Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2015eko martxoaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1257

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 6koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, azaroaren 4ko 271/2003 Dekretua aldatzeko espedientea hasteko, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko dena. Dekretu horren bidez, Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen.

Aipatutako eskumenak baliatuta, azaroaren 4ko 271/2003 Dekretuaren bidez, Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea Kultura Ondasun deklaratu zen, Monumentu Multzo izendapenaz. Magdalena kaleko 14 zenbakiko etxeak babes berezia du, Dekretuaren 1. zerrendaren arabera (zurezko etxeak).

Jabeak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari igorri dio 271/2003 Dekretuak higiezinari ezartzen zaion babes-erregimena doitzeko eskabidea. Jabeak eskatzen du babes berezia bakarrik eraikinaren aurreko bolumenari aplikatzeko, atzealdekoa babes-maila horretatik kanpoan utziz.

Bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak bidali zuen Kulturako foru diputatuaren abuztuaren 14ko 2700/2014 Foru Aginduaren kopia. Aginduak ebazten du eraikinaren jabeak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Honen bidez, jabeak apirilaren 28ko Kulturako zuzendari orokorraren 54/2014 ebazpenaren aurka jo zuen. Ebazpenak eskatzen zion jabegoari, alde batetik, eraikinean egin beharreko obrak burutzeko proiektua aurkezteko, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren uztailaren 17ko 423/2013 Epaiak agindutakoa betetzeko. Foru Aginduak baiesten du gora jotzeko errekurtsoa eta aurkaratutako ebazpena kautelaz eteten du, harik eta jabeak aurkeztu duen eraikinaren babes-erregimena aldatzeko eskabidea ebatzi arte.

Foru Aginduaren esanahia argitzeko asmoz, beharrezkoa da auziaren aurrekariak aipatzea.

Jabeak, udal lizentzia eskatu aurretik, eskatu zuen Magdalena kaleko 14 zenbakiko eraikinaren estalpea eta teilatupekoa birgaitzeko lanak egiteko baimena.

Geroago, eraikinean egindako obrak legez kontrakoak suertatu ziren, emandako baimena errespetatu ez zutelako. Horren ondorioz, baimena errespetatzeko eta bidegabeki eraikitakoa botatzeko agindu zuen Foru Aldundiak. Jabeak ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, helegitea ezetsi egin zen. Era berean, gora jotzeko errekurtsoaren ezespenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zen.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren uztailaren 17ko 423/2013 Epaiak. Epaia irmoa da.

Gauzak horrela, Foru Aldundiak agindu zion jabeari epaia betetzeko. Horretarako jabeak obrak burutzeko derrigorrezko proiektua aurkeztu, hasieran baimendutakoa errespetatuko zuena, eta bidegabeki eraikitakoa bota behar zuen.

Aldundiaren eskaerari erantzunez, jabeak aurkeztu zuen, alde batetik, eraikinaren elementu babesgarriak definitzeko proposamen bat, horretarako baimena eskatzen zuelarik, eta beste aldetik, eraikinaren estalpea aldatzeko proiektua.

Aldundiak ez aurkeztutzat jo zuen arestian aipatutako dokumentazioa, apirilaren 28ko 54/2014 Ebazpenaren bidez. Horretaz gain, berriro eskatu zion jabegoari epaia betetzeko eta ohartarazi zion, horrela egin ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean salatuko zuela epaian jasotakoa bete ez izana.

Jabeak aurkeztu zuen gora jotzeko errekurtsoa 54/2014 Ebazpenaren aurka, helegitea goian aipatutako abuztuaren 14ko 2700/2014 Foru Aginduak ebatzi zuen. Honek errekurtsoa onartzen du eta kautelaz uzten du bertan behera 54/2014 Ebazpena. Foru Aldundiak uste du gora jotzeko errekurtsoa ezetsiko balu, oso zaila izango litzatekeela jabeari eragin diezazkiokeen kalteak konpontzea. Ondorio horretara heldu da ebazpenaren berehalako aplikazioak interes publikoari eragin liezaiokeen kaltea eta jabeari eragin liezaiokeena baloratu ostean. Ebazpenaren exekuzioaren kautelazko eteteak iraungo du Eusko Jaurlaritzak jabeak eraikinari ezarri zaion babes-erregimena aldatzeko eskaerari erantzuna eman arte.

Jabearen eskaera eta abuztuaren 14ko 2700/2014 Foru Agindua ikusita, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek proposatutako aldaketari buruzko txostena prestatu zuten. Txostenean ondorioztatzen da ez dagoela oztoporik onartzeko babes-erregimen berezia bakarrik eraikinaren aurreko bolumenari aplika dakion.

Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azaroaren 4ko 271/2003 Dekretua aldatzeko espedientea hastea, jendaurrean jartzea eta interesdunei entzuteko izapidea irekitzea, I. eranskinean jasotako hasierako babes-araudiaren aldaketen arabera. Dekretu horren bidez, Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratu zen. Hogei eguneko epea zabaltzea informazioa jendaurrean jartzeko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84 eta 86. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Bigarrena.– 271/2003 Dekretua aldatzen duen espedientea interesdunei jakinaraztea; hartara 15 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatuta, alegazioak eta beren eskubideen defentsan egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal ditzaten.

Hirugarrena.– Espedientearen izapideekin jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

Laugarrena.– Ebazpenaren berri ematea Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura sailei, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika sailari ere.

Bosgarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 6a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEARI BURUZKO III. ERANSKINAREN V. KAPITULUAREN 1. ZERRENDAREN IDAZKERA BERRIA
ZERRENDAK

1. ZERRENDA. Babes berezia

– Zurezko etxe hauek:

Magdalena kalea 19.

Magdalena kalea 14 (eraikinaren aurreko bolumena).

Gabriel Aresti kalea 9.

Gabriel Aresti kalea 12.

Ganerantz kalea 6.

Eusebio Ocerin Jauregi kalea 6.


Azterketa dokumentala