Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2015eko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1329

AGINDUA, 2015eko martxoaren 2koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita txakurren, katuen eta hudoen Txakurren Pasaporte-Liburuxka eredua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 Erregelamenduaren (EEE) 21. artikuluaren 1. atalaren arabera (576/2013 Erregelamendua, lagun egiteko animalien komertzio-asmorik gabeko desplazamenduei buruzkoa, zeinak 998/2003 Erregelamendua (EE) indargabetzen baitu), txakurrek, katuek eta hudoek, beren desplazamenduetan, baimendutako albaitari batek emandako pasaportea izan beharko dute; pasaporte horren eredua Batzordearen 2013ko ekainaren 28ko 577/2013 Betearazpen Erregelamenduak (EB) ezarri du, zeina hauei buruzkoa baita: batetik, txakurren, katuen eta hudoen komertzio-asmorik gabeko desplazamenduetarako identifikazioko dokumentu-ereduak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako baldintza zenbait betetzen direla egiaztatzeko adierazpenen formatu- eta konfigurazio-ereduak, eta, bestetik, hirugarren herrialde eta lurraldeen eta hizkuntza-eskakizunen zerrendak.

Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2004ko irailaren 27ko Aginduaren helburua zen onartzea txakurrak, katuak eta hudoak Europako Erkidego barruan lekualdatzeko pasaportea, eta orduko arau komunitariora egokitzea (2004ko irailaren 30eko EHAA, 188. zk.) Gorago adierazitako erregelamenduetan zehaztutako eredu berrira egokitu behar dira orain.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuak (2004ko uztailaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 130. zk.) ekarri zuen txakurrak (canis familiaris) edukitzearekin loturiko hainbat alderdi arautzea, baita arriskutsuak izan daitezkeen eta, ondorioz, segurtasun publikoari buruzko estatuko araudia aplikatu behar zaien txakurren arrazarekin, arraza-tipologiarekin edo arraza arteko gurutzatzearekin loturiko alderdiak ere.

Aipatu dekretuaren 2. artikuluaren 3. atalean aurreikusten da albaitariak gaitzea Txakurraren Liburuxka Ofizialean egin beharreko oharrak egiteko, besteak beste. Artikulu berean, jarraian dio arlo honetan eskumena duen sailburuak agindu bidez ezarriko duela hori. Egungo Osasun Liburuxka ezarrita gelditu zen Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Sailburuordetzak eta Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak elkarrekin egindako 1987ko ekainaren 8ko Ebazpenaren 1. eranskinean; ebazpen horren bidez, ezarri zen 1987ko kanpainarako txakur eta katuentzat Errabiaren Aurkako Txertapen Beharrezkoa (1987ko ekainaren 23ko EHAA, 123. zk.).

Aintzat harturik ordutik gertatu aldaketak, Txakurren Liburuxka Ofiziala ekainaren 1eko 101/2004 Dekretua argitaratu eta gero sortutako araudi berrira egokitzeko dagoen beharra, pasaporte-eredu berria onartzeko beharra eta dokumentazioa sinplifikatzeko interesdunen eskakizuna, liburuxka eta pasaportea dokumentu bakarrean bateratzea erabaki da. Hala, bateratutako dokumentu berri honek hainbat aldaketa baliagarri dakartza, osoago egiten dutenak, eta ahalbidetzen du biltzea animaliaren identifikazio- eta osasun-datuak (txertoak, parasitoak hiltzea, tratamenduak eta abar), eta, gisa horretan, interesdunen demandari erantzutea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 1.– Onartzea txakurren, katuen eta hudoen Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofizialaren eredua, agindu honen I. eranskinean aurreikusten dena eta II. eranskinean zehaztutako eskakizunetara doitzen dena, 2013ko ekainaren 28ko 577/2013 Betearazpen Erregelamenduan (EB) ezarritakoa aplikatuz; betearazpen-erregelamendu hori hauei buruzkoa da: batetik, txakurren, katuen eta hudoen komertzio-asmorik gabeko desplazamenduetarako identifikazioko dokumentu-ereduak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 576/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako baldintza zenbait betetzen direla egiaztatzeko adierazpenen formatu- eta konfigurazio-ereduak, eta, bestetik, hirugarren herrialde eta lurraldeen eta hizkuntza-eskakizunen zerrendak.

2.– Aitortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, gainerako Europar Batasuneko Administrazio Publikoek jaulkitako pasaporteen erabilera.

Bigarrena.– Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofiziala albaitari ofizial, foral edo munizipal batek bete beharko du, edo txakurren identifikazioko liburuxka zaharra identifikatzeko edo ordezteko unean diharduen gaitutako albaitari pribatu batek.

Hirugarrena.– 1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak editatuko du dokumentu berria, eta albaitari ofizialen eta Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuan xedatutakoaren arabera gaitutako albaitarien esku utziko du.

2.– Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofizial berriaren edizioa aurreko dokumentua baliogabetu baino lehen egingo da, eta ez dago animaliaren markaketari lotua, izan beste autonomia erkidego batera lekualdatzearen ondoriozko altarengatik, edo izan animalia jada markatua dagoelako. Euskal Autonomia Erkidegoan zentsatutako animalien Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofiziala lapurtu, galdu edo hondatuz gero, dokumentu berri baten edizioa albaitari ofizialek edo gaituek egingo dute, eta, dokumentuan, «Kopia» dela markatuko.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Sailburuordetzak eta Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak elkarrekin egindako 1987ko ekainaren 8ko Ebazpena, zeinen ezarri baitzen 1987ko kanpainarako txakur eta katuentzat Errabiaren Aurkako Txertapen Beharrezkoa.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2004ko irailaren 27ko Agindua, zeinen bidez onartu baitzen txakurrak, katuak eta hudoak Europako Erkidego barruan lekualdatzeko pasaportea, eta orduko arau komunitariora egokitzea (2004ko irailaren 30eko EHAA, 188. zk.).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 2a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala