Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2015eko martxoaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1183

AGINDUA, 2015eko martxoaren 3koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan hobaridun maileguak emateko finantza-lerroaren deialdi berezia, FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren konturakoa. Deialdiaren helburua da 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko lanak finantzatzea.

Otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuaren bidez, premiazko neurriak onartzen dira haizeteek eta itsas-ekaitzek 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko. ELD horren 15.1 artikuluak Industria, Energia eta Turismo Ministerioari eta Kreditu Ofizialeko Institutuari –estatuko finantza-agentzia den aldetik– eskatzen die taxutu ditzatela deialdi berezi batzuk FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kontura –uztailaren 23ko 937/2010 Errege Dekretuaren bidez arautu zen funts hori–, hain zuzen ere kalteak izan dituzten udal turismo-azpiegiturak eta turismo-establezimendu pribatuak konpontzeko obrak finantzatzeko. Artikulu horrek ezartzen du, halaber, deialdi horiek autonomia-erkidegoek egingo dituztela kalteak izan dituzten biziguneetan, Errege Lege Dekretu horretako 1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 26.4 artikuluan xedatzen denez, sailburuek beren sailaren arloko administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena dute, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien beste eskumenak betetzea.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko lanak finantzatzeko mailegu-deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen den moduan. FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kontura finantzatuko da deialdia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Oinarri hauetan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, aplikagarria izango da honako xedapen hauetan ezarritakoa: otsailaren 21eko 2/2014 ELD, 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko premiazko neurriak onartzen dituena; Estatuko Turismo Idazkaritzaren 2014ko uztailaren 2ko Ebazpena, Turismo Sektoreko Biltzarraren Akordioa argitaratzen duena –akordio horren bidez, ezartzen dira Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kargurako 2014ko eta 2015eko deialdien balorazio-irizpideak eta egutegia, eta maileguak izapidetzeko era–, eta aplikatzekoak diren gainerako legeak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak zenbatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 3a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1.– artikulua.– Xedea eta baliabideak.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan hobaridun maileguak emateko lerroaren deialdi berezia egitea FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kargura.

2.– FOMITen kargurako eragiketak finantzatzeko baliabideak iturri hauetatik etorriko dira: Estatuaren Aurrekontu Orokorretan funts horri urtero esleitzen zaizkion diru-horniduretatik; aurreko ekitaldietan izandako gerakinetatik, eta funts horren kargura egindako eragiketen itzulkinetatik. 2/2014 Errege Lege Dekretuaren arabera itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean kalteak izan dituzten udal turismo-azpiegiturak eta turismo-establezimendu pribatuak konpontzeko lanak finantzatzeko mailegu-lerro honetarako, hamabi milioi euro (12.000.000) bideratuko dira ekitaldi honetan, hala ezarrita baitago Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen 2014ko azaroaren 6ko Erabakian, non zehazten baita zenbat diru bideratuko den FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren deialdi berezi honetara eta nolako finantza-baldintzak bete behar diren funts horren kargurako hobaridun maileguak jasotzeko, betiere otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (ELD horren bidez, premiazko neurriak onartzen dira 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko).

2.– artikulua.– Onuradunak.

1.– Mailegu horien onuradun izan daitezke: udal turismo-azpiegituren eta turismo-establezimendu pribatuen titularrak, baldin eta 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek eragindako kalteak jasan badituzte apirilaren 25eko INT/701/2014 Aginduaren I. eranskinean zehaztutako udalerrietan; agindu horretan, zehazten da zein udalerritan aplikatuko den otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako neurriak (ELD horren bitartez, premiazko neurriak onartzen dira 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko). Zehatzago esanda, honako hauek izan daitezke onuradun:

a). Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 3. artikuluan zerrendatutako Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeak; tokiko erakunde autonomoak; tokiko enpresa-entitate publikoak eta tokiko merkataritza-sozietateak.

b). Turismo-ostatuen eta bidaia-agentzien titularrak, baldin eta maileguaren xede den gertakaria izan zenean Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan behar bezala inskribatuta bazeuden, bai eta sukaldaritza-enpresen titularrak ere (tabernak, jatetxeak eta kafetegiak).

2.– Apirilaren 25eko INT/701/2014 Aginduan, zehazten da zein udalerritan aplikatuko den otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako neurriak (ELD horren bitartez, premiazko neurriak onartzen dira haizeteek eta itsas-ekaitzek 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko). Bada, agindu horren I. eranskinean zehaztutako udalerriak hauek dira:

Bizkaia: Bakio, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ermua, Getxo, Ibarrangelu, Lekeitio, Lemoiz-Armintza, Mendexa, Mundaka, Muskiz, Ondarroa, Santurtzi, Sopelana eta Sukarrieta.

Gipuzkoa: Donostia, Getaria, Hondarribia, Mutriku, Orio, Pasaia, Zarautz eta Zumaia.

3.– artikulua.– Maileguen zenbatekoa eta finantza-baldintzak.

1.– Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen 2014ko azaroaren 6ko Erabakian ezartzen denez, FOMITek guztira hamabi milioi euro (12.000.000) baliatuko ditu otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako konponketak egiteko mailegu-deialdirako. 2014ko azaroaren 6ko Erabakian, zehazten da zenbat diru bideratuko den FOMITen deialdi berezi honetara eta nolako finantza-baldintzak bete behar diren funts horren kargurako hobaridun maileguak jasotzeko, betiere otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz (ELD horren bitartez, premiazko neurriak onartzen dira 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko).

2.– Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak 2014ko urriaren 6an emandako ziurtagiriaren bidez, egiaztatzen da zein diren Estatuko Zorraren interes-tasak, azken jaulkipenetan erregistratu direnak hiru, bost, hamar eta hamabost urteko hondar-epea dutela. Bada, ziurtagiri horrekin bat etorriz, deialdi honetako maileguak gehieneko interes-tasa hauen arabera emango zaizkie amaierako onuradunei:

a) 3 urterako maileguak: finkoa, gehienez % 4,070era.

Kalkulua: % 0,570 + bitartekotza-marjina, gehienez % 4koa.

Hobariak: % 0,5.

Tronkoa amortizatzeko gabealdirik gabe.

b) 5 urterako maileguak: finkoa, gehienez % 5,230era.

Kalkulua: % 1,430 + bitartekotza-marjina, gehienez % 4,30ekoa.

Hobariak: % 0,5.

Gabealdia, gehienez: tronkoa amortizatzeko gabealdia: 0 urte edo urte 1.

c) 10 urterako maileguak: finkoa, gehienez % 6,076era.

Kalkulua: % 2,276 + bitartekotza-marjina, gehienez % 4,30ekoa.

Hobariak: % 0,5.

Gabealdia, gehienez: tronkoa amortizatzeko gabealdia: 0 urte edo urte 1.

d) 15 urterako maileguak: finkoa, gehienez % 7,312ra.

Kalkulua: % 3,512 + bitartekotza-marjina, % 4,30ekoa.

Hobariak: % 0,5.

Gabealdia, gehienez: tronkoa amortizatzeko gabealdia: 0 edo 2 urte.

3.– Maileguaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da inola ere handiagoa izan honako eragiketa honetatik ateratzen den zenbatekoa baino: jasandako kaltearen balioa ken kontzeptu berarentzat beste administrazio-publikoetatik edo aseguru-polizetatik jasotako laguntzak, kalte-ordainak edo maileguak. Ildo horretatik, mailegu-hartzaileak, eskaera aurkezten duenean, erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, alderdi horiek jasota.

Mailegu-hartzaileak FOMITen mailegua harpidetu ondoren beste edozein laguntza, kalte-ordain edo mailegu jasotzen badu kontzeptu berarentzat beste administrazio publikoren batetik edo aseguru-polizaren batetik, aurretiaz amortizatu beharko du FOMITen maileguari dagokion zatia. Nolanahi ere, amortizazio horregatik ez da zigorrik ezarriko.

Finantzatzeko modukoak izango dira otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuaren eta apirilaren 25eko INT/701/2014 Aginduaren aplikazio-eremuan sartutako kalteen konponketa guztiak, nahiz eta FOMITen mailegua harpidetu aurretik egindakoak izan. Konponketen BEZa ere finantzatu ahal izango da.

4.– Bigarren paragrafoan ezarritako bitartekotzako gehieneko marjinak bat ez badatoz Kreditu Ofizialeko Institutuaren bitartekotzarako lerro orokorrei aplikagarriak zaizkien marjinekin, azken horiek aplikatuko dira bigarren paragrafokoen ordez. Horren ondorioz, bezeroek ordaindu beharreko gehieneko tasa finkoak aldatuko dira amaierako onuradunekiko zenbait eragiketetan; zehazki honako hauetan: Kreditu Ofizialeko Institutuaren bitartekotza-lerro orokorretan bigarren paragrafokoekin bat ez datozen marjinak ezartzen diren egunetik aurrera formalizatutako eragiketetan.

4.– artikulua.– Finantzatzeko modukoak izan daitezkeen proiektuak.

1.– Finantzatzeko modukoak izango dira: udal turismo-azpiegiturak eta turismo-establezimendu pribatuak konpontzeko lanak, baldin eta 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek eragindako kalteak jasan badituzte apirilaren 25eko INT/701/2014 Aginduan zehaztutako udalerrietan. Agindu horretan, zehazten da zein udalerritan aplikatuko den otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako neurriak (ELD horren bitartez, premiazko neurriak onartzen dira 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko).

2.– Ezin izango dira inola ere finantzatu honako hauek:

– Gastu arruntak.

– Pasiboa berregituratzea edo birfinantzatzea.

3.– Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerek deialdi honetako maileguak jasoko dituzte, betiere baldintzak betetzen badituzte. Maileguen zenbatekoa kalkulatzeko, aintzat hartuko da zenbat onuradun dagoen. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak proposatutako eta deialdi honetako 9.5 artikuluan identifikatutako maileguen zenbateko totala handiagoa baldin bada FOMITek 5. artikuluan deialdi honetara bideratutako diru-hornidura baino, emandako maileguaren ehunekoa murriztuko da, eta eragiketa honetatik ateratzen den ehunekoa aplikatuko: baliabide erabilgarriak zati Erkidegoak proposatutako maileguen zenbateko osoa.

5.– artikulua.– Funtsak lurraldeka banatzea.

Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsa arautzen duen 937/2010 Errege Dekretuaren 12. artikuluan bildutako irizpideei jarraituz banatuko dira, lurraldeka, 2/2014 Errege Lege Dekretuaren deialdi berezira bideratutako funtsak.

Ondorioz, banaketa honela egingo da:

a) Honako eskaera hauek baino ez dira aintzat hartuko: apirilaren 25eko INT/701/2014 Aginduan bildutako tokiko erakundeek egindakoak eta toki horietan dauden eta denboraleen kalteak jasan dituzten turismo-establezimendu pribatuetako enpresaburuek egindakoak. Agindu horretan zehazten da zein udalerritan aplikatuko den otsailaren 21eko 2/2014 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako neurriak (ELD horren bitartez, premiazko neurriak onartzen dira 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta itsas-ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko).

b) Deialdia egiten duten autonomia-erkidegoek proposatutako maileguak onartuko dira, baldin eta erkidego horiek 2/2014 Errege Lege Dekretuaren aplikazio-eremukoak badira eta zenbateko osoak ez badu gainditzen FOMITek xede horretarako bideratutako baliabide-bolumena.

c) Zenbateko osoak bolumen hori gaindituz gero, lurraldekako banaketa honela egingo da: maileguak emateko proposamena jakinarazi duten autonomia-erkidegoetako bakoitzean turismo-ostalaritza arautuan zenbat plaza dagoen, horrenbeste diru (937/2010 Errege Dekretuaren 12.1.b art.).

d) Nolanahi ere, eragiketak onartzeko, beharrezkoa izango da aurretik banku-erakunde bitartekariren baten onespena izatea.

e) Deialdi berezian erabiltzen ez diren baliabideak deialdi orokorrekoei gehituko zaizkie.

6.– artikulua.– Bateragarritasuna.

Finantza-lerro hau bateragarria izango da beste administrazio publiko, autonomiko edo tokiko batzuek edo erakunde nazional edo nazioz gaindikoek –hala badagokio, erkidegoko araudiaren menpekoek– emandako laguntza, mailegu edo diru-laguntzekin, betiere finantzazioaren xede diren proiektuen kostua gainditzen ez badute.

7.– artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Arau hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta amaitu, berriz, 2015eko apirilaren 8an amaituko da.

2.– Eskaerak egiteko, deialdi honetako eranskinean azaltzen den eredua erabiliko da; web gune honetan dago eskuragarri: http:/www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-636/es/. Kreditu Ofizialeko Institutuaren «ICO FOMIT TEMPORALES» lerroari atxikitako erakundeen edozein bulegotan aurkeztu daitezke eskaerak; institutu horren web gune honetan dago eskuragarri erakundeen zerrenda: http://www.ico.es/web/ico/ico-fomit-temporales

3.– Mailegu-eskaera erakunde bitartekarian noiz aurkeztu den egiaztatze aldera, eskatzaileak eskaera-inprimakiaren kopia aurkeztu beharko du, banku-erakunde bitartekariak zigilatua eta data jarrita, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko dagokion lurralde-ordezkaritzan. Agiri hori bidaltzeko epea aurreko lehenengo paragrafoan ezarritakoa izango da.

4.– Maileguaren zenbatekoa aldatu daiteke, arau honetako baldintzak betetzen dituen onuradun-kopuruaren arabera.

8.– artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Inbertsio-proiektuari edo -proiektuei buruzko memoria, barne hartzen dituzten jarduerak eta horiek gauzatzeko egutegia zehaztuta.

b) Jarduera bakoitzaren aurrekontua eta aurrekontu osoa, BEZaren zenbatekoak zehaztuta.

c) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia.

d) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

e) EJZn alta eman izanaren ziurtagiria.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, administrazio- zein zigor-arloko zehapen-araubidearen menpe geratuko dena badaezpada datu faltsuak eman badira. Adierazpen horretan, honako alderdi hauek zehaztuko dira:

1.– Erakunde eskatzaileak ez du diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, eta ez dago hartarako ezgaitzen duen legezko debeku baten eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

2.– Erakunde eskatzailea ez dago diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen itzulketa- edo zigor-espediente baten eraginpean, ez eta hartarako ezgaitzen duen legezko debeku baten eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

3.– Beste instituzio publiko edo pribatu batzuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.

2.– Erakundearen legezko ordezkariak behar bezala izenpetuta aurkeztuko da eskaera (hiru ale: jatorrizkoa eta bi kopia). Horrekin batera, hiru disko konpaktu edo hiru pen-drive aurkeztuko dira, dokumentazio guztia digitalizatuta dutela.

9.– artikulua. Izapidetzea.

1. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Turismo Zuzendaritzaren eskumena da FOMITen kargurako maileguak emateko prozedura antolatzea eta bideratzea Euskal Autonomia Erkidegoan, alde batera utzi gabe hurrengo ataletan ezarritakoa.

2.– Estatuko Turismo Idazkaritzaren 2014ko uztailaren 2ko Ebazpenean (2014ko abuztuaren 1eko BOE, 186. zk.) xedatutakoarekin bat etorriz izapidetuko dira eskaerak, eta deialdi honetan finkatutako epean aurkeztuko dira, ICOrekin bitartekaritza-akordioa sinatua duten kreditu-erakunde bitartekarietako edozeinetan.

3.– Finantza-erakunde bitartekariek, arrisku-arloan dituzten barne-irizpideekin bat etorriz, eskaerak onartu edo baztertuko dituzte, eta horretarako, hilabeteko epea izango dute, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Onartutako eskaera guztien jatorrizko agiria eta kopia bidaliko dio finantza-erakundeak ICOri, eta, horrekin batera, finantzazioa onartu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztuko du.

4.– ICOk, finantza-erakundeekin izenpetutako bitartekaritza-akordioekin bat etorriz, jasotako dokumentazioa aztertuko du, eta eskaera guztien jatorrizko agiria eta gainerako dokumentazioa bidaliko dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion lurraldean duen ordezkaritzari, bai eta horren guztiaren kopia Estatuko Turismo Idazkaritzari ere. Horretarako, gehienez hamabost eguneko epea izango du, finantza-erakundeak onartutako eragiketa ICOn sartzen den egunetik aurrera.

5.– Lurralde-ordezkaritzetan dokumentazioa zuzena dela egiaztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak maileguaren onuradun izateko proposatutako erakundeen zerrenda bidaliko dio Estatuko Turismo Idazkaritzari, hogeita hamar egun balioduneko epean, honako hauek zehaztuta: erakunde onuraduna, finantzatuko den proiektua edo proiektuak eta proposatutako maileguen zenbatekoa.

10.– artikulua.– Ebazpena.

1.– Estatuko Turismo Idazkaritzak Turismo Zuzendaritzari jakinaraziko dio behar bezainbeste funts dauden ala ez hobaridun mailegua onartu edo ukatzeko ebazpena emateko. Ebazpen horretan, bestalde, onartzeko edo ukatzeko arrazoiak eman beharko dira, eta, halaber, zehaztu beharko da zenbateko mailegua emango den eta zein proiektu finantzatuko den.

2.– Turismoko zuzendariari dagokio eskaerak onartu edo baztertzeko ebazpena ematea eta horren berri jakinaraztea bai interesdunei, bai Estatuko Turismo Idazkaritzari, FOMITen funtsak erabilgarri dauden erabakitzen duen organo eskuduna den aldetik.

3.– Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

4.– Ebazpenaren berri emango zaie interesdunei zein Estatuko Turismo Idazkaritzari. Ebazpena aldekoa bada, Idazkaritzak ICOri jakinaraziko dio FOMIT funtsak erabiltzeko baimena emanda dagoela Turismoko zuzendariaren ebazpenean adierazitako erakunde eta proiektuen alde eta han adierazitako zenbatekoen arabera.

5.– ICOk, funtsak erabiltzeko baimena –Estatuko Turismo Idazkaritzak emana– jaso ondoren, baimen horren berri emango dio kreditu-erakunde bitartekariari, gehienez bi hilabeteko epean finantza-eragiketa formalizatu dezan. Epe hori beste hilabete batez luzatu daiteke, onuradunak edo kreditu-erakundeak horretarako eskaera arrazoitua eginez gero.

11.– artikulua.– Gauzatzeko epea.

Finantzatutako jarduerak gauzatzeko epea gehienez lau urtekoa izango da, finantza-eragiketa formalizatzen den egunetik hasita.

12.– artikulua.– Justifikazioa eta segimendua.

1.– Turismo Zuzendaritzaren eginkizuna izango da Euskal Autonomia Erkidegoan FOMITen kargura finantzatutako jardueren kontrola eta segimendua egitea, bai eta aurkeztutako proiektuekin bat datozela egiaztatzea ere. Horretarako, erakunde onuradunek, proiektua egin ondoren, FOMITen kargura finantzatutako jarduerak justifikatzeko memoria bat aurkeztu beharko dute.

Bestalde, mailegua emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak berekin ekar dezake ebazpena aldatzea eta, hala badagokio, exekutatu gabeko zenbatekoa amortizatzea eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaindu behar izatea. Horren guztiaren berri eman beharko zaio Estatuko Turismo Idazkaritzari.

2.– Proiektua amaitu ondoren, eta jarduerak justifikatze aldera, gutxienez honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu onuradunak, maileguak baimendutako jardueretarako erabili direla egiaztatzeko:

a) Mailegu-eskaeran jasotako proiektua edo proiektuak egin direla justifikatzeko memoria bat, honako alderdi hauek zehaztuta:

– Proiektu bakoitzean egindako inbertsioen zerrenda sailkatua, jarduerak eta diru-zenbatekoak zehaztuta.

– Mailegua jasotzeko hasieran aurkeztutako aurrekontutik desbideratuz gero, desbideratze horien gaineko xehetasunak, eta, gerakinak izanez gero, haien aplikazioaren inguruko azalpenak.

– Behin betiko fakturen koadroa.

b) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita mailegua erabili dela FOMITen kargura finantzatutako proiektua/proiektuak egiteko. Adierazpena horretan jasoko da, halaber, proiektuak osorik egin direla eta FOMITen kargura finantzatutako proiektuen faktura guztiak ordainduta daudela. Adierazpen horretan zehaztuko da, era berean, proiektu bakoitzaren izena eta diru-zenbatekoa.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non aipatuko baititu proiektuak kofinantzatzeko jasotako beste diru-sarrera edo -laguntza batzuk, halakorik jaso badu, betiere horien zenbatekoak eta jatorria zehaztuta.

d) Behin betiko fakturen eta ordainketa-ziurtagirien kopia.

Turismo Zuzendaritzak ausaz egiaztatuko ditu egoki iritzitako ziurtagiriak eta mailegua behar bezala erabili dela egiaztatzeko argibide nahikoa ematen dutenak, eta, horretarako, beharrezko iritzitako ziurtagiriak eskatu ahal izango dizkio onuradunari, baita egindako inbertsioak in situ ikuskatu eta egiaztatu ere.

3.– Estatuko Administrazioren Kontu-hartzailetza Nagusiak edo Euskal Autonomia Erkidegoarenak, Kontuen Epaitegiak edo beste erakunde eskudun batzuek maileguen inguruan eskatutako argibide guztiak eman beharko dizkiete onuradunek. Nolanahi ere, datuak babesteko araudian ezarritakoa errespetatu beharko da.

4.– Turismo Zuzendaritzak mailegu-eragiketen segimenduari buruzko argibideak emango dizkio Turismoko Idazkaritza Nagusiari, Turismoko Zuzendari Nagusien Mahaian adostutakoari jarraituz.

13.– artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluan ezarritako kasuak gertatuz gero –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dira–, edo erakunde onuradunak maileguen esleipen-ebazpenean ageri diren baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak, interesdunari audientzia emango zaion ez-betetze espedientea egin eta gero, mailegua bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, eta, hala behar izanez gero, mailegua baliogabetu eta honako hauek itzultzeko obligazioa ezarriko du: maileguaren bitartez lortutako diru-zenbatekoa –amortizatu gabea– eta dagozkion legezko interesak, mailegua harpidetu zenetik zenbatekoa itzultzea erabakitzen den egunera arte sortutakoak. Hala egingo da, alde batera utzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoera hauek hartuko dira ez-betetzetzat:

a) Maileguaren xede den proiektua egiteko ezarritako epeak gainditzea.

b) Proiektuaren ildotik ateratzea edo mailegua emateko ebazpenean xedatutako betebeharren bat ez betetzea.

3.– Turismoko zuzendariak hasiko du ez-betetzeari buruzko espedientea, eta ebatzi ere berak ebatziko du.

14.– artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek zuzenean eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin eta exekutatu beharko dituzte maileguaren xede diren jarduerak eta proiektuak.

2.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Jasotako mailegua onartzea. Ildo horretatik, mailegua eman izanaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak berariaz uko egiten ez badio, mailegua onartutzat joko da.

b) Mailegua zertarako eman den, helburu horretarakoxe erabiltzea.

c) Baimena ematea Turismo Zuzendaritzari edo hark izendatutako auditoria-enpresari oztoporik gabe sartzeko proiektuaren garapena osatzen duten lanetara eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziora.

d) Turismo Zuzendaritzari laguntzea maileguei buruz egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten. Alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek.

e) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urteko epean.

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak –diru-laguntzen inguruko fiskalizazio-egitekoak dituenez– eskatzen dituen argibide guztiak eman beharko dizkiote erakunde onuradunek.

g) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Turismo Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala