Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2015eko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1334

AGINDUA, 2015eko martxoaren 12koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda aldatzen duena.

Herrizaingo sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda onartu zen. Agindu hori behin baino gehiagotan aldatu izan da; izan ere, lanpostuak egokitu behar izan dira egun hartatik hona sailaren barruan izan diren hainbat antolaeraren ondorioz egitura aldatu behar izan denean.

Segurtasun sailburuaren 2013ko azaroaren 20ko Aginduak, Ertzaintzaren egitura onartu zuenak (EHAA, 233. zk., abenduaren 9koa), berekin ekarri zuen onartzea Segurtasuneko sailburuaren 2013ko azaroaren 20ko Agindua, Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda aldatzeari buruzkoa (EHAA, 234. zk., abenduaren 10ekoa). Ondoren, azken agindu hori Segurtasuneko sailburuaren 2014ko apirilaren 25eko Aginduaren bidez aldatu zen (EHAA, 79. zk., 2014ko apirilaren 29koa). Horrek guztiak aurrerapauso handia ekarri zuen, Ortzimuga 2016 deritzon plan estrategikoaren gidalerroak betetze aldera.

Agindu honen xedea da antolaketa eraldatzeko prozesu hori bukatzea eta honako helburu hauek betetzea:

Lehenik eta behin, lanpostu-zerrendaren definizioa beteko da; izan ere, lanpostu-zerrendan agertzen dira hurrenkeran jarrita Ertzaintzako lanpostu guztiak. Horrenbestez, ekintza-unitateak beren zereginak egiteko benetan behar den kopuruaz hornituko dira.

Bigarrenik, gutxieneko iraute denborak egokitu eta 8 urtean bateratuko dira, bertan jarduteak prestakuntza eta gaikuntzako ezaugarri bereziak eskatzen dituenez, iraute denbora nahitaezkoa den lanpostuetan. Halaber, Babes eta Segurtasun, Esku-hartze, Brigada Mugikor eta Zaintza eta Erreskate unitateetan gehieneko iraute denbora zehatza ezarriko da, egin behar diren zereginen ezaugarri bereziek eraginda, bertan jarduteak gaitasun psikologiko eta fisiko zehatza exijitzen baitu, eta ondorioz lanpostu horietan gehienez emango den denbora mugatzea gomendagarria da.

Hirugarrenik, Ikerketa proiektua sendotzearren, Ikerketako Lurralde Zerbitzuetako zuzkiduren kopurua handitu da, ikerketak ongi gauzatu daitezen zuzenean egin beharreko ikuskapen-prozesuak modu hurbilean eta eraginkorrean egiteko.

Laugarrenik, Zarautz-Azkoitia, Tolosa-Beasain eta Bergara-Zumarragako ertzain-etxeei eragiten dien Urola-Kosta, Oria eta Deba-Urolako kudeaketa partekatuaren proiektuak, hurrenez hurren, finkatze aldera, lanpostu-zerrenda honetan gauzatu dira unitateetan elkarrekin jarduteko beharrezkoak diren aldaketak.

Bukatzeko, derrigortasun-data zuten zuzkidura batzuk amortizatu direnez edo beste zuzkidura batzuen derrigortasun-datak kendu direnez, data horien berresleipena egin da eta, kasu bakoitzari dagokion eran, lanpostu sortu berriei edo aldatu diren lanpostuei Ertzaintzaren 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaie. Halaber, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete behar dituzten lanpostuen zuzkidura berriak gorde dira; hain zuzen, egoera hori aitortu zaien beste funtzionario batzuen egoera konpontze aldera.

Horrenbestez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ertzaintzaren Kontseiluak emandako txostena jasota, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 103. artikuluan aurreikusitako mahaian negoziatu ondoren, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ezabatu egiten dira I. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuak eta zuzkidurak.

2. artikulua.– II. eranskinean jasota dauden lanpostuak sortu eta zuzkidurak gehitu egiten dira.

3. artikulua.– Onartu egiten dira III. eranskinean aipatzen diren lanpostu-zerrendan egindako aldaketak.

4. artikulua.– IV. eranskinean aipatzen diren lanpostuei edo zuzkidurei hizkuntza-eskakizunak berrikusi eta 1. hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-datak kendu eta esleitu egiten zaizkie.

5. artikulua.– V. eranskinean Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda osoa jasotzen da, oraingo honetan egindako aldaketa guztien ondoriozkoa.

6. artikulua.– Gutxieneko iraute denbora, edo gutxieneko eta gehieneko iraute denbora, duten lanpostuetan, iraute denbora horiek zenbatzen hasiko dira funtzionarioak okupatzen duen lanposturako eskatutako espezialitatea egiaztatuta duenetik aurrera.

7. artikulua.– Gehieneko iraute denbora ezarrita duten lanpostuak behin betiko atxikipenaz betetzen dituzten funtzionarioek, gehieneko denbora hori bukatutakoan, atxikita zeuden lanpostua utziko dute, gehieneko iraupena bukatu baita.

8. artikulua.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez, arautu egingo dira lanpostuan jarduteko beharrezkoak diren egokitasun-baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko ertzainek gainditu beharko dituzten probak.

9. artikulua.– Agindu honen eraginetarako datan, Babes eta Segurtasun, Esku-hartze, Zaintza eta Erreskate eta Brigada Mugikorreko unitateetan behin betiko atxikipenaz lanpostuak okupatzen dituzten funtzionarioek, lanpostu horiei gehieneko iraute denbora ezarri baldin bazaie, lanpostuok okupatzen jarrai dezakete, gehieneko iraute denbora gaindituta, horretarako deituko diren probak gainditzen ez dituztenean izan ezik. Proba horiek agindu honen 8. artikuluan adierazitako Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez finkatuko dira.

10. artikulua.– Agindu honetan ezarritakoaz bestelako gutxieneko iraute denbora ezarrita duen lanpostu bati behin betiko atxikitako ertzainek, baldin eta espezialitate-zorra betetzen ari badira, epealdi laburrena bete beharko dute.

11. artikulua.– Ondoriorik gabe gelditzen dira:

a) Herrizaingo sailburuaren Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda onartzeari buruzko 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren laugarren xedapen gehigarria (EHAA, 250. zk., abenduaren 31koa).

b) Aurreko Agindu horren bosgarren xedapen gehigarria, Herrizaingo sailburuaren Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda aldatzeari buruzko 2002ko maiatzaren 29ko Aginduaren 3. artikuluaren bidez aldatu zena (EHAA, 102. zk., maiatzaren 31koa).

c) Herrizaingo sailburuaren Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda aldatzeari buruzko 2004ko maiatzaren 5eko Aginduaren xedapen gehigarria (EHAA, 104. zk., ekainaren 3koa).

d) Segurtasun sailburuordearen 2004ko urtarrilaren 29ko Ebazpena, gehieneko iraute denbora aplikatzeagatik lanpostua utzarazteko prozedura arautzen duena (EHAA, 33. zk., otsailaren 18koa).

e) Segurtasun sailburuordearen 2004ko urtarrilaren 29ko Ebazpena, Babes eta Esku-hartze Unitatean gehieneko iraute denbora duten lanpostuetan, behin betiko atxikipenaz, dauden Ertzaintzako funtzionarioek gainditu beharreko proba fisikoak zehazten dituena (EHAA, 33. zk., otsailaren 18koa).

12. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eragina izango du.

13. artikulua.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz, 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera. Hori eginez gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren berariazko ebazpena eman arte edo ustezko ezespena gertatu arte, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik hilabete igaro delako.

Halaber, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian edo, interesdunaren bizilekuaren arabera, hari dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Horretarako epea bi hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 12.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala