Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2015eko martxoaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1185

AGINDUA, 2015eko otsailaren 17koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen den Santurtziko San Juan de Rompeolas GAE-403ko A-05 finka desjabetzeko espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea eta desjabetze-espedienteari hasiera ematea.

Sail honek gaur eman du agindua, eta argitara ematen da:

Aztertu da Santurtziko San Juan de Rompeolas GAE-403 izeneko proiektuari dagokion hirigintza-espedientea.

GERTAKARIAK

2004ko urriaren 15eko Foru Aginduaren bidez, behin betiko onartu zen Santurtziko Plan Orokorra aldarazteko espedientea, Santurtziko San Juan de Rompeolas GAE-403 Geroratutako Antolaketa Eremuan.

Hori egiteko, desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak banakatuta eta behar bezala zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikatzeko beharrezkoak diren datuekin batera. Bere garaian ebatzi ziren zerrenda jendaurrean jarri zen epean aurkeztutako alegazioak.

Espedientearen xede den finka sartuta zegoen Etxebizitza eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2006ko azaroaren 28ko Aginduan desjabetu beharrekotzat hartutako ondasun eta eskubideen zerrendan. Aginduak hasiera eman zion Santurtziko San Juan de Rompeolas GAE-403 proiektua gauzatzeko espedienteari.

A-05 finkari dagokionez, ez zen desjabetze-espedienteko izapiderik egin.

Eremua guztiz egiteko, Administrazioak Udalari laga behar dizkio hirigintza-antolamenduaren arabera eremuaren barruan dauden lur guztiak.

Igarotako denbora ikusita, beharrezkoa da desjabetze-espedienteari berriz hasiera ematea, aipatutako finkari dagokionez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Eusko Legebiltzarraren 2/2006 Legearen (ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 176. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, hirigintza-planak onartzeak obren onura publikoa deklaratzea eta lurrak eta eraginpeko gainerako ondasun eta eskubideak okupatu beharra dakar, desjabetzeko edo zortasunak ezartzeko xedeaz.

Aipatutako desjabetze-proiektu horretan bildutako lurrak hirikotzat hartuta daude Santurtziko Hiri Antolamendurako Plan Nagusian, eta, bertan, desjabetzea finkatuta dago jarduteko sistema gisa. Beraz, Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legean (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoan) xedatutakoaren arabera, bidezkoa da nahitaezko desjabetzea ezartzea.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1956ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta haren arautegiari dagozkion artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoaren) 178. artikuluari jarraikiz, arauzkoa da desjabetzeko prozedurak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.

Aipatutako legezko aginduak, horien kideak eta aplika daitezkeen gainerako araudiak aztertuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.– Nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea, Santurtziko San Juan de Rompeolas GAE-403ko A-05 finka desjabetzeko espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko, betiere horren barruan bildutzako obrak onura publikokoak direla deklaratzea eta lurrak desjabetu edo zortasun-ezarketa egin beharra dagoela, Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoaren) 176. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Aipatutako espedienteak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, legeak agindutako azken argitalpenetik hamabost egun balioduneko epearen barruan, bidezkoak diren alegazioak aurkeztu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan (Kale Nagusia, 85, Bilbo), aipatutako zerrendan dauden akatsak zuzentzearren, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. eta hurrengo artikuluetan eta haren arautegiari dagozkionetan xedatutakoa betetzeko, eta Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoaren) 178. artikuluaren arabera.

Epe horretan, honekin batera doan ondasun eta eskubideen zerrenda ikusgai egongo da Santurtziko Udalaren iragarki-taulan, aipatutako ondorioetarako.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 17a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala