrera berriko ikasleen izaera bera izango dute. Hau da: sarbide proban lortutako kalifikazioa edo baliokidea hartuko da aintzat. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute (izena eman beharko dute) 4. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

2.– Era berean, unibertsitateko ikasketak hasita baina amaitu gabe dituzten ikasleek UPV/EHUn sartu nahi badute, baldin eta Estatuko beste unibertsitate batetik edo unibertsitateko ikasketa ofizialetatik edo UPV/EHUko beste ikasketa batzuetatik badatoz, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute leku-aldaketa, 2015eko ekainaren 29tik uztailaren 3ra 2014ko ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean. Eskariak ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak ebatziko ditu unibertsitateko errektorearen eginkizunak eskuordetuta eta ondoko irizpideei jarraituz:

2.1.– Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago eta plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.

2.2.– UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.

2.3.– Ikastegiko zuzendaritzak leku-aldaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon behar dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.

3.– Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko du. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartu izan dela egiaztatu ondoren.

Leku-aldaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, agortutako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatutako izango ditu bi deialdi.

b) Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasi dituzten ikasleak.

Ikasle horiek, betiere lehenengo mailako 30 kreditu konbalidagarri aitortuta badituzte, onarpen eskaria egingo behar dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2015eko ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, eskariarekin batera ikaslearen ziurtagiri akademikoa aurkeztuta; eskari horiek dekanoak/zuzendariak ebatziko ditu (errektoreak eskumenak eskuordetuta). 412/2014 Errege Dekretuko 30. artikuluari jarraituz, ikastegiko zuzendaritzak leku-aldaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon behar dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.

Ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaera egingo dute, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango dute 2. artikuluan zehaztutako aukeretako bati jarraiki.

c) Hasitako ikasketa batzuk egiten jarraitu nahi duten ikasleak.

Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriz ere hartu gura dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria 2015eko ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, eta dekanoak/zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.

a eta b ataletan jasotako baldintzen arabera ebatzitako eskarien kasuan, ikastegiak onartutako eskarien berri eman beharko dio Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzari.

d) Goi mailako eta errendimendu altuko kirolariak.

Goi mailako eta errendimendu altuko kirolarien espedienteak lekuz aldatzeko eskariek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan horretarako gordeta dauden plazak esleitzean, betiere, leku aldaketaren arrazoia kirola arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu behar izana bada, eta bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, gai mailako eta errendimendu altuko kirolariei buruzkoak, 9.10 artikuluan zehaztutakoarekin.

Bide horietako batetik onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 28. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

Izena emateko eskaria berrestea, plazak esleitzea eta matrikula egitea.

8. artikulua.– Unibertsitatera sartzeko proba euskal barrutian egin duten Batxilergoko ikasleek eskaria egina badute 2015-2016 ikasturtean UPV/EHUn sartzeko, eskari hori berretsi egin beharko dute (berdin uzteko edo aldaketak egiteko) honako toki eta egunetan:

a) Unibertsitatera sartzeko proba ohiko deialdian (2015eko ekainean) gainditu duten ikasleek ekainaren 22tik 26ra, biak barne, lehen aukeran hautatutako ikastegiko idazkaritzan, Sarbide Bulegoan, campusetako errektoreordetzetan edo, zuzenean, Interneten bidez, unibertsitatearen web orrian (www.sarrera.eus)

b) Unibertsitatera sartzeko proba ezohiko deialdian (2015eko uztailean) gainditu duten ikasleek 2015eko uztailaren 20tik 24ra, biak barne, Sarbide Bulegoan, campusetako errektoreordetzetan edo zuzenean, Interneten bidez, unibertsitatearen web orrian (www.sarrera.eus)

Eskabidea baieztatu ezean, baliorik gabe geratuko da eta baztertu egingo da UPV/EHUra sartzeko prozeduratik.

9. artikulua.– Plazak mugatzeko baimena duten ikasketetan plazak esleituko dira 412/2014 EDn zehaztutako lehentasunei jarraituz, ikasleak adierazitako hurrenkera errespetatuz eta honako irizpide hauek kontutan harturik:

a) Gordetzen diren plazetako batzuk sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie aldez aurretik (beraz, gehituko zaizkie talde horrek hartzen dituen plazei), salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek betetzen diren titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasuko ehunekora arte onartuko dira. Gehipen hori kasuan kasuko ikastegiekin adostuko da.

b) Baimendutako muga igoko da urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori eragindako ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasunen hurrenkera zehatz-mehatz gordez.

10. artikulua.– 1.– Graduko ikasketetara sartzeko eskaerak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartar kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta.

2.– Ikasleak unibertsitateko tituluren bat badu, unibertsitateko espedienteko batez besteko nota 1125/2003 EDn zehaztutakoari jarraituz kalkulatuko da: Aurkeztutako ziurtagiri akademikoaren bidez ezinezkoa bada batez besteko nota zehaztea, honetara kalkulatuko da:

Sarbideko kalifikazioak homologatzearren, kalifikazio kuantitatiborik ez dagoenean, ondoko taulako irizpideen arabera zehaztuko da kalifikazio kualitatiboaren zenbatekoa: baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietarako); Nahikoa: 5,5; Oso ongi: 7,5; Bikain: 9; Ohorezko matrikula: 10.

Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: Gainditutako irakasgaien batuketa, horietako bakoitza aurreko taularen arabera dagokion kalifikazioaren zenbakiagatik biderkatuta. Batura zati kasuan kasuko titulazioko irakasgaien kopuru osoa egingo da. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren balio erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako kreditu kopuruaren batuketa egingo da, horietako bakoitza aurreko taulako kalifikazioaren balioagatik biderkatuta; batura hori zati gainditutako kreditu kopurua egingo da.

Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu aitortuak.

11. artikulua.– Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen web orrian (www.ehu.eus) argitaratuko da honako datatan:

1. onarpena: uztailaren 14an

2. onarpena: uztailaren 22an

3. onarpena: uztailaren 28an

4. onarpena: uztailaren 30ean (uztaileko azken onarpen honetan sartuko dira Batxilergo eta hezkuntza zikloetako sarrera probaren ezohiko deialdiko ikasleak)

5. onarpena: irailaren 10ean

6. onarpena: irailaren 17an

Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onarpen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.

12. artikulua.– Ikasleari UPV/EHUn matrikula egiteko onartuta dagoela jakinarazteko bide ofiziala UPV/EHUren web orria izango da.

13. artikulua.– 1.– Ikasleak egingo dituen ikasketak irakasten dituen unibertsitateko ikastegian egingo da matrikula, 26. artikuluan adierazitako egunetan. Matrikula egiteko, 29. artikuluan aipatutako agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Ikaslea ez bada bertaratzen matrikula egiteko zehaztu zaion egunean eta orduan, ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egin diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Gero, beranduago, ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu, eskaerak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero baino ezingo luke egin matrikula.

Talde batetik baino gehiagotik sartzeko eskariak.

14. artikulua.– 1.– Indarrean dagoen legerian zehaztutakoari jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleek eskaria egitean gauzatu beharko dute aukera hori.

2.– Unibertsitatean sartzeko eskaria bide batetik baino gehiagotik egin arren, eskaria bakarra izango da.

Onarpenari buruzko errekurtsoak ebazteko irizpideak.

15. artikulua.– Amaitutako onarpen prozesuen aurka jartzen diren errekurtsoak Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak ebatziko ditu, honako irizpideon arabera:

a) Ikasleek errekurtsoan eskatutako ikasketetan plazak geratzen direnean, onartu egingo zaie eskaria, izena emateko eskarian titulazio hori ipinita eduki zein ez.

b) Errekurtsoa jartzen duen ikasleak onartutako azkenak baino nota hobea izanda ere, eskaria ez zaio onartuko baldin eta titulazio horretako plaza guztiak beteta badaude.

c) Aparteko tratamendua emango zaie arrazoi bereziengatik egindako eskariei, agiri bidez egiaztatzen badira (gaixotasun luzeak, ezintasun fisikoak etab.). Eskariok ebazteko Graduko Batzordeari eskatuko zaio iritzia.

Proba bereziak Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.

16. artikulua.– 1.– 412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, proba bereziak ezartzen dira ikasketa hauetan sartzeko: Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

2.– Proba horiek gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, kontuan izango dira eskaria egiteko eta ikasleak hautatu eta onartzeko xedez kapitulu honetan jasotako gainerako irizpideak.

3.– Bestalde, proba gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero, berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute UPV/EHUn.

4.– Letren Fakultateko eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko dekanoek antolatuko dituzte probak eta epaimahaiak izendatu, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzarekin koordinazioan.

5.– Proba hauetarako izena emateko epeak: 2015eko apirilaren 20tik 27ra, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradurako, eta 2015eko maiatzaren 15etik 22ra Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradurako.

II. KAPITULUA
IKASKETA DESBERDINAK ALDI BEREAN

17. artikulua.– 1.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskariak onartuko dira baldin eta ikasleek gaindituta badaukate hasita daukaten titulazioko lehen maila osoa edo 60 kreditu, eta baldin eta matrikula epeak behin amaituta bigarren titulazioan plazarik geratzen bada. Plazatan baino eskari gehiago badago, hasitako ikasketetako kalifikazioen arabera ordenatuko dira.

UPV/EHUk berak ikasketa plangintzan edo programazioan horrela zehaztuz gero, posible izango da titulazioko lehenengo mailan hasita egitea ikasketa desberdinak aldi berean.

2.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko, ikasleak lehendik hasita dauzkan unibertsitateko ikasketen ikaslearen ziurtagiri akademikoa eta unibertsitatera sartzeko probetako txartela aurkeztu beharko ditu (UPV/EHUko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar izango) eskariarekin batera. Eskaerak 2015eko irailaren 2tik 4ra bitartean aurkeztu behar dira, biak barne, campusetako errektoreordetzetan edo Sarbide Bulegoan.

3.– Lehen mailatik gorako mailetarako, ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskaria ikasketak berriro hartu nahi diren ikastegiko idazkaritzan aurkeztu behar dira, 2015eko ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean. Eskariok ikastegiko dekano edo zuzendariak ebatziko ditu, errektorearen eskumenak eskuordetuta.

4.– UPV/EHUko graduko ikasle bakoitzak espediente akademiko bat izango du irekita unibertsitatean, ikasketa desberdinak aldi berean egiten ari diren ikasleek izan ezik, artikulu honetan zehaztutakoari jarraituz.

III. KAPITULUA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

Irakasgai berrietan matrikulatzea.

18. artikulua.– Ikasturte bakoitzean, Graduko titulazioetako ikasleek aurreko mailetan gainditzeke dituzten irakasgai guztietarako egin beharko dute matrikula, eta matrikulan gehienez ere 60 kreditu berri sartu ahal izango dituzte. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezin izango da 90 kreditu baino gehiagorako matrikula egin.

Hautazko irakasgaiak.

19. artikulua.– 1.– Ikasleek ikasturte bakoitzean aldatu ahal izango dituzte hautazko irakasgaiak, nahiz eta aurreko ikasturteetan irakasgaiok gainditu gabe izan edo azterketetara aurkeztu ez. Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak, eta ikasleak egin dituen baina gainditu ez dituen irakasgaietan hurrengo ikasturteetan matrikula egin nahi izanez gero, matrikula hori baldintzapean egongo da, ezinbestekoa izango baita irakasgaia irakats eskaintzan sartuta egotea.

2.– Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai talde bakoitzarentzako plaza kopuruari dagokionez, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehazten da. Beraz, ez da nahastu behar ikasketa planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua, eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.

3.– Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak, 27. artikuluan matrikulen hurrenkerarako zehaztutako irizpideak erabilita.

4.– Ikastegiek plaza bermatu beharko diete ikasle guztiei hautazko irakasgaietan, euren ikasketa planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, automatrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte.

Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak.

20. artikulua.– Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan eta aukera askekoetan matrikulatzeko, 18. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, dekanoak/zuzendariak aurretik baimena emanda, eta titulua jasotzeko eskaria egin aurretik.

Era berean, titulazioko kreditu guztiak gaindituta izan arren, UPV/EHUn matrikulatutako ikasleek hautazko kredituak aitortzea eskatu ahal izango dute kultur eta kirol ekintzetan, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan eta ikasleen ordezkaritzan aritzeagatik, Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegiak zehaztutako prozedurari eta irizpideei jarraituz, eta, betiere, dekanoak/zuzendariak aldez aurretik baimena emanez, eta, edozelan ere, graduko titulua eskatu aurretik.

Eskolarik gabeko irakasgaiak.

21. artikulua.– Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik gabekoak, honela gestionatuko dira:

a) Plan horietako ikasketak egiten ari diren ikasleek nahitaez egin beharko dute gainditzeke dauzkaten irakasgaietako matrikula, desagertze bidean egonik azken urtera heldu den mailako irakasgaiak direnean.

b) Irakasgai horien deialdiak izango dira, oro har, bigarren lauhileko irakasgai bati dagozkionak. Hala ere, ikastegiak horretarako aukerarik zehaztuta izanez gero, ikasleak lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia erabili ahal izango du, baina horren berri eman beharko du ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak horretarako zehaztutako epean; idazkaritzak mota horretako ebaluaziorako izendatutako epaimahaiari jakinaraziko dio. Deialdia aurreratu baina azterketa gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzaren 15a baino lehen, beste bi deialdietatik zein erabili gura duten. Ikasleak ezer esaten ez badu, ikasturte horretako bigarren deialdi bezala bigarren lauhilekoko ezohiko deialdia erabiliko duela ulertuko da.

c) Irakasgai horien kalifikazio orriak eta aktak beste irakasgai guztietarako prozedura berberaren bidez eskuratuko dira.

d) Irakasgai horien ebaluazio probetarako egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako prozedura berbera erabiliz.

Behin betiko matrikula.

22. artikulua.– Matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da egiaztatzen denean ikasleak betetzen dituela eskatu duen titulazioa egiteko behar diren baldintzak. Egiaztapena ikasleak matrikula egin eta 4 hilabeteko epean egingo da. Lau hileko epe hori igarota ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ez badu matrikula horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula behin betiko onartutzat emango da. Dekano edo zuzendariaren erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.

Irakasleen matrikula.

23. artikulua.– Unibertsitateko irakasleen araubideari buruzko apirilaren 30eko 898/1985 Errege Dekretuko 12. artikuluaren arabera, unibertsitateko irakasle guztiek debekatuta izango dute irakasle diren ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea.

Hala ere, diplomatu titulua bakarrik daukaten unibertsitate eskoletako irakasle titularrak lizentziaturan matrikulatu ahal izango dira, edo, lizentziatuak izanez gero, doktoregoan, baina errektoreak eman beharko du horretarako beren-beregiko baimena. Hori berori ezarriko da graduen kasuan.

Matrikula bakarra.

24. artikulua.– 2015-2016 ikasturterako matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako. Salbuespena da Gradu Amaierako Lanerako matrikula, gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegiaren araberakoa baita, eta, horri jarraiki, matrikularako ohiko deialdian edo horretarako zabaldutako beste epe batean egin ahal izango da. Hala ere, hori gorabehera, 37. artikuluan jasotako bigarren matrikulaldia baino ezin izango du egin.

Halaber, ikastegiak matrikula aldatzeko ezohiko epea ezarri ahal izango du, ikasleei lepora ezin dakizkiekeen arrazoiek eragindako kasuetarako. Halakoetan, ikastegiak horren berri eman beharko du bere web orriaren bidez, horretarako epea zein den zehaztuta eta nortzuek alda dezaketen matrikula adierazita.

Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan.

25. artikulua.– 1.– Matrikulatutako ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatu ahal izango dira hurrenkera alfabetikoaren arabera, ausaz edo ikaslearen nahiari jarraituz, ikastegiko batzarrak, matrikulako epea ireki aurretik, onartutakoari jarraituz.

2.– Banaketa ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, une horretan dituzten aukeren artean. Matrikula-hurrenkeraren arabera ikasleari izendatu zaizkion matrikula egun eta orduaren araberakoak izango dira aukerak.

3.– Maila edo irakasgai batean matrikulatu ondoren, taldez aldatzeko eskaera egin ahal izango du ikasleak irakasgai jakin batzuetarako, hizkuntzaz aldatzeko hain zuzen ere. Eskabideok ikastegiko zuzendariak edo dekanoak ebatziko ditu, eskura diren baliabideak oinarri hartuta.

Matrikula epeak.

Lehen mailako ikasleak.

26. artikulua.– 1. mailakoek honako epe hauen arabera egingo dute matrikula:

1. onarpenekoek, uztailaren 15etik 21era

2. onarpenekoek, uztailaren 23tik 24ra

3. onarpenekoek, uztailaren 29an

4. onarpenekoek, irailaren 2an eta 3an

5. onarpenekoek, irailaren. 11n

6. onarpenekoek, irailaren. 18an

Lehenengo mailatik gorako ikasleek.

27. artikulua.– 1.– Matrikula uztailaren 20tik 30era bitartean egin beharko dute (matrikula uztailean egitea aukeratu duten ikastegien kasuan), edo irailaren 2tik 9ra bitartean (matrikula irailean egitea aukeratu duten ikastegien kasuan). Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egin ez badu adierazitako egun eta orduan, galdu egingo du espedientearen arabera daukan lehentasuna.

2.– Ikasleek, esan bezala, automatrikula egingo dute Internet bidez (horretarako jarriko den ikasgelan edo beste lekuren batean). Ikasle bakoitzak aukeratu ahal izango du bere egun eta orduan eskaintzen diren hautazko eta aukera askeko irakasgaien artean, ikastegian onartutako irakats eskaintzaren arabera betiere.

3.– Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Interneten bidez egingo da, 2015eko uztailaren 17an edo irailaren 1ean (kasuaren arabera), unibertsitatearen web orrian.

4.– Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, unibertsitateak, 2015eko uztailaren 17an eta irailaren 1ean (kasuaren arabera), ikasle guztiak ordenatuko ditu espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta. Matrikula-zenbaki bana emango zaie, eta zenbaki handienak izango du lehentasuna. Ondoko formula hau erabiliko da ikasleak ordenatzeko:

Matrikula ordena: MO= 0,25*A + 2,5*M + 5*F

A= gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea (espedientearen batez bestekoa).

M= matrikularen urtean izandako errendimendu akademikoa neurtzen duen faktorea (hurrenkera zehazten den egunean ikasturte horretan ikasleak gaindituta dituen kredituak/ikasturte horretan matrikulatutako kredituak).

F= titulazioaren bukatze-maila definitzen du (hurrenkera zehazten den egunean ikasleak gainditu dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).

2014-2015 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak:

28. artikulua.– 2014-2015 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleek eta lekualdaketa eginda onartutakoek 2015eko irailaren 10etik 18ra bitartean egingo dute matrikula ikastegiko idazkaritzan, betiere, ikastegiak ez badu bestelako eperik zehaztu.

Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak.

29. artikulua.– 1.– Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiriak aurkeztu behar dituzte:

a) Datu estatistiko eta ekonomikoen inprimakia.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia.

e) Matrikulako prezio publikoetatik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

f) Beka eskaria, honelakorik eskatuz gero.

g) Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen agiria, eskola asegururako.

2.– Aurrekoaz gain, erabilitako sarbidearen arabera, ikasle bakoitzak honako dokumentuok aurkeztu beharko ditu:

– Unibertsitatera sartzeko probetako ikasleak:

h) Unibertsitatera sartzeko probako kalifikazioko behin betiko txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa.

i) Azken notan ohorezko matrikula lortu duen LOGSEko ikasleak horren ziurtagiria aurkeztu beharko du.

j) Espedientea lekuz aldatzeko (matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik aldatzeko) gastuak ordaindu izanaren agiria. UPV/EHUko ikasleek ez dute agiri hau aurkeztu behar.

k) Ikasketak hasita izanez gero, ikasleak espedientea lekuz aldatzeko eskaria egin beharko du.

– Lanbide heziketako ikasleak eta titulazioa daukanak:

l) Ikasketen ziurtagiri pertsonalaren, kalifikazio-liburuaren edo kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen dion tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa.

m) Unibertsitatera sartzeko probaren atal espezifikoko kalifikazioa alegatuko dutenek proba horretako behin betiko kalifikazioaren txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa.

3.– Lehenengo mailatik gorako ikasleak eta lehenengo mailako errepikatzaileak honako agiriok aurkeztu behar ditu:

a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek besterik).

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Matrikulako prezio publikoetatik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera. Horrez gain, administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria.

d) Matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako ikastegi batetik bestera edo beste unibertsitate batetik hona aldatutako ikasleentzat besterik ez).

e) Gizarte Segurantzako afiliazio agiria eskola asegururako (beste unibertsitate batetik hona aldatu direnek bakarrik).

f) Beka eskaria, horrelakorik eskatuz gero.

Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarrak.

30. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:

a) Erasmus-eko ikasle atzerritarrek edo antzekoek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan, koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazkia.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) E-111 dokumentuaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.

Sicue-Seneka edo antzeko programen bidez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleak.

31. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:

a) Sicue-Seneka edo antzeko programetako ikasleek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

c) Argazkia.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) Eskola-aseguruaren ordainagiriaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.

Behin-behineko matrikula.

32. artikulua.– Beste unibertsitate batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen ikasleak behin-behineko matrikula egin ahal izango du UPV/EHUn, bertako prezio publikoak behin betiko matrikula egitean ordainduz.

Ikasturtea hasi aurretik, ikaslea behin-behineko matrikula egin duen ikastegira joan beharko da behin betiko matrikula egiteko edo matrikulari uko egiteko. 2015eko irailaren 11 baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zaukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala egiaztatutako kasuetan izan ezik.

Matrikula ordaintzea.

33. artikulua.– 1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako.

2.– Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo prezioak ordaintzetik salbuetsita egoteko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete eta egiaztatu beharko dira horretarako baldintzak.

3.– Ikasle bakoitzak matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa matrikula egiteko momentuan kalkulatuko da automatikoki.

4.– Matrikula ordaintzeko erak:

a) Ikasleak unibertsitateari kontu-zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikularen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko otsailaren 28a izango da.

b) Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion ordainagiri pertsonalizatuaren bidez, eta Prezioen Aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten den banketxeetako batean egin beharko da diru sarrera.

Banketxeak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ikasleak aleetako bat gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.

c) Kreditu txartelaren bidez.

5.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.

6.– Matrikula egitean pertsona batek matrikula ordaintzen ez badu beka baten zain dagoelako, eta gero beken epaimahaiak beka ukatzen badio, matrikulako dirua ordaindu beharko du, nahiz eta beka ukatzearen kontrako gorako errekurtsoa aurkeztu.

7.– Ikasketa plana desagertu egin delako egokitu diren irakasgaiek ez dute kosturik izango, prezio publikoen aginduak bestelakorik zehazten ez badu bederen.

8.– Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

9.– Ezohiko ebaluazio probaren kalifikazioen zain dauden ikasleek bi epetan ordaindu beharko dituzte beti «behin-behineko» matrikulak, betiere, matrikulan ordaindu beharreko kopurua prezio publikoen aginduan epeka ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino txikiagoa ez bada. Lehenengo epea behin-behineko matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko da bigarren epean ordaindu beharreko diru kopurua.

Matrikula baliogabetzea.

34. artikulua.– 1.– Nahiz eta ikasleek legeak agindutako epe eta moduan eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaio inolaz ere itzuliko ordaindutako dirua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bateratua onartu zuen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak 34.6 artikuluan dioenaren babesean.

2.– Matrikularen prezioaren zatiren bat edo ezer ez ordaintzeak espediente akademikoa etetea ekarriko du.

3.– UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ezetsi egingo du matrikula egiteko eskaria, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari.

4.– Matrikula baliogabetzeko epea urte bakoitzeko abenduaren 31n bukatuko da. Matrikula osorik baliogabetuko da beti, eta ezin izango dira irakasgai batzuk soltean edo matrikularen zati bat bakarrik baliogabetu. Data horretatik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, baldin eta unibertsitateak beren-beregi baimena ematen ez badu, ikasleak eskaria egin eta gero.

5.– Matrikula ez ordaintzeagatik espediente akademikoa etenda daukan ikasleak, ordaintzeke daukan kopurua zor izango dio unibertsitateari; erabakia emango da zorduna dela adierazteko eta jakinarazpena egingo zaio.

6.– UPV/EHUrekin zorren bat dutenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere, eta ezin izango dute espedientea lekuz aldatu. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.

7.– Ikasleari berriro aktibatuko zaio espediente akademikoa zorra ordaintzen duen unean.

8.– Matrikula baliogabetu egin duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasten berriz hasi nahi izanez gero.

9.– Ikasle bekadun legez matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaera egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka eskaeraren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Bestela, matrikulako prezioak ordaindu beharko ditu, nahiz eta hori ez den izango beka eskatzeko eragozpen.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu egin bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.

Matrikula lehen epean egiten duten ikasle berriek matrikula egiterakoan ez badute beka eskariaren orria, ikasle ez bekadun gisa matrikulatuko dira. Behin beka eskaria eskuratuta, matrikula egin duten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu behar dute, matrikula bekadun gisa eguneratzeko.

35. artikulua.– Tasak eta prezio publikoak itzultzea.

Ondorengo kasuetan itzuli egingo dira ordaindutako prezio publikoak, baina salbuespentzat hartuko dira:

1.– Matrikula ofizioz baliogabetzen denean konpon ezinezko baldintzaren bat betetzen ez delako.

2.– Ikasleak ordaindutako kopurua indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkula oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.

3.– Ikasleak ordaindu behar ez zituenak ordaindu dituelako, bekadun edo ikasketetarako laguntza izanik kopuru hori ordaintzetik salbuetsita egon arren, edo diru laguntzaren onuradun delako edo salbuetsita egoteko eskubidea daukalako, betiere, epe barruan eta behar den moduan egin badu eskaria eta behar bezala egiaztatu badu egoera hori, ikasturterako Prezio Publikoen Aginduan zehaztutakoari jarraituz.

4.– Irakasgairen bat baliozkotu edo aitortzearen aldeko erabakia eman denean eta ikasleak ordainduta badauka irakasgai horri dagokiona.

5.– Matrikula baliogabetu eta diru kopurua itzultzeko eskaria ikasturtea modu ofizialean hasi aurretik egin bada. Eskaria ikastegian aurkeztu behar da.

6.– Ikasturtearen edozein unetan, bat-bateko arazo berezi eta behar bezala egiaztatuengatik ikasleak ezin badu ikasten jarraitu ikasturte horretan, adibidez: gaixotasun fisiko edo psikologikoa badu, luze iraungo duena; ikaslea hil egin bada edo bigarren mailara arteko ohol ahaidetasuna daukan senitartekoren bat hil bazaio; lanean hasi delako eta ordutegi bateraezintasuna badauka; eta bat-batean sortutako antzeko beste egoera batzuk. Horrelakoetan, eskaria aurkeztu beharko da unibertsitateko erregistroan, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeari zuzendua; eskariarekin batera egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

Ohorezko matrikulak.

36. artikulua.– Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:

a) Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira, zehatzago: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Irakasgai bateko ikasle guztiak zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko taldeak eta bakartzat hartuko da akta.

Gradu Amaierako Lanaren kasuan, gehienez ikasleen % 5ari eman ahal izango zaio ohorezko matrikula, kontuan hartuta ikastegiak defentsarako antolatutako aldi bakoitzean guztira, titulazio bakoitzerako, matrikulatu den ikasle kopurua.

b) Ohorezko matrikulagatik ikasleak prezioak murrizteko daukan eskubidea, ikasketa bereko hurrengo matrikulan ezarriko da.

Deskontua UPV/EHUko ikasleei bakarrik egingo zaie; ez zaie, beraz, preziorik murriztuko beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasleei, unibertsitateok publikoak nahiz pribatuak izan.

c) Plan zaharretik plan berrira egokitutako irakasgaien kasuan, ohorezko matrikularekin gaindituriko irakasgaiaren ordez ikasleari aitortzen zaion kreditu kopuruaren arabera egingo da murrizpena.

d) Batxilergoko irakasgaietan lorturiko ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Hala ere, kalifikazio orokorra ohorezko matrikula duten ikasleek matrikula ez ordaintzeko eskubidea izango dute unibertsitatean lehen aldiz matrikulatzean.

Bigarren matrikulaldia.

37. artikulua.– Bigarren lauhilekorako bigarren matrikulaldia zabaltzen duten ikastegiek ikastegiko batzarrean onartu beharko dute horretarako erabakia. Matrikula berri hori idazkaritzetan egingo da, 2016ko otsailaren 12an baino lehenago. Bigarren matrikulaldia irakasgai hauetarako baino ez da zabalduko:

a) Aurrebaldintza dituzten irakasgai edo mailetarako.

b) Plaza hutsak geratzen diren hautazko eta aukera askeko irakasgaietarako.

c) Enborreko eta nahitaezko irakasgaietarako, ikastegiko batzarrak hala onartu badu.

IV. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZAREN PLANGINTZA

Irakaskuntza-ikaskuntzaren plangintza.

38. artikulua.– Berdintasuna, irakaskuntzaren baldintzetan eta irakaskuntzaren gestioan.

Ikastegiko zuzendaritza arduratuko da ikastegian ematen diren titulu eta espezialitateen ikasketak berdintasunez gestionatu eta pareko baldintzetan irakats daitezen.

39. artikulua.– Prestakuntza programa eta irakaskuntza gidak.

1.– Ikasturte bakoitzean, matrikula epea ireki aurretik, ikastegiak titulazioei buruzko informazioa argitaratuko du web gunean eta, gutxien dela, ondokoak zehaztuko ditu: irakasgai bakoitzerako ikasleak bere kabuz ikasten eman beharreko denbora ECTS kreditutan zehaztuta, aurreikusitako irakasleak eta ordutegi banaketa. Halaber, ikasleen esku jarri beharko du irakasgai bakoitzeko gida, ikastegian ematen den titulazioetako irakasgai bakoitzerako sailak onartua, bai eta ebaluazio probetako eta irakaskuntzako beste jardueren egutegia ere.

2.– Irakasgaien irakaskuntza gidetan, gutxien dela, hezkuntza helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluaziorako irizpideak jasoko dira; ebaluazio irizpideetan, horietako bakoitzaren haztapena ere zehaztu beharko da, horrelakorik egonez gero. Hezkuntza helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute. Irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, saileko kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere.

Bestalde, ebaluazio metodoa mistoa edo jarraitua denean, zehaztu egin beharko da ikasleak zein bide daukan deialdiari uko egiteko. Ebaluaziorako metodoa azken ebaluazioa denean, deialdiari uko egiteko nahikoa izango da azken probara ez aurkeztea.

Edozein dela ere ebaluazio metodoa, azken proba egitea zehaztu eta proba horrek irakasgaiaren kalifikazio osoaren % 50 baino gehiago balio badu, ikaslea ez bada probara aurkezten deialdiaren uko egin diola ulertuko da eta «Aurkezteke» jarriko zaio.

Horrez gain, ikasleek aukera izango dute deialdiari uko egiteko. Horretarako eskaria irakasgaiko irakasleari egin beharko diote idatzi bidez eta azterketetarako zehaztutako garai ofiziala hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, betiere, irakasgaiaren ikasketen gidaliburuan bestelako eperik zehaztu ezean.

3.– Ikastegiak horri buruzko informazioa eskatuko die sailei behar beste denboraz.

4.– Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralerako ordutegia zehaztea. Irakaskuntzaren beste mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.

5.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak, eskura dituen baliabideen heinean, talde bidaietarako eta ikasketa bidaietarako laguntza emango du. Bidaiok aldez aurretik denbora nahikoaz programatuko dira, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzeko.

6.– Argitaratutako programazioaren barruan, programatutako jarduera bakoitzaren irakasle arduradunaren izena jasoko da.

7.– Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.

40. artikulua.– Irakaskuntza antolatzeko plana.

1.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hurrengo ikasturterako irakaslana antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei. Sailek, berriz, ikastegi bakoitzean eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanen behin betiko esleipena jakinaraziko dio ikastegiari, tutoretza orduak barne. Azken informazio hau lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko da ikastegiaren web gunean.

2.– Ikastegi eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari. Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraikiz izendatuko da, baina, ahal dela, ikastegian eskolak eman eta ikastegiari atxikitakoa izango da.

3.– Ikasleek eskubidea dute akademia ikasturtean zehar laguntza eta orientazioa jasotzeko ikasketa prozesuan barrena, xede honetarako tutoretzen bidez.

Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin eta burutu arte. Tutoretza ordutegiak lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko dira eta, aldaketarik eginez gero, irakasleak GAUR aplikazioan grabatu beharko du aldaketa eta ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak baimena eman beharko du, gutxien dela, aldaketak indarrean jarri baino 3 eskola egun lehenago argitaratu beharko dira.

4.– Talde bakoitzeko irakasleak GAUR aplikazioko irakats eskaintzaren moduluan sartuko dira, NAN zenbaki eta guzti, kalifikazio orrietan eta aktetan datu horiek ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko 47. artikuluaren arabera beharrezkoak izan daitezkeen aldaketa egitea.

41. artikulua.– Koordinatzaileak.

1.– Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, ikastegiko batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta maila edo moduluko koordinatzailea ere. Mailako edo moduluko koordinatzaileak ikastaro edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira, bai eta ikasketa taldeen koordinazioaz, ikaslearen lanaren banaketa orekatuaz eta hezkuntza prozesuaren hobekuntza jarraiturako proposamenaz ere, maila edo moduluan zehar jasotako datu eta segurantzetan oinarri hartuta.

2.– Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, gutxienez, astean bi ordutako tartea beste jarduera mota batzuetan taldeka jardun ahal izateko.

Ikaskuntzaren ebaluazioa.

42. artikulua.– Ebaluazioaren Printzipio orokorrak.

Ikasleek berdintasun eta justizia bermez ebaluatuak izateko eskubidea dute, jasotako irakaskuntza mailaren arabera.

43. artikulua.– Ebaluazio metodoak.

1.– Ikasleen gaitasunak eta jakintzak ebaluatzeko, ebaluazio etengabearen prozesua, azken ebaluazioaren bidezkoa edo ebaluazio mistoaren bidezkoa (azken bion konbinazioa) egin ahal izango da, nahiz eta etengabeko ebaluazioko prozesua lehenetsiko den.

Gardentasuna eta ekitatea bermatzearren, sistema bakoitzean edo ebaluazio-tresna bakoitzean erabilitako ebaluaziorako irizpideek agerikoak eta argitaratuak beharko dute izan.

Edozelan ere, ebaluazioa beti izan beharko da aurretik ezarritako eta akademi ikasturte bakoitza hasi baino lehen argitaratutako irizpideen araberakoa.

a) Etengabeko ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa da, irakaskuntza gidetan definitutako prozesu, tresna eta estrategia didaktikoen multzoa, irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuan zehar modu progresiboan aplikatu beharrekoak. Ebaluazio sistema eta tresna hauek askotarikoak izan daitezke oso: jardueretan parte hartzea, praktikak, ahozko eta idatzitako lanak, kasuei buruzko txostenak, proiektuen garapena, problema ireki eta praktikoen ebazpena, irakaskuntza karpeta bat eta bestelako ebaluazio proba; eta, edonola ere, gaitasun espezifiko eta zeharkako guztien garapena bermatu behar da eta irakasgaiaren irakaskuntza gidak agertu beharko ditu.

b) Ebaluazio mistoa.

Irakasgai bat ebaluazio mistoaren bidez kalifikatuko da, baldin eta gutxien dela programaren % 30 etengabeko ebaluazioaren sistemaren bidez ebaluatu bada. Etengabeko ebaluazioa azken proba batek osatuko du, unibertsitatearen akademi egutegian ezarritako epearen barruan egin beharrekoa. Ebaluazio mota bakoitzak haztapena izango du, ebaluatzen duen programaren ehunekoaren araberakoa. Haztapena irakasgaiaren gidan jasota ageri beharko da.

c) Azken ebaluazioa.

Ikasleari, justifikatutako arrazoiengatik (lanari lotutako arrazoiak, genero indarkeriaren biktimak, erditzea, adopzioa, ume harrera edo hiru urtetatik beherako seme-alaba edo minusbaliatutako pertsonak izatea bere kargura; % 33ko ezintasun maila edo handiagoa duten ikasleak; goi-mailako kirolaria; bidaiak edo denbora asko eskatzen duten kultur eta arte-jarduerak; goi mailako beste ikasketa batzuekiko bateragarritasuna; eta mota desberdinetako karguekiko bateragarritasuna: kargu politikoak, sindikalak, ikasleen ordezkaritza, elkarteetakoak, GKEkoak edo beste batzuk) ezin bazaio egin etengabeko ebaluazioa, bukaerako proba bakarra egingo zaio, irakasgaiko jakintzak eta gaitasunak bereganatu dituela egiazta dezan. Proba horrek, egiten den moduan egiten dela, irakasgaiko notaren % 100 balio beharko du.

Irakasgaiaren ezaugarri eta edukiengatik irakasgaiaren beste alderdi batzuk gainditu behar badira, praktikak esaterako, bukaerako probaz gain kontuan hartuko beharko da beste alderdiak gainditu diren ala ez.

2.– Berdintasuna bermatzearren, irakasgai berdineko irakaskuntza gidetan ebaluaziorako irizpide berak zehaztuko dira ikasle talde guztietarako; saileko kontseiluaren eginkizuna da gidetan jasoko diren programazioa eta ebaluazio irizpideak onartzea, urtero.

Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.

3.– Ebaluazio probak, bai eta UPV/EHUra sartzeko probak ere, egokitu beharko dira minusbaliotasunen bat duten ikasleen premietara, eta sailek eta ikastegiek metodologian, egutegian eta eremuetan egin beharreko egokitzapenak egin beharko dituzte.

Egoera hauek aintzat hartzeak ez du inolaz ere probaren edukia aldatzea ekarriko eta eguna ere berbera izan beharko da.

4.– Ebaluazio proben programazioa ezin izango da aldatu, ez bada, proba behar bezala egitea ezinezko bihurtuko lukeen ustekabeko ezintasuna gertatu dela. Salbuespenezko halako egoeren aurrean, titulazioetako arduradunek egin beharreko kontsultak eginen dituzte ukitutako irakasle eta ikasleekin, zuzenean edo ordezkarien bitartez, gehien dela 5 eguneko epean programazio berri bat proposatzeko.

5.– Ebaluazio proba egiteko ordu ofiziala iritsita, lehendabiziko hamabost minutuko tartean sartzen utziko zaie probarako deituta dauden ikasleei, baldin eta berandu iristeko arrazoia ustekabeko arrazoi larria eta justifikatua izan bada (garraio greba, baldintza meteorologikoa edo bestelakoa). Ezinezkoa bada alegatutako arrazoia momentuan bertan egiaztatzea, gerora eskatu ahal izango zaie ikasleoi egiaztatzea. Halaber, hamabost minutuko tarte horretan ikasleek ezin izango dute azterketa gelatik irten.

Ebaluazio probak egin bitartean, irakasleak edozein unetan eskatu ahal izango dio identifikazioa bertaratutako ikasleari, eta ikasleak ikaslearen txartela, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo ebaluatzailearen iritziz akreditaziorako baliagarri izan daitekeen beste edozein agiri erakutsi beharko dio.

Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.

6.– Nahitaezko praktikak dauzkaten graduetan, ikasleak urtean deialdi bakarra izango du practicumeko irakasgaia gainditzeko, baldin eta eskola horiek ematen dituzten ikastegiek beren deialdi sistema ezartzen ez badute. Bestelako deialdiok, betiere, helburu akademikoak bete izana bermatu beharko dute.

7.– Ikasleak ezin badira aurkeztu programatutako ebaluazio probetara unibertsitateko kide anitzeko ordezkaritza organoen bileretan egon behar dutelako, edo unibertsitateko araudian jasotako beste arrazoi bategatik, beste egun eta ordu batean egingo dute kasuan kasuko proba.

Unibertsitatea arduratuko da bilerarik ez jartzeaz azterketa garaian ez aurreko egunetan.

44. artikulua.– Aparteko deialdia.

Aparteko deialdietan, zehaztutako ebaluazio sistema ezin denean bete, sistema bat ezarriko da egiaztatzeko ikasleak zein heinean lortu dituen irakasgaiko ezagutzak eta gaitasunak. Probaka bakarrekoa izan daiteke, eta proba horrek irakasgaiko notaren % 100 lortzeko aukera eman ahalko dio ikasleari, edo ebaluazio sistemaren bidez lortutako emaitzaren batzuekin haztatu ahal izango da. Irakasgaiaren ezaugarri eta edukiengatik irakasgaiaren beste alderdi batzuk gainditu behar badira, zenbait jarduera esaterako, bukaerako probaz gain kontuan hartuko beharko da beste alderdiak gainditu diren ala ez.

45. artikulua.– Ikasketa amaierako aparteko azterketa.

Ikastegi bakoitzak zehaztuko du ikasketa amaierako aparteko azterketari buruzko araudia, baina, gutxien dela, ondokoa ezarriko da ikasketa guztietarako.

a) Ikasketa amaierako aparteko azterketa egiteko eskaria egin ahal izango dute ikasketak amaitzeko gehienez ere 30 kreditu falta dutenek. Ezin izango da aurreratu lehenengo matrikulako krediturik, baina salbuespena da Gradu Amaierako Lana.

b) Ez zaio aurreko paragrafoan zehaztutakoa ezarriko Gradu Amaierako Lanari (edo plan zaharreko Karrera Amaierako Proiektuari) matrikularako eta defentsarako arau bereziak dituelako, eta, era berean, lan hori ez da kontuan hartuko ikasketak amaitzeko ikasleari falta zaizkion kredituak zenbatzean.

c) Azterketa hori matrikularen arabera irakasgai, talde eta deialdiaren ardura daukan irakasleek egingo dute.

46. artikulua.– Ahozko probak eta probak egiteko arauak.

1. Ahozko ebaluazio probak, horrelakorik egiten denean, publikoak izango dira eta ikasleek eskubidea izango du ebaluazio proba grabatzea eskatzeko.

2. Ariketaren batean ikasleak iruzurrik eginez gero, «suspentso» kalifikazioa izango du ariketa horretan, ikasleak izan ditzakeen gainontzeko erantzukizunei kalterik egiteke.

47. artikulua.– 1.– Behin-behineko kalifikazioak argitaratzea.

Irakasleek azken proben behin-behineko kalifikazioak argitaratuko dituzte, ariketa egin eta 12 egun naturaleko epean, eta unibertsitateak eskura jarritako baliabide informatikoak erabilita. Dena dela, nahi izanez gero, iragarki oholetan ere argitaratu ahal izango dituzte, baina horrela eginez gero, ikasleak identifikatzeko NAN zenbakia baino ezin izango da erabili. Azken ebaluaziokoak ez diren proben kasuan, kalifikazioa argitaratzeko 21 egun naturaleko epea egongo da, proba egin edo aurkeztu den egunetik kontatzen hasita. Era batera zein bestera, argi agertu beharko da argitaratze-data, kalifikazioak berrikustea eskatzeko epea ezartzeari begira.

Berrikusketa pertsonala eta banakakoa izango da eta kalifikazioa ipini duen irakasleak edo irakasgaiko koordinatzaileak eman beharreko ahozko azalpen guztiak emango dizkio ikasleari, eta, behar izanez gero, ikasle minusbaliatuen premia espezifikoetara moldatuta. Ebaluazioa epaimahai bidez egin bada, ikasle ebaluatuak eskubidea izango du ariketak epaimahaiaren aurrean berrikusteko.

Edonola ere, uztaileko deialdiko kalifikazio prozesu osoa hilabete horren barruan egin behar da.

Saileko zuzendariak, deialdi bakoitzaren hasieran, arautegian zehaztutako epeak bete egin behar direla gogoraraziko die irakasle guztiei.

2.– Aktak.

Irakasgaiaren aktetan, ikasleak lorturiko behin betiko kalifikazioak agertuko dira. Akta hauek, behar bezala beteta, ikastegiko zuzendaritzara bidaliko ditu irakasleak: idazkari akademikoak irakaslearen sinadura egiaztatu, eta argitara emango ditu kalifikazioak, berehala, UPV/EHUko web orrian (web orria ikasleen eskura egongo da). Dena dela, nahi izanez gero, iragarki oholetan ere argitaratu ahal izango dituzte. Hala eginez gero, ikasleak NAN zenbakiaz bakarrik identifikatuko dira. Aktetan akatsik antzemanez gero, zuzenketa egiteko diligentzia egin eta aktari erantsiko zaio.

Irakasleak sinadura elektronikoa erabili nahi badu eta aktan irakasle arduradun bat baino gehiago badago, ados jarri beharko dira akta sinatu behar duten irakasle guztiak, bestela, ezin izango da erabili aukera hori.

3.– Irakasleek kalifikazioak ez bidaltzea.

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak zehaztapenak bete ez dituzten irakasleen zerrenda bidaliko du kasuan kasuko sailera. Kalifikazioak epearen barruan argitaratzen ez badira, unibertsitateak neurriak hartuko ditu, UPV/EHUko Estatutuei jarraiki. Hori alde batera utzita, ikastegietako zuzendaritzak edo dekanotzak oharra bidali ahalko die eginbehar hori bete ez duten irakasleei. Akta sinatu behar duen irakasleak dena delako arrazoiengatik ezinezkoa badu akta sinatzea, irakasgaiaren ardura daukan sailak ordezko irakasle bat izendatuko du akta sinatzeko, aurreko puntua betetzeari begira.

4.– Ikasle guztiek kalifikazioen doaneko ziurtagiria jaso ahal izango dute, eskatuz gero. Dokumentu horretan jasoko dira ikasleak ikasturte horretan matrikulan izan dituen irakasgaien kalifikazioak, eta ikastegiko idazkaritzak emango du, administratzaileak, ikastegiko koordinatzaileak edo idazkaritzako buruak sinatuta. Dokumentu hori informaziorako baino ez da izango.

48. artikulua.– Kalifikazio sistema bateratua edo epaimahai bidezkoa.

1.– Arautegian jasotakoa eragotzi barik, 1. deialditik 4. deialdira bitartean, irakasgai bateko taldeek irakasle desberdinak dauzkatenean, irakasleok kalifikazio sistema bateratua erabili ahal izango dute. Kasuotan irakasle bakoitzak bere taldeen aktak sinatuko ditu.

2.– Aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, eta kasu berberetarako, ikastegiko arautegian epaimahai bidezko ebaluazio bateratua egiteko aukera jaso ahal izango da 1. , 2., 3. eta 4. deialdirako. Epaimahaikide izango dira irakasgaiko hiru irakasle, edo guztiak. Epaimahaiak baldintza hauek bete beharko ditu:

Epaimahaiak irakasgai bereko taldeetako irakasleek osatuko dituzte. Taldeetako irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gutxiago direnean, epaimahaia osatuko da ikastegian jakintza arlo horretan kategoria handiena eta antzinatasun handiena duen irakaslearekin.

Epaimahaian talde bakoitzeko irakaslea egon beharko da nahitaez.

Irakasgaia ematen duten irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gehiago direnean, honako hauek osatuko dute epaimahaia: taldeko irakasleak, eta, gainontzeko taldeetako irakasleen artetik ikastegian jakintza arlo horretan kategoria handiena eta antzinatasun handiena duten irakasleek, epaimahaia osatu arte.

Kategoria handiena eta arloan (edo bestela, administrazioan) antzinatasun handiena daukan irakaslea izango da epaimahaiko buru. Epaimahaiaren osaera ikasturteko lehen hiruhilekoan argitaratuko da.

Kasu hauetan, bai kalifikazioak (sailetako iragarki oholetan argitaratuko dira) bai aktak, talde bakoitzeko irakasleak eta epaimahaiburuak sinatuko dituzte.

3.– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiko epaimahaiak ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, sailei entzun eta gero. Epaimahaiok hiru irakaslek osatuko dituzte, ahal dela irakasgaiaren jakintza arlokoak eta kontuan izanda irakasgaia zein hizkuntzatan ematen den; probaz gain, epaimahaikideek ikaslearen historiala eta gainerako gorabehera akademikoak hartuko dituzte kontutan. Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarriko da jendaurrean.

4.– Lehenengotik laugarren deialdira bitartean dauden UPV/EHUko ikasleek epaimahai aurreko ebaluazioa eskatu ahal izango dute. Horrelakoetarako osatuko den epaimahaia 5. eta 6. deialdietarako osatutako bera izango da edo 1. eta 4. deialdietarako osaturikoa, ikastegiko arautegian halakorik osatzeko aukera jasota badago. Epaimahai hori berori arituko da aplikatu beharreko arautegian abstentziorako eta kideak arbuiatzeko jaso diren kasuetan.

5.– Desagertze bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik ez dutenean, epaimahai bidez ebaluatuko dira. Bosgarren edo seigarren deialdiko ikasleentzako epaimahaia izendatuta balego (irakaskuntzaren plangintza eta ikasleen ebaluaziorako arauei jarraikiz), epaimahai horrek berorrek kalifikatuko ditu desagertuta dauden irakasgai horien probak, ikaslea edozein deialditan egonda ere.

Epaimahai hori osatuta ez badago, ebaluazio probak ikastegiko batzarrak izendatutako epaimahaiek epaituko dituzte, irakasgaia ematen zuten sailen iritzia entzunda. Epaimahaiok saileko hiru irakasleek osatuko dituzte, betiere, kontuan hartuta irakasgaia elebitan ematen zen edo ez.

6.– Epaimahaiak hartutako erabakiaren kontra erreklamazioak jarri ahal izango da, 49.2.b) artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki. Ebaluazio proba epaimahaiak berrikusiko du halakoetan.

Azterketa berrikusteko/erreklamaziorako prozedura.

49. artikulua.– Honako prozedura hau beteko da:

a) Behin-behineko kalifikazioak argitaratzea, eta irakasgaiko irakasle arduradunarekin edo koordinatzailearekin kalifikazioa berrikustea.

Behin-behineko kalifikazioa argitaratzean, kalifikazioa irakasgaiko irakasle arduradunarekin edo koordinatzailearekin berrikusteko tokia, eguna eta ordua zehaztu beharko da; berrikuspenerako epea, bestalde, gutxienez hiru egun naturalekoa eta gehienez seikoa izango da. Kalifikazioa berrikusten denean, ikasleak bertan egoteko eskubidea izango du; berrikuspenak banan-banan egingo dira eta pertsonalak izango dira. Ikaslea ezin bada joan berrikuspenera arrazoi akademikoengatik edo behar bezala justifikatutako arrazoi pertsonal larriengatik, beste egun batean egiteko eskubidea izango du. Egun hori irakaslearekin adostu beharko du, gorago aipatu den epearen barruan. Azterketak berrikusteko epea amaituta, irakasleak akta ofizialak sinatuko ditu hiru egun naturaleko epean eta ikastegiak berehala argitaratuko ditu.

b) Sailari erreklamazioa aurkeztea.

Ikaslea ez badago ados berrikuspenarekin, erreklamazio idatzia aurkeztu ahal izango dio saileko zuzendariari sei egun naturaleko epean, aktak argitaratu ziren egunetik hasita.

Xede horretarako izendatutako batzordeak – ezin izango dira kide izan aurreko ebaluazio prozesuan esku hartu duten irakasleak erreklamazioa aztertuko du eta, taldeko irakaslearen iritzia entzun ondoren eta egoki iritzitako ekintzak egin ostean, eta ikasleari entzun eta gero, erreklamazioari buruzko erabaki arrazoitua hartuko du. Erabakia gehienez ere zortzi egun naturaleko epean hartu beharko du batzordeak, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita, eta horren berri emango dei ikasleari, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkaritzari, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan; behar izanez gero, aldatuko egingo da akta, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

Sailak gutxien dela batzorde bat osatuko du jakintza arlo bakoitzerako xede izango duena behin betiko kalifikazioak zuzendu eta berrikusteko jarritako erreklamazioak ebaztea. Batzorde hori hiru irakaslek osatuko dute eta ikastegiko Ikasleen Kontseiluko buruak, eta titularrez gain, ordezkoak ere izendatu beharko dira. Ezin izango da batzordeko kide izan erreklamatutako azterketa zuzendu eta lehenengo kalifikazioa jarri duen irakaslerik. Batzordeburua irakasle iraunkor bat izan behar da. Batzordeak kalifikazioa aldatzea erabakiz gero, kalifikazio berria zehazteko bozketa egingo da batzordean edo, bestela, batez bestekoa egingo da.

c) Ikastegiari erreklamazioa aurkeztea.

Ikaslea ez badago ados sailari aurkeztutako erreklamazioaren inguruan hartutako erabakiarekin, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio, idatziz, ikastegiko dekano edo zuzendariari, lau egun naturaleko epean (bermatu egin beharko da epea hori, gutxien dela, bi lanegunekoa dela).

Ikastegi bakoitzean batzorde bat eratuko da, gutxienez honakoek osatua: batzordeko burua, idazkari bat eta irakasle bat. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da.

Batzorde horrek, hamar egun naturaleko epean gehienez ere eta behar diren txostenak eskatu ondoren, kasua aztertu eta erabaki arrazoitua hartuko du. Ikasleari eta saileko zuzendariari jakinaraziko diote erabakia, eta zuzendariak, berriz, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkariari helaraziko die, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan. Hala behar izanez gero, aldatu egingo dute akta, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez. Ezin izango dira izan batzordeko kide ikaslearen kalifikazioan parte hartu duten irakasleak.

Irakasgaitzat hartzen diren karrera amaierako proiektuen edo gradu amaierako lanen kasuan berrikuspena 49.2 artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki egingo da.

Hala ere, karrera amaierako proiektuak edo gradu amaierako lanak aztertzen dituzten epaimahaietan sailetik kanpoko osakideak ere egoten direnez, berrikuspena epaimahaiak egingo du, eta erreklamazioa, lehendabizi, ikastegi batzarraren batzorde eskudunari aurkeztuko zaio.

d) Gorako errekurtsoa.

Ikastegiko batzarraren erabakiaren aurka interesatuak gorako errekurtsoa jarri ahal izango dio errektoreari, jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean. Honek, sailean hartarako osaturiko batzordearen eta ikastegiko batzarraren txostenak ikusirik eta beharrezko dituen aholkuak jasorik, erabakia emango du, eta erabaki horrek amaiera emango dio administrazio bideari.

e) Beste proba bat egitea.

Ikasleak beste proba bat egiteko eskubidea izango du honakoetan:

1.– Azken kalifikazioa jartzeko proba edo probaren zati bat programan ageri ez ziren gaien ingurukoa izan bada edo, programan agertu arren, irakasleak landu ez zituen gaien ingurukoa.

2.– Ezinbestez, baldintza fisiko edo bestelakoengatik, ikasle taldeak ezin izan badu proba normaltasunez egin. Horrelakoetan, irakasleak, atxikita dagoen sailaren oniritziarekin eta ikastegiarekin koordinatuta, egoera aztertuko du eta, behar izanez gero, probak egiteko beste egun bat izendatuko du, har ditzakeen bestelako neurri bereziak baztertu gabe.

3.– Irakasleak venia docendi-rik ez badu.

4.– Probak egin aurretik ikasleek ezagutzen ez zuten ebaluazio sistema erabili badu irakasleak.

5.– Ikastegiko erreklamazio batzordeak hala erabakitzen duenean, azterketaren emaitzak anormalak iruditzen zaizkiolako, suspentsoen kopuru askoz ere handiagoa egon delako arrazoiz espero zitekeena baino gehiago irizpide akademikoak kontuan hartuta, hots, titulazioaren testuingurua eta kasuan kasuko irakasgaiak aintzat izanik.

50. artikulua.– 1.– Ikastegiko zuzendaritza edo dekanotzak ebaluazio proba bakoitza zein ordu eta ikasgelatan egingo den jakinarazi beharko du, gutxienik, proba hasi baino hilabetea lehenago.

Azterketen datak arrazoi justifikatuengatik aldatzeko proposamenak sailak egingo ditu, eta dekanoak/zuzendariak onartu, ikastegiko ikasleen kontseiluaren iritzia entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiaren web gunean eta iragarki oholean, betiere aldatutako ebaluazio proba egin baino 15 egun natural lehenago, gutxien dela.

2.– Enborreko edo nahitaezko irakasgai biren azterketen datak batera gertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, bien artean maila goragokoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute beste data bat.

3.– Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio proba egun berean izanez gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da, baldin eta ikasleak hala eskatuko balu.

4.– Egun berean gai bat baino gehiago suertatuz gero, ikasleak ebaluazio proba eguna baino gutxienez 15 egun lehenago eskatu beharko dio irakasleari data aldatzeko.

5.– Ebaluazioko bi ariketa batera direla ulertuko da irakasgaiak maila berekoak izanik hogeita lau ordu baino gutxiagoko tartearekin direnean; edo maila desberdinekoak direnean, biak egun berean eta lau ordu baino gutxiagoko tartearekin direnean.

51. artikulua.– 1.– Praktiken memoriak eta lanak aurkezteko data ikasleekin hitzartuko dute irakasleek lanok agintzeko momentuan. Edozelan ere, lanok ebaluatzeko ezarritako datak behar besteko denboraz jarri beharko dira, ikasleak berme guztiekin erabili ahal izan dezan ebaluazio proba egiteko eskubidea.

2.– Euskarri material bakarra duten praktika lan eta memoriak irakasleak gordeko ditu hurrengo ikasturtea amaitu arte. Epe hori igarota, lanok ikasleei itzuliko zaizkie, baldin eta ikasleak eskaria egin badu eta horren inguruko errekurtsorik ebazteke ez badago. Epe hori behin igarota ikasleak lana edo memoria berreskuratzeko eskaririk egin ez badu edo adierazitako epean hartzera joan ez bada, suntsitu egin ahalko da.

Lanok berriz argitaratu edo erreproduzitzeko, osorik edo zati batean, edo beste edozertarako erabiltzeko, ezinbestekoa izango da egilearen baimen ageria.

3.– Ikastegi bakoitzak karrera amaierako proiektu edo lanak egiteko indarrean daukan arautegia ikastegiaren web gunean argitaratu beharko da.

52. artikulua.– Ebaluazioa hezkuntzara begirakoa izango da eta ikasleari informazio eta orientazio egokia eskaini beharko dio gaitasunen jabetze mailaren inguruan eta ikaskuntza prozesua hobetzeko iradokitzen diren hobekuntzak adieraziko. Ebaluazio proba egin ondoren, saileko irakasleek ebaluazio probako galderen erantzun zuzenak jakinaraziko dituzte, ikasleek ahalik eta etekin handiena atera dezaten egindako probetatik.

53. artikulua.– 1.– Ikasketen egitura, garapen edo ebaluazioaren inguruan jar litezkeen salaketak zuzendari edo dekanoen aurrean aurkeztuko dira eta haiek organo eskudunei bideratuko dizkiete, hartu beharreko neurriak har ditzaten.

2.– Zuzendari edo dekanoaren eta ikastegiko batzarraren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio errektoreari, eta errektorearen erabakiek agortu egingo dute administrazio bidea.

3.– UPV/EHUko titulazioetako irakasgairen batean lortutako emaitzak ez ohikoak direla susmatuz gero, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak aztertu egingo ditu emaitzok eta behar diren neurriak hartuko ditu ikasleen emaitzak emaitza orokorretatik desbideratzen direla ikusiz gero. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari eman beharko zaio hartzen diren neurrien berri.

54. artikulua.– Ebaluazio probak eta ahozko proben grabazioak (halakorik egonez gero), gutxien dela hurrengo ikasturtea amaitu arte gorde beharko dira; hala ere, errekurtsorik badago jarrita, errekurtsoa ebatzi arte gorde beharko dira. Ikastegiak ezarriko ditu proba horiek gordetzeari buruzko arauak.

55. artikulua.– Abuztua baliorik gabea izango da epeak zenbatzeko eta azterketak egiteko.

Epaimahai berezia.

56. artikulua.– 1.– UPV/EHUko ikastegi guztiek izango dute epaimahai berezia. Epaimahaiburua ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da, baina dekanotza edo zuzendaritza taldeko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.

2.– Epaimahaiburuaz gain, ikastegiko idazkariak epaimahaiko idazkari lanak egingo ditu; idazkariak, hitza izango du baina ez botorik. Epaimahaian, epaimahaiburu eta idazkariarekin batera, ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza arlo desberdinetakoak izango dira, eta ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina ez botorik. Jakintza arlo bateko ordezkaria joan ezin bada epaimahai bereziaren bilerara, beste arlo bateko irakasle batek ordezkatu ahalko du, baina ikastegiko dekano edo zuzendariak horren berri jaso beharko du epaimahaiaren aktari erantsiko zaion agiri baten bitartez.

3.– Titulazio bat baino gehiago irakasten duten ikastegiek epaimahai bana eratu ahal izango dute ikasketa bakoitzerako, baldin eta ikastegiko batzarrak hori erabakitzen badu.

4.– Era berean, Epaimahai Berezi Nagusia osatuko da: errektoreak izendatutako pertsona izango da burua, eta horrez gain bost irakasle izango ditu, zientziaren arlo bakoitzetik bat; epaimahaikideak Gobernu Kontseiluak proposatu eta berretsiko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan.

Epaimahai Berezi Nagusiak ikasturtez ikasturte irizpide berberei eusten diela bermatzeko, kideetako bik epaimahaian jarraituko dute hurrengo ikasturtean, eta gainontzekoek ikasturtea amaitzean utziko diote kide izateari.

Akademia antolakuntzako eskumenak dituen errektoreordetzako legelaria edo haren ordezkoa izango da epaimahaiko idazkaria; hitza izango du, baina ez botorik. Epaimahai Berezi Nagusiko kideren batek kasuan kasuko ikastegiko epaimahai berezian jardun badu, ordezkoa izendatu beharko da. Epaimahai honen bileretara Unibertsitateko Ikasle Kontseiluko burua edo eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina ez botorik.

5.– Epaimahai horrek ebatziko ditu ikastegietako epaimahai berezien erabakien kontra jarritako erreklamazioak.

57. artikulua.– 1.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute ikasturte bakoitzeko irailean eta martxoan. Eskaria egiteko azken eguna hilaren 15a izango da kasu bietan. Ikastegietako epaimahai bereziek irailaren 30a edo martxoaren 31 baino lehen hartu beharko dute erabakia, hurrenez hurren.

2.– Erreklamazioak urte bakoitzeko apirilaren edo urriaren 10a baino lehen (deialdiaren arabera) aurkeztu beharko zaizkio Epaimahai Berezi Nagusiari, eta hil beraren 30a baino lehen ebatzi beharko ditu. Erreklamazioa behin ebatzita, eta ikaslea ados ez badago, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio ikasleen arloko eskumenak dituen errektoreordeari. Hilabeteko epea izango du horretarako, Epaimahai Berezi Nagusiak bere erabakia jakinarazten duenetik hasita.

3.– Aipatutako epeak gorabehera, bermatu egin beharko da, beti, ikasleak gutxien dela hiru egun balioduneko epea daukala erreklamazioa edo errekurtsoa jartzeko, kasuan kasuko epaimahai bereziak hartutako erabakiaren jakinarazpena hartu eta biharamunetik kontatzen hasita.

58. artikulua.– 1.– Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko, ikasleek nahitaez egon behar dute matrikulatuta 2015-2016 ikasturtean.

2.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute, egokitzat hartzen dituzten alegazioetan oinarrituta –baldin eta ez badituzte agortu irakasgaiaren deialdi guztiak– honako kasuotan:

Titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango du ikasleak, gehienera, baldin eta titulazioan ebaluazio bereziaren bidez gainditu daitezkeen kredituen % 85 gainditu badu. Salbuespena izango da irakasgai bakarrak titulazioko ECTS kredituen % 6 baino gehiago baditu: horrelakoetan irakasgairako epaimahai berezia eskatu ahal izango du.

Ebaluazio berezia eskatzen duten ikasleek behintzat hiru deialdi izan beharko dituzte erabilita irakasgai horietan, eta baten batean gutxienez 3 puntu lortuta izan.

Inola ere ezin ezingo da eskatu ebaluazio berezia karrera amaierako proiektu edo lanerako eta practicumerako.

59. artikulua.– 1.– Epaimahai berezia balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdiak bertan egotea. Dena dela, epaimahaiburua eta idazkaria, edo ordezkoak, beti egon beharko dira.

2.– Erabakia ez bada hartu aho batez eta berdinketa gertatu bada, epaimahaiburuaren kalitateko botoak izango du lehentasuna.

3.– Idazkariak bileraren akta egingo du, kasu bakoitzean hartutako erabaki arrazoitua jasota. Erabakia eskariaren aldekoa edo kontrakoa besterik ezin izango da izan.

4.– Akta prozeduran interesatuak diren guztiei helaraziko zaie.

Epaimahai bereziak eskari egileari helaraziko dion erabakian zehatz jasota egon beharko dira arrazoiak.

60. artikulua.– 1.– Eskaera aztertu baino lehenago, iritzia emateko eskatuko dio ikastegiko epaimahai bereziko buruak irakasgaiaren ardura duen sailari. Iritzi hori idatziz bidali beharko du sailak, arrazoiak emanda, hamar egun naturaleko epean. Epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgai bati buruz egin bada eskaria, ikastegiko dekano edo zuzendariak ordezkoa izendatuko du.

2.– Erabakia hartzerakoan epaimahaiak ikaslearen espediente osoa hartu beharko du kontuan.

61. artikulua.– 1.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematea erabaki badu, epaimahaiko idazkariak jakinaren gainean jarriko du ikaslea matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaria. Idazkariak «5,0 - Ebaluazio bereziaz gaindituta» nota sartuko du ikaslearen espedientean.

2.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematen badu, ikasleak deialdi bat gastatuko du. Epaimahai bereziak ez badu ematen irakasgaia gainditutzat, ikasleak ez du deialdi hori agortuko.

3.– Espedientea barematzerakoan, ebaluazio bereziaz gainditutako irakasgaiaren balioa 5,0 izango da.

4.– Espediente akademikoan jasota ageriko da ebaluazio bereziaz gainditu dela irakasgaia, eta data, epaimahaiaren erabakiarena izango da.

V. KAPITULUA
EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK
EGOKITZAPENAK (PLAN ZAHARRETIK PLAN BERRIRA ALDATZEA)

62. artikulua.– 1.– Espedienteak ikasketa plan betetik bestera egokitzeko, taula batzuen bidez egingo da. Taulotan jasota egongo dira aurreko ikasketa-planean gainditutako irakasgaiengatik ikasketa-plan berrian ikasleak egokiturik (gainditurik) izango dituen irakasgaiak. Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean.

2.– Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango da inola ere irakasgaien zatiak egokitu.

3.– Desagertze bidean dagoen plan batetik plan berrira egindako egokitzapenak ez dio kosturik ekarriko ikasleari.

4.– Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu barik zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan. Edozelan ere, iraunkortasun arauetan jasotakoari jarraituz ikasleak ezin badu plan zaharreko ikasketetan jarraitu, ezin izango ditu bere ikasketak plan berrira egokitu.

5.– Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berdinen artean egingo da beti. Hala ere, gerta daiteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Horrelakoetan, matrikula egitean erabaki beharko du ikasleak titulazio berri horietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.

6.– Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:

a) Aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleentzat.

1.– Titulazioa irakasten duen ikastegiak zehaztuko du egutegia.

2.– Ikasle talde hori 27.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera ordenatuko da. Matrikula zein egun eta ordutan egin behar duten jakiteko, unibertsitateko web orrian begiratu beharko dute.

3.– Egokitzapena prozesu nekeza da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin egokitzapena egitea eskatuz gero, ikasleak ezin izango du atzera egin.

4.– Askotan, automatrikula egiteko egunean, ikasleak kalifikatu barik izango ditu irakasgai batzuk. Beraz, une horretan egiten den egokitzapena behin-behinekoa izango da, eta modu automatikoan eguneratuko da ikasleak irakasgai guztiak kalifikatuta dituenean.

5.– Aurreko planean kredituak baliokidetzen bidez aitortuta dauzkaten ikasleek berriro aitortzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Onarpen hori ikasketa plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko baliozkotze batzordeak ebazten duenaren arabera egingo da.

b) Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleentzat.

Ikasleok matrikularako hitzordurik izango ez dutenez, ikastegiko idazkaritzara joan beharko dira 28. artikuluan adierazitako datetan eta ikasketa plan berrira egokitzeko eskaria egin.

Egokitzapena eska dezaketen ikasleak.

63. artikulua.– Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Aitortzeko Arautegiak (Gobernu Kontseiluak 2012-05-16ko bileran onartuak), 2. xedapen gehigarrian 1393/2007 EDren aurreko ikasketa planen egokitzapenaz dioenaren arabera, graduko ikasketen aurreko planak indarrean dauden bitartean, aurretik araututako ikasketak egiten ari diren ikasleek, ikasketa horiek desagertu aurretik eta matrikula egiterakoan, ikasten ari diren titulazioa ordezkatuko duen graduko titulaziora aldatzea eska dezakete, egokitzapen automatikorako prozedurari helduz. Prozedura horretan jaso beharko dira egungo UPV/EHUko titulazioak ordezkatuko dituzten graduko ikasketa plan berrien proposamenak, 1393/2007 EDko I. eranskineko 10. atalean ezarritakoarekin bat.

Oro har, 1393/2007 EDren aurreko ikasketa planak ikasturtez ikasturte desagertuko dira. Behin maila guztiak desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan ebaluazio probarako lau deialdi egingo dira. Ikasleak goian aipatu diren deialdiak azterketa gainditu gabe agortu baditu (deialdirik izan badute UPV/EHUn ikasten jarraitzeko arauei jarraikiz), eta ikasketekin jarraitu nahi badu, ikasketa plan berrian sartu beharko da, ikasketak egokituta edo kredituak aitortzeko prozedurari jarraituta.

1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko ikasketa planetako baliozkotzeak.

64. artikulua.– 1.– Baliozkotze eskariak ikastegietako idazkaritzetan egingo dira, horretarako zehaztutako epeetan eta onartuko den prozedurari jarraiki. Ikastegi bakoitzeko baliozkotze batzordeak edo haren baliokideak ebatziko ditu abenduaren 1a baino lehen, arrazoiak azalduta.

2.– Erabaki horien kontrako errekurtsoak UPV/EHUko errektoreari aurkeztuko zaizkio, berak ebatz ditzan.

3.– Titulazio bat bertan behera utzi eta gero beste bide batetik titulazio berberera sartzen diren ikasleek baliozkotuta izango dituzte lehen aldiz sartzean gainditu zituzten gaiak.

4.– Ikasleak beste unibertsitate batean egindako aukera askeko kredituak baliozkotu edo egokituko egingo zaizkio, jatorrizko titulazioa desberdina edo berbera den kontuan hartuta.

1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko ikasketa planetako kredituak baliokidetzaz aitortzea.

65. artikulua.– 1.– Ikasketa planean zehaztuta badago, kreditutzat hartu ahal izango dira titulazioko ikasketak egin bitartean enpresetan egindako praktikak, irakasle batek zuzendutako lan profesionalak, nazioarteko hitzarmen babesean egindako ikasketak, hizkuntzak eta beste jarduera batzuk. Kredituok balio akademikoa izan dezaten, ikastegi bakoitzeko baliozkotze batzordeak baimena eman beharko du, eta irakasle arduradun bat izendatu; horrez gain, ikasleak kreditu horietarako matrikula egin beharko du, eta dagokiona ordaindu.

2.– Enpresetan egindako praktikekin kredituak amortizatu ahal izateko, baliozkotze batzordeak ez ezik, irakasle arduradunak ere onartu beharko ditu aldez aurretik.

3.– Ikasleak ikastegiko dekanoari/zuzendariari zuzenduko dio kredituak aitortzeko eskaria.

4.– Eskariei buruzko erabakia ikastegiko baliozkotze batzordeak emango du, gehienez ere hilabeteko epean; erabakia eman aurretik irakasle arduradunaren iritzia entzungo du. Erabakian honakoak zehaztu beharko ditu:

a) Aitortutako kreditu kopurua.

b) Kreditu mota: enborrekoa, nahitaezkoa, hautazkoa edo aukera askekoa.

c) Zein ziklo eta ikasturteri esleituko zaizkion.

d) Enborreko edo nahitaezko kredituak onartuz gero, ikasketa planeko zein irakasgai amortizatuko diren erabaki beharko da.

5.– Kreditu hauek ez dira kreditu teoriko eta praktikoetan banatuko: denak batera aitortuko dira.

6.– Ikasleari erabakiaren berri emango zaio, eta hark onartu zaizkion kreditu edo irakasgaietan matrikulatu eta ordaindu beharko ditu.

7.– Ikasleak aukera askeko kredituak amortizatzeagatik ordaindu beharreko zenbateko bera ordaindu beharko du titulazioko kredituengatik, prezio publikoei buruzko aginduan bestelakorik zehaztu ezean.

8.– Aitortutako kredituek ez dute kalifikaziorik izango, ez eta izen jakinik ere.

Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzea.

66. artikulua.– Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzeko, kontuan hartuko da Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitu eta Aitortzeko Arautegian xedatutakoa (Gobernu Kontseiluak onartua 2012-05-16an), edo, halakorik gertatuz gero, arautegi hori ordezkatuko duenean xedatutakoa.

VI. KAPITULUA
PRACTICUMA, PRAKTIKA GIDATUAK ETA KARRERA AMAIERAKO PROIEKTUAK

Karrera amaierako proiektuetarako eta gradu amaierako lanetarako matrikula eta ebaluazio probarako deialdiak.

67. artikulua.– Practicuma, praktika gidatu edo integratuak, egonaldiak edo karrera amaierako proiektuak dira ikasleek lan mundua ezagutzeko unibertsitateko ikastegietan edo unibertsitatearekin hitzarmena duten guneetan egiten dituzten praktiken multzoa. Praktika horiek enborrekoak edo nahitaezkoak dira, hau da, ikasleak ezinbestez egin behar dituenak titulazioa lortzeko. Hori dela eta, unibertsitateak bermatu egin behar du ikasle guztiek horrelakoak egiteko aukera izatea.

Honako arautegi honetan xedatutakoaz gain, UPV/EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoen araudiari eta Gradu Amaierako Lana Egin eta Defendatzeko arautegiari jarraitu beharko zaie.

68. artikulua.– Ikastegi bakoitzak zehaztuko du zein epetan egin beharko den karrera amaierako proiekturako edo gradu amaierako laneko matrikula, bai eta proiektua aurkeztu eta defendatzeko datak ere. Era berean, ikastegi bakoitzak ezarriko du, bere arautegiaren bidez, karrera amaierako epaimahaiaren (gradu amaierako lanerakoaren) osaera, betiere, kontuan izanda bermatuta egon behar dela ebaluazio epaimahaiak bi hizkuntza ofizialetakoak izango direla; guztia Gradu Amaierako Lana Osatu eta Defentsarako Arautegian ezarritakoari kalterik egiteke.

Azken kalifikazioa karrera amaierako proiektua daukaten titulazioetan.

69. artikulua.– 1.– Ikasketa planaren arabera titulazioa lortzeko nahitaezkoa bada Karrera Amaierako Proiektua egitea, planean zehaztuta egon beharko dira «karrera amaierako nota» lortzeko irizpideak. Izan ere, titulu ofizialaren atzeko aldean nota hori jarri beharko da.

2.– Titulazio bat ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, irizpide berak erabili beharko dituzte guztiek karrera amaierako nota kalkulatzeko.

VII. KAPITULUA
SARI BEREZIAK

70. artikulua.– Lehenengo eta bigarren zikloko edo graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak.

1. atala.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak (Graduko Batzordeak, eskuordetzaz), gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2. atala.– Karrera amaierako sari berezia jasotzeko hautagai izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofizialeko ikasketak amaitu dituzten lehen eta bigarren zikloko edo graduko ikasleak.

3. atala.– Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak/zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4. atala.– Ikastegi bakoitzeko batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura; eta prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du. Gutxienez unibertsitateko hiru irakaslek osatuko dute, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetakoak. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo artikuluan zehazten den legez.

5. atala.– Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

1.– Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak, eta bigarren zikloa besterik ez duten titulazioen kasuan, ez da hartuko kontuan jatorrizko lehen zikloko espediente akademikoa. Ikastegiko batzarrak egoki deritzen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.

2.– Ikasketa planean Karrera Amaierako Proiektua daukaten titulazioetan, ikastegiko batzarrak erabakiko du zelan baloratzen duen. Era berean, ikastegiak erabaki ahal izango du noiz jotzen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.

3.– Espediente akademikoa baloratzeko, ekainaren 10eko 1267/1994 Errege Dekretuko (ekainaren 10eko EBO) I. eranskineko, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuko (irailaren 18ko EBO) irizpideak eta baliokidetzak aplikatuko dira, edo une horretan indarrean dagoen arautegia.

4.– Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta ikastegiko batzarrak ezarritako irizpideei jarraiki, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Edozein kasutan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6. atala.– Saridunari egiaztagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota.

7. atala.– Diplomaturen eta lizentziaturen kasuan, titulu ofizialean ere jasoko da horren aipamena, eta ikasle sarituak ez du prezio publikorik ordaindu beharko titulua jasotzeko.

Diplomatuak edo lizentziatuak titulua eskatuta baldin bazeukan sari berezia jaso baino lehen, berak eskaria eginez gero, sariaren aipua jasoko da tituluan eta titulu ofiziala eskuratzeko ordaindutako dirua itzuliko zaio.

7. atalean zehaztutakoa ez zaie ezarriko graduko titulua dutenei, aurrerago, beste xedapenen batean, bestelakorik zehaztu ezean.

VIII. KAPITULUA
SALBUESPENEZKO DEIALDIA (GRAZIAKOA)

71. artikulua.– Salbuespenezko deialdietarako eskariak honako irizpide hauen arabera ebatziko dira:

a) Ziklo bakarreko titulazioetan gehien dela salbuespenezko deialdi bat emango da, eta bi zikloko titulazioetan, berriz, deialdi bi, ziklo bakoitzeko bat eta inoiz ere biak ziklo berean. Graduko ikasketetan, salbuespenezko bi deialdi emango dira.

b) Ikasleak gehienez hiru irakasgai izan ditzake gainditzeke salbuespenezko deialdiaz gainditu nahi duen irakasgaiaren zikloan. Kreditutan egituraturiko ikasketa planetan, berriz, ziklo bakoitzean gehienez 36 kreditu izan ditzake gainditzeke. Graduko ikasketetan, ikasleei salbuespenezko deialdia eman ahal izango zaie 1. eta 2. mailako irakasgaietarako, baldin eta gehienez ere maila horietako 30 kreditu badituzte gainditzeke. Salbuespenezko deialdia 3. eta 4. mailako irakasgaietarako eman ahal izateko, ikasleek gehienez ere graduko 60 kreditu izan behar dituzte gainditzeke.

c) Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak –UPV/EHUko errektoreak eskumenak eskuordetuta– salbuespenezko deialdi bat eman ahal izango dio ikasleari, haren espedientea eta goiko ataletan sartzen ez diren bestelako xehetasunak kontuan hartuta, betiere, behar bezala justifikatuta egonez gero.

d) Ikasleak aukera dezake salbuespenezko deialdia zein deialditan erabiliko duen, eta ikastegiko idazkaritzari jakinarazi beharko dio matrikula egiterakoan.

IX. KAPITULUA
ESKOLA EGUTEGIA

72. artikulua.– Ondokoa da UPV/EHUren oinarrizko eskola egutegia 2015-2016 ikasturterako (gradua eta bigarren zikloa):

– Ikasturtearen hasiera: 2015eko irailaren 9an.

– Lehenengo lauhilekoa: 2015eko irailaren 9tik abenduaren 22ra arte (biak barne).

– Neguko oporrak: 2015eko abenduaren 23tik 2016ko urtarrilaren 6ra (biak barne).

– Lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia: 2016ko urtarrilaren 8tik 22ra (biak barne).

– Bigarren lauhilekoa 2016ko urtarrilaren 25etik maiatzaren 17ra (biak barne).

– Udaberriko oporrak: 2016ko martxoaren 24tik, osteguna, apirilaren 3ra, igandea (biak barne).

– Bigarren lauhilekoko ohiko deialdia: 2016ko maiatzaren 18tik ekainaren 3ra (biak barne).

– Ezohiko deialdia: 2016ko ekainaren 17tik uztailaren 8ra (biak barne).

Beste jaiegun batzuk.

Horrez gain, honakoak ere jaiegun izango dira: ikastegi bakoitzeko zaindariaren eguna, udalerriko jaieguna, Eusko Jaurlaritzak Autonomia Erkidegorako zehaztutakoak eta UPV/EHUren lan egutegian zehaztutakoak.

Ikastegiek oinarrizko egutegi honen arabera onartuko dute beren egutegi akademikoa, dekanotzaren/zuzendaritzaren proposamenari jarraituz ikastegiko batzarrak onartutako egoera berezietan izan ezik. Hala ere, behar bezala arrazoituta halako aldaketarik eginez gero, horren berri eman beharko diote Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzari, eta ontzat eman beharko ditu Graduko Batzordeak.

X. KAPITULUA
INDARRALDIA ETA ESKUMENAK ESKUORDETZEA

73. artikulua.– 1.– Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau garatzeko xedez arau osagarriak eman ditzan eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearen proposamenari jarraituz.

2.– Araudi hau 2015-2016 ikasturtean jarriko da indarrean.

3.– Araudi hau nahitaez bete beharko dute UPV/EHUri atxikitako ikastegi guztiek.

4.– Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeari ematen zaio araudi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala