Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2015eko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1332

AGINDUA, 2015eko martxoaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Horren bitartez, baimendu egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 15. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea, etxebizitza transferentziak eginez, Aguraingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan.

Aztertu da Aguraingo Udalak egindako baimen-eskaera, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena konpentsatzekoa. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan sartutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

Aguraingo Udalak aurkeztutako eskaera-orriari sarrera-erregistroa egin zitzaion 2015eko urtarrilaren 2an. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan, babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko hainbat eremuren artean.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Aguraingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren espedienteak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso du 2015eko otsailaren 18an eginiko 2/2015 bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 80.4 artikuluan, eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru estandarraren konpentsazioa planteatzen du udalerriaren baitan. Bizitegirako hiri-lurzoruan estandarrak babes ofizialeko etxebizitzentzat legeak ezarritako gutxienekoa 11.932 m2t da eta etxebizitza tasatuentzat beste 10.942 m2t da; Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, 13.060 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzentzat eta 17.218 m2t etxebizitza tasatuentzat.

3.– Lurzoru urbanizagarri sektorizatuari dagokionean, ezarritako gutxieneko estandarrak 19.725 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako eta 6.671 m2t etxebizitza tasaturako. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako zehazki 19.726 m2t aurreikusten dira eta 6.660 m2t etxebizitza tasatuen eraikigarritasunerako.

4.– 2/2006 Legearen 80.6 artikuluaren arabera, ezinbestekoa izango da transferentzia hori baimentzeko transferentziaren xede diren eremuetako etxebizitza libreen arteko balioen aldearekiko proportziozkoa den babes publikoko etxebizitzen aldez aurreko edo aldi bereko egikaritzea bermatzea.

5.– Neurri hori ez da aplikatzen lehen formulazioko edo planeamendu orokorraren erabateko berrikuspen espedienteetan, hala baitago xedatuta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 14.4 artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak emandako aldeko txostena ere aztertuta,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako Legearen 80.4 artikuluan eta aipatutako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako transferentzia baimentzea, Aguraingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean.

Bigarrena.– Baimen hori Aguraingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren testuari espedientea bete izanaren justifikazioa eransteari baldintzatuta geratuko da, 2/2006 Legearen 80. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango behin betiko onarpena, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzeari dagokionez, eskumena duten esparruren batean (hartzaileak edo igorleak) aldaketarik eragiten duten beste baldintza batzuekin ematen bada.

Laugarrena.– Aguraingo Udalari Agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo bere ustezko ezespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 3a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala